lunes, 8 de abril de 2013

2013/04/14 - 3. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko apirilaren 14a

3. Pazko Igandea (C)



EBANJELIOA

Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, baita arraina ere.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 21,1-19

Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira-ertzean. Honela gertatu zen agerpena: Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Tomas –Bikia zeritzana–, Natanael –Galileako Kanakoa–, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Hortan, Simon Pedrok esan zien:
– Arrantzura noa.
Besteek erantzun zioten:
– Zurekin goaz gu ere.
Irten eta ontziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu.
Eguna argitu zuenean, aintzira-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien:
– Mutilok, baduzue jatekorik?
Haiek erantzun:
– Ez.
Jesusek esan zien:
– Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue.
Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zela entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta salto egin zuen uretara. Gainerako ikasleak txalupaz joan ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat metrora.
Lehorreratzean, su-txingarrak ikusi zituzten, gainean arrain bat zela, eta ogia. Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetariko batzuk».
Igo zen ontzira Simon Pedro eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea apurtu.
Jesusek esan zien: «Etorri gosaltzera».
Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ongi baitzekiten Jauna zena. Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, baita arraina ere.
Hirugarren aldia zen hau, Jesus, hildakoen artetik piztu ondoren, bere ikasleei agertzen zitzaiena.
Gosaldu zutenean, Jesusek esan zion Simon Pedrori:
– Simon, Joanen semea, maiteago al nauzu hauek baino?
Hark esan zion:
– Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Orduan, Jesusek:
– Larra itzazu nire bildotsak.
Bigarrenez galdetu zion Jesusek:
– Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedrok, berriro:
– Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Jesusek, orduan:
– Zaindu nire ardiak.
Hirugarrenez galdetu zion Jesusek:
– Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion:
– Jauna, zuk dena dakizu, zuk badakizu maite zaitudana.
Orduan, esan zion Jesusek:
– Larra itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan erabakitzen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun lekura eramango zaitu.
Horrela, Jainkoari aintza zer-nolako heriotzaz emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion:
– Jarraitu niri.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko apirilaren 14a


EGUNSENTIAN

Joanen ebanjelioaren epilogoak, Jesus berpiztuak eta ikasleek, Galileako aintziraren ertzean, egin duten topo egite bat dakar. Kontakizun hori idatzi denean, kristauak momentu gogorrak ari dira bizitzen: probaldia eta pertsekuzioa; batzuek uko egin diote fedeari. Kontalariak irakurleen fedea biziberritu nahi du.
Hurbil da iluna eta ikasleak arrantzura irten dira. Ez daude Hamabiak. Taldea hautsi egin da haien Maisua gurutzean josi dutenean. Jesusi jarraitzeko alde batera utziak zituzten beren ontzi eta sareetara itzuli dira. Bukatu da dena. Bakarrik daude berriro.
Arrantzua erabateko porrota izan da. Kontalariak indartsu azpimarratu du: «Irten ziren, ontziratu ziren eta gau hartan ez zuten ezertxo ere harrapatu». Sareak hutsik itzuli dira. Ez ote da hau bera kristau-elkarte ez gutxiren esperientzia, beren indar eta ahalmen ebanjelizatzaileak ahuldurik ikustean?
Sarritan, gizarte axolagabearen barnean doi-doi izaten du emaitzarik gure ahaleginak. Geuk ere sareak hutsik direla egiaztatzen dugu. Aise sor daiteke adore-faltaren eta etsipenaren tentazioa. Nola eutsi geure fedeari eta biziberritu hura?
Porrotaren testuinguru honetan, kontakizunak dio «eguna argitzen ari zela, Jesus aintzira-ertzean agertu zenean». Alabaina, ikasleek ez diote antzeman ontzitik. Agian distantziagatik, agian egunsentiko lainoagatik eta, seguruena, bihotzeko tristurak ikustea galarazten dielako. Jesus hizketan ari zaie, baina «ez zekiten Jesus zela».
Ez ote hau bera jasaten ari garen krisi erlijiosoaren ondorio kaltegarrienetako bat? Nola biziraungo kezkaturik, geure ahuldadea gero eta argiago egiaztaturik, ez zaigu gauza batere erraza gertatzen Jesus berpiztuaren presentzia geure baitan hautematea, Ebanjeliotik mintzo zaigunean eta eukaristi afariaz elikatzen gaituenean.
Jesusek maite duen ikasle hura izan da lehenik antzeman diona: «Jauna da!» Ez daude bakarrik. Dena has daiteke berriro. Dena izan daiteke desberdin. Apaltasunez baina fedez, Pedrok aitortuko du bere bekatua eta agertuko dio Jesusi bere zinezko maitasuna: «Jauna, zuk badakizu maite zaitudala». Gainerako ikasleek ezin sentitu dute horixe besterik.
Geure kristau-talde eta elkarteetan Jesusen lekukoren beharra dugu. Geure porrotaren eta ahuldadearen esperientziaren erdian, beren bizieraz eta hitzez Jesusen presentzia bizia aurkitzen lagunduko diguten fededunen beharra dugu. Jesusekiko geure konfiantza hazirik irtengo gara kristauok krisialdi honetatik. Gaur ez gara gai barruntatzeko konfiantza horrek zer-nolako indarra duen, adore-falta eta etsipen horretatik irteten laguntzeko.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko apirilaren 18a

JESUS GABE EZINEZKOA DA

Jesus berpiztuak Galileako aintzira ondoan ikasleekin topo egin izana katekesi-asmoarekin deskribatu du ebanjelariak, argi eta garbi. Kontakizunak, hondoan, itsasoan egindako arrantzaren sinbolismoa du erdigune. Haren mezua ezin gaurkoagoa da kristauentzat: soilik, Jesus berpiztuaren presentziak bihur dezake eginkor haren ikasleen lan ebanjelizatzailea.
Kontakizunak, lehenik eta behin, ikasleak gau ilunean burutzen ari diren lana deskribatzen digu. Dena Simon Pedroren ekimenaz hasi da: «Arrantzura noa». Gainerako ikasleek bat egin dute harekin: «Zurekin goaz geu ere». Berriro elkarrekin dira, baina Jesus falta da. Arrantzura doaz, baina ez dira irten Jesusen deiari jarraituz, baizik Simon Pedroren ekimenari.
Kontalariak argi utzi du ezen lan hau gauez egin dela eta fruiturik gabeko gertatu dela: «gau hartan ez zuten ezer harrapatu». «Gauak» ebanjelariaren hizkuntzan Jesusen falta adierazten du, Argia den haren falta. Jesus berpiztuaren presentziarik gabe, haren arnasarik eta hitz orientagarririk gabe, ez da ebanjelizazio emankorrik.
Egunsentia iristearekin, presente egin da Jesus. Ertzetik, bereekin komunikatu da bere Hitzaz. Ikasleek ez dakite Jesus dela. Soilik, haren gomendioari leial jarraituz, harrapatze harrigarria lortuko dutenean ezagutuko dute. Soilik, Jesusen lana izan daiteke harrapatze hura, egun batean «giza arrantzale» izatera dei egin zien Profeta harena.
Kritikoa da parrokia eta kristau-elkarte ez gutxiren zoria. Indarrak gutxituz doaz. Kristau konprometituenak biderkatzen ari dira lan-mota askori eskua ezarriz: beti berak eta beti berak lan guztietarako. Geure ahaleginak biziagotzen eta emaitza edozein modutan bilatzen jarraitu behar ote dugu, ala pausatu beharra dugu geure lanean Berpiztuaren presentzia bizia hobeto zaintzeko?
Jesusen Berri Ona zabaltzeko eta haren egitasmoan lankide eginkor izateko, garrantzizkoena ez da «mila gauza egitea», baizik burutzen dugunaren kalitate gizatarra eta ebanjeliozkoa hobeto zaintzea. Gauza erabakigarria ez da ekinaren ekin beharra, baizik kristauek isla dezakegun bizi-testigutza.
Ezin geldi gintezke «fedearen azalean». Beste ezer baino gehiago, funtsezkoa zaintzeko garaiak dira. Geure elkarteak hitzez, testuz eta idazkiz aspertzen ditugu, baina gauza erabakigarria, gure artean, Jesusi entzutea da. Bilera asko egiten dugu, baina garrantzizkoena Jaunaren Afaria ospatzeko igandero elkartzen gaituena da. Hartan bakarrik elikatzen da gure ahalmen ebanjelizatzailea.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.