lunes, 28 de junio de 2010

2010/07/04 - Urteko 14. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko uztailaren 4a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 14. Igandea (C)

EBANJELIOA

Lukas 10,1-12.17-20

Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi* ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta toki guztietara. Eta esan zien: “Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara.
“Zoazte! Bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet.
“Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: . Han bakezalerik baldin badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra*. Geldi zaitezte etxe berean, eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.
“Herriren batean sartu eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: . Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan: . Hona nik esan: Auzi egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du, herri hark baino.
Hirurogeita hamabi* ikasleak poz pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi: Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.
Jesusek esan zien: Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menperatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin. Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.

HOMILIA

2010eko uztailaren 4a

EBANJELIOAREN EROALEAK

Jesusen hitzaldi inportante bat moldatu du Lukasek, Hamabiei ez baizik ikasle-talde handi bati zuzendua, Jainkoaren erreinuaren egitasmoan bere lankide izateko bidaltzen dituelarik.Jesusen hitzak gutun fundatzaile baten antzeko dira, jarraitzaileek beren zeregin ebanjelizatzailea non elikatu izan dezaten. Hona zenbait ildo nagusi.
«Ekin bideari». Behin eta berriz ahazten dugun arren, Jesusen bidaltzeak markatua da Eliza. Horregatik, gauza arriskutsua da bere erlijioa zaintzeko eta garatzeko Jesusek fundatutako erakundea bailitzan hartzea. Jesusen jatorrizko nahiari hobeto datorkio Elizaren beste irudi hau: historian barna bidaltzearen logikaren arabera bide egiten duen mugimendu profetikotzat hartzea: bere baitatik irtenik, gogoan gainerakoak izanik, munduari Jainkoaren Berri Ona eskainiz. «Eliza ez da beretzat, baizik gizadiarentzat» (Benedikto XVI.a).
Horregatik da hain arriskutsua geure interes propioen inguruan hesitu nahi izatea, geure iraganaren, geure lorpen doktrinalen, geure jardueren eta ohituren inguruan. Are gehiago, hori guztia munduarekiko geure harremanak gogortuz egingo bagenu. Zer izango litzateke Eliza zurrun bat, zaharkitu bat, bere baitan itxia litzatekeen bat, Jesusen profetarik eta Ebanjelioaren eroalerik gabe bat?
«Herri batean sartuko zaretenean… sendatu gaixoak eta esan: hurbil duzue Jainkoaren erreinua». Hauxe da albiste handia: Gugandik hurbil da Jainkoa, geure bizitza gizatarrago egitera eragiten digularik. Baina ez da aski egia bat oihukatzea, erakargarri eta gustagarri bihurtzeko. Alde horretatik, beharrezkoa da geure jarduera berrikus dezagun. Zerk eraman dezake jendea gaur egun Ebanjeliorantz? Nola suma dezake Jainkoa zerbait berri eta on bezala?
Segur aski, egungo mundua egiaz maitatzea falta zaigu, ez dakigu nola iritsi egungo gizon-emakumeen bihotzera. Ez da aski aldaretik hitzaldia egitea. Ikasi beharra dugu gehiago entzuten, onartzen, sufritzen ari den jendearen bizitza sendatzen… Horrela bakarrik aurkituko ditugu hitz apalak eta onak, jendea Jesusengana hurbilarazteko; haren bihozberatasun mugagabeak jarriko gaitu guztiok harremanetan Jainkoarekin, guztion Aita On den harekin.
«Etxe batean sartuko zaretenean, esan lehenik: Bakea etxe honi». Jesusen Berri Ona erabateko errespetuarekin bakarrik komunika daiteke, jarrera adiskidetsu eta haurridezkotik, bakea kutsatuz. Oker handia da goitasunetik ezarri nahi izatea, mehatxuka edo erresuminez. Anti-ebanjelikoa da pertsonari maitasunik gabeko tratua ematea, soilik gure mezua onartzen ez duelako. Baina nolatan onar lezake, baldin eta Jesusen izenean aurkezten garenok bera ez dugula ulertzen sumatzen badu?

José Antonio Pagola

Locations of visitors to this page

martes, 22 de junio de 2010

2010/06/27 - Urteko 13. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko ekainaren 27a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 13. Igandea (C)

EBANJELIOA

Lukas 9,51-62

Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera* joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek. Mandatari batzuk bidali zituen aurretik, eta Samariako* herri batean sartu ziren Jesusi ostatua prestatzeko. Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoala eta. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: “Jauna, aginduko al dugu zerutik tximista erori* eta garbi ditzan?”

Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Gero, beste herri batera joan ziren.

Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi: ‑Noranahi jarraituko dizut.

Jesusek esan zion: ‑Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.

Beste bati esan zion: ‑Jarraitu niri.

Baina hark erantzun: ‑Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.

Eta Jesusek: ‑Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.

Beste batek, berriz, esan zion: ‑Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.

Baina Jesusek erantzun: ‑Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako

HOMILIA

2010eko ekainaren 27an

Ez txokoari loturik, ez atzera begira

Jesusi jarraitzea da kristau-bizitzaren bihotza. Funtsa. Ez da gauza garrantzizkoagorik edo erabakitzaileagorik. Lukasek hiru pasadizo txiki dakartza, beraren ebanjelioa irakurriko dutenak jabetu daitezen ezen, Jesusen ustez, ez dela ezer premiazkoagorik eta atzeraezinekorik.

Irudi gogorrak eta eskandalagarriak darabiltza Jesusek. Bistan da ezen jendearen kontzientzia astindu nahi duela. Ez dabil jarraitzaile gehiagoren bila, baizik jarraitzaile konprometituagoen bila: mugarik gabe jarraituko diotenak, sasi-segurtasunei uko eginez, beharrezko diren hausturak baitaratuz. Haren hitzek azken batean galdera bakar hau harrotzen dute: zein harreman ezarri nahi dugu geure burua haren jarraitzailetzat ematen dugunok?

Lehenengo pasadizoa. Bidelagun dituenetako batek halako erakarmena sentitzen du Jesusekiko, non, Jesusek deitu aurretik, bera aurreratzen baita esatera: «Jarraitu dizut noranahi zoazela». Zer esaten ari den konturatu dadin nahi du Jesusek: «Azeriek badituzte zuloak, eta hegaztiek habiak»; gizonaren semeak, berriz, «ez du burua non ezarri».

Abentura hutsa da Jesusi jarraitzea. Jesusek ez die eskaintzen bereei ez segurtasunik, ez ongizaterik. Ez die laguntzen dirua irabazten edo boterea eskuratzen. Jesusi jarraitzea «bidean bizitzea da», ongizateari lotu gabe eta erlijioan sasi-babesik bilatu gabe. Ez da zoritxarra Eliza hain boteretsua ez izatea eta zaurigarriago gertatzea. Gerta dakigukeen gauzarik hoberena da hori, geure fedea garbi egiteko eta Jesusengan konfiantza handiagoa ezartzeko.

Bigarren pasadizoa. Beste lagun bat prest da Jesusi jarraitzeko, baina lehenik eta behin betebehar erlijiosoetako bat, «bere aitari lur ematea», betetzen uzteko eskatu dio. Hori ezin gerta dakioke arrotz inongo juduri, zeren betebehar erlijioso handienetakoa baitute. Txundigarri da Jesusen erantzuna: «Utzi ezazu hildakoek beren hildakoei lur eman diezaieten: zu, zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera».

Jainkoaren erregetzari bidea irekitzea da beti zereginik premiazkoena, bizitza gizatarragoa egite aldera. Ezerk ez dezake atzerarazi gure erabakia. Inork ez digu eutsi behar, ez galgatu. «Hildakoek», biziaren erregetzaren zerbitzura bizi ez diren haiek, jardungo dute Jainkoaren erregetza eta haren zuzentasuna bezain premiatsuak ez diren beste betebehar erlijiosoak betetzen.

Hirugarren pasadizoa. Jesusen ondoren hasi aurretik, bere familiari agur egin nahi dion hirugarren bati, hau diotso Jesusek: «Goldeari heldu eta atzera begira jartzen dena ez da gai Jainkoaren erreinurako». Ezin jarrai dakioke Jesusi atzera begira jarririk. Ezin zaio biderik ireki Jainkoaren erregetzari iraganean geldituz. Aitaren egitasmoaren arabera lan egiteak hari guztiz emanik jardutea eskatzen du, konfiantza Jainkoaren geroan jartzea, Jesusen urratsen ondoren ausardiaz bide egitea.

José Antonio Pagola

Locations of visitors to this page

viernes, 11 de junio de 2010

2010/06/20 - Urteko 12. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko ekainaren 20a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 12. Igandea (C)

EBANJELIOA

Lukas 9,18-24

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten: Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien: Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun: Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera: “Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da”.
Gero, denei esan zien: “Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat.

HOMILIA

2010eko ekainaren 20a

SINESTEN OTE DUGU JESUSENGAN?

Lehen belaunaldiko kristau-elkarteek gaurko ebanjelioko pasadizo honen oroitzapena garrantzi handikotzat eman zuten Jesusen jarraitzaileentzat. Zuzena zen uste hori. Bazekiten Jesusen Elizak behin eta berriz entzun beharko zuela, Zesareako Filipo inguruan, Jesusek ikasleei behin batean egin zien galdera hau: «Zuek, nor naizela diozue?»
Kristau-elkartean Jesusekiko geure fedea itzaltzen uzten badugu, galdua dukegu geure nortasuna. Ezin bizi izango dugu ausardia kreatzaileaz Jesusek gomendatu digun egitekoa; ez gara ausartuko aurre egiten momentuan momentukoari, Jesusen Espirituaren berritasunari begiak irekirik; erdipurdi gelditu eta itoko gara.
Ez da aro erraza gure hau. Jesusengana egia eta leialtasun handiagoz itzultzen ez bagara, zurrunduz joanen gara eta geure bidea galduz; gure hizketa handia sinesgarritasuna galduz joanen da. Garen, diogun eta dagigun guztiaren giltzarri, oinarri eta iturri da Jesus. Nor eta zein da, ordea, gaur Jesus kristauentzat?
Guk, Pedrok bezala, Jesus «Jainkoaren Mesias» dela, Aitaren Bidalia dela aitortzen dugu. Halaxe da izan ere: Hainbesteraino maite izan du Jainkoak mundua, Jesus erregalatu baitigu. Alabaina, ba ote dakigu kristauek Jainkoaren erregalu handi hori onartzen, zaintzen, gozatzen eta ospatzen? Gure ospakizunen, topo egiteen eta batzarren erdigune ote da Jesus?
Aitortzen dugu, halaber, «Jainkoaren Semea» dela Jesus. Jainkoa hobeto ezagutzen laguntzen ahal digu hark, Aitaren onberatasunean konfiantza handiagoa izaten, fede handiagoz entzuten Aitaren deia mundua haurrideago eta guztientzat zuzenago egin dezagun. Alabaina, aurkitzen ote dugu geure elkarteetan Jesusengan haragitu den Jainkoaren zinezko aurpegia? Ba ote dagokigu hots egiten eta aldarrikatzen guztientzat albiste handi bezala?
Halaber, «Salbatzaile» izena ematen diogu Jesusi, gure bizitza gizatartzeko indarra duelako, gu geu askatzeko eta giza historia benetako eta behin betiko salbamendura bideratzeko indarra duelako. Alabaina, hori ote gure artean arnasten den esperantza? Hori ote gure elkarteek kutsatzen duten bakea?
Era berean, aitortzen dugu Jesus dela geure «Jaun» bakarra. Ez dugu nahi beste jaunik, ez dugu izan nahi inolako sasi-idoloren mendeko. Alabaina, gure bizitzako erdigunea betetzen ote du Jesusek? Guztizko lehentasuna ematen ote diogu geure elkarteetan? Ororen eta guztien gain jartzen ote dugu? Jesusenak ote gara? Hura ote animatzen eta biziarazten gaituena?
Kristauen egiteko handia, gaur egun, indarrak bateratzea da, bideak urratzea haren Elizan Jesusen zentraltasuna berresteko. Ondoren dator beste guztia.

José Antonio Pagola

Locations of visitors to this page

lunes, 7 de junio de 2010

2010/06/13 - Urteko 11. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko ekainaren 13a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 11. Igandea (C)

EBANJELIOA

Lukas 7,36−8,3

Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.
Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen. Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. Jesusen atzean oinen ondoan* jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurtzitzen zizkion.
Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: “Benetan profeta balitz, jakingo luke zer nolako emakumea den bera ukitzen ari dena, bekataria alegia”.
Jesusek esan zion: Simon, badut zerbait zuri esateko.
Hark erantzun: Esadazu, Maisu.
Diru mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?
Simonek erantzun zion: Gehien barkatu zionak, nik uste.
Jesusek esan zion: Zuzen diozu.
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion: Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik* ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit. Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.
Eta emakumeari esan zion: “Barkatuak dituzu zeure bekatuak”.
Beste bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: “Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?”
Baina Jesusek esan zion emakumeari: “Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean”.

HOMILIA

2010ko ekainaren 13a

INOR EZ APARTATU JESUSENGANDIK

Lukasen kontakizunaren arabera, Simon izeneko fariseu batek gogo handia du Jesus bere etxera gonbidatzeko. Segur aski, otorduaz baliatu nahi da jendearen artean izen handia hartzen ari den galilear harekin zenbait arazoz mintzatzeko.Jesusek onartu du gonbita: guztiengana helarazi nahi du Jainkoaren Berri Ona.
Otordukoan, Simonek aurreikusi ez duen zerbait gertatu da. Herriko emakume prostituitu batek eten du bazkalondoa: Jesusen aurrean belauniko jarri eta negarrari eman dio. Ez daki nola eskertu bera bezala guztien mespretxuak markatua duen jendearentzat Jesus agertzen ari den maitasuna. Eta guztiak zur eta lur direla, Jesusen oinei musu eta musu ari da, urrin bikainez igurzten.
Bere onetik atera da Simon ikusia ikustean. Emakume bekatari bat Jesus ukitzen bere etxean! Ezin jasana: gizon hori oharkabea da, eta ez Jainkoaren profeta. Emakume lohi hori Jesusengandik apartatu beharra da bat-batean.
Jesusek, haatik, uki dezan uzten dio emakumeari eta maita dezan. Inork baino behar handiagoa du emakume horrek. Eta Jesusek, aparteko txeraz, Jainkoaren barkazioa eskaini dio; ondoren, emakumeak bere barruan duen eta salbatzaile duen bere fede apala aurkitzen lagundu dio. Bakean bizi dadin soilik opa dio Jesusek: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak... Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Ebanjelio guztiek azpimarratu dute gizarte-sail guztiek Jainkoaren bedeinkaziotik apartatu nahi izan dituzten guztiei −prostituitu, zerga-biltzaile, lepradun...− Jesusek agertu dien harrera eta ulermena. Eskandalagarria da Jesusen mezua: jende erlijiosok mespretxatu dituenek leku berezia dute Jainkoaren bihotzean. Bakarra da horren arrazoia: halakoak dira harrerarik, duintasunik eta maitasunik handiena behar dutenak.
Egunen batean berraztertu beharra izanen dugu, Jesusen portaera honen argian, zein den gure jarrera kristau-elkarteetan gizarte-sail batzuekiko: prostituzioan bizi diren emakumeekiko, homosexualekiko, lesbianekiko; izan ere, nahiago izaten dugu Elizaren baitan halakoen arazoei, sufrimenei eta borrokei ezikusiarena egin, guretzat ez bailiran.
Ez dira gutxi egin genitzakeen galderak: non aurki lezakete gure artean Jesusenaren antzeko harrerarik? Nori entzun liezaiokete Jainkoaz mintzo zaien hitz bat, Jesusek egiten zuen bezala? Zer laguntza aurki lezakete gure artean beren sexu-izaera bizitzeko jarrera erantzukizunezkotik eta fedezkotik? Zeinekin parteka dezakete Jesusekiko beren fedea bakez eta duintasunez? Zein da gai intuitzeko erlijio guztiek bazter utziak dituztenekiko Jainkoak duen maitasun hondogabea?

José Antonio Pagola