jueves, 10 de mayo de 2012

2012/05/13 - 6. Pazko Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko maiatzaren 13a

6. Pazko Igandea (B)


EBANJELIOA

Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15, 9-17

Senide maiteok:
Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.
«Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala. Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko maiatzaren 13a


JESUSEN MAITATZEKO ERA 


Ikasleei agur esaten ari da Jesus. Biziki maite izan ditu. Aitak bera maite izan duen maitasun beraz maite izan ditu. Haiek utzi beharra etorri zaio orain. Ez dakite elkar maitatzen. Beren artean ezbaian ikusi ditu lehen jarlekuen bila. Zer izango ote haietaz?
Jesusen hitzek tonuera jasoa dute. Guztien bihotzean ondo ezarriak gelditu behar dute: «Hona nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek ez du nahi bere maitatzeko era ikasleek gal dezaten. Egunen batean ahazten badute, ezin hartuko ditu inork Jesusen ikasletzat.
Ezabaezineko oroitzapena gorde zuten. Honela laburtu zuten haren bizitza lehen belaunaldiek: «Alde guztietan on eginez igaro zen». Gauza ona zen harekin topo egitea. Jendearen ongia bilatu zuen beti. Nola bizi irakasten zuen. Berri On izan zen haren bizitza. Jainkoaren hurbiltasuna suma zitekeen haren baitan.
Nahastezineko era du Jesusek maitatzean. Oso sentibera da jendearen sufrimenduaren aurrean. Ezin jiratu da beste aldera norbait sufritzen ikustean. Behin batean Naingo herrixkan sartzean, lur emate batekin egin du topo: emakume alargun bat bere seme bakarrari lur ematera doa. Barru-barrutik jaio zaio Jesusi ezezagun harenganako maitasuna: «Emakume, ez negar egin». Jesusek bezala maite duena, sufrimena nola arinduko bizi ohi da eta malkoak nola lehortuko.
Ebanjelioek une askotan gogoratzen dute nola atzematen zuen Jesusek bere begiez jendearen sufrimena. Halakoei begira jarri eta hunkitu egiten zen: sufritzen sumatzen zituen, edo lur jota, edo artzainik gabeko ardi bezala. Berehala, gaixoenak sendatzeari ekiten zion edota bere hitzaz elikatzera. Jesusek bezala maite duenak, jendeari aurpegira errukiz begiratzen ikasten du.
Miresgarria da Jesusen prestasuna jendeari on egiteko. Ez dago bere buruari begira. Edozein deiri egiten dio kasu, beti ahal duena egiteko prest. Bidean doala eskale itsu batek errukitzeko eskatu dionean, hitz hauekin egin dio harrera: «Zer nahi duzu nik zuri egitea? Jarrera horixe izan ohi du bizitzan, Jesusek bezala maite duenak. 
Badaki Jesusek ezindu handienen ondoan egoten. Ez du beharrik ezer eska diezaioten. Ahal duena egiten du haien oinazea sendatzeko, haien kontzientzia askatzeko edota Jainkoarekiko konfiantza kutsatzeko. Baina ezin konpondu ditu jende haren arazo guztiak.
Hargatik, ontasun-keinuak egiten ditu: kaleko haurrak besarkatu: ez du inor ikusi nahi umezurtz; gaixoak bedeinkatu: ez du nahi Jainkoak utzi dituenik senti dezaten; lepradunen azala ferekatu: ez du nahi bazter utziak direnik pentsa dezaten. Horrelakoak dira Jesusek bezala maite duenaren keinuak. 


José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko maiatzaren 17a

MAITASUNETIK DESBIDERATU GABE

Joan ebanjelariak agur-hitzaldi luzea jarri du Jesusen ahoan, eta bizitasun bereziz jaso ditu horretan funtsezko ezaugarri batzuk, mendetan barna ikasleek gogoan hartu beharrekoak, Jesusi eta haren egitasmoari leialak izan nahi badute. Jakina, gaur egun ere bai.
«Iraun nire maitasunean». Horra lehenengo gauza. Kontua ez da erlijio batean bizitzea, baizik eta Jesusek digun maitasunean bizitzea, Aitagandik hartu duen maitasunean. Kristau izatea ez da lehenik eta behin doktrina-arazoa, baizik maitasun-arazoa da. Mendetan barna, ikasleek mila eratako dudak, gatazkak eta zailtasunak izan dituzte. Garrantzizkoa beti maitasunetik ez desbideratzea izanen da.
Jesusen maitasunean irautea ez da gauza teorikoa, ezta mamirik gabea ere. «Aginduak gordetzean» datza, eta haurrideekiko maitasunean laburbildu du Jesusek berak agindu hori: «Hau da ni agindua: maita dezazuela elkar, nik maite zaituztedan bezala». Agindu askorekin egingo topo kristauak bere erlijioan. Askotarikoak eta desberdinak dituzte, ordea, agindu horiek beren jatorria, beren izaera, beren garrantzia. Egunak joan egunak etorri, arauak ugaldu egiten dira. Maitasunaren aginduaz bakarrik dio Jesusek hau: «Hau da nire agindua». Noiznahi eta nonahi, gauza erabakitzailea kristauarentzat haurrideekiko maitasunetik ez irtetea da.
Jesusek ez du aurkeztu maitasunaren agindu hau gure bizitza latzagoa eta astunagoa egingo duen lege bezala, baizik poz-iturri bezala: «Honetaz mintzo natzaizue, nire poza zuengan izan dadin eta zuen poza bere betera irits dadin». Gure artean zinezko maitasunik ez denean, hutsunea eratzen da, ez ezerk ez inork pozez bete ezin duen hutsunea.
Maitasunik gabe ezin da pausorik eman kristautasun irekiago, bihozkoiago, alaiago, xumeago eta maitagarriago baterantz, Jesusekin «adiskide» bezala −ebanjelioaren esapidea erabiliz− bizitzeko modua eskainiko lukeen baterantz. Ezin jakingo dugu poza eragiten. Nahi izan gabe ere, kristautasun triste bat, kexuz, erresuminez, lantuz eta etsipenez betea lantzen jarraituko dugu.
Gure kristautasunari, sarritan, poza falta zaio, egiten eta bizi ohi denak eman dezakeen poza. Sarritan, Jesu Kristorekiko gure jarraipenak berrikuntzaren sua falta izaten du, eta tristura izaten du sobera, Jesusek gugandik espero duena egiteko konbentzimendurik gabe, gauzak errepikatzen aritzeak dakarren tristura.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.