lunes, 25 de agosto de 2014

2014/08/31 - Urteko 22. Igandea (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 22. Igandea (A)


EBANJELIOA

Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 16, 21-27

Une hartatik hasi zen Jesus bere ikasleei azaltzen, berak Jerusalemera igo eta zahar, apaizburu eta lege-maisuen aldetik asko sufritu behar zuela; hil egingo zutela eta hiru egunen buruan piztu egingo zela.
Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion:
–Ez dezala Jainkoak nahi, Jauna! Ez zaizu horrelakorik gertatuko.
Baina Jesusek, itzulirik, esan zion Pedrori:
–Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo haiz niretzat, hire asmoak ez baitituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.
Orduan, esan zien Jesusek bere ikasleei:
–Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat.
Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.
Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak berriro bizia bereganatzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin; eta, orduan, bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abustuaren 31an

PEDROK ENTZUN BEHAR IZAN ZUENA

Jesus agertu izanak ezustea, mirespena eta gogo-berotasuna eragin zuen Galileako herrietan. Erabateko arrakasta espero zuten ikasleek. Jesusek, aldiz, Aitaren nahia zuen gogoan. Azkeneraino bete nahi zuen nahi hura.
Horregatik, gainera zer zetorkion ikasleei argitzen hasi zen. Jerusalemera igotzea zuen bere asmo guztia, nahiz han «asko sufritu behar izango zuen», hain zuzen ere buruzagi erlijiosoen «eskutik». Jesusen heriotza Jainkoaren asmoetako zati zen, Jesusen jardueraren ezinbesteko ondorio. Baina Aitak piztu egingo zuen. Aita ez zen geldituko pasibo eta axolagabe.
Pedro matxinatu egin da Jesus gurutzean josia izango dela pentsatze hutsaren aurrean. Ez du ikusi nahi Jesus porrot eginik. Jesus garaile eta arrakastatsua bakarrik du amets. Horregatik, «aparte hartu du» Jesus, estu hartu du eta «errieta egin dio» esan berri duena ahaztu dezan: «Ez dezala Jainkoak nahi! Ez dakizuke horrelakorik gerta».
Oso bortitza da Jesusen erantzuna: «Ken nire begi-bistatik, Satanas». Ez du ikusi nahi Pedro bere begi aurrean, zeren «estropezu eragiten baitio», eragozpen du Pedro bere biderako. «Ez duzu pentsatzen Jainkoak bezala, gizakiek bezala baizik». Ez duzu pentsatzen gogoan bere seme-alaba guztien zoriona duen Aitak bezala, baizik gogoan beren ongizatea eta onura bakarrik duten gizakiek bezala pentsatzen duzu. Satanas haragi egina zara.
Aitaren errebelazioari xume-xume ireki zaionean, Jainko biziaren semetzat aitortu du Pedrok Jesus, eta bere Eliza eraikitzeko Jesusek aukeratu duen «Arroka» bihurtu da. Aldiz, giza onurari jarraituz, Jesus gurutzearen bidetik apartarazi nahi izan duenean, «Satanas tentatzaile» (!) bihurtu da.
Adituek azpimarratzen dute, ezen Jesusek Pedrori hitzez hitz hau esan diola: «Jar zaitez (lerroan) nire ondoren, Satanas». Hori du bere lekua Pedrok. Jar zaitez jarraitzaile leial nire ondoren. Ez ezazu pentsa nire bizia desbideratzea, nire egitasmoa boterera eta garaipenera norabidetuz.
Jesus «Jainko biziaren Semetzat» aitortu, eta hari gurutzera bidean jarraitu nahi ez izatea «satanasen» jokabidea da. Gaur egungo Elizan Pedrok bezala jokatu nahi badugu, Jesusen ahotik hark entzun zuen gauza bera entzun beharko dugu geuk ere.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abustuaren 28a

JESUSEN ONDOREN

Galileako herrixkak zeharkatzen egin zuen Jesusek aldi bat. Han igaro zituen bere bizitzako unerik gozoenak. Jende xumea harriturik gelditu ohi zen Jainko onaz eta barkatzaileaz hots egiten zuen mezuarekin.Gaixoek eta ezinduek eskerrak ematen zizkioten Jainkoari beren sufrimenak sendatzeko eta arintzeko agertzen zuen ahalmenagatik. Alabaina, ez zen gelditu hainbeste maite zuten jende haien artean betiko.
Honela argitu zien ikasleei bere erabakia: «Jerusalemera joan beharra dut», judu-erlijioaren erdigunean berean hots egin behar zuen Jainkoaren Berri Ona eta mundua zuzenago egiteko zuen egitasmoa. Arriskutsua zen. Bazekien «han asko sufritu beharko zuela». Buruzagi erlijiosoek eta tenpluko agintariek hil egingo zuten. Alabaina, Aitagan zuen bere konfiantza: «hirugarren egunean piztuko zuen».
Pedro asaldatu egin da entzun duenaren aurrean. Izugarria iruditzen zaio Jesus gurutzean josia ikustea. Mesias garailea soilik du buruan. Jesusi dena ondo atera behar zaio. Horregatik, alde batera hartu du Jesus eta aurpegiratu dio: «Ez dezala Jainkoak nahi, Jauna. Ezin gerta dakizuke horrelakorik».
Uste ez bezala erantzun dio orduan Jesusek. Pedro hau ezezagun eta arraro gertatu zaio. Ez da lehentxeago «Jainko biziaren Semetzat» aitortu duen hura. Oso arriskutsua da Pedro iradokitzen ari zaiona. Horregatik, indar biziz egin dio uko: «Zoaz nigandik, Satanas». Hitzez hitz testuak beste hau dio: «Jar zaitez nire ondoren». Har ezazu zeure ikasle-postua eta ikas ezazu niri nola jarraitu. Ez zaitez jar nire aurrean, beste guztiok Aitaren gogotik apartaraziz.
Gauzak oso argi utzi nahi ditu Jesusek. Jada ez dio deitzen Pedrori «harri», zeinen gainean eraiki nahi baitu bere Eliza; orain tupust eginarazten duen eta bidea oztopatzen dion «harri» deitu dio. Jada ez dio esaten esan duen hori Aitak agertua denik; ikusarazten dio Satanasengandik datorren planteamendua egin duela.
Bai, kristauen tentazio handia Pedro imitatzea da: Jesus handikiro «Jainko biziaren Semetzat» aitortu bai, baina ondoren gurutzea lepoan hartu gabe jarraitu nahi. Ezeri uko egin gabe eta inolako nekerik gabe bizi nahi Ebanjelioa. Jainkoaren erreinuaren eta hartako zuzentasunaren egitasmoan parte hartu nahi, pertsekuzioaren ukapena sentitu gabe. Jesusi jarraitu nahi diogu, baina hari gertatu zitzaiona guri gertatu gabe.
Ezinezkoa da hori. Arriskutsua da beti Jesusen urratsei jarraitzea. Haren ondoren ibiltzea erabakitzen duenak tiranduraz eta tirabiraz inguraturik bukatu du ia beti. Nekez izango du lasaitasunik. Bera bila ibili gabe, haren gurutzea lepoan duena gertatuko da. Alabaina, haren bakea ere izango du, baita haren maitasun nahastezina ere. Kristauok ezin ibili gara Jesusen aurretik, haren ondoren baizik.

Jose Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko abustuaren 31a

PEDROK ENTZUN BEHAR IZAN ZUENA

Jesus agertu izanak ezustea, mirespena eta gogo-berotasuna eragin zuen Galileako herrietan. Erabateko arrakasta espero zuten ikasleek. Jesusek, aldiz, Aitaren nahia zuen gogoan. Azkeneraino bete nahi zuen nahi hura.
Horregatik, gainera zer zetorkion ikasleei argitzen hasi zen. Jerusalemera igotzea zuen bere asmo guztia, nahiz han «asko sufritu behar izango zuen», hain zuzen ere buruzagi erlijiosoen «eskutik». Jesusen heriotza Jainkoaren asmoetako zati zen, Jesusen jardueraren ezinbesteko ondorio. Baina Aitak piztu egingo zuen. Aita ez zen geldituko pasibo eta axolagabe.
Pedro matxinatu egin da Jesus gurutzean josia izango dela pentsatze hutsaren aurrean. Ez du ikusi nahi Jesus porrot eginik. Jesus garaile eta arrakastatsua bakarrik du amets. Horregatik, «aparte hartu du» Jesus, estu hartu du eta «errieta egin dio» esan berri duena ahaztu dezan: «Ez dezala Jainkoak nahi! Ez dakizuke horrelakorik gerta».
Oso bortitza da Jesusen erantzuna: «Ken nire begi-bistatik, Satanas». Ez du ikusi nahi Pedro bere begi aurrean, zeren «estropezu eragiten baitio», eragozpen du Pedro bere biderako. «Ez duzu pentsatzen Jainkoak bezala, gizakiek bezala baizik». Ez duzu pentsatzen gogoan bere seme-alaba guztien zoriona duen Aitak bezala, baizik gogoan beren ongizatea eta onura bakarrik duten gizakiek bezala pentsatzen duzu. Satanas haragi egina zara.
Aitaren errebelazioari xume-xume ireki zaionean, Jainko biziaren semetzat aitortu du Pedrok Jesus, eta bere Eliza eraikitzeko Jesusek aukeratu duen «Arroka» bihurtu da. Aldiz, giza onurari jarraituz, Jesus gurutzearen bidetik apartarazi nahi izan duenean, «Satanas tentatzaile» (!) bihurtu da.
Adituek azpimarratzen dute, ezen Jesusek Pedrori hitzez hitz hau esan diola: «Jar zaitez (lerroan) nire ondoren, Satanas». Hori du bere lekua Pedrok. Jar zaitez jarraitzaile leial nire ondoren. Ez ezazu pentsa nire bizia desbideratzea, nire egitasmoa boterera eta garaipenera norabidetuz.
Jesus «Jainko biziaren Semetzat» aitortu, eta hari gurutzera bidean jarraitu nahi ez izatea «satanasen» jokabidea da. Gaur egungo Elizan Pedrok bezala jokatu nahi badugu, Jesusen ahotik hark entzun zuen gauza bera entzun beharko dugu geuk ere.

Jose Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.