lunes, 7 de julio de 2014

2014/07/13 - Urteko 15. Igandea (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 15. Igandea (A)


EBANJELIOA

Atera zen behin ereilea hazia ereitera.

+Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik  13, 1-23 (laburren irakurketa 13, 1-9)

Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen.
Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. Ulertzeko gauza denak uler beza».

[Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten:
–Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?
Jesusek erantzun zien:
–Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.
Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.
Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako.
«Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan:

«Entzungo duzue, bai,
baina ulertu ez;
ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.
Izan ere, herri honek
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan.

«Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako!
Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.
«Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia. Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena. “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena; baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da. “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.
“Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».]

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko uztailaren 13a

EREIN

Ereilearen parabolaren kontakizuna bukatzean, dei hau egin du Jesusek: «Entzuteko belarririk duenak, entzun dezala». Parabola arretaz entzuteko esan nahi digu. Baina zertaz behar dugu egin gogoeta? Ereileaz? Haziaz? Lur-mota desberdinez?
Tradizioz, hazia hartzen duten lur-alorrei erreparatu izan diegu, kasik bakarrik; ebanjelioa entzutean, zein jarrera izan ohi dugun aztertzeko. Halaz guztiz, garrantzizkoa da ereileari eta ereiteko moduari erreparatzea.
Hau dio lehenik eta behin kontakizunak: «Irten zen ereilea ereitera». Konfiantza harrigarriz egin du lana. Ugari erein du. Hazia erori da, alde guztietan erori ere, baita hazia, itxuraz, nekez erne daitekeen lekuan ere. Horrela egiten zuten Galileako laborariek, bide-ertzetan eta alor harritsuetan ere ereiten baitzuten.
Jendeari ez zaio gertatu gauza zaila ereilea zein den ateratzea. Horrela ereiten du Jesusek bere mezua. Goizero ikusten dute irteten, Jainkoaren Berri Ona hots egitera. Bere Hitza ereiten du, bai hura onartzen duen jende xumearen artean, baita uko egiten dioten lege-maisu eta fariseuen artean ere. Ez du sekula amore ematen. Haren ereitea ez da izango agorra.
Krisialdi erlijiosoak gaina hartu diogun honetan, pentsa genezake, Ebanjelioak galdua duela bere jatorrizko indarra eta Jesusen mezuak ez duela jada tiramenik gaur egungo gizon-emakumeak erakartzeko. Egia esan, gaurko hau, ez da egokiera arrakasta deigarriak «uztatzeko», baizik eta ereiten ikasteko, amore eman gabe, apal-apal eta egiaz.
Ez da Ebanjelioa indar gizatartzailea galdu duena; gu geu gara, hots egiten ari garena fede ahula eta dudakorra dela medio. Ez da Jesus tiramen-indarra galdu duena. Gu geu gara, indarra galarazten dioguna geure inkoherentzian eta kontraesanak direla medio.
Frantzisko aita santuak dio ezen, kristau batek Jesusekiko lotura estu bat bizi ez duenean, «laster joaten zaiola bere gogo beroa eta eskualdatu nahi duen mezuaren inguruko segurantza galtzen duela, indarra eta suharra falta zaizkiola. Eta konbentzimendurik, gogo berorik, segurantzarik, maiteminik ez duen pertsonak ezin konbentzitu duela inor».
Ebanjelizatzea ez da doktrina baten berri ematea, baizik eta Jesusen indar gizatartzaile eta salbatzailearen indarra agertzea da gizartean eta pertsonaren bihotzean. Hau ezin egin da nolanahi. Gauzarik garrantzizkoena ez da predikarien, katekisten eta erlijio-irakasleen kopurua, baizik kristauengan irradia genezakeen kalitate ebanjelikoa. Zer dugu kutsatzen? Axolarik eza ala fede beroa? Eskastasuna ala gizatasun handiagoko biziaren suharra?


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko uztailaren 10ea

EREITERA IRTEN

«Ereitera irten zen» ereilearen parabola kontatu aurretik, ebanjelariak honela aurkezten digu Jesus: «etxetik irten da» Jesus, jendeagana joan eta, eseririk eta presarik gabe, Ebanjelioa ereiteko, «denbora luzean», mota orotako jende artean. Mateoren arabera, Jesus da egiazko ereilea. Harengandik ikasi behar dugu gaur egun ere Ebanjelioa ereiten.
Lehengo gauza, geure etxetik irtetea da. Hori da Jesusek ikasleei beti eskatu izan diena: «Joan mundu osoan barna..», «Joan eta egin ikasle...». Ebanjelioa ereiteko, geure segurtasunetik eta interesetatik irten beharra dugu. Ebanjelizatzeak «tokialdatzea» eskatzen du, jendearekin topo nola egingo bilatzea, gaur egungo gizon-emakumeekin komunikatzea, geure eliz mundu koxkorrean hesiturik gelditu gabe.
Besteengana «irtete hau» ez da proselitismoa. Ez du zerikusirik ezer ezartzearekin edo birkonkistatzearekin. Jendeari Jesusekin topo egiteko eta Berri On bat ezagutzeko aukera eskaintzea da; onartzen badute, hobeto eta era egokiagoan eta sanoagoan bizitzen lagunduko diena. Horixe da funtsezkoa.
Ereitera ezin atera gara geurekin hazia eraman gabe. Ebanjelioa beste batzuei hots egitea pentsatu aurretik, Elizaren baitan onartu behar dugu hura, geure elkarteetan, geure bizitzan. Okerra izango litzateke sentitzea kristau-tradizioaren gordailu huts garela, besteei eskualdatzeko eginkizuna dugula soilik pentsatuz. Ebanjelioa bizi ez duen Elizak ezin kutsatu izango du inor. Jesusen urratsen arabera bizitzeko gogorik arnasten ez duen elkarteak ezin gonbidatu du inor hari jarraitzera.
Gure elkarteetan diren espiritu-energiak ustiatu gabe gelditzen dira batzuetan, adore-ezaren eta desilusioaren giro orokortuak blokeatuak direlarik. «Existitze hutsari» emanik bizi gara, bizi berria ereiteari ekin ordez. Geure fedea iratzarri beharrean gara.
Bizi dugun krisiak nola-halako kristautasun bat hiltzera garamatza; baita, ordea, fede berritu baten hasierara, Jesusi leialago eta ebanjelioaren araberakoago den fedearen hasierara. Ebanjelioak indar handia du aro bakoitzean Kristoganako fedea era berri batean sortzeko. Baita gure egun hauetan ere.
Baina ikasi beharra dugu fedez ereiten, errealismoz eta egiaz. Ebanjelizatzea ez da ondare bat eskualdatzea, baizik fede baten jaiotza posible bihurtzea, ernetzen den fedea, ez iraganaren «klonazio» bezala, baizik Ebanjelioari emandako erantzun berri bezala, geure garaiko galdera, sufrimendu, poz eta esperantzatik sortua. Ez da jendea edozer gauzarekin uzteko garaia. Jendearen bihotzean Ebanjelioaren funtsa ereiteko ordua da.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko uztailaren 13a

BELARRIAK BAI BAINA ENTZUN EZ

Jesusen parabolak beti gertatu izan dira liluragarri haren ikasleentzat. Ebanjelioek berrogei inguru gorde dituzte. Segur aski, Jesusek gehiena errepikatu zituenak dira, edo ikasleen bihotzean eta oroimenean sakonenik ezarri zirenak. Baina, nola irakurri parabola horiek? Nola atzeman horien mezua?
Mateok, lehenik eta behin, gogoratzen digu, ezen parabolak munduan Jesusek «erein» dituela. Jendeari bere mezua ematera «irten zen Jesus bere etxetik», eta haren lehen parabola honela hasten da hain juxtu: «Irten zen ereilea ereitera». Jesus da ereilea. Haren parabolak deiak dira: bizia hark bizi eta hartzen zuen bezala bizi eta hartzeko deiak. Jesusekin sintonizatzen ez badugu, nekez ulertuko ditugu haren parabolak.
«Erreinuko hitza» erein du Jesusek. Hala dio Mateok. Parabola bakoitza gonbita da: mundu zahar, azal hutseko eta gizatasun gutxikotik «herri berri» batera, bizi-bizira, Jainkoak beren seme-alabentzat gogoko duen batera igarotzeko gonbita. «Jainkoaren erreinua» deitzen zion Jesusek herri horri. Mundua gizatarragoa egiten Jesusi jarraitzen ez badiogu, nolatan uler genitzake haren parabolak?
«Bihotzean» ereiten du Jesusek bere mezua, hau da, pertsonaren barnean. Hor gauzatzen da benetako bihotz-berritzea. Ez da aski parabolak predikatzea. Elizaren, hau da, kristauen bihotza Jesusi irekitzen ez bazaio, ez dugu sekula haren indar eraldatzailea atzemango.
Jesusek ez du inor bereizten. Hau da gertatzen: haren «ikasle» izan eta haren urratsei jarraitzen dietenei Jainkoak «Erreinuko sekretuak ezagutarazten» dizkie. Eta gainerakoei ez. Parabolak ulertzeko giltza dute ikasleek; gero eta sakonkiago ezagutuko dute Jainkoaren egitasmoa. Baina urrats hori egiten ez dutenek, aukera hori egiten ez dutenek ezin ulertu dute haren mezua, entzuten duten apurra ere galdu egiten dute.
Hau izan daiteke gure arazoa: «bihotza sorgorturik» bizi nahi izatea. Saihestu ezineko hau gertatzen da orduan. Belarriak izan, bai, baina inolako mezurik entzun ez. «Begiak» izan, bai, baina Jesus ikusi ez. Gure bihotzak ez du ezer ulertzen. Nola ereiten da ebanjelioa gure kristau-elkarteetan? Nola esnatzen dugu geure artean Ereilea onartzeko gogoa?

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.