lunes, 11 de julio de 2011

2011/07/17 - Urteko 16. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko uztailaren 17a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 16. igandea (A)

EBANJELIOA

Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean.

+ Mateo 13, 24-43 (laburren irakurketa 13, 24-30)

Egun haietan, beste parabola bat proposatu zien Jesusek: «Jainkoaren erregetzarekin, gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Etxeko denak lo zeudela, etsaiak soroan sartu eta gari artean olo gaiztoa erein zuen eta alde egin. Garia hazi eta burutu zenean, olo gaiztoa ere agertu zen. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik du, bada, olo gaiztoa?” Hark erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Eta morroiek: “Joango al gara olo gaiztoa biltzera?” Baina nagusiak: “Ez, ez dadila gerta olo gaiztoa biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehenik olo gaiztoa, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».

[Jesusek beste parabola hau kontatu zien: «Jainkoaren erregetza gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da.
Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
Beste parabola bat ere esan zien: «Jainkoaren erregetza legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».
Irakaspen hauek guztiak parabola bidez eman zizkion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabolaz izan ezik. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana:

Parabola bidez mintzatuko naiz,
munduaren hasieratik
gordea zegoena azalduko.

Jesus jendetza agurtu eta etxeratu egin zen. Hurbildu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta eskatu zioten: «Argi iezaguzu soroko olo gaiztoaren parabola».
Jesusek esan zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; olo gaiztoa, berriz, gaiztoarenak; olo gaiztoa ereiten duen etsaia deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.
Olo gaiztoa bildu eta sutan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere:
Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide gertatzen direnak, eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han.
Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza denak uler beza!]

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko uztailaren 17a

LEGAMIA GISA

Egundoko ausardiaz, jende guztia harrituarazi zuen Jesusek Israelgo profeta bakar bat ere esatera ausartu ez zen hau aldarrikatuz: «Hemen da Jainkoa jada, bere zuzentasun-indar kreatzaileaz munduan bidea urratuz, bere seme-alaben bizitza gizatarrago eta zoriontsuago egiteko». Kanbiatu beharra dugu. Ikasi beharra dugu Berri On honetan sinetsiz bizitzen: etorri dator Jainkoaren erreinua.
Gogo biziz mintzo ohi zen Jesus. Asko sentitzen ziren hitz haiek erakarriak. Beste askok dudak zituen. Ez ote hura guztia zorakeria hutsa? Non ikus zitekeen Jainkoaren indarra mundua eraldatzen? Zeinek kanbia zezakeen Erromaren inperio boteretsu hura?
Behin batean parabola labur-labur bat kontatu zuen Jesusek. Hain laburra eta apala da, non oharkabeko gertatu baitzaie kristauei. Hona zen dioen: «Jainkoaren erreinuarekin, andre batek hartu zuen legamiarekin bezala gertatzen da: hiru neurriko irinetan ezkutatu zuen, dena harrotua gertatu zen arte».
Jende xume hark bazekin zertaz mintzo zitzaion Jesus. Guztiek ikusi zuten ama etxe-atarian ogia egiten. Bazekiten legamia «ezkutatua» gelditzen dela, baina ez eraginik gabe. Era isilean eta ezkutuan dena harrotuz joan ohi da, barrutik. Horrela ari da Jainkoa ere, bizitzaren barnetik.
Jainkoak ez du ezer ezartzen kanpotik, baizik eta barnetik eraldatzen du pertsona. Ez du dominatzen inor bere botereaz, baizik eta maitasunez erakartzen du ongirantz. Ez du bortxatzen inoren askatasuna, baizik eta bere burua eskaintzen du gure bizitza zoriontsuago egiteko. Horrela jardun behar dugu geuk ere, haren erreinuari bidea ireki nahi badiogu. Aldi berria ari da sortzen Elizarentzat. Kristauek ikasi beharra izango dugu gutxiengo bezala bizitzen, gizarte sekularizatu eta anitz batean. Leku askotan, kristautasunaren geroa, hein handian, honen baitan egongo da: fededunen talde txikiak sortu ala ez, ebanjelioak erakarriak eta Jesusen inguruan elkartuak.
Pixkana, fedea apal-apal bizitzen ikasiko dugu, zaratarik atera gabe eta ikuskari handirik gabe. Jada ez dugu landuko hainbesteko botere- eta ospe-gurarik. Ez ditugu galduko geure indarrak irudi arranditsuak eskaintzen. Funtsezkoaren bila jardungo dugu. Jesusen egian ibiliko gara.
Jesusen gogoari jarraituz, bizitza sanoaren «legamia» gisa bizitzen saiatuko gara gizartean, eta apalki urtzen den «gatz» apur bat gisa, bizitza modernoari gustu ebanjelikoa emateko. Geure inguruan Jesusen biziera kutsatuko dugu eta Ebanjelioaren indar inspiratzailea eta eraldatzailea hedatuko dugu. On eginez biziko gara. Jesus bezala.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko uztailaren 20a

LEGAMIA BEZALA

Behin eta berriz errepikatzen zuen Jesusek: hemen da jada Jainkoa mundu eraldatu nahian; etorri dator haren erregetza. Ez zen gauza erraza hari sinestea. Jendeak beste gauza ikusgarriago bat espero zuen: non dira idazle apokaliptikoek aipatzen dituzten «zeruko seinaleak»? Non eta zertan suma daiteke Jainkoaren ahala sinesgabeei bere erregetza ezartzen diela?
Bere presentzia beste era batean atzematen irakatsi behar izan zien Jesusek. Artean gogoan zuen haurtzaroan bere etxe-atarian ikusi ohi zuen ikuskari hau. Ama eta beste emakumeak goizean goiz jaiki ohi ziren larunbat, aste guztirako ogia oratzera. Horrek Jainkoaren amatasun-jarduera zekarkion burura Jesusi: munduan bere «legamia» sartzen ikusten zuen Jainkoa.
Jainkoaren erregetzarekin, emakumeak irin-orean «ezkutatzen duen legamiarena» bera gertatzen da, «dena» hartzitua gerta dadin. Horra nola diharduen Jainkoak. Ez dator kanpotik ezer indarrez ezartzera, Erromako enperadoreak egin ohi duenaren kontra, baizik eta giza bizitza barnetik eraldatzera dator, modu isilean eta ezkutuan.
Horrela ari ohi da Jainkoa: ez du ezer ezartzen, baizik eraldatu egiten du; ez du inor mendean hartzen, baizik erakarri egiten du. Eta horrela jokatu behar dute haren egitasmoan partaide izan nahi dutenek: haren egia, haren zuzentasuna eta haren maitasuna modu apalean, baina indar eraldatzailez munduan sartzen duen «legamia» bezala ari behar dute.
Jesusen jarraitzaileok ezin agertu gara gizarte honetan «kanpotik» ari bagina bezala, guk bezala pentsatzen ez dutenak mendean hartu eta kontrolatzeko geurea ezarri nahiz ari bagina bezala. Ez da hori Jainkoaren erregetzarako bidea urratzeko modua. Gizarte «barruan» bizi behar dugu, gaur egungo munduaren ziurtasun-ezak, krisiak eta kontraesanak konpartituz, eta Ebanjelioak eraldatu duen geure bizitzaren ekarpena eginez.
Geure fedea, Jesusen testigu leial bezala, «gutxienen zori» bezala bizitzen ikasi beharra dugu. Ez da botere sozial edo politiko handiagoa Elizak behar duena, baizik apaltasun handiagoa, Jesusi eralda dezan utziz, eta mundua gizatarragoa egingo duen legamia izanez.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.