miércoles, 24 de febrero de 2010

2010/03/28 - Erramu Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

2010eko martxoaren 28a

Erramu Igandea (C)

Lukas 22,14−23,56

Ebanjelioa

“Buru-hezur” zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, bai eta bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. Jesusek honela zioen: “Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren*”.
Soldaduek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez.
Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: “Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada”. Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan: “Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua”.
Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: “Hau juduen erregea da”.
Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:
-Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!

Homilia



ZER ARI DA JAINKOA HOR GURUTZEAN?


Ebanjelioko pasartearen arabera, Golgota mendixkan gurutzean zen Jesusen aurretik pasatzean, jendeak burla egiten zion eta, haren ezinaz barre eginez, ziotsoten: «Jainkoaren Semea bahaiz, jaits hadi gurutzetik». Eta Jesusek erantzunik ez haien probokazioari. Soilik, misterioak harturiko isiltasuna da Jesusen erantzuna. Hain juxtu, Jainkoaren Semea delako jarraituko du gurutzean, hil arte.
Ezin saihestuak dira galderak: Nolatan sinets daiteke gizakiak gurutzetu duen Jainko batengan? Jabetzen al gara esaten ari garenaz? Zer ari da Jainkoa hor gurutzean? Nolaz iraun dezake Jainkoaz halako uste zentzugabean fundatua den erlijio batek?
Bai, «Jainko gurutziltzatu» hori iraultza da eta eskandalua, ustez ezagutzen dugun Jainkoaz gizon-emakumeok ditugun ideiak koloka jartzera behartzen gaituena. Gure Gurutziltzatu horrek ez du erlijioek Izate Gorenari leporatzen dioten ezaugarririk: ez aurpegierarik, ez bestelakorik.
«Jainko gurutziltzatu» hori ez da ez izate ahalguztiduna eta handientsua, ez mugiezina eta zoriontsua, ez da gizakiaren sufrimenaz axolatzen ez dena, baizik Jainko ahalik gabea eta umiliatua da, gurekin sufritzen duena mina, larria eta, are, heriotza bera. Gurutzearekin bitan bat: edo Jainkoarekiko gure fedea bukatutzat eman, edo Jainkoa modu berri eta harrigarri batean hartzera jo, gure sufrimenean haragitua izanik, modu sinetsezinean maite gaituena.
Gurutziltzatuaren aurrean sumatzen hasten gara ezen Jainkoa, azken batean, gurekin sufritzen duen Jainkoa dela. Gure miseriak erasaten diona. Gure sufrimenak zipriztintzen duena. Ez da, nolabait esateko, gure atsekabeek, malkoek eta ezbeharrek ukitzen ez dute Jainkoa. Gure mundu honetako Kalbario guztietan da hura.
«Jainko gurutziltzatu» honek ez du biderik ematen gure nahikerien eta ameskerien zerbitzura egongo litzatekeen Jainko ahalguztidun batekiko fede axaleko eta egoistarako. Ostera, Jainko honek injustiziaren eta ezbeharren biktima den hainbat eta hainbat jenderen sufrimenari, bazter utziak izateari eta babesik ezari begira jartzen gaitu. Jainko honekin topo egiten dugu edozein gurutziltzatuagana hurbiltzen garenean.
Zoritxarrez, kristauok mila itzulinguru egiten dugu askotan «Jainko gurutziltzatuarekin» topo ez egiteko. Are, Jaunaren Gurutzera begiak jasotzen ikasi dugu, geure aurrean ditugun gurutziltzatuei ezikusiarena eginez bada ere. Halaz guztiz, Jaunaren Nekaldia erarik jatorrenean ospatzeko modua geure errukiari biziera berria ematea da. Hori egin ezean, «Jainko gurutziltzatuarekiko» gure fedea urardo bihurtzen da, eta mila manipulazio-erari ematen zaio aukera. Gure Gurutziltzatuari muin egiteak jar gaitzala, gugandik hurbil nahiz urrun, sufritzen ari direnei begira.

JOSE ANTONIO PAGOLA