lunes, 19 de noviembre de 2012

2012/11/25 - Urteko 34. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko azaroaren 25a

Urteko 34. Igandea (B)


Jesukristo unibertsoaren erregea


EBANJELIOA

Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 18, 33b-37

Denbora haietan, Pilato Jesusi galdegin zion:
– Zu al zara juduen erregea?
Eta Jesusek:
– Zeure kabuz galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?
Pilatok erantzun zion:
– Judua ote naiz, bada, ni? Zeure herrikoek eta apaizburuek ekarri zaituzte niregana. Zer egin duzu?
Jesusek erantzun:
– Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jendeak borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko; nire erregetza, ordea, ez da hemengoa.
Orduan, Pilatok esan zion:
– Beraz, errege zara zu?
Jesusek erantzun zion:
– Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz mundura: egiaren testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko azaroaren 25a

EGIA ERAGIN

Jesusen kontrako auzia, Jerusalemera joatean, Pilato bizi ohi zen jauregian egin zuten segur aski. Han topo egin zuten, hogeita hamargarren urteko apirilaren goiz batean, Jesus izeneko akusatu babesgabe batek eta Erromako inperio-sistema boteretsuaren ordezkari batek.
Bien arteko solasaldia dakar Joanen ebanjelioak. Egia esateko, galdaketa baino gehiago, Jesusen hitzaldia dela ematen du, ebanjelariarentzat interesgarri diren gai batzuk argitzeko. Une jakin batean, aldarrikapen handi hau egin du Jesusek: «Honetarako etorri naiz ni mundura: egiaren lekuko izateko. Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa».
Jesusen profeta-ibilbidea definitzen duen oinarrizko ezaugarri bat biltzen du baieztapen honek: Jainkoaren egian bizitzeko duen gogoa. Jesusek ez du egia esan bakarrik egiten, baizik eta bilatu egiten du egia eta, soilik, bere seme-alaba guztientzat gizatasun handiagoko mundua nahi duen Jainkoaren egia.
Horregatik, aginpidez mintzo da Jesus, baina agintekeria faltsurik gabe. Egiazaletasunez mintzo da Jesus, baina dogmatismorik gabe. Ez da mintzo beren egia ezarri nahi duten fanatikoak bezala. Ezta, hartan sinetsi gabe, beharturik defendatzen duten funtzionarioak bezala ere. Ez da sentitu sekula egiaren zaindari, baizik lekuko.
Jesusek ez du bihurtu propaganda Jainkoaren egia. Ez da baliatu hartaz bere probetxurako, baizik behartsuen defentsarako. Ezin jasan du gezurra edo bidegabekeria ezkutatzea. Ezin eroan du manipulazioa. Jesus horrela «ahotsik gabekoen ahots, eta ahots gehiegi dutenen kontrako ahots» (Jon Sobrino) bihurtu da.
Ahots hau inoiz baino beharrezkoagoa da krisialdi ekonomikoak harrapatua duen gizarte honetan. Egia ezkutatzea oinarri sendoenetako bat da, finantza-botere handien eta halakoen eskakizunen mende dagoen kudeaketa politikoaren jardueran. Gezurrean biziarazi nahi digute krisialdia.
Ahal duten guztia egiten dute krisiaren eragile nagusienen erantzukizuna ezkutatzeko, eta biktima ahulenen eta babesgabeenen sufrimenduari ezikusia egiten diote erarik makurrenean. Premia gorrikoa da krisialdia gizatartzea, sufritzen dutenen egia arretaren erdigune bihurtuz eta gero eta larriagoa den halakoen egoerari lehenengo ardura eskainiz.
Guztiei eskatzekoa den lehen egia da hori, gizatasunik gabe izan nahi ez badugu. Ororen aurreko datua da. Ezin hartu dugu ohiko gauzatzat gizon-emakume ahulenak betetzen ari diren giza bazterketa eta etsipena. Jesusi jarraitzen diogunok entzunarazi egin behar dugu haien ahotsa, eta, senak eraginda, haien defentsari eta laguntzari ekin. Egiarena den orok entzuten du Jesusen ahotsa.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko azaroaren 22a

AZTERKETA EGIAREN TESTIGUAREN AURREAN

Jesus erailtzea erabakiko den prozesuan, Joanen ebanjelioak bakarreko solasaldi harrigarria dakar Pilatoren eta Jesusen artean; bata Lurreko inperio boteretsuenaren ordezkaria eta bestea egiaren testigu bezala agertu den auzipetu atxilotua.
Hain segur, Pilatok bere tronu aurrean duen pertsonaia bitxiak bere baitan duen egia jakin nahi du, itxuraz: «Zu al zara juduen erregea?»  Joan ebanjelariak oso gustuko dituen oinarrizko bi baieztapenez erantzun dio Jesusek.
«Nire erregetza ez da mundu honetakoa». Jesus ez da errege Pilatok uste duen harikoa. Ez du Israelgo tronua hartzeko asmorik, ezta Tiberiori bere inperio-boterea airean jartzeko ere. Jesus ez da Erromako prefektu hori, Pilato, mugitzen den sistema horretako gizona, sostengutzat injustizia eta gezurra dituen horretakoa. Ez da oinarritzen armen indarrean. Guztiz bestelakoa den zimentarria du Jesusenak. Jainkoak munduari dion maitasunetik dator Jesusen erregetza.
Segidan, ordea, gauza bat inportantea gehitu du: «Errege naiz... eta egiaren testigu izateko etorri naiz mundura». Mundu honetan nahi du gauzatu bere erregetza, baina era txundigarri batean. Ez da etorri Tiberio bezalako erregea izatera, baizik «egiaren testigu izatera», gizadiaren historian Jainkoaren maitasuna eta zuzentasuna txertatuz.
Jesusek berekin dakarren egia hau ez da irakaspen teorikoa. Dei bat da, pertsonaren bizitza eralda dezakeen deia. Esana du Jesusek: «Nire Hitzari leial eusten badiozue... ezagutu duzue egia eta egiak pertsona aske eginen zaituzte». Jesusen Ebanjelioari leial izatea esperientzia berezia da, esperientzia bakarra, zeren egia askatzailea ezagutzera baitzaramatza, zeure bizia gizatarrago egiteko gai egingo zaituen egia askatzailea ezagutzera.
Jesu Kristo da egia bakarra, kristauok geure bizitzan zilegi dugun bakarra. Ez ote gara Jesusen Elizan kontzientziako talde-azterketa egin beharrean «Egiaren Testiguaren» aurrean? Ez ote gara apal-apal bereizi beharrean zer den egia eta zer den gezurra Jesusekiko geure jarraipenean? Zertan dugu aske egiten gaituen egiarik eta zertan esklabo egiten gaituen gezurrik? Ez ote gara urrats batzuk egin beharrean geure bizitzan, geure elkarteetan, geure erakundeetan egia gizatarraren eta ebanjeliozkoaren maila goragokoetara jotzeko?

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.