lunes, 22 de abril de 2013

2013/04/28 - 5. Pazko Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko apirilaren 28a

5. Pazko Igandea (C)


EBANJELIOA

Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 13,31-33a. 34-35

Judas irten zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, ez zait denbora asko gelditzen zuekin egoteko.
Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».

Jaunak esana

HOMILIA

2013ko apirilaren 28a


ADISKIDETASUNA ELIZA BAITAN

Eraila izan bezperan, azken afaria ospatu du Jesusek bereekin. Ikasleen oinak garbitu berriak ditu. Judasek hartua du jada bere erabaki tragikoa, eta, Jesusen eskutik azken mokadua hartu ondoren, han doa bere lana burutzera. Ozenki esan du Jesusek guztiak sentitzen ari direna: «Ene semeok, denbora gutxi dut jada zuekin egoteko».
Samur mintzo zaie. Bere azken keinu eta hitzak bihotzean ezarriak gera dakizkien nahi du: «Agindu berri bat demaizuet: maita dezazuela elkar; nik zuek maitatu bezala, maitatu zuek ere elkar. Nire ikasle zaretela ezagutu dezaten seinalea zuek elkar maitatzea izango da». Hauxe da Jesusen testamentua.
«Agindu berri batez» mintzo da Jesus. Zertan da hor berritasuna? Lagun hurkoa maitatzeko agindua presente dago jada tradizio biblikoan. Hainbat filosofo ere mintzo da filantropiaz eta gizaki guztiekiko maitasunaz. Jesusen maitatzeko era berezian dago berritasuna: «maita ezazue elkar niki maitatu zaituztedan bezala». Horrela joango da hedatzen, haren jarraitzaileen bidez, hark izan duen maitasun-era berezi hura.
Hau izan da ikasleek esperimentatu duten lehenengo gauza: adiskide bezala maitatu dituela: «Ez dizuet deitzen neskame-morroi… adiskide esan dizuet». Elizan, lau-lau, adiskide bezala maitatu behar dugu elkar. Eta adiskideen artean, parekotasuna, hurbiltasuna, elkar sostengatzea zaintzen dira. Inor ez besteen gainetik. Adiskiderik ez bere adiskideen jaun.
Horregatik, Jesusek errotik moztu du bere ikasleen handinahia, lehen postua zeinek izango eztabaidatu dutenean. Norberaren probetxurako protagonismoa bilatzeak eten egiten du adiskidetasuna, eten elkartasuna. Bere era berezia gogorarazi die Jesusek: «ez naiz etorri zerbitza nazaten, baizik zerbitzari izatera». Adiskideen artean inor ez oilar. Guztiek behar dute prest egon zerbitzari eta lankide izateko.
Alabaina, Jesusen jarraitzaileek bizi izandako adiskidetasun honek ez du eratzen elkarte hesitu bat. Alderantziz, beren artean bizi duten giro bihozkoi eta maitasunezkoak berak eragiten die premia dutenei harrera eta adiskidetasuna eskaintzera. Bekatariekin, jende baztertu eta mespretxatuarekin otorduak egiten erakutsi die Jesusek. Aurpegira bota izan die haurrak baztertu nahi izana. Jesusen elkartean ez dira oztopo txikiak, baizik handiak.
Behin batean, Eliza eraikitzeko Pedro «Arroka» izendatu zuen Jesusek berak, Hamabiei dei egin eta haien erdian haur bat ipini zuen; haurra estu besarkatu eta esan zien: «Nire izenean haur hau bezalako bat onartzen duenak, ni neu onartzen nau». Jesusek gogoko duen Elizan, txikiek, ahulek eta zaurigarriek izan behar dute guztien arreta- eta ardura-gune.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko maiatzaren 2a

EZ GALDU NORTASUNA

Ikasleei agur esaten ari da Jesus. Gutxi barru ez dute izango beren artean. Samurtasun bereziz mintzo zaie Jesus: «Seme-alabatxoak, denbora gutxi gelditzen zait zuen artean egoteko». Txikia da elkartea eta hauskorra. Jaioberria da. Haur txiki bezalako dira ikasleak. Zer izango da haietaz Maisurik gabe gelditzen badira?
Erregalu bat egin die Jesusek: «Agindu berri bat damaizuet: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek agertu dien maitasunez elkar maite badute, hura beren artean bizirik dutela sentituz bizi dira. Jesusengandik hartu duten maitasuna zabalduz joanen da jarraitzaileen artean.
Horregatik, Jesusek gehitu du: «Zuek elkar maite izatea izanen da nire ikasle zareten seinalea, guztientzat». Kristau izeneko elkarte bat egiaz Jesusena dela agertuko duena, ez da izanen dotrina bat aitortzea, ezta erritu batzuk betetzea ere, ezta araubide bat jarraitzea, baizik Jesusen espirituaren arabera bizi izandako maitasuna. Maitasun hori izanen du bere nortasun-agiria.
«Trukearen kultura» nagusituz joan zaion gizartean bizi gara. Gaurko jendeak gauzak, zerbitzuak, laguntzak trukatzen ditu. Sarritan, gainera, sentimenduak, gorputzak eta adiskidetasuna bera trukatzen dira. Eric Frommek esana da: «maitasuna fenomeno marjinala da egungo gizartean». Salbuespen da maitatzeko gai den jendea.
Segur aski, analisi ezkorregia da hori; baina, nolanahi ere, gaur egun kristau-maitasuna bizi ahal izateko, egungo gizartea inguratzen duen ingurumenari aurre egin beharra dugu. Ezinezkoa da Jesusek arnasturiko maitasuna bizitzea, gure artean sarritan gailurra jo duen harreman eta truke interesatuen moldeari aurpegi eman gabe.
Eliza egungo gizartean «urtuz» badoa, ez da soilik erakunde erlijiosoen krisi sakonagatik. Kristautasunaren kasuan bada beste arrazoi bat ere: gure elkarteetan askotan ezin ikusi ahal izatea Jesusek maite zuen bezala maitatzeko gai diren ikasleak. Kristau-ezaugarria falta zaigu.
Kristauek asko hitz egin izan dugu maitasunaz. Halaz guztiz, ez dugu asmatu beti edo ez gara ausartu hura edukiaz janzten, Jesusen espirituaren eta jarrera zehatzen araberako edukiaz. Ikastea falta zaigu ezen Jesusek maitasuna portaera eginkor eta sortzaile bezala bizi izan zuela, ezen zerbitzari izatera eta gizakia desgizatartzen  duen eta sufriarazten dion guztiaren kontra borroka egitera eragiten zion portaera bezala bizi izan zuela.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.