lunes, 20 de agosto de 2012

2012/08/26 - Urteko 21. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abustuaren 26a

Urteko 21. Igandea (B)


EBANJELIOA

Norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 6,60-69

Denbora haietan, Jesusen hitzok entzutean, haren ikasleetariko askok esan zuen: «Onargaitza da mezu hau. Nork jaramon egin? »
Jesusek, ikasleak marmarka ari zirela oharturik, esan zien: «Honek eragozten al dizue sinestea? Bada, Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, zer gertatuko ote? Espiritua da bizia ematen duena; gizakia berez ez da ezertarako. Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk».
Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen, gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere niregana hurbildu, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen».
Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera jo zuen, eta aurrerantzean ez ziren harekin ibili. Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei:
– Zuek ere alde egin nahi al duzue?
Erantzun zion Simon Pedrok:
– Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko abustuaren 26a


GALDERA ERABAKITZAILEA 

Joanen ebanjelioak Jesusen jarraitzaileen arteko krisi handi baten oroitzapena gorde du. Ez dugu daturik, esateko. Soilik esaten digu ikasleei zail gertatzen zitzaiela Jesusen hitz egiteko modua. Agian, gehiegizkoa iruditzen zaie eskatzen dien atxiki mendua. Halako batean, «Jesusen ikasle askok atzera egin zuen». Jada ez dabiltza harekin.
Lehenengo aldiz sentitu du Jesusek bere hitzek ez dutela nahi bezalako indarrik. Halere, ez du amore eman, baizik eta are indartsuago baietsi ditu bere hitzak: «Esan dizkizuedan hitzak espiritu dira eta bizi. Halaz guztiz, zuetako batzuek ez dute sinetsi». Haren hitzek gogorrak direla ematen dute; alabaina, bizia dakarte, biziarazi egiten dute, Jainkoaren Espiritua baitute berekin.
Jesusek ez du bakea galdu. Ez da larritu porrota dela eta.Hamabiei hitz eginez, galdera erabakitzailea egin die: «Zuek ere alde egin behar al duzue?» Ez ditu behartu nahi berarekin gelditzera. Aske ikusi nahi ditu erabakitzeko. Ez du nahi bere ikasleak jopu izatea, baizik adiskide.
Beste behin, guztien izenean erantzun dio Pedrok. Eredugarria da erantzuna. Egiatia, apala, zentzuduna, Jesus aski ezagutzen duen batena hura bertan behera ez uzteko. Pedroren jarrera lagungarri izan daiteke gaur egun ere, fedea koloka izanik fede oro utzi ala ez pentsatzen ari direnentzat.
«Jauna, norengana joko dugu?» Ez da zentzuzkoa Jesus bertan behera uztea edozein eratan, maisu hoberik eta konbentzigarriagorik aurkitu gabe. Jesusi jarraitu ezean, nori jarraitu ez dakitela geldituko dira. Ez da zertan jokatu zalapartaka. Ez da ona bizitzan argirik eta gidaririk gabe gelditzea.
Errealista da Pedro. Gauza ona ote da Jesus bertan behera uztea, esperantza konbentzigarriagorik eta erakarleagorik aurkitu gabe? Aski ote da haren ordez bizieran beheiti egitea, kasik jomugarik eta horizonterik gabe? Hobe ote da galderarik gabe bizitzea, inolako planteamendurik eta bilatzerik gabe?
Bada Pedrok ahaztu ez duen beste zerbait: «Zuk, betiko bizirako hitzak dituzu». Sumatu du ezen Jesusen hitzak ez direla hitz hutsal eta engainagarri. Jesusen ondoan beste modu batean agertu zaie bizitza. Haren mezuak betiko bizira begira jarri ditu. Zer eman lezakete Jesusen Ebanjelioaren tokian? Non aurki lezakete Berri hoberik Jainkoaz?
Pedro, azkenik, oinarrizko esperientziaz gogoratu da. Jesusekin bizitzean, hura Jainkoaren misteriotik datorrela aurkitu du. Urrunetik, urrutitik, axola-ezetik edo arduragabekeriatik ezin antzeman zaio Jesusek beren baitan duen misterioari. Hamabiak Jesusen jirabiran ibili dira. Horregatik esan ahal dute: «Guk, sinesten dugu eta badakigu». Jesusen jirabiran jarraituko dute. 

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abustuaren 23a

ZERGATIK GELDITU ELIZAN?

Azken urte hauetan analisi eta azterketa asko egin izan da kristau-elizek gizarte modernoan bizi duten krisiaz. Irakurketa hori beharrezkoa da zenbait datu hobeto ulertzeko, baina ez da aski gure erreakzioa zein izan behar duen bereizteko. Joan ebanjelariak dakarren pasadizo honek lagundu diezaguke krisi hori ebanjelio-sakontasun handiagoz interpretatzeko eta bizitzeko.
Ebanjelariaren arabera, honela laburbildu du Jesusek taldean indartzen ari den krisia: «Esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Halere, zuetako batzuek ez dute sinesten». Halaxe da. Jesusek jarraitzaileen baitan espiritu berri bat sartzen du; haren hitzek bizia ematen dute; proposatzen duen egitarauak mugimendu bat eragin dezake, mundua bizi duinago eta beteago baterantz norabidetzeko.
Halere, fedea ez dago bermaturik haren taldean egote hutsaz. Bada haren espiritua eta bizia onartzeari uko egiten dionik. Bada Jesusen inguruan itxura hutseko bizia bizi duenik. Harekiko fedea egiazkoa ez duenik. Hau da beti kristautasunaren baitako zinezko krisia: Jesusengan sinetsi ala ez.
Narratzaileak dio, ezen «askok atzera egin zuela eta harekin ibiltzeari utzi egin ziola». Krisialdian agertu ohi da zein diren Jesusen benetako jarraitzaileak. Hau da funtsezko aukera: zein dira atzera egiten dutenak eta zein harekin gelditzen direnak, haren espirituarekin eta biziarekin bat eginik? Zein da haren egitarauaren alde eta zein aurka?
Gutxitzen hasi da taldea. Jesus ez da haserretu, ez du adierazi inoren kontrako iritzirik. Soilik, galdera hau egin die berarekin gelditu direnei: «Zuek ere joan egin nahi al duzue?» Elizan jarraitzen dugunoi gaur egiten digun galdera da: Zer nahi dugu? Zergatik gelditu gara? Jesusi jarraitzeko, haren espiritua geure eginez eta haren erara biziz? Haren egitasmoa aurrera eramateko?
Ereduzkoa da Pedroren erantzuna: «Jauna, zeinengana joan gintezke? Zuk betiko biziko hitzak dituzu». Gelditzekotan, Jesusengatik gelditu behar da. Jesusengatik soilik. Beste ezergatik ez. Harekin konprometituz. Haren taldean gelditzeko arrazoi bakarra Jesus da. Ez beste inor.
Mingarriena iruditu arren, gaur egungo krisialdia baikorra izango da, baldin eta Elizan jarraitzen dugunok, gutxi ala asko, Jesusen ikasle bihurtzen bagoaz, hau da, haren bizi-hitzetik biziz doazen gizon-emakume bagara.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.