lunes, 27 de mayo de 2013

2013/06/02 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko ekainaren 2a

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (C)



BIGARREN IRAKURGAIA

Ogi jaten eta kopa edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue.

San Pauloaren Korintoarrei egindako lehen kutuna 11, 23-26

Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela:
«Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».
Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez:
«Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri».
Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Asetzeraino jan zuten denek.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9, 11b-17

Egun haietan Jesusek jendea ongi hartu zituen eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin zien eta premia zeukaten guztiak sendatu zituen.
Eguna iluntzen hasia zen. Hamabiak hurbildu eta esan zioten Jesusi:
– Bidal ezazu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta jan bila joan daitezen, hemen oso aparte baikaude.
Baina hark erantzun zien:
– Eman zeuek jaten.
Haiek, orduan:
– Ez daukagu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.
Bosten bat mila gizon ziren. Jesusek esan zien ikasleei:
– Eserarazi berrogeita hamarnaka.
Hala, denak eserarazi zituzten. Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko ekainaren 2a.

KRISIALDI GARAIAN

Luze eta gogor joko du ekonomi krisialdi honek. Ez dezagun elkar engaina. Ezin bizi gintezke beste aldera begira. Geure ingurunean, urrunago nahiz hurbilago, ikusiaz joango gara karitateaz bizitzera beharturiko familiak, etxe-desjabetzeak mehatxatzen dituenak, langabeziak jo dituen auzokoak, osasunaren edo botiken arazoa nola konpondu ez dakiten gaixoak.
Inork ez daki, juxtu, nola erreakzionatuko duen gizarteak. Inondik ere, handituz joango da jende askoren ezina, errabia eta etsipena. Aurreikus daiteke liskarra eta delinkuentzia handituko direla. Gerta daiteke ere egoismoa eta norberaren segurtasunaren obsesioa haztea.
Alabaina, gerta daiteke handituz joatea solidaritatea ere. Krisialdiak irakats diezaguke gizatasun handiagoz bizitzen. Irakats diezaguke ere duguna eta premiazko ez duguna partekatzen. Bihur daitezke estuago familien arteko loturak eta elkarrekiko laguntza. Haz daiteke gure sentiberatasuna premiarik handiena dutenentzat. Pobreago izango gara, baina baita gizatasun handiagoko ere.
Krisialdiaren baitan, gure kristau-elkarteak ere haz daitezke anai-arreba arteko maitasunean. Konturatzeko garaia da ezinezkoa dela Jesusi jarraitu eta Aitaren egitasmo gizatartzailean parte hartzea, baldin eta ez bada lan egiten gizartean zuzentasun handiagoa eta ustelkeria txikiagoa izan daitezen, solidaritate handiagoa eta egoismo txikiagoa, erantzukizun handiagoa eta arintasun eta kontsumismo txikiagoak izan daitezen.
Orobat da garaia berreskuratzeko eukaristiak bere baitan duen indar gizatartzailea, baldin eta aitortu eta partekatutako maitasun-esperientzia bezala bizitzen bada. Kristauen topo egiteak, igandero Jesusen inguruan bildurik, kontzientziazio-leku bihurtu behar du eta zinezko solidario izateko eragile.
Krisialdia astinaldi bihur daiteke, ohikeriaz eta erdipurdi bizitzearen kontra, Ezin dugu bat egin Kristorekin geure bihotz barnean, sufritzen ari diren anai-arrebekin bat egin gabe. Ezin partekatu dugu eukaristi ogia, zuzenbidea eta ogia ukatu zaizkion milioika gizakiren goseari ezikusiarena eginez. Burla egitea izango litzateke batak besteari bakea ematea, gizartetik bazterturik direnez ahazten bagara.
Eukaristia ospatzeak begiak irekitzen lagundu behar digu, une honetan zein defenditu, zeini sostengua eman eta zeini lagundu ikusteko. Geure probetxua arriskuan ikustean bakarrik mugiarazten eta borroka eginarazten digun eta, gainerakoan, patxadan bizitzeko aukera eskaintzen digun «zintzotasun-ameskeriatik» esnatu behar gaitu. Eukaristiak, igandero fedez bizirik, gizatasun handiagoko egin gaitzake; baita Jesusen jarraitzaile hobe ere. Krisialdia kristau-argipean bizitzen lagundu gaitzake, duintasuna eta esperantza galdu gabe.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko ekainaren 6a.

JESUSEN OROITZAPENA EGIN

Jesusek ikasleekin egindako Azken Afaria kontatzean, Maisuak berariaz aipatutako gogoa gogoratu ohi zuten lehen kristau-belaunaldiek: «Egizue hau nire oroigarri». Horrela dakarte Lukas ebanjelariak eta jentilen ebanjelizatzaile Paulok.
Bere jatorriaz gero, Jesusen oroitzapena burutzeko ospatu izan dugu kristauek Jaunaren Afaria, gure artean haren presentzia bizia gertaberritu eta harekiko, haren mezuarekiko eta azkeneraino gugatik eman duen biziarekiko geure fedea elikatzeko. Har ditzagun gogoan mezak, gaur eguneko egituran, dituen lau une esanguratsu hauek, barnetik eta elkartean bizitzeko.
Ebanjelioa entzutea. Jesusen oroitzapena burutzen dugu ebanjelioetan haren bizitzako kontakizuna eta mezua entzutean. Ebanjelioak, hain juxtu, Jesusen oroitzapena gordetzeko idatzi dira, ikasleen fedea eta jarraipena janaritzearekin batera.
Ebanjelio-kontakizunean ez dugu doktrinarik ikasiko, baizik, batez ere, Jesusen izateko eta jarduteko era, gure bizitza inspiratu eta moldatu behar duena. Horregatik, ikasle-jarreraz behar dugu entzun, Jesusek bezala pentsatzen, sentitzen, maitatzen eta bizitzen ikasi nahi duten ikaslek bezala.
Afariaren oroitzapena. Jesusen egintza salbatzailearen oroitzapena burutzen dugu haren hitz hauek fedez entzunez: «Hau nire gorputza da. Ikus nazazu ogi-puska hauetan, zuengatik heriotzaraino neure burua ematen... Hau nire odolaren kaliza da. Zuen bekatuak barkatzeko isuri dut. Horrela behar nauzue gogoratu beti. Azkeneraino maite izan zaituztet».
Momentu honetan Jesu Kristoganako geure fedea aitortuko dugu, geure salbamenaren misterioaren sintesia eginez: «Zure heriotza hots egiten dugu, zure piztuera aldarrikatzen. Zatoz, Jesus Jauna». Geure burua Kristo geure Jaunak salbatua dakusagu.
Jesusen otoitza. Jaunartu aurretik, Jesusek irakatsi zigun otoitza egingo dugu. Lehenik eta behin, bere bihotzean zeramatzan hiru desio handiekin bat egingo dugu: Jainkoarekiko errespetu osoa, haren zuzentasun-erreinua etortzea eta haren aitatasun-gogoa betetzea. Ondoren, Aitari eginiko lau eskariekin: ogia guztientzat, barkazioa eta errukia, tentaldia garaitzea eta gaitz orotatik aske izatea.
Jesusekiko komunioa. Behartsu bezala hurbilduko gara, eskua luzatuz: bizi-ogia hartuko dugu; fede-egintza burutuz jaunartuko dugu; isilik, abegi ona egingo diogu Jesusi geure bihotzean eta bizitzan: «Jauna, zurekin bat egin nahi dut, zure urratsei jarraitu, zure espirituak arnasturik bizi eta mundua gizatarrago bihurtzeko zure egitasmoan lankide izan».

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.