domingo, 27 de julio de 2014

2014/07/31 - Loiolako Inazio santua (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Loiolako Inazio santua (A)


EBANJELIOA

Nor naizela dio jendeak?

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 9, 18-26.

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:
– Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
– Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien:
– Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
– Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da ».
Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu? Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko denean.

Jaunak esana.

HOMILIA

NOR DA GURETZAT?

Ezaguna da pasadizoa. Filiporen Zesarean gertatu zen. Ikasleek badaramate alditxo bat Jesusekin. Zergatik jarraitzen diote? Bere ingurukoek bere buruaz zer uste duten jakin nahi du Jesusek: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Hauxe da gaur egungo kristauek ere egin beharko genukeen galdera. Nor da Jesus guretzat? Zer pentsatzen dugu hartaz? Jarraitzen al diogu?
Nor da guretzat Galileako profeta hori?, bere ondoren idazkirik ez baina lekukoak utzi dituen hori? Ez da aski «Jainkoaren Mesias» dela esatea. Berak urratutako bidean urratsak egiten jarraitu behar dugu, berak eragin nahi zuen sua piztu behar dugu munduan. Nolatan hitz egin genezake hartaz hainbeste, haren zuzentasun-egarria, haren solidaritate-desioa, haren bake-gogoa sentitu gabe?
Ikasi al dugu Jesusengandik Jainkoari «Aita» esaten?, Jainkoaren baldintzarik gabeko maitasunean eta erruki mugagabean konfiantza izanik? Ez da aski «Gure Aita» esatea. Behin betiko lur azpiratu behar ditugu, harengandik urrunaraziz, gugan ernetzen diren mamu eta ikara erlijiosoak. Eta liberatu beharra dugu esklabo bezala biziarazten gaituzten hainbat eta hainbat idolo eta sasi-jainko.
Adoratzen al dugu Jesusengan Jainko biziaren Misterioa, gure artean haragi egina? Ez da aski Jesusen jainkozko izaera aitortzea formula abstraktuak erabiliz, bizitzarekin zerikusirik ez dutenak eta gaur egungo gizon-emakumeen bihotza ukitzeko gaitasunik ez dutenak. Jesusen keinu eta hitzetan biziaren eta gizakiaren Jainko Adiskidea aurkitu behar dugu. Ez ote da hori albisterik hobena, Jesusekin nola topo egin bila dabiltzanei aditzera emateko.
Ba al dugu usterik Jesusek hots egindako maitasunean? Ez da aski haren agindua behin eta berriz errepikatzea. Beti bizirik eutsi beharko genioke haren kezkari: mundu anai-arreba artekoago batera bide egiteko, premiarik handiena dutenentzat maitasun solidarioa eta sortzailea eraginez. Zer gertatuko litzateke, egunen batean maitasunaren suak erlijioen bihotza eta herrien ekimena mugiaraziko balitu?
Entzun dugu Jesusen agindua, mundura jendea sendatzera irteteko? Ez da aski haren mirariak aldarrikatzea. Gaur ere bizitza sendatu beharra dugu hark egiten zuen bezala, sufrimendua arinduz, galduei duintasuna itzuliz, zauriak sendatuz, bekatariei harrera ona eskainiz, baztertuak ukituz. Non dira haren keinuak eta arnas hitzak lur jota direnentzat?
Jesusek su-hitzak bazituen bere garaiko boteretsuen injustizia eta Tenpluko erlijioaren gezurra gaitzesteko, zergatik ez gara matxinatzen haren jarraitzaileok goseak, elikatze-faltak eta gure ardura-ezak egunero abaildurik daukaten hainbat milaka jenderen suntsipenaren aurrean?


José Antonio Pagola

HOMILIA
  
SINESTEN OTE DUGU JESUSENGAN?

Lehen belaunaldiko kristau-elkarteek gaurko ebanjelioko pasadizo honen oroitzapena garrantzi handikotzat eman zuten Jesusen jarraitzaileentzat. Zuzena zen uste hori. Bazekiten Jesusen Elizak behin eta berriz entzun beharko zuela, Zesareako Filipo inguruan, Jesusek ikasleei behin batean egin zien galdera hau: «Zuek, nor naizela diozue?»
Kristau-elkartean Jesusekiko geure fedea itzaltzen uzten badugu, galdua dukegu geure nortasuna. Ezin bizi izango dugu ausardia kreatzaileaz Jesusek gomendatu digun egitekoa; ez gara ausartuko aurre egiten momentuan momentukoari, Jesusen Espirituaren berritasunari begiak irekirik; erdipurdi gelditu eta itoko gara.
Ez da aro erraza gure hau. Jesusengana egia eta leialtasun handiagoz itzultzen ez bagara, zurrunduz joanen gara eta geure bidea galduz; gure hizketa handia sinesgarritasuna galduz joanen da. Garen, diogun eta dagigun guztiaren giltzarri, oinarri eta iturri da Jesus. Nor eta zein da, ordea, gaur Jesus kristauentzat?
Guk, Pedrok bezala, Jesus «Jainkoaren Mesias» dela, Aitaren Bidalia dela aitortzen dugu. Halaxe da izan ere: Hainbesteraino maite izan du Jainkoak mundua, Jesus erregalatu baitigu. Alabaina, ba ote dakigu kristauek Jainkoaren erregalu handi hori onartzen, zaintzen, gozatzen eta ospatzen? Gure ospakizunen, topo egiteen eta batzarren erdigune ote da Jesus?
Aitortzen dugu, halaber, «Jainkoaren Semea» dela Jesus. Jainkoa hobeto ezagutzen laguntzen ahal digu hark, Aitaren onberatasunean konfiantza handiagoa izaten, fede handiagoz entzuten Aitaren deia mundua haurrideago eta guztientzat zuzenago egin dezagun. Alabaina, aurkitzen ote dugu geure elkarteetan Jesusengan haragitu den Jainkoaren zinezko aurpegia? Ba ote dagokigu hots egiten eta aldarrikatzen guztientzat albiste handi bezala?
Halaber, «Salbatzaile» izena ematen diogu Jesusi, gure bizitza gizatartzeko indarra duelako, gu geu askatzeko eta giza historia benetako eta behin betiko salbamendura bideratzeko indarra duelako. Alabaina, hori ote gure artean arnasten den esperantza? Hori ote gure elkarteek kutsatzen duten bakea?
Era berean, aitortzen dugu Jesus dela geure «Jaun» bakarra. Ez dugu nahi beste jaunik, ez dugu izan nahi inolako sasi-idoloren mendeko. Alabaina, gure bizitzako erdigunea betetzen ote du Jesusek? Guztizko lehentasuna ematen ote diogu geure elkarteetan? Ororen eta guztien gain jartzen ote dugu? Jesusenak ote gara? Hura ote animatzen eta biziarazten gaituena?
Kristauen egiteko handia, gaur egun, indarrak bateratzea da, bideak urratzea haren Elizan Jesusen zentraltasuna berresteko. Ondoren dator beste guztia.


José Antonio Pagola 



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.