lunes, 18 de agosto de 2014

2014/08/24 - Urteko 21. Igandea (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 21. Igandea (A)


EBANJELIOA

Pedro zara zu eta Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 16, 13-20

Aldi hartan, Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.
Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.
Orduan, bera Mesias zela inori ez esateko agindu zien Jesusek ikasleei.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abustuaren 24an

ETA GUK ZER DIOGU

Behin batean ikasleei egin zien galdera bera digu egiten Jesusek gaur guri: «Eta zuek, ni nor naizela diozue?» Ez digu galdetzen, haren nortasun misteriotsuaz zer erantzungo bakarrik, baizik eta berarekiko gure harremanei berrikusi bat ematera eragin nahi digu. Zer erantzuten al diogu geure elkarteetatik?
Egunetik egunera hobeto ezagutzen al dugu Jesus, ala betiko «geure eskema zahar aspergarrietan hesiturik» daukagu bera? Elkarte bizi al gara, arduratzen al gara Jesus geure bizitzaren eta jardunbideen erdi-erdian jartzeaz, ala lokarturik bizi gara ohikerian eta erdipurdi eginik?
Sutsuki maite al dugu Jesus, ala pertsonaia ajeatua bihurtu da, dei egiten dioguna, baina gure bihotzean axolarik eza eta hartaz ahaztea haziz doazelarik? Gure elkarteetan hurbiltzen direnek senti ote dezakete, guretzat benetako indarra eta tiramena dituela Jesusek?
Jesusen ikasle sentitzen al gara? Ari al gara ikasten, haren biziera dela medio, gaur egungo geure gizarte honetan bizitzen, ala geure probetxurako gustagarriago den edozein gauza erakargarriren ondoren joaten gara? Bost axola al zaigu nolanahi bizitzea, ala, Jesus bezala bizitzen ikasteko, eskola bihurtu dugu geure elkartea?
Ikasten ari al gara, Jesusek begiratzen zion bezala, geure bizitza nola begiratuko? Premian eta baztertuak direnei errukiz eta erantzukizunez begiratzen al diegu geure elkarteetatik, ala geure ospakizunetan hesitzen gara, elbarrienak eta ahaztuenak, Jesusek beti hobesten zituen haiek, direnen sufrimenduari ezikusiarena eginez?
Aitaren egitasmoan, Jesusen lankide izaten jarraitzen al dugu mundua gizatarrago bihurtzeko, ala pentsatzen jarraitzen dugu ezen kristautasunak duen gauzarik inportanteena nor bere salbazioaz arduratzea dela soil-soilik? Konbentziturik al gaude ezen Jesusi jarraitzeko era, eguna joan eguna etorri, gizon-emakume guztien bizitza gizakoiago eta zoriontsuago egiten saiatzea dela?
Kristauen igandea bizi, Jesusen piztuera ospatuz bizitzen al dugu, ala asteburua inolako kristau-zentzurik gabe antolatzen jarraitzen dugu? Ikasi al dugu Jesus bihotzaren isiltasunean aurkitzen, ala sentitzen hasiak gara gure fedea itzaliz doala, geure baitan ditugun zarata eta hutsunea direla medio?
Sinesten al dugu, biziaz bete-beterik, gurekin ibili dabilen Jesus berpiztuagan? Bere jarraitzaileoi ondare utzi zigun bakeari harrera ona egiten jarraitzen al dugu geure elkarteetan? Sinesten al dugu, sekula amaituko ez den maitasunez maite gaituela Jesusek? Sinesten al dugu indar eraberritzailea duela horrek? Ba al dakigu, geure baitan daramagun esperantzaren misterioaren lekuko izaten?


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abustuaren 21ean

GURE JAUN BAKARRA

«Ni nor naizela diozue?» Lehen ikasleek bezala, gaur egungo kristauek ere Jesusi erantzun beharra dugu nortaz fidatu garen, nori jarraitzen diogun, zer espero dezakegun harengandik. Gu ere fede berak eraginik bizi gara.
Jesus, Jainko biziaren Semea zara zu. Jainkoagandik  zatozela sinesten dugu. Zuk beste inork ez bezala hurbiltzen ahal gaituzu Jainkoaren Misteriora. Zuganik ikas dezakegu beti harengan konfiantza izaten, gure bizitzan sortzen diren galderak, duda-mudak, ziurtasun-ezak eta guzti. Nork biziberri dezake gure fedea, Jainko Adiskidearekiko fedea, zuk izan ezik? Zure jarraitzaileak jo gaituen gau erdi honetan, erakuts iezaguzu Aita.
Jesus, Mesias zara zu, Aitak munduari egin dion erregalu handia zara. Jarraitzaileek dugun gauzarik onena zara zu, baliosena, erakarleena. Zergatik itzali da poza zure Elizan? Zergatik ez dugu onartzen, gozatzen eta ospatzen zure presentzia ona zure Elizan? Jesus, aska gaitzazu tristuratik eta kutsa iezaguzu zeure poza.
Jesus, gure Salbatzailea zara zu. Gure bizitza saneatzeko indarra duzu eta giza historia bere behin betiko salbaziora bideratzeko indarra. Jauna, zuk maite duzun Eliza gaixo dago. Makal dago eta zaharkitua. Indarra falta zaigu etorkizunera bide egiteko, zure Berri Ona kementsu hots eginez. Jesus, nahi baduzu, sendatzen ahal gaituzu.
Jesus, haragi egin den Jainkoaren Hitza zara zu. Gure artean kanpatu den Haserretu handia zara, gure bekatua salatzeko eta behar dugun errotiko berriztapena abian jartzeko. Astindu ezazu zeure jarraitzaileen bihotza. Esnaraz gaitzazu lasaitzen eta loarazten duen erlijiotik. Oroitaraz iezaguzu hasiera hartako geure bokazio hura eta bidal gaitzazu berriro zure erreinua hots egitera eta bizitza sendatzera.
Jesus, gure Jaun bakarra zara zu. Ez zaitugu ordezkatu nahi beste ezerezekin. Zurea bakarrik da Eliza. Ez dugu nahi beste jaunik. Zergatik ez zaude zu beti gure elkarteen erdigunean? Zergatik baztertzen zaitugu geure protagonismoaz? Zergatik ezkutatzen dugu zure ebanjelioa? Zergatik jarraitzen dugu hain sorgor zure hitzekiko, jakinik haiek espiritu eta bizi direla? Jesus, norengana joango gara? Zuk bakarrik dituzu betiko bizirako hitzak.
Jesus, gure Adiskidea zara zu. Horrela deitzen gaituzu zuk zeuk, nahiz ia-ia ahaztua dugun hori ere. Zure Eliza adiskideen elkarte izan dadin nahi izan duzu. Zeure adiskidetasuna erregalatu diguzu. Zeure bakea utzi diguzu. Betiko eman digu zeure bakea. Gurekin zaude zu azkeneraino. Zer dela-eta horrenbeste liskar, errezelo eta borroka zure jarraitzaileen artean? Jesus, emaguzu zeure bakea. Guk ez dugu asmatzen bakea bilatzen.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko abustuaren 24an

BIZITZAZ AITORTU

Nor naizela diozue? Ebanjelari sinoptiko guztiek dakarte galdera hau, Jesusek Filipoko Zesarean bere ikasleei egin ziena. Lehen kristauentzat joan-etorri handiko gauza zen behin eta berriz gogoratzea zeini ari ziren jarraitzen, nola ari ziren parte hartzen haren egitasmoan eta norengatik ari ziren bizitza arriskatzen.
Galdera horri gaur egun erantzun nahi diogunean, mendetan barna kristauok sortu izan ditugun formulak erabiltzeko joera dugu: gizon egin den Jainkoaren Semea da Jesus, munduaren Salbatzailea da, gizadiaren Eroslea da... Aski ote da hitz horiek erabiltzea Jesusen jarraitzaile «bihur gaitezen»?
Tamalez, haurtzaroan ikasitako formula huts gertatu ohi dira sarritan, era mekanikoan onartuak, arinki errepikatuak eta bizipen baino gehiago baieztapen huts.
Ohituraz aitortzen dugu Jesus, debozioz edo esanekotasunez, baina haren biziaren jatortasunaz jabetu gabe bizi ohi gara, haren deiaren berritasuna entzun gabe, haren maitasun misteriotsuak erakar gaitzan utzi gabe, haren askatasunak kutsa gaitzan utzi gabe, haren ibilbideari jarraitzen ahalegindu gabe.
«Jainko» bezala adoratzen dugu, baina ez da gure bizitzaren erdigune. «Jaun» dela aitortzen dugu, baina haren egitasmoari bizkarra ematen diogu, zer zen eta zer nahi zuen batere ondo jakin gabe.«Maisu» esaten diogu, baina haren bizitzaren motibazio zen hura geure motibazio bihurtu gabe. Erlijio bateko kide bezala bizi gara, baina ez gara Jesusen ikasle.
Paradoxikoki, geure doktrina-formulen «ortodoxian» segurtasuna aurki genezake, baina ez da gertatzen Jesusekin egindako topaketa bizi. Badira guztiz «ortodoxoak» diren kristauak, senezko erlijiotasuna bizi dutenak, baina ez dute sumatu esperientziaz Jesus janari dela. Fedearen «jabe» direla uste dute; are, harro mintzo dira beren ortodoxiaz, baina ez dute ezagutzen Kristoren Espirituaren dinamismoa.
Ez gaitezen engaina. Jesusen aurrez aurre jarri beharra du guretako bakoitzak, haren begiradapean jarri beharra du eta nork bere izatearen barru-barrutik haren hitz hauek entzun beharra: nor naiz ni zuentzat benetan? Galdera honi bizitzaz erantzuten zaio hitz distiratsuz baino gehiago.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.