lunes, 6 de agosto de 2012

2012/08/12 - Urteko 19. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 12a

Urteko 19. Igandea (B)


EBANJELIOA

Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,41-51

Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako, eta zioten:
– Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aita-amak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?
Jesusek ihardetsi zien:
– Ez ari marmarka zeuen artean. Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean. Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.
«Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. Neu naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko. Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko abustuaren 12a

JESUSENGAN SINESTEKO BIDEA

San Joanen kontakizunaren arabera, Jesusek gero eta era argiagoan errepikatzen du Jainkoagandik datorrela bera, betiko bizia ematen duen janaria guztiei eskaintzeko. Eta jendeak ezin jarraitu du hain eskandaluzkoa de hori entzuten, erreakzionatu gabe. Jesusen gurasoak ezagunak dituzte. Nolatan esan dezake Jainkoagandik datorrela?
Ezin harritu da gutarik inor erreakzio horretaz. Arrazoizkoa ote da Jesu Kristogan sinestea? Nolatan sinets genezake gizon jakin horrengan Jainkoaren Misterio atzeman ezina haragitu dela, Herodes Handia hil baino zerbait lehenago jaioa den horrengan, hogeita hamargarren urte inguruan Galilean izan duen profeta-jardueragatik ezaguna den horrengan?
Jesusek ez die erantzun objekzio horiei. Jende horren fede-gabeziaren sustraira jo du: «Zer ari zarete kritikatzen?» Oker dabiltza Jesusen errotiko berritasunaren aurka egitean, Jesusen egiazko nortasunaz guztia dakitela uste izatean. Har dezaketen bidea erakuts diezaieke.
Jesusek gauza jakintzat emana du hau: ezin duela inork beragan sinetsi, beragan erakartzen duen zerbait sentitzen ez badu. Egia da. Agian, Kafarnaumeko jende hark baino hobeto ulertzen dugu hori guk geure kulturatik. Izan ere, gero eta zailago gertatzen zaigu doktrina batean edo ideologia batean sinestea. Fedea eta konfiantza orduan ernetzen dira gugan: on egiten eta bizitzen laguntzen digun norbait erakarle sentitzen dugunean.
Baina Jesusek gauza inportante batez ohartarazi ditu: «Ezin etorri da inor nigana, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu». Jesusengana erakartzea Jainkoak berak egiten du. Mundura bidali duen Aitak esnatzen du gure bihotza, Jesusengana hurbil gaitezen pozik eta konfiantzaz, dudak eta errezeloak gaindituz.
Horregatik, geure bihotzean Jainkoaren ahotsa entzuten saiatu beharra dugu, Jesusengana eraman gaitzan berari utziz. Aita horri, biziaren Kreatzaile eta gizakiaren Adiskide horri, eskolatu gaitzan leial utziz: «Aitak esana entzun eta ikasten duen oro, nigana etorriko da».
Jesusen aipatu baieztapena iraultzaile gertatu zaie hebrearrei. Bibli tradizioak esaten zuen gizakiak bere bihotzean entzuten duela Legea leial betetzeko Jainkoaren deia. Jeremias profetak honela aldarrikatu zuen Jainkoaren promesa: «Zuen barnean ezarriko dut nik neure legea eta zuen bihotzean idatziko».
Jesusen hitzek, berriz, beste esperientzia bat bizitzera gonbidatzen gaituzte. Kontzientzia ez da Jainkoaren Legea entzuteko leku ezkutu eta pribilegiatu bat bakarrik. Geure izatearen barruenean, ona, ederra, jatorra, gizakiari on egitea, mundu hobea eraikitzea erakargarri dela sentitzen badugu, erraz sumatuko dugu Jainkoaren gonbita Jesusekin sintonizatzeko. Hori da biderik hobena harengan sinesteko.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abustuaren 9a

JESUS ERAKARGARRI

Joan ebanjelariak behin eta berriz errepikatzen ditu indar handia duten esapideak eta irudiak, kristau-elkarteei buruan sartzeko, ezen Jesusengana hurbildu beharra dutela, hura bizi berriaren iturri dela aurkitu nahi badute. Bizi-arnasa da Jesus, lehenago ezagutu izan duten ezerekin konpara ez daitekeen modukoa.
«Zerutik jaitsi den ogia» da Jesus. Ez da beste inolako bizi-iturrirekin nahastekoa. Jesu Kristogan, janaritzat, indarra, argia, esperantza, bizi-hatsa... aurki genitzake, Jainkoaren beraren, biziaren Kreatzailearen beraren, misterioari darienak. «Biziaren ogia» da Jesus.
Horregatik, hain juxtu, ezin topo egin dugu harekin edozein eratan. Geure izatearen hondoraino jo beharra dugu, geure burua Jainkoari ireki beharra eta «Aitak zer dioskun entzun beharra». Ezin senti dezake inork Jesusen erakargarritasuna, «hura bidali duen Aitak erakartzen ez badu».
Jesusen baitan gehienik erakartzen duena, bizia ematen duen ahala da. Jesu Kristogan sinetsi eta harekin harremanetan hasteko gai denak: bizi desberdina ezagutzen du halakoak, nolakotasun berrikoa, hein batean dagoenako Jainkoaren mundukoa den bizia. Hau esatera ausartu da Joan: «ogi honetatik jango duena betiko biziko da ».
Geure kristau-elkarteetan, Jesusekiko harremanez elikatzen ez bagara, kristautasunak duen gauzarik funtsezkoena eta erabakitzaileena ezagutu gabe jarraituko dugu. Hargatik, pastoralki ez da gauza premiazkoagorik Jesu Kristorekiko geure harremanak zaintzea baino.
Baldin eta, Elizan, hain gizatarra, hain hurbila eta bihozkoia den gizon horrengan haragitu den Jainkoaren erakargarritasuna sentitzen ez badugu, inork ez gaitu libratuko, eskuarki gertatzen zaigun bezala, erdipurdi bizitzetik. Inork ez digu eragingo geure erakundeek arautua dutena baino harago joatera. Inork ez digu bizi-izerdiz blaituko, geure tradizioek zedarritu digutena baino aurrerago joan ahal izateko.
Bere Espirituaren sorgarritasunaz Jesusek janaritzen ez bagaitu, iraganari loturik jarraituko dugu; geureak ez diren beste aro batzuetan eta beste aro batzuetarako jaioak eta garatuak diren moldeetan, ikusmoldeetan eta sentieran hesiturik «biziko» dugu geure erlijioa. Baina, orduan, ezin izango gara Jesusen lankide gaur egungo gizon-emakumeen bihotzean fedea piztu eta janaritzeko.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.