lunes, 28 de marzo de 2011

2011/04/03 - Garizumako 4. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko apirilaren 3a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Garizumako 4. igandea (A)

EBANJELIOA

Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.

+ Joan 9, 1-41

Egun habietan, bidez zihoala, jaiotzatik itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. Eta ikasleek galdegin zioten:
–Maisu, zeinek egin zuen bekatu hau itsu jaiotzeko, beronek ala beronen gurasoek?
Jesusek erantzun zien:
–Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez zuten bekatu egin, baizik eta Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen itsu.
Egun-argi den bitartean, bidali nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan ezin izango du inork lanik egin.
Munduan naizen bitartean, munduaren argia naiz.
Hau esanik, lurrera listua bota, listuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi zizkion.
Gero, esan zion:
–Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura (Siloek «Bidalia» esan nahi du).
Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.
Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten:
–Ez al da hau eserita eskean egoten zena?
Batzuek zioten:
–Bai, huraxe da.
Beste batzuek, berriz:
–Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.
Berak, ordea, zioen:
–Bai, neu nauzue.
Haiek galdetu zioten:
–Nola ikusten duzu, bada, orain?
Hark erantzun zien:
–Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu: «Zoaz Siloera eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.
Orduan, galdegin zioten:
–Non da orain gizon hori?
Hark erantzun:
–Ez dakit.
Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura, eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:
–Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut.
Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:
–Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna errespetatzen.
Beste batzuek, berriz, zioten:
–Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?
Eta ez zetozen bat beren iritzietan.
Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:
–Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?
Hark erantzun:
–Profeta dela.
Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu eta galdegin zieten:
–Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada, orain?
Gurasoek erantzun zieten:
–Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela; baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.
Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea.
Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina, galdegin berari».
Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan zioten:
–Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori bekatari dela.
Hark erantzun zien:
–Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala.
Haiek, berriro:
–Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?
Eta hark erantzun:
–Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik nahi duzue berriro entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue, ala?
Haiek irainez bete eta esan zioten:
–Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola, baina hori nongoa den ere ez dakigu.
Hark ihardetsi zien:
–Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta horrek niri begiak ireki. Jakina da Jainkoak ez diola bekatariari entzuten, baizik eta berari begirune izan eta beraren nahia betetzen duenari entzuten diola Jainkoak.
Egundaino ez dugu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki dizkionik. Gizon horrek, Jainkoarengandik ez baletor, ezin izango luke ezer ere egin.
Haiek erantzun zioten:
–Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?
Eta elkartetik kanpora bota zuten.
Jakin zuen Jesusek sendatutako itsua elkartetik kanpora bota zutela eta, harekin topo egitean, galdetu zion:
–Sinesten duzu Gizonaren Semearengan?
Hark erantzun:
–Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan.
Jesusek esan zion:
–Ikusi duzu. Zurekin ari dena bera da.
Orduan, Jesusen aurrean ahuspeztu eta esan zion:
–Sinesten dut, Jauna.
Ondoren, esan zuen Jesusek:
–Mundu hau auzitan jartzera etorri naiz ni. Ondorioz, ikusten ez dutenek ikusi egingo dute, eta ikusten omen dutenak itsu bihurtuko.
Jesusekin zeuden fariseuetako batzuek, hori entzunik, esan zioten:
–Gu ere itsu ote gara?
Jesusek erantzun zien:
–Itsu bazinete, ez zenukete bekaturik izango; baina ikusten duzuela diozuenez, zeuen bekatuzko egoeran irauten duzue.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko apirilaren 3a

FEDERAKO BIDEAK

Ahaztezina da kontakizuna. Tradizioz «Jaiotzetiko itsua sendatzea» deitzen zaio, baina askoz gehiago da; ebanjelariak gizon baten barne-ibilbidea deskribatu digu, Jesusekin, «munduaren argi» den horrekin, topo egin arte ilunpean galdurik ibili den gizon batena.
Ez dakigu haren izenik. Hauxe dakigu soilik: eskalea dela, jaiotzetik itsua, tenpluaren atarian limosna eske egon ohi dela. Ez daki argia zen den. Ez du ikusi sekula. Ezin ibili da, ez du nondik norako gaitasunik. Ilunpean bizi da. Ezin ezagutuko du sekula bizitza duin bat.
Behin batean, ordea, Jesus sartu da haren bizitzan. Itsuak halako premia du, non begiak igurzten uzten baitio. Ez daki zein den, baina konfiantza du haren indar sendatzailean. Jesusen esana eginez, Siloeko ur-putzuan garbitu ditu begiak, eta ikusten hasi da lehen aldiz. Jesusekin topo egin izanak aldatu egingo du haren bizitza.
Auzokoek eraldaturik ikusi dute. Lehengoa bera da, baina beste bat ematen du. Bere esperientzia argitzen die: «Jesus izeneko gizon batek» sendatu du. Ez daki beste ezer. Ez daki nor den, ez non den, baina begiak ireki dizkio. Hain zuzen, Jesusek on egiten die bera gizon huts bezala aitortzen dutenei ere.
Fariseuek, erlijio-kontuan adituak diren haiek, mila argibide eskatzen diote Jesusez. Bere esperientzia kontatzen die: «gauza bakarra dakit: itsua nintzela eta orain ikusten dudala». Jesusez zer iritzi duen galdetzen diote, eta sentitzen duena esaten die: «profeta dela». Harengandik hartua hain gauza ona da, non gizon hori Jainkoagandik baitatorke. Horrela bizi du jende xume askok Jesusenganako fedea. Ez daki teologiarik, baina sumatzen du Jainkoagandik datorrela gizon hori.
Pixkana, eskalea bakarrik gelditzen ari da. Gurasoek ez dute defenditu. Arduradun erlijiosoek kanpora bota dute sinagogatik. Alabaina, Jesusek ez du uzten bera maite duen eta bilatzen duen inor. «Bota zutela entzun zuenean, haren bila joan zen». Jesusek bere bideak ditu bere bila dabiltzanekin topo egiteko. Ezin eragotzi dio inork.
Jesusek, inork ez diola ulertzen ematen duen gizon harekin topo egitean, galdera bakarra egin dio: «Sinesten al duzu Gizonaren Semeagan?» Sinesten al duzu Gizon Berriagan? Hain juxtu, Jainkoaren ezin atzemaneko misterioaren adierazpen eta gizakunde delako guztiz gizon den Gizonagan? Eskalea presta da sinesteko, baina inoiz baino itsuago da: «Eta zein da, Jauna, harengan sinets dezadan?»
Jesusek diotso: «Ikusten duzun hauxe: mintzo zaizuna, hauxe da». Itsuari begiak ireki zaizkio orain. Eta Jesusen aurrean ahuspeztu eta diotso: «Sinesten dut, Jauna». Jesusi entzunez bakarrik eta barnetik hark gida gaitzan utziz joaten gara fede beteago eta, baita, apalago baterantz.

José Antonio Pagola

lunes, 21 de marzo de 2011

2011/03/27 - Garizumako 3. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko martxoaren 27a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Garizumako 3. igandea (A)


EBANJELIOA

Ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.

+ Joan 4, 5-42

Egun haietan, iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lursailetik hurbil.
Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen.
Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:
–Emadazu edaten.
Orduan, emakume samariarrak esan zion:
–Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).
Jesusek erantzun zion:
–Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori? Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?
Jesusek ihardetsi zion:
–Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
Orduan, emakumeak:
–Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.
Jesusek esan zion:
–Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
Emakumeak erantzun:
–Ez dut senarrik.
Eta Jesusek:
–Ongi diozu ez duzula senarrik; bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.
Emakumeak esan zion:
–Jauna, profeta zarela ikusten dut.
Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.
Jesusek esan zion:
–Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.
Baina badator ordua –hobeto esan, heldu da–, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
Emakumeak esan zion:
–Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.
Jesusek esan zion:
–Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»
Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:
–Maisu, jan zerbait.
Baina berak esan zien:
–Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
Ikasleek galdetu zioten elkarri:
–Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
Jesusek esan zien:
–Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte.
Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uztaroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak.
Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen, nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen. Honetan bai betetzen dela esaera: «Batek erein, bestek uzta bildu».
Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen fruitua.
Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak emandako testigantzagatik: «Egin dudan guztia esan dit».
Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han. Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten, eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu, egiaz hauxe dela munduaren Salbatzailea»

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko martxoaren 27a

JESUSEN ERLIJIOA

Ibiltzeaz nekaturik, Jakoben iturri ondoan eseri zen Jesus, Sikar herrixka inguruan. Laster iritsi zen emakume samariar bat egarria kentzera. Berez bezala, hizketan hasi zitzaion Jesus, bihotzean zeramanaz.
Hizketaldiko une batean, juduen eta samariarren arteko gatazka planteatu dio emakumeak. Juduak Jerusalemera joan ohi dira erromes Jainkoa gurtzera. Non gurtu behar da Jainkoa? Zein da benetako erlijioa? Zer irizten dio Galileako profetak?
Jesus argituz hasi da ezen benetako kultua ez dagoela leku jakin baten baitan, den beneragarriena delarik ere. Zeruko Aita ez datxekio inongo lekuri, ez da inongo erlijioren jabetza. Ez datxekio inongo herri jakin bati.
Ez genuke ahaztu behar hori. Jainkoarekin topo egin ahal izateko, ez da beharrezko Erromara edo Jerusalemera erromes joatea. Ez da beharrezko kapera batean sartzea edo katedral bat bisitatzea. Kartzelarik ezkutukoenetik, ospitale bateko zainketa intentsiboko unitate batetik, edozein sukalde edo lantegitatik jasotzen ahal dugu geure bihotza Jainkoaganantz.
Jesus ez zaio mintzo emakume samariarrari «Jainkoa gurtzez». Berria da haren hizketa. Hirutaraino mintzo zaio «Aita gurtzeaz». Horregatik, ez da zertan igo mendi batera urruneko Jainko batengana apur bat hurbiltzeko, gure arazoez ardurarik ez lukeen, gure sufrimenaz axolagabe litzatekeen Jainko batengana hurbiltzeko. Egiazko kultua Jainkoa Aita maitetzat hartzean hasten da, geure bizitzan hurbileko bidelagun dugun Aitatzat hartzean.
Jesusek beste zerbait ere esan dio. «Benetako gurtzaile» bila dabil Aita. Ez dago seme-alabek zeremonia ikusgarriak, ospakizun handiak, intsentsua eta prozesioak noiz eskainiko dizkioten zain. Bihotz xumeak nahi ditu, «bihotzez eta egiaz» gurtuko dutenak.
«Aita bihotzez gurtze» hori honetan datza: Jesusen urratsei jarraitzean, Jesus bezala Aitaren Espirituak gida gaitzan uztean, zeinek azkena den jendeagana bidaltzen baitu beti. Aita bezala, errukitsu izaten ikastean datza. Argi esan du Jesusek: «Jainkoa espiritu da, eta gurtzen dutenek espirituz, bihotzez gurtu behar dute». Jainkoa maitasun da, txera, arnasa bizigarri… eta gurtzen dutenek haren antzeko behar dute izan.
«Aita benetan gurtze» hori egian bizitzea da. Behin eta berriz Ebanjelioaren egiara itzultzea. Jesusen egiari leial izatea da, geure gezurren baitan hesitu gabe. Hogei mendetako kristautasunaren ondoren, ikasi ote dugu Jainkoari benetako kultua ematen? Aitak nahi dituen benetako gurtzaileak ote gara?

José Antonio Pagola

lunes, 14 de marzo de 2011

2011/03/20 - Garizumako 2. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko martxoaren 20a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Garizumako 2. igandea (A)


EBANJELIOA

Aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion.

+ Mateo 17, 1-9

Egun haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri.
Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
Oraindik hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta mintzo batek hodeitik esan zuen: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»
Hau entzutean, ikasleak ahuspez erori ziren beldur-ikaraz. Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Zuti zaitezte. Ez beldurtu!»
Begiak altxaturik, Jesus bakarrik ikusi zuten, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, agindu hau eman zien Jesusek: «Ez esan inori ikusi duzuena, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko martxoaren 20an

JESUSEN BELDUR

«Jesusen antzaldatzea» delako pasadizoa ustekabean bukatu da. Goitiko ahots batek beldurtu egin ditu ikasleak: «Ene Seme kuttuna da hau», aurpegia antzaldatua du. «Entzun honi». Eta ez Moisesi, legegileari. Ez Eliasi, profetari, Entzun Jesusi. Honi bakarrik.
«Hori entzutean, ikasleak ahuspez erori dira, izuturik». Beldurra sartu die Jainkoaren misterioaren aurrez aurre gertatzeak, baina baita aurrerantzean Jesusi bakarrik entzunez bizi beharrak ere. Ez-ohikoa da pasadizoa: Jesusen ikasle maiteenak lurrean erorita, beldurrak jota, Jainkoaren ahotsaren aurrean zer erantzun jakin gabe.
Hunkigarria da Jesusen jarduera: «Hurbildu egin zaie» haren presentzia adiskidetsua senti dezaten. «Ukitu egin ditu» kemena eta konfiantza emateko. Eta hitz ahaztezin hauek esan dizkie: «Jaiki. Ez beldur izan». Zutik, eta jarrai niri. Ez beldur izan niri entzunez bizitzeari.
Jada neke da ezkutatzea. Elizan beldurra dugu Jesusi entzuteko. Beldur estalia da; zurrundu egiten gaitu eta eragotzi Jesusen, gure Jaun bakar horren, urratsen ondoren bizitzea bakean, konfiantzaz eta ausardiaz.
Beldurra diogu berrikuntzaren, baina ez egungo gizon-emakumeengandik gero eta urrunago jartzen gaituen zurruntasuni.
Esan liteke, kanbio sakoneko aldi honetan egin behar dugun gauza bakarra iraganari eutsi eta hura errepikatzea dela. Zer da, ordea, beldur horren azpian? Jesusekiko leialtasuna ala beldurra Ebanjelioko «ardo berria» «zahagi berrietan» jartzeko?
Beldurra diegu ospakizun biziago eta sortzaileagoei; gaur egungo fededunen adierazle izango liratekeenei; baina gutxiago kezkatzen gara kristau on asko asperturik ikusteaz, zeinek ezin baitute bat egin, ez zirrararik sentitu ohiko ospakizunetan. Leialago ote gara Jesusekin, arau liturgikoetan zorrotz izanez, ala beldurra e ematen digu «haren oroitzapena» egin behar izateak geure fedea modu egiatiago eta sortzaileagoan ospatuz?
Beldurra diegu fededunen askatasunari. Kezka ematen digu Jainkoaren herriak hitza berreskuratu eta bere ametsak ozenki esan ahal izateak, edota laikoek beren erantzukizuna beren gain hartzeak kontzientziaren ahotsari jarraituz.
Batzuengan handitu egin da errezeloa erlijioso eta erlijiosei dagokiene erez, Jainkoagandik hartu duten karisma profetikoari nola leial izango bila dabiltzalako. Beldurra izan behar ote dugu Espiritua gure elizei esaten ari zaiena entzuteko?
Bere Elizan Jesusek bizirik jarraitzen du, baina haren presentzia fede handiagoaz hartu beharko genuke eta haren hitz hauek beldur gutxiagoz hartu: «Jaiki. Ez beldur izan».

José Antonio Pagola

lunes, 7 de marzo de 2011

2011/03/13 - Garizumako 1. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko martxoaren 13a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Garizumako 1. igandea (A)

EBANJELIOA

Jesusek berrogei egun berau egiten du eta tentatua izaten da.

+Mateo 4, 1-11

Orduan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan.
Berrogei gau eta berrogei egunez egon zen han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zen.
Hurbildu zitzaion, orduan, tentatzailea eta esan zion:
–Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri hauek ogi bihurtzeko.
Jesusek erantzun zion:
–Liburu Santuetan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da.
Ondoren, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:
–Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Eta besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.
Baina Jesusek erantzun:
–Hau ere idatzia dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
Berriro, deabruak hartu eta mendi garai batera eraman zuen; munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean erakutsi eta esan zion:
–Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu.
Jesusek, orduan:
–Alde hemendik, Satanas! Idatzia baitago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak etorri zitzaizkion zerbitzatzera.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko martxoaren 13a

TENTAZIOAK

Jesusi ez zitzaion batere eroso gertatu Aitagandik hartua zuen egitekoari leial eustea, haren gogotik baztertu gabe. Ebanjelioek gogora dakarkigute bizi izan zuen barne borroka; baita gainditu behar izan zituen probak ere, ikasleen inguruan, bere bizitza osoan.
Lege-maisuek galdera maltzurrez eraso zioten, hura ordenu eraikira menderatu gogoz, larunbatean ere sendatzera eragiten zion Espiritua alde batera utziz. Fariseuk eskatzen zioten uzteko jendearen sufrimena arintzeari eta egiteko zerbait handiosik, «zerutiko seinale bat», Jainkoak harekin guztien aurrean baietsi zezan.
Maiteen zituen ikasleek berek ere tentatu zuten. Santiagok eta Joanek azkeneko zirenez ahazteko eskatu zioten, eta kontuan hartzeko gehiago haientzat ohore- eta botere-postuak gordetzea. Pedrok ere aurka egin zion bizitza arriskuan jarri eta hila izatea ekartzen ahal ziolako.
Jesusek sufritzen zuen eta ikasleek ere bai. Ezer ez zen erraz eta argi. Guztiek behar zuten saiatu Aitaren nahia betetzen, askotariko probak eta tentazioak gaindituz. Tenpluko segurtasun-indarrek atxilotu aurretik, esan zien Jesusek: «Zuek zarete probaldian nire ondoan eutsi diozuenak» (Lukas 22,28).
Jesusek bizitza osoan gainditu behar izandako tentazioak biltzen eta laburtzen ditu «Jesusen tentazioak» izeneko pasadizoak. Jordanen hartua zuen Espirituaren eraginpean bizi bazen ere, ezerk ez zion kentzen mesianismoaren sasi-formen lilura izatea.
Bere interesa hartu behar ote du kontuan, hala Aitaren nahia? Mesias baten boterea ezarri behar ote du, ala premia dutenen zerbitzura jarri? Bere aintza propioa bilatu behar ote du, ala sufritzen dutenez Aitak duen errukia agertu? Arriskuari iskintxo egin eta gurutzea saihestu behar ote du, ala bere egitekoa bete Aitagan konfiantza ezarriz?
Jesusen tentazioen kontakizuna ikasleak erne jartzeko idatzi zen. Azti bizi behar dugu. Jesusen Espiritua bizirik da Elizan, baina kristauok ez gara libre geure nortasuna behin eta berriz desitxuratzetik, tentazio askori amore emanez.
Elizaren eta hierarkiaren, kristauen eta elkarteen tentazioak zein diren ikustea, Jesusek bezala halako haiek begi aurrean izatea, eta hark bezala halako haiei aurre egitea: horra lehenengo gauza Jesusi leial jarraitzeko. Bere tentazioak ikusten ez dituen Elizak laster asko desitxuratuko ditu bere nortasuna eta bere egitekoa. Ez ote zaigu horrelako zerbait gertatzen ari? Ez ote gara aztiago eta erneago bizi beharrean desleialtasunean ez erortzeko?

José Antonio Pagola