lunes, 13 de agosto de 2012

2012/08/19 - Urteko 20. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 19a

Urteko 20. Igandea (B)


EBANJELIOA

Nire gorputza benetako janari da, eta nire odola benetako edari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,51-58

Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
– Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
Jesusek esan zien:
– Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean. Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin. Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko abustuaren 19a

JESUS GURE JANARI

Joanen kontakizunaren arabera, juduek beste behin, gauza fisiko eta materialez haratago joan ezinik, eten egin diote Jesusi, honek darabilen hizkuntza oldarkorraz eskandalizaturik: «Nolatan ematen ahal digu honek bere haragia jateko?» Jesusek ez du atzera egin, baizik eta eduki sakonago bat eman die bere hitzei.
Haren adierazpenaren muinak bide ematen digu lehen kristau-elkarteek eukaristia ospatzean bizi ohi zuten esperientzian murgiltzeko. Jesusen arabera, ikasleek, beragan sinetsi ez ezik, janari eta elikagaitzat hartu behar dute bera.
Segidako hitzek hitz horien funtsezko eta ezinbesteko izaera azpimarratzen dute: «Nire haragia benetako janaria da eta nire odola benetako edaria». Ikasleek, Jesus janaritzat hartzen ez badute, gauza asko egin eta esan ahalko dituzte, baina ezin ahaztuko dira haren hitz hauez: «Ez duzue bizirik zeuen baitan».
Geure baitan bizia ukan ahal izateko, Jesus janaritzat hartu beharra dugu, haren bizi-arnasaz elikatu beharra, haren jarrera eta haren bizi-irizpideak barneratu beharra. Hauxe da eukaristiaren sekretua eta indarra. Jende honek bakarrik ezagutzen du hori: harekin bat egiten duenek eta Aitarekiko haren grinaz eta Aitaren seme-alabekiko haren maitasunaz elikatzen denek.
Jesusen hizkuntzak indar adierazkor handia du. Bera janaritzat hartzen dakienari, promes hau egin dio: «Nigan du horrek bizilekua eta nik horrengan». Eukaristiaz elikatzen denak sentitzen du Jesusekiko bere erlazioa ez dela kanpoko zenbait. Jesus ez da imitatzen dugun kanpoko bizi-eredu bat. Barnetik janaritzen du gure bizitza.
Jesus geure «bizileku» izatearen esperientzia honek eta gu Jesusen «bizileku» izaten uztearen esperientzia honek errotik eralda dezake gure fedea. Bien arteko truke horrek, hitzez nekez adierazi den elkartasun estu horrek, eratzen du ikasleak Jesusekin duen erlazioa. Horretan datza Jesusi jarraitzea, haren bizi-indarra sostengu dugula.
Jesusek eukaristian ikasleei eskualdatzen dien bizia, Aitagandik, bizi betearen Iturburu agorrezin den harengandik, berak hartu duen bizia da. Gure hiltze biologikoaz galtzen ez den bizia da. Horregatik ausartu da Jesus bereei promes hau egitera: «Ogi hau jaten duena betiko biziko da».
Dudarik gabe, kristau-fedearen krisiaren seinalerik larriena, gure artean, igandeko eukaristia modu jeneralizatuan alde batera utzi izana da. Jesus maite duenarentzat mingarria da behatzea, nola ari den eukaristia bere erakarmen-indarra galtzen. Baina are mingarriagoa da ikustea, erreakzionatzera ausartu gabe bizi dugula Elizatik gertaera hau. Zer dela eta?

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abustuaren 16a

GOSE IZATEA DA GARRANTZIZKOA

Joan ebanjelariak oso hizkuntza gogorraz baliatu da, Jesu Kristorekiko batasuna janaritu beharra dugula azpimarratzeko. Horrela bakarrik sumatuko dugu hura gure baitan bizi dela. Joanen arabera, ezinbestekoa da Jesus jatea: «Ni jango nauena nire bidez biziko da. »
Hizkuntza, ordea, are bortitzagoa bihurtu da, Jesusen haragia jan eta haren odola edan behar dela dioenean. Gordin gordina da testua: «Nire haragia benetako janaria da, eta nire odola benetako edaria. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena nire baitan bizi da eta ni haren baitan».
Baina hizkuntza honek ez du jada inolako zirrararik eragiten kristauen artean. Haurtzarotik entzuten ohituak garelarik, lehen jaunartzetik egiten ari garenari loturik bizitzen jarraitzeko joera dugu. Denok ezagutzen dugu kristau-ikasbidean ikasitakoa: jaunartzeko unean, Kristo presente gertatzen da gugan eukaristia-sakramentuko grazia dela medio.
Zoritxarrez, honetara muga daiteke guztia behin baino gehiagotan: otoitz-giroan pentsatu eta onartutako dotrinara. Baina, sarritan, hauxe falta zaigu: Kristo geure bizitza konkretuan haragitzearen esperientzia. Ez dakigu nola ireki geure barrua hari, bere Espirituaz gure bizitza janaritu dezan eta gizatarrago eta ebanjelioaren araberakoago eginez joan dadin.
Ogi sagaratua hartzeko, sakramentu-erritua betetzera erdi oharkabean joatea baino zerbait gehiago da Kristo jate hori. Kristorekin bat egite horrek fede-egintza eskatzen du eta indar bereziko irekitasuna, batez ere sakramentuz jaunartzean bizi beharrekoa, baina baita Jesusekiko bizi-harremanetako beste esperientzia batzuetan ere.
Jesusen gose izatea da garrantzizkoa. Sakon sakonetik harekin topo egin nahi izatea. Haren egiari geure barrua irekitzea, bere Espirituaz markatu gaitzan eta gugan den alderik hobena indartu dezan. Oraino ebanjelizatu gabe diren gure bizitzako aldeak argitu eta eraldatu ditzan uztea.
Orduan, Ebanjelioaren alderik egiazkoenera, xumeenera eta benetakoenera itzultzea izango da Jesus janaritzetzat hartze hori: haren jarrerarik oinarrizkoenak eta funtsezkoenak baitaratuko ditugu; harekin bizitzearen sena piztuko da gugan; geure ikasle- eta jarraitzaile-kontzientzia piztuko zaigu, hura geure bizitzako zilbor bihurtzeko. Jesusez janaritzen den kristaurik ez bada, gogogabeturik gertatuko da Eliza, erremediorik gabe.

José Antonio Pagola



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.