lunes, 2 de abril de 2012

2012/04/08 - Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko apirilaren 8a

Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (B)



EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko apirilaren 8an

ESPERANTZAREN MISTERIOA

Berpiztuagan sinestea, uko egitea da gure bizitza egundoko bi hutsuneren arteko parentesi labur bat bakarrik dela onartzeari. Jainkoak berpiztu duen Jesus sostengutzat hartuz, sumatzen dugu, desiratzen dugu eta sinesten dugu Jainkoa bere betera bideratzen ari dela Gizadiaren bihotzak eta kreazio osoak duen biziaren, zuzentasunaren eta bakearen irrika. Berpiztuagan sinestea, kontra egitea da geure indar guztiz gizon-, emakume- eta haur-multzo kontaezineko hori, bizitza honetan soilik miseria, umilazioa eta sufrimendua ezagutu duen hori, betiko ahaztua gelditzeari. Berpiztuagan sinestea, konfiantza jartzea da bizi batean, zeinetan ez baita izango jada, ez pobretasunik ez oinazerik, zeinetan ez baita izango inor triste, ez baitu inork izango zertan negar egin. Azkenean ikusi ahal izango ditugu beren egiazko aberrira iristen patera koxkorretan datozenak. Berpiztuagan sinestea, esperantzaz hurbiltzea da hainbat eta hainbat osasunik gabeko, gaixo kroniko, ezindu fisiko eta psikiko, depresioak jotako, bizitzeaz eta borroka egiteaz nekatutakoengana. Egun batean ezagutuko dute zer den bakean eta osasun betean bizitzea. Entzungo dituzte Aitaren hitz hauek: «Sar zaitez betiko zeure Jaunaren gozamenean». Berpiztuagan sinestea, ez etsitzea da Jainkoa betiko «ezkutuko Jainkoa» izango dela, ezin gozatuko dugularik haren begiratuaz, haren txeraz, haren besarkadaz. Betiko aintzatsu haragiturik aurkituko dugu Jesusengan. Berpiztuagan sinestea, konfiantza izatea da ezen mundua gizatasun handiagoko eta zoriontsuago bihurtzeko gure ahaleginak ez direla hutsunean galduko. Egun zoriontsu batean, azkenak lehenengo izango dira eta prostituituek aurrea hartuko digute Erreinuan. Berpiztuagan sinestea, jakitea da ezen, hemen erdizka gelditu den guztiak, ezin izan denak, geure trakeskeriaz edo bekatuaz hondatu izan dugunak, guztiak lortuko duela Jainkoagan bere betearen betea. Ez da galduko maitasunez bizi izan dugunetik ezer edo maitasunez uko egin izan diogunetik ezer. Berpiztuagan sinestea, espero izatea da ezen, ordu pozgarriak eta esperientzia garratzak, pertsonengan eta gauzetan utzi izan ditugun «aztarnak», guztiak antzaldatuko direla. Jada ez dugu izango bukatzen den adiskidetasunik, amaitzen den jairik, tristura dakarren agur egin beharrik. Jainkoa izango da dena denetan. Berpiztuagan sinestea, sinestea da ezen egun batean entzungo ditugula Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan jarri dituen ezin sinetsizko hitz hauek: «Neu naiz gauza guztien hasiera eta azkena. Egarri denari, neuk emango diot doan biziaren uraren iturritik». Jada ez da izango, ez heriotzarik ez lanturik, ez garrasirik ez nekerik; iraganeko gauza izango da hori guztia.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko apirilaren 12an

ZOAZTE GALILEARA. HAN IKUSIKO DUZUE

Pazko Gaubeilan irakurri ohi den ebanjelio-pasarteak garrantzi aparta du. Gurutziltzatu dutena Jainkoak piztu duelako albiste handia dakarkigu; horrez gainera, ordea, hura ikusteko eta harekin topo egiteko zein bide egin adierazten digu.
Jesus ahantzi ezin duten hiru emakume miresgarriz mintzo zaigu Markos: Maria Magdalena, Santiagoren Maria eta Salome. Bihotzean asmo zoro hau sortu zaie, maitasun grinatsutik bakarrik sor daitekeena: «usain gozoko ukenduak erostea, Jesusen gorpua gantzutzeko».
Eta gauza harrigarria: hilobira iristean, irekia da. Gehiago hurbiltzean, berriz, «gazte bat ikusi dute zuriz jantzia», beren harriduratik lasaiarazi eta inoiz pentsatuko ez zutena agertu diena.
«Nazareteko Jesusen, gurutziltzatuaren, bila zabiltzate?» Oker zabiltzate hildakoen artean haren bila. «Ez da hemen». Jesus ez da beste hildako bat gehiago. Ez da zertan negar egin hartaz, hari omenaldia egiteko. «Piztu da». Bizirik da betiko. Ezin aurkitu izango dute sekula hildakoen artean, izandakoen, zendutakoen artean.
Baina, hilobian ez bada, non aurkitu? Non egin genezake topo harekin? Jesusek berak esana ziena gogorarazi die gazteak emakumeei: «Zuen aurretik doa Galileara. Han ikusiko duzue». Berpiztua «ikusi» ahal izateko, Galileara itzuli beharra dute. Zergatik? Zertarako?
Berpiztua ezin ikusi ahal da, haren ibilbidea bera egin gabe. Hura gure artean bizi-bizirik sentitu ahal izateko, abiapuntura itzuli behar da, eta Jesus gurutzera eta piztuerara eraman duen bizitzaren esperientzia egin behar da. Horrela egin ezean, doktrina txundigarria izanen da guretzat «Piztuera», dogma sakratua izanen da, baina Jesus ez dugu sumatuko geure artean bizirik.
Galilea izan da Jesusen jardueraren eszenatoki nagusia. Han ikusi dute ikasleek jendea sendatzen, barkatzen, askatzen, onartzen, guztiengan esperantza berria iratzartzen. Gauza bera egin behar dugu orain haren jarraitzaileok. Ez gaude bakarrik. Aurretik doakigu berpiztua. Ikusiko dugu haren urratsei jarraitzen badiegu. «Berpiztua» sumatzeko gauzarik erabakitzaileena, ez da teologia ikastea, ezta liturgi ospakizuna ere, baizik Jesusi fedez jarraitzea.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.