lunes, 30 de junio de 2014

2014/07/06 - Urteko 14. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko uztailaren 6

Urteko 14. Igandea (A)


EBANJELIOA

Gozoa eta bihotz-apala naiz.

+ Mateo 11, 25-30

Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu.
Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.
«Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak.
«Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena; eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko uztailaren 6a

JESUSEN HIRU DEI

Mateoren ebanjelioak Jesusen hiru dei jaso ditu. Haren jarraitzaileok arretaz entzun beharrekoak. Izan ere, eraldatzen ahal baitute gure elkarteetako sektore batzuetan arnasten den giroa, etsipen, neke, asperraldizko giroa.
«Zatozte nigana nekaturik eta larri bizi zaren guztiok. Nik neuk lasaituko zaituztet». Hauxe da lehenengo deia. Erlijioa zama astun bezala bizi dutenentzat da. Ez dira gutxi beren kontzientziak estuturik dituen kristauak. Ez dira bekatari handi. Soil-soilik, honela hezi dituzte: beren bekatua beti begi aurrean izateko, eta ez dute ezagutzen Jainkoaren etengabeko barkazioaren poza. Jesusekin topo egiten badute, arindurik sentituko dira.
Bada beste kristau-talde bat ere: erlijioa, ahitua den tradizio bezala bizi duena. Jesusekin topo egiten badute, Jainkoarekin gustura bizitzen ikasiko dute. Gaur ezagutzen ez duten barne poza aurkituko dute. Jesusi jarraituko diote, ez obligazioz, baizik hark erakartzen dituelako.
«Hartu nire uztarria, eraman erraza baita eta arina nire zama». Hauxe da bigarren deia. Jesusek ez du inor estutzen. Aitzitik, gugan den alderik hobena liberatu egiten du; izan ere, bizitza gizakoiago, duinago eta sanoago eginez bizitzea proposatzen digu. Ez da erraza bizitzeko hori baino era biziago bat aurkitzea.
Jesusek liberatu egiten gaitu ikaratik eta estutasunetik, eta ez ditu eragiten; gure askatasuna hazarazi egiten du, eta ez gure morroi-mirabetza; konfiantza esnatzen du gu baitan, eta ez tristura; maitasunerantz erakartzen gaitu, eta ez lege eta arauetarantz. On eginez bizitzeko gonbita egiten digu.
«Ikasi nigandik, bihotzez otzana eta apala naizela, eta izango duzue atsedenik». Hauxe da hirugarren deia. Bera bezala bizitzen ikasi behar dugu Jesusengandik. Jesus ez datorkigu geure bizitza korapilatzera. Argiago eta xumeago bihurtzen du, umilago eta sanoago. Atsedena eskaintzen digu. Ez die sekula proposatzen bere ikasleei berak bizi izan ez duen ezer. Berari jarraitu, berak egin duen bide beretik jarraitzeko eskatzen digu. Horregatik, ondo asko ezagut ditzake gure zailtasunak eta ahaleginak; horregatik, barka ditzake gure trakeskeriak eta erroreak, beti ere jaikitzeko animoa emanez.
Honetara bildu behar ditugu geure ahaleginak: Jesusekin bizi-harremanak eragitera, arnasa-, atseden- eta bake-premia duten hainbat eta hainbat gizon-emakumerengan. Tristura sentitzen dut ikustean, hain juxtu ere erlijioa ulertzeko eta bizitzeko erak daramala aski jende, kasik ezinbestean, Jesusengan konfiantzarik ez izateko esperientziara. Gogora datorkit hainbat eta hainbat jende, Elizaren barnean nahiz kanpoan, «galdurik» bizi dena, zein ate jo ez dakiela. Badakit, Jesus izan litekeela albiste handia halako jendearentzat.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko uztailaren 3a

HERRI XUMEA

Jesusek ez zuen izan arazorik jende xumearekin. Herriak aise egiten zuen Jesusekin bat. Familia aurrera ateratzeko bere lurrak landuz bizi zen jende umil hark pozik onartzen zuen Jainko Aitaz ematen zion mezua: bere seme-alaba guztiez arduratsu zela, batez ere bazter utziak zirenez.
Ezgaituenak Jesusen bedeinkazio bila ibili ohi ziren: haren inguruan askoz hurbilago sumatzen zuten zeruko Aita. Emakumeek barruntatzen zuten Jesusek esaten zuen bezala maitatzen dituela Jainkoak bere seme-alabak: ama baten bihotzez.
Herria konturatu zen berek behar zuten Jainkoa agertzen ari zitzaiela Jesus; hain zuzen ere, Jainkoaz hitz egiten zuen moduaz, bere izateko eraz eta pobreen eta beharrean zirenen aurrean zuen jarreraz. Aitaren hurbiltasun salbatzailea sumatzen zuten Jesusengan.
«Adituen» jarrera bestelakoa zen. Herri xumeari poza ematen dionak gogaitu egiten ditu halako aditu haiek. Lege-maisuek ezin ulertu dute nolatan kezkatzen den Jesus hainbeste sufrimenduaz eta hain gutxi larunbata betetzeaz. Jerusalemgo buruzagi erlijiosoek errezeloz begiratzen diote: Jesusek hots egiten duen Jainko Aita ez da Berri On, baizik arrisku haien erlijioarentzat.
Jesusentzat, bere mezuarekiko erreakzio desberdin hau ez da ustekabekoa. Aitari hori iruditu zaio hoberena. Horregatik, eskerrak damaizkio guztien aurrean: «Aita, zeruko eta lurreko Jauna, eskerrak damaizkizut gauza hauek jakintsuei eta adituei ezkutatu eta jende xumeari ezagutzera eman dizkiozulako. Bai, Aita, hobeto iruditu zaizu hori».
Gaur ere beste inork baino hobeto atzematen du Ebanjelioa jende xumeak. Ez du arazorik Jesusekin bat egiteko. Erlijio-kontuan «adituak» direnei baino gehiago agertzen zaio Aita. Jesusez hitz egiten entzuten dutenean, berez bezala jartzen dute konfiantza harengan.
Gaur, esateko, garrantzizkoa den guztia eliz hierarkiaren baitan pentsatzen eta erabakitzen da, herri xumea kontuan izan gabe eta urrun utziz. Halere, ezer gutxi egin ahal izango da berririk eta onik etorkizuneko kristautasunarentzat herri xume hori gabe. Herri horrek egingo digu tira Eliza ebanjelikoago baterantz, eta ez teologokoek, ez buruzagi erlijiosoek.
Herri sinestedunaren baitan den potentzial ebanjelikoa berraurkitu beharra dugu. Kristau xume askok Kristorekiko atxikimendua modu ebanjelikoagoan bizi beharra ikusten, desiratzen eta eskatzen dute, Jesusen Espirituak biziberrituan den Elizan. Ebanjelio gehiago eta irakaspen gutxiago ari zaigu eskatzen. Funtsezkoa ari zaigu eskatzen, eta ez axaleko gauzak.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko uztailaren 6a

JESUSEN HIRU DEI

Behin batean ezustekoa eman zion Jesusek jendeari, Jainkoari eskerrak ematen ikusi baitzuten; alde batetik, Galileako jende xumearen artean arrakasta izan zuelako eta, bestetik, lege-maisuen, idazkarien eta apaizen artean porrota izan zuelako. «Eskerrak zuri, Aita,…gauza hauek jende jakintsu eta adituari ezkutatu eta jende xumeari agertu dizkiozulako». Pozik ageri da Jesus. «Bai, Aita, hobeto iruditu zaizu hori». Hori da «gauzak» agertzeko Jainkoak duen moldea.
Jende xume eta ezjakina, eskola handirik izateko aukerarik izan ez duena, tenpluko erlijioaren baitan ezdeus bat dena: horixe da bihotz garbiz Jainkoari irekitzen ari zaiona. Prest daude Jesusek eskolatu ditzan. Jesusen bidez ari zaie Aita bere maitasuna agertzen. Beste inork ez bezala ulertu dute horiek Jesus.
Alderantziz, «jakintsuek eta adituek» ez dio Jesusi ezer ulertu. Beren ikusmolde jakintsua dute Jainkoaz eta erlijioaz. Dena dakitelakoan daude. Ezin dute ikasi Jesusengandik ezer berririk. Beren ikusmen itxiak eta bihotz gogortuak eragotzi egin diete bere Semearen bidez Aitak eskaini dien errebelaziori irekitzea.
Jesusek bukatu du bere otoitza, baina «jende xumeagan» pentsatzen jarraitzen du. Seforisko eta Tiberiadesko boteretsuek zapaldurik dauzkate, eta tenpluan ez dute aurkitzen zerk arindurik. Bizitza gogorra bizi dute, eta «adituek» eskaintzen dieten dotrinak are gogorragoa eta zailagoa egiten die. Hiru dei egin dizkie Jesusek.
«Zatozte nigana nekaturik eta zamaturik zaudeten guztiok». Lehenengo deia da. Erlijioa zamatzat daukaten guztiei doakien deia, salbazioaren poza atzematea eragozten dieten dotrinek zamaturik bizi direnei doakien deia da. Jesusekin bizi badira, berehala sumatuko dute arintze bat; «Nik arinduko zaituztet».
«Hartu nire uztarria…eramateko erraza baita, eta arina nire zama». Bigarren deia da. Trukatu egin behar da uztarria. Alde batera utzi «jakintsuena eta adituena», astuna baita eramateko, eta Jesusena hartu, bizitza eramangarriago egiten baitu. Kontua ez da Jesusek gutxiago eskatzen duela. Gehiago eskatzen baitu, baina beste era batean. Funtsezkoa eskatzen du Jesusek: pertsonari kalte egiten dionetik askatzen duen maitasuna.
«Ikasi nigandik, otzana eta bihotz-apala bainaiz». Hirugarren deia da. Legea betetzen ikasi behar da eta erlijioa haren espirituaren arabera bizitzen. Jesus ez da etorri bizitza «korapilatzera», sinpleago eta apalago bihurtu du. Ez du zapaltzen. Baizik eta askatu egiten du, era duinagoan eta gizatarragoan bizi ahal izateko. «Atsedena» da harekin topo egitea.

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.