lunes, 5 de noviembre de 2012

2012/11/11 - Urteko 32. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko azaroaren 11a

Urteko 32. Igandea (B)



EBANJELIOA

Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 12, 38-44

Denbora haietan, bere irakastaldian, beste hau ere esan zien: «Zabiltzate kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak agur egitea; gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak. Eta, azkengabeko otoitzen aitzakiaz, alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek».
Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean eseria zegoen, jendeak kutxetara dirua nola botatzen zuen begira. Aberats askok ugari ematen zuen. Etorri zen emakume alargun behartsu bat, eta bi sos bota zituen, huskeria bat. Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du kutxara. Izan ere, beste guztiek sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko azaroaren 11a

ELIZAKO GAUZARIK HOBENA

Gaurko ebanjelioko pasadizo bien arteko kontrastea ezin gogorragoa da. Lehenengoan, Jesusek jendeari gidari erlijiosoen aurrean azti egoteko esan dio: «Kontuz lege-maisuekin!», horien portaera kaltegarri gerta dakizueke. Bigarrenean, ikasleei dei egin die emakume alargun pobrearen keinuari erreparatzeko: jende xumeak Ebanjelioa nola bizi erakusten ahal die.
Harrigarria da Jesusek darabilen hizkuntza gogorra eta segura, lege-maisuen erlijiotasun faltsua agirian jartzeko. Ezin jasan du haien harrokeria eta nabarmentzeko irrika. Modu nabarmenean nahi dute jantzi eta jendeak begirunez agurtu ditzan, gainerakoak baino handiago direla agertzeko, beren agintea ezarri eta dominatzeko.
Beren harrotasun apartsua elikatzeko baliatzen dira erlijioaz. «Errezo luzeak» egiten dituzte jendeari zirrara eragiteko. Ez dute elkarterik sortzen, guztien gain ematen baitute beren burua. Azken batean, beren burua dute soilik buruan. Jende ahulaz probetxu ateraz bizi dira, zerbitzatu ordez.
Markosek ez ditu jaso Jesusen hitzak, suntsitu izan aurretik Tenpluan ziren lege-maisuak kondenatzeko, baizik eta idazten dien kristau-elkarteak jakinaren gainean ipintzeko. Gidari erlijiosoek elkartearen zerbitzari izan behar dute. Eta ez beste ezer. Horretaz ahazten badira, arrisku gerta daitezke guztientzat. Erreakzionatu egin behar da, kalterik egin ez dezaten.
Bigarren pasadizoan, Jesus eseria dago Tenplu aurreko eskaintzen kutxaren aitzinean. Aberats asko ari da garrantzizko diru-kantitatea botatzen: Tenpluaren sostengu dira. Halako batean emakume bat hurbildu da. Jesusek ikusi du kobrezko bi txanpon bota dituela. Alargun pobre bat da, bizitzan tratu txarrak jasana, bakarrik eta baliabiderik gabe bizi dena. Segur aski, eskale bizi da Tenpluaren inguruan.
Hunkiturik, ikasleei dei egin die Jesusek presaka. Ezin ahaztuko dute emakume honen keinua, zeren, premia jasaten duelarik, «bizitzeko zuen guztia bota baitu». Lege-maisuak erlijiotik probetxua ateraz bizi diren bitartean, dena eman du emakume honek besteentzat, konfiantza guztia Jainkoagan ezarriz.
Honen keinuak egiazko erlijioaren bihotza agertu digu: konfiantza handia Jainkoagan, doakotasun harrigarria, eskuzabaltasuna eta maitasun solidarioa, xumetasuna eta egia. Ez dugu ezagutzen emakume honen izena, ezta aurpegia ere. Hau dakigu soilik: bere Elizako geroko gidarientzat eredua ikusi duela Jesusek emakume honengan.
Gaur egun ere, Elizako gauzarik hobena dira fede xumeko hainbat eta hainbat gizon-emakume. Ez dute idatziko libururik, ezta sermoirik egingo, baina horiek diote eusten bizirik Jesusen Ebanjelioari. Horiengandik behar dugu ikasi apaizek eta gotzainek.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko azaroaren 8a

KONTRASTEA

Erabatekoa da pasadizo bien arteko kontrastea. Tenpluko lege-maisuei buruz buru, kontuz ibiltzeko esan dio Jesusek jendeari. Sasikoa da horien erlijioa: beren osperako baliatzen dute eta jenderik ahulena ustiatzeko. Ez dira horiek miretsi beharrekoak, ez zaio jarraitu behar horien ikasbideari. Bigarren pasadizoan, emakume alargun pobrearen keinuari begira dago Jesus eta ikasleei dei egin die. Emakume honengandik ikas dezakete, bai, lege-maisuek sekula irakatsiko ez dieten zerbait: Jainkoarekiko guztizko fedea eta mugarik gabeko eskuzabaltasuna.
Zorrotza da lege-maisuen kontrako Jesusen kritika. Herria Jainkoagana bideratu ordez, beren ospearen bila dabiltza, jendearen atentzioa deitu nahi dute beren izen handiaren bila. Gustukoa dute «harro jantzirik ibiltzea», jendearen agurraren eta begirunearen bila. Sinagogako liturgian eta jai-otorduetan «ohorezko jarlekua» eta «lehen eserlekua» nahi izaten dute.
Bada, ordea, Jesusi min handiagoa ematen diona aintzat eta begirunez hartuak eta agurtuak izateko ume-jarrera zoro horrek baino. Jainkozaletasun sakonaren itxurak egiten dituzte jendaurreko «otoitzaldi luzeez»; baina beren izen erlijioso horretaz baliatzen dira emakume alargunen eta Bibliaren arabera izaki ahulenak eta babesgabeenak direnen bizkar bizitzeko.
Hain juxtu, emakume alargun horietako batek jarriko du agerian gidari erlijioso horien erlijio ustela. Alargun honen keinua oharkabea izan da guztientzat, baina ez Jesusentzat. Emakume gajoak bi txanpon bakarrik bota ditu eskaintzen dirutegira. Baina Jesusek berehala dei egin die ikasleei, zeren nekez ikusi baitute tenpluko ingurunean behartsuekiko bihotz erlijiosoagorik eta solidarioagorik.
Alargun hau ez dabil ohore eta izen handi bila; ezkutuan eta apal dihardu. Ez dabil inor nola ustiatuko; aitzitik, duen guztia eman du, beste batzuek behar izango dutelako. Jesusen hitzetan, beste inork baino gehiago eman du, zeren ez baitu eman sobera duenetik, baizik «bizitzeko duen guztia eman du»,
Ez gaitezen oker ibili. Jende xume baino bihotz handi eta eskuzabaleko hau, baldintzarik gabe maitatzen dakien hau, da Elizan dugun alderik hoberena. Jende hau da mundua gizatarrago egiten ari dena, Jainkoa baitan benetan sinesten duena, Jesusen Espiritua bizirik mantentzen duena beste jarrera erlijioso sasiko eta interesatu batzuen artean. Jende honengandik ikasi behar dugu Jesusi jarraitzen. Jende hau da Jesusen antzekoena.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.