lunes, 16 de enero de 2012

2012/01/22 - Urteko 3. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2012ko urtarrilaren 22a

Urteko 3. igandea (B)



EBANJELIOA
 
Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 14-20

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.
Honela zioen:
- «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.
Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 22a

POSIBLE DA BESTE MUNDU BAT

Ez dakigu ziur zein erreakzio izan zuten Bataiatzailearen ikasleek Herodes Antipasek beren maisua Makeronteko gotorlekuan preso sartu zienean. Badakigu zein erreakzio izan zuen Jesusek. Ez zen ezkutatu basamortuan. Ezta Nazareteko bere familiartekoen artean ere. Galileako herrixketan barna hasi zen mezu berezia eta harrigarria hots eginez.
Markos ebanjelariak honela laburtu du: «Galileara joan zen  Jainkoaren Berri Ona aldarrikatuz». Jesusek ez du errepikatu Bataiatzailearen predikua, ez da mintzo Jordaneko haren bataioaz ere. Berri eta on bezala aldarrikatu du Jainkoa. Hori du bere mezua.
«Bete da epea». Israelen bizi duten itxarote-aldia bukatu da. Bukatu da Bataiatzailearen aldia ere. Aro berri bat hasi da Jesusekin. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi geure problema, sufrimendu eta erronken aurrean. Gurekin batean gizatasun handiagoko mundu bat eraiki nahi du.
«Hurbil da Jainkoaren erreinua». Besterik ez bezalako ausardiaz, jende guztia harriarazi du Jesusek, inongo profeta ausartu ez zen zerbait iragarriz: «Hemen da Jainkoa, bere indar zuzentasun-sortzailearekin, gure artean errege nola izango». Presentzia on eta adiskidetsu bezala sentitzen du Jesusek Jainkoa, gure artera nola sartuko dabilena, gure bizitza gizatasunez betetzeko.
Horregatik, Jesusen bizitza osoa esperantzarako deia da. Bada beste aukerarik. Ez da egia historiak lurreko boteretsuek trazatzen dioten injustiziaren bidean ibili behar duela ezinbestean. Posible da beste mundu zuzenago eta haurridetsuago bat. Alda dezakegu historiaren ibilbidea.
«Bihotz-berri zaitezte». Jada ezinezkoa da bizitzea ezer gertatzen ari ez balitz bezala. Lankide izateko eskatzen die Jainkoak bere seme-alabei. Horregatik egin du Jesusek oihu: «Aldatu zeuen pentsaera eta jarduera». Pertsonek behar dugu aldatu lehenik. Jainkoak ez du ezer ezartzen indarrez, baina beti ari da zirika gizatasun handiagoko bizitza egin dezagun.
«Sinets ezazue Berri On honetan». Har ezazue aintzat. Esna zaitezte axolagabe izatetik. Eragin zeuen energiari. Sinetsi mundua gizatar egin daitekeela. Sinetsi Ebanjelioaren indar askatzailean. Sinetsi daitekeena dela eraldatzea. Itsatsi munduan konfiantza.
Zer egin diogu Jesusen mezu liluragarri hori? Nolatan ahaztu ahal izan dugu? Zerekin trukatu dugu? Zertan ari gara trabaturik, lehenengo gauza «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea» bada? Nolatan bizi gintezke lasai, ikusiz gizadia ezabatzen ari dela bakeaz eta zuzentasunaz betea den Jainkoaren egitasmo kreatzailea?

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.