lunes, 12 de noviembre de 2012

2012/11/18 - Urteko 33. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko azaroaren 18a

Urteko 33. Igandea (B)



EBANJELIOA

Bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 13, 24-32

Denbora haietan, Jesusek bere irakasleei esan zien “Egun haietan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo, izarrak zeru goitik amiltzen hasiko dira eta ortzia dardarka ariko. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute. Orduan, aingeruak bidali eta bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko. Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik.”

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko azaroaren 18a

INORK EZ DU EGUN HAREN BERRI

Hizkuntza apokaliptikoa, munduaren azkenaz irudi eta baliabide sinbolikoez eraikia den hori, aspaldi urteetan baino hobeto ezagutzera iritsi izanak, Jesusen esperantzazko mezua entzuteko modua ematen digu gaur egun, jendearen bihotzean estutasuna eta izua ereiteko tentazioan erori gabe.
Gizakiak lurrean bizi duen historia zirraragarriak bere azkena joko du egun batean. Horixe da Jesusen konbentzimendu irmoa. Horixe da gaur egungo zientziaren aurreikuspena ere. Mundua ez da betiko. Bizitza hau bukatuko da. Zertan geldituko dira gure borrokak eta lanak, gure ahaleginak eta ametsak?
Neurritsu mintzatu da Jesus. Ez du elikatu nahi inolako jakin-min gaixotirik. Errotik moztu du kalkuluekin, datekin edo epeekin espekulatzeko edozein ahalegin. «Inor ez daki ez eguna ez ordua…, Aitak soilik». Inolako psikosirik ez azkenaren inguruan. Esku onetan dago mundua. Ez goaz kaosera. Fida gaitezke Jainkoaz, geure Kreatzaile eta Aitaz.
Erabateko konfiantza honetatik agertu du Jesusek bere esperantza: oraingo kreazio hau bukatuko da, baina kreazio berri bati lekua uzteko izango da, erdigunetzat Kristo berpiztua izango duen kreazio berri bati. Sinestekoa al da horrelako gauza handios bat? Hitz egin al genezake horrela ezer gertatu aurretik?
Guztiek uler ditzaketen irudietara jo du Jesusek. Gaur lurra argitzen eta bizitza posible egiten duten eguzkia eta ilargia itzaliko dira egun batean. Mundua ilun geldituko da. Gizadiaren historia ere itzaliko ote da? Horrela bukatuko ote dira gure esperantzak ere?
Markosen bertsioaren arabera, gau horren baitan ikusi ahal izango da «Gizonaren Semea», hau da, Kristo berpiztua, «aginte eta aintza handiz» etorriko baita. Dena argituko du haren argi salbatzaileak. Hura izango da mundu berriaren erdigune, betiko eraberritua izango den gizadiaren hasiera.
Badaki Jesusek ez dela gauza erraza bere hitzetan sinestea. Nola proba dezake gauzak horrela gertatuko direla? Xumetasun harrigarri batez, bizitza udaberri bailitzan bizitzera gonbidatu gaitu. Guztiek ezagutzen dute esperientzia: neguan hila zirudien bizitza esnatzen hasten da; pikondoaren adarretan hosto txiki berriak jaio dira. Guztiek dakite uda hurbil dela.
Orain ezagutzen dugun bizitza hau udaberria bezalako da. Artean ezin uztarik bildu. Ezin eskuratu dugu behin betiko lorpenik. Baina badira bizitza ernetzen ari delako seinale txiki batzuk. Mundu hobeago baten aldeko gure ahaleginak ez dira alferrik galduko. Inork ez du egun haren berri, baina etorriko da Jesus. Hura etortzearekin argituko da fededunek Jainkoa deitzen dugun errealitatearen azken misterioa.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko azaroaren 15a

KRISTAU KONBENTZIMENDUAK

Banaka banaka hiltzen ari ziren Jesus ezagutu zuten ikasleak. Gelditzen zirenek hura ikusi gabe sinesten zuten haren baitan. Eukaristian ezin ikusizko moduan presente zegoela aitortzen zuten, baina noiz ikusiko zuten haren aurpegi bizi-bizi hura?, noiz beteko zen harekin betiko topo egiteko zuten gogo hura?
Jesusen hitza maitasunez eta fedez gogoratuz jarraitzen zuten. Horixe zuten beren janaria pertsekuzio-aldi latz haietan. Baina noiz egiaztatu behar zuten hitz haiek egiazkoak zirela? Ez ote ziren joango hitz haiek apurka-apurka ahantziz? Urteak joan urteak etorri, baina sekula ez zen iristen hain hertsiki irrikatzen zuten Azken Eguna; zer pentsatu handia ematen zien horrek.
Haien esperantza elikatu nahiz, hainbat konbentzimendu eskaini nahi ditu Markosek bere hitzaldi apokaliptikoan. Ez da hartu behar, ordea, hitzaldi hori letraren harira, baizik gaur hain arrotz gertatzen zaizkigun irudi eta sinbolo horietan datorren fedea aurkitzen ahalegindu behar dugu.
Lehenengo konbentzimendua. Gizadiaren historia zoragarri hau bere betera iritsiko da egun batean. Urteen segida adierazten duen «eguzkia» itzaliko da. Hilabeteen erritmoa markatzen duen «ilargiak» ez du gehiago distiratuko. Ez da izango gau-egun bikoterik, ez denborarik. Gainera, «zeruko izarrak eroriko dira», zeruaren eta lurraren arteko distantzia desegingo da, ez da orduz gero espaziorik izango. Oraingo bizitza hau ez da betirako. Egun batean behin betiko Bizia iritsiko da, espaziorik eta denborarik gabea. Jainkoaren Misterioan biziko gara.
Bigarren konbentzimendua. Jesus itzuliko da eta ikasleek ikusi ahal izango dute desiratzen duten haren aurpegia: «Gizonaren Semea etorri datorrela ikusiko dute». Eguzkia, ilargia eta astroak amatatuko dira, baina mundua ez da argirik gabe geldituko. Jesus izango du betiko argi, gaur abusuaren, injustiziaren eta gezurraren hain esklabo den giza historian egia, zuzentasuna eta bakea ezartzen dituela.
Hirugarren konbentzimendua. Berekin ekarriko du Jesusek Jainkoaren salbamendua. Aitaren ahalmen handia eta salbatzailea berekin duela etorriko da. Ez da etorriko mehatxuzko itxuraz. Ebanjelariak ez du aipatzen hemen auzi- eta gaitzespen-konturik. «Bere hautatuak elkartzera» dator, haren salbazio fedez espero dutenak biltzera.
Laugarren konbentzimendua. Jesusen hitzak «ez dira igaroko». Ez dute galduko beren indar salbatzailea. Jesusen jarraitzaileen esperantza eta pobreen arnasa elikatzen jarraituko dute. Ez goaz ezerezera eta hutsera. Jainkoa dugu zain gu besarkatzeko.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.