lunes, 24 de diciembre de 2012

2012/12/30 - Familia Santua: Jesus, Maria eta Jose (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko abenduaren 30a

Familia Santua: Jesus, Maria eta Jose (C)



EBANJELIOA

Jesusen gurasoak lege-maisuen erdian eseria aurkitu zuten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 2,41-52

Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, jaietara joan ziren, ohi bezala. Jaiak amaiturik gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromeskideen artean zelakoan egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean. Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.
Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, lege-maisuen erdian eseria, entzun eta galde; entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:
–Seme, zergatik egin diguzu hori? Ikusi zein larri genbiltzan aita eta biok zure bila!
Hark erantzun zien:
–Zergatik zenbiltzaten nire bila? Ez al zenekiten nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dudala?
Baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zuen. Jesus beraiekin Nazaretera jaitsi eta beraien menpe bizi izan zen. Amak gogoan hartzen zituen gertakari guztiok. Jesus haziz zihoan, bai jakinduriaz, bai gorputzez, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago zuten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko abenduaren 30a

BESTE TANKERA BATEKO FAMILIA

Katolikoen artean senez bezala defenditzen da familiaren balioa, baina ez diogu ematen beti familia-egitasmoaren eduki konkretuaz gogoeta egiteari, Ebanjelioaren arabera hartuz eta biziz. Nolakoa izango litzateke Jesusengan inspiratutako familia bat?
Jesusen arabera, Kreatzailearen misterioan du jatorria familiak; emakumea eta gizonezkoa «haragi bakarra» izatera erakartzen ditu Kreatzaileak, beren bizitza partekatuz, batak besteari buru-eskaintza eginez, maitasun aske eta doakoak arnasturik. Hau da lehenengo gauza, eta erabakitzailea. Gurasoen maitasun-esperientzia honek sor dezake familia osasuntsua.
Beren maitasunaren dei sakonari jarraituz, bizi berri baten sorburu bihurtzen dira gurasoak. Horixe dute beren eginkizunik kilikagarriena. Beraien maitasunari sakontasun eta horizonte berri bat ematen ahal dizkiona. Beraien egintza sortzailea, munduan, betiko sendotzen ahal duena.
Seme-alabak erregalu bat dira eta erantzukizun bat. Erronka zaila baina atsegin parerik gabea. Jesusen jarduerak, beti jende txikia defendituz eta haurrak besarkatuz eta bedeinkatuz, oinarrizko jarrera iradokitzen du: munduko ibilaldia hasten dutenen bizitza hauskorra defenditzea. Ezin eskainiko die inork ezer hoberik.
Familia kristau batek esperientzia berezi bat bizitzera jotzen du gaur egungo gizarte honetan, axolagabe eta agnostiko honetan: bere sutondoa Jesusen arabera eraikitzera. «Bi edo hiru nire izenean elkartzen direnean, han nagoke ni haien artean». Jesus da familiaren bizitza sanoa arnasten, sostengatzen eta norabidetzen duena.
Familia, orduan, eremu pribilegiatu bihurtzen da, kristau-fedearen esperientziarik oinarrizkoenak bizitzeko: konfiantza Jainko Onberagan, gizakiaren adiskideagan; Jesusen biziera erakarle gertatzea; Jainkoaren egitasmoa aurkitzea, guztientzat mundu duinago, zuzenago eta maitagarriago bat eraikitzeko. Familian Ebanjelioa irakurtzea esperientzia erabakitzailea da honetarako guztirako.
Fede xume baina grinatsuaz Jesus bizi duten etxe batean, onarpen handiko familia hazten da, premiarik handiena dutenen sufrimenduaz sentibera, munduan gizatasun handiagoa ezartzeko konprometitua. Bere arazoetan hesitzen ez dena familia, baizik eta giza familia osoari irekia.
Problema desberdinek gainditurik ikusten du guraso askok gaur egun beren burua, eta bakartiegi, beren eginkizuna bete ahal izateko. Ez ote lukete jasotzen ahal laguntza zehatzago eta eginkorrago bat kristau-elkarteen aldetik? Guraso fededun askori on handia egingo lioke elkarrekin aurkitzeak, beren kezkak partekatzeak eta elkar sostengatzeak. Ez da jokabide ebanjelikoa gurasoei eginkizun heroikoak eskatu eta, ondoren, haien borrokaz eta buruhausteez axolagabe bizitzea.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abenduaren 27a

ZER FAMILIA?

Kristau-familiaren eguna da gaur. Duela gutxi eraturiko jaia da, kristauek ospa dezaten eta sakondu, Jesusen espirituaren arabera hartu eta bizi duten familia-egitasmoa izan daitekeena.
Ez da aski familiaren balioa modu abstraktuan defenditzea. Ez da aski, orobat, familia tradizionalaz dugun ikusmoldea idealizatzea, Nazareteko familiaren ereduaren araberakoa izango balitzan. Jesusi jarraitzeak batzuetan eska lezake zalantzan jartzea eta eraldatzea geure baitan oso errotuak ditugun familiari buruzko eskemak eta ohiturak.
Familia ez da Jesusentzat zer absolutua eta ukiezina. Are gehiago. Erabakitzailea ez da odol-familia, baizik gizakiek eraikiz joan behar dugun familia handi hori, guztien Aita bakarraren desioa entzunez. Jesusen gurasoek berek ere ikasiz joan behar izan zuten, eta ez arazorik eta gatazkarik gabe.
Lukasen kontakizunaren arabera, gurasoak larri ibili dira Jesusen bila, haietaz kezkatu gabe, haurrak utzi egin dituela konturatu direnean. Nolatan joka lezake horrela? Horixe aurpegiratu dio amak aurkitu duten bezain laster: «Seme, zertan eman diguzu tratu hau? Jakizu, aita eta biok larri ibili garela zure bila». Eta semeak ustekabeko erantzun honekin zur eta lur utzi ditu: «Zertan ibili zarete nire bila? Ez ote zenekiten Aitaren etxean egon beharra dudala? »
Gurasoek «ez zioten ulertu». Bere familiari buruzko esanak eta jokabidea hausnartuz eta pixkana aurkitu zuten hau gurasoek: Jesusentzat lehenengo gauza gizadi-familia dela: gizarte haurridetsuagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa, Jainkoak nahi duenez.
Ezin ospatu dugu gaurko jai hau erantzukizunez, geure fedearen erronka entzun gabe. Nolakoak dira gure familiak? Konprometiturik bizi al dira, gizartea hobea eta gizabidezkoagoa izan dadin, ala beren zilborrari atxikirik bizi dira? Beren heziketan solidaritatea al dute xede, bakea garatzea, premian direnekiko sentiberatasuna, errukia, ala aseezineko ongizate berekoia, ahalik irabazpiderik handiena, gainerakoez ahaztea?
Zer ari da gertatzen gure etxean? Fedeaz axolarik bai? Jesu Kristoz gogoratzen? Otoitza nola egin ikasten? Ala axolarik eza ematen eta garatzen da soilik? Sinesterik eza? Jainkoaren hutsunea? Zer du heziketak helburu: erantzukizunezko kontzientzia morala, osasuntsua, kristau-fedearekin koherentea faboratzea, ala azaleko biziera, jomugarik eta idealik gabea, irizpiderik eta azken zentzurik gabea faboratzea?

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.