lunes, 8 de septiembre de 2014

2014/09/14 - Gurutz Santuaren Gorespena (A)

Datorren urriaren 2an, 19:30etan, Jose Antonio Pagolaren hitzaldia izango dugu, Kepa Apostolu deunaren parrokian, "Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción" izenburuarekin.
Gonbidatuta zaudete denak.
                                                                  Konferentziako gidoia.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Gurutz Santuaren Gorespena (A)


EBANJELIOA

Halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 13-17

«Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
«Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko irailaren 14a

GURUTZILTZATUARI FEDEZ BEGIRA

Kristauok gaur ospatzen dugun jai hau ulertezina da; are gehiago, zentzurik gabea, Gurutziltzatuagan kristau-fedeak duen esanahia ezagutzen ez duenarentzat. Zer esanahi izan lezake «Gurutzearen Gorapena» deitzen dugun jai batek, modu bero-beroan «konforta», erosotasuna eta ongizaterik gorenena bilatzen duen gizarte batean.
Batek baino gehiagok egingo du galdera: nolatan bizi daiteke gaur oraino gurutzea goratzen jarraitzea? Ez al da gainditua jada, oinazea era gaixoti horretan goratuz bizitzea eta sufrimenduaren bila ibiltzea? Ardaztzat Kalbarioko hilzoria eta Gurutziltzatuaren zauriak dituen kristautasuna elikatzen jarraitu behar al dugu?
Egia esan, arrazoizko galderak dira, argibide bat merezi dutenak. Kristauok Gurutziltzatuari begira jartzen garenean, ez dugu goratzen, ez oinazea, ez tortura, ez heriotza; baizik eta gure bizitza eta gure heriotza azkeneraino partekatu nahi izan dituen Jainkoaren maitasuna, hurbiltasuna eta solidaritatea goraipatu nahi ditugu.
Ez da sufrimendua salbatu gaituena, baizik Jainkoaren maitasuna, Jainkoa gizakiaren historia dolorezkoarekin solidarizatu izana. Ez da odola, egia esateko, gure bekatua garbitu duena, baizik seme-alabatzat onartu gaituen Jainkoaren maitasun imajinaezina. Bere maitasuna erarik hobenean agertu digun gertaera da gurutzeko heriotza.
Gurutzearen handitasunari begira jartzea, ez da berari auskalo zer ahalmen edo indar misteriotsuren bat egoztea, baizik Jainkoaren beraren indar salbatzailea aitortzea da, Jesus gizon egitean, mundua berekin adiskidetzera irten denean.
Jada haurrak ezin besarkatu dituzten beso horiek zabalik eta jada lepradunak ezin ferekatu dituzten eta gaixoak ezin bedeinkatu dituzten esku horiek ikustean, kristauok Jainkoa «kontenplatzen» dugu, besoak zabalik, hainbat sufrimenduz hautsia den gure bizitza pobre hau onartzeko, besarkatzeko eta sostengatzeko prest.
Heriotzak itzali duen aurpegi horretan, jada prostituituei samurtasunez ezin begiratu dien begi horietan, hainbat abusuren eta injustiziaren biktimengatik bere haserrea ezin oihukatu duen aho horretan, bekatarientzat bere barkazioa ezin ahoskatu duten ezpain horietan, gizadiari dion bere maitasun imajinaezina ari zaigu agertzen Jainkoa, beste inolako keinuz baino argiago.
Horregatik, Gurutziltzatuari leial izatea, ez da gurutze eta sufrimendu bila ibiltzea, baizik berak bezala bizitzen saiatzea eskaintza- eta solidaritate-jarrera, onartuz, beharrezkoa izanez gero, ondorioz izan ditzakegun gurutzeko heriotza edo bestelako gaitzak. Gurutziltzatuari leial izate hau ez da oinaze-irrika, baizik esperantza-agiria. Bizitza «gurutziltzatu» baten azkena, Jesusek bizi izan zuen bezala bizi izandakoaren zoria, piztuera da bakar-bakarrik.


Jose Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko irailaren 14a

MAITASUNAREN GORAPENA

Gaur kristauok jai bat txundigarria eta harrigarria ospatzen dugu. Zer zentzu izan dezake «Gurutzearen Gorapenaz» hitz egiteak, itxuraz gozamena eta ongizatea goratzean baizik pentsatzen ez duen gizartean? Ez ote da Gurutzea Goratze hori oinazea laudatzea, sufrimena eta umilazioa aintzatzea, gizartean aszesi gaixotia eragitea, bizi-pozaren aurka joatea?
Halaz guztiz, fededun batek, Gurutziltzatuari begira jarri eta fedearen begiz Gurutzearen baitako misterioa sakontzen duenean, egundoko maitasuna hautematen du soilik, gure bizitzan eta heriotzan azkeneraino bat egin nahi izan duen Jainkoaren samurtasun ulertezina. Era harrigarrian dio hori San Joanen ebanjelioak: « Hartaraino maite izan du Jainkoak mundua, non bere Seme bakarra eman baitu, honengan sinesten duen orok, galdu ez, baizik betiko bizia izan dezan» Jainkoaren maitasun sinestezina agertu digu Gurutzeak. Jadanik ezin apartaraziko gaitu harengandik ez ezerk, ez inork.
Jainkoak gurutzean sufritu nahi izan badu, ez da sufrimena maite izan duelako, baizik gutako inori halakorik opa ez diolako. Gurutzean hil nahi izan badu, ez da izan zoriontasuna gutxietsi duelako, baizik guztiontzat zoriona nahi eta bilatzen duelako, batez ere gizartean ahaztuenak eta umiliatuenak direnentzat. Jainkoak gurutzeko hilzoria nahi izan badu, ez da izan bizia mespretxatu duelako, baizik eta hartaraino maite izan duelako bizia, non guztiok egun batean hartaz bete-betean gozatzea nahi baitu.
Horregatik, Kristoren Gurutzea beste inork baino hobeto ulertzen dute gizarteko gurutziltzatuek, hau da, beren ezintasunean umilazioa, mespretxua eta zuzengabekeria jasaten dutenek edota maitasun-, alaitasun- eta bizi-premian bizi direnek. Horiek gaur Gurutzearen Goratzea ospatuko dute, ez oinazearen eta heriotzaren jai bezala, baizik maitasunaren eta biziaren misterio bezala.
Zeri heltzen edo atxikitzen ahal gintzaizkioke baldin eta Jainkoa izaki ahaltsu eta buru-ase huts bat izango balitz, lurreko boteretsuen oso antzeko bat, nahiz hauek baino indartsuago izan? Nor izan genezake kontsolamendu, Jainkoa biktimekin eta biktimen baitan sufritzen ari dela jakingo ez bagenu? Nolatan ez dugu, ba, goratuko Jesusen gurutzea, jakinik hartan Jainkoa gurekin eta guregatik sufritzen ari dela?

Jose Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.