sábado, 26 de octubre de 2013

2013/11/01 - Domu Santua (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko azaroaren 1a

Domu Santua (C)


EBANJELIOA

Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 5, 1-12a

Denbora haietan, jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean.
Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.

HOMILIA

ZERUA SINETSI

Santu Guztien kristau-jai honetan hau agertu nahi dut: betiko biziaz dudan fedearen ezaugarri batzuk nola hartzen ditudan eta nola ahalegintzen naizen haiek bizitzen. Kristo ezagutzen eta hari jarraitzen dionak ulertuko dit, nik uste.
Zerua sinestea niretzat, uste hau ezin onartu ahal izatea da: bizitza hau gutako bakoitzarentzat bi hutsune izugarri handiren arteko parentesi koxkor bat besterik ez dela. Jesus sostengutzat hartuz, barruntatzen dut, sumatzen dut, desiratzen eta sinesten dut ezen Jainkoa bere egiazko betera bideratzen ari dela kreazioak eta gizadiaren bihotzak beren baitan bizi duten biziaren, zuzentasunaren eta bakearen desira.
Zerua sinestea niretzat, neure indar guztiaz kontra altxatzea da: gizonezkoen, emakumeen, haurren gehiengo handi hori, bizitza honetan soilik miseria, umiliazioa eta sufrimena ezagutu duen hori, betiko ahaztua izango delakoaren kontra altxatzea. Jesusen baitan dudan konfiantzaz, bizitza bat sinesten dut zeinetan ez baita izango pobreziarik eta oinazerik, inor ez baita izango triste, inork ez baitu izango zertan negar egin. Azkenean beren aberrira iristen ikusi ditut itsas txaneletan datozenak.
Zerua sinestea niretzat, hainbat eta hainbat jenderengana hurbiltzea da: osasunik gabe, gaixo kroniko, elbarri fisiko eta psikiko, depresioan eta larritasunean murgildurik, bizitzeaz eta borroka egiteaz asperturik den jenderengana hurbiltzea. Jesusi jarraituz, sinesten dut ezen egun batean ezagutuko dutela zer den bakean eta guztiz osasuntsu bizitzea. Entzungo diotela Aitari esaten: Sar zaitez zeure Jaunaren gozamenean betiko.
Ezin dut ulertu Jainkoa «Jainko ezkutua» izango delakoa betiko; haren begitartea, samurtasuna eta besarkada sekula gozatuko ez dugulakoa. Ezin zait burutik pasatu Jesusekin sekula topo egingo ez dudalakoa. Ezin dut ulertu mundua gizatarragoa eta zoriontsuagoa bihurtzeko egin den hainbat eta hainbat ahalegin hutsean geldituko delakoa. Nahi dut ezen egun batean azkenak lehenengo izan daitezen eta prostituituak geure aurretik izan ditzagun. Nahi ditut ezagutu erlijio guztietako eta ateismo guztietako egiazko santuak, anonimatuan eta ezer espero gabe bizi izan direnak.
Egun batean entzun ahal izango ditugu hitz sinetsezin hauek, Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan ezarri dituen hauek: «Egarri izango denari, doan emanen diot nik bizi-iturritik edatea». Doan! Merezimendurik gabe. Horrela aseko du Jainkoak gu baitan den bizi-egarria.

Jose Antonio Pagola


Beste homiliak Ebangeliori buruz ikusteko, klikatu helbide honetan:



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.