lunes, 20 de octubre de 2014

2014/10/26 - Urteko 30. Igandea (A)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 30. Igandea (A)


EBANJELIOA

Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa eta lagun hurkoa zeure burua bezala.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 34-40

Dembora haietan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren, eta beraietako lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz:
–Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
Jesusek erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz.
Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko urriaren 26a

MAITASUNEAN USTEA IZAN

Kristau-erlijioa sistema erlijioso nekosoa iruditzen zaio jende ez gutxiri; batez ere, Jainkoaren aurrean bizi ahal izateko, lege-sare nahasiegia. Ez ote diogu kristauok geure arreta eskaini behar, beste ezer baino lehen, kristau-esperientziak duen gauzarik funtsezkoenari?
Ebanjelioek Jesusen erantzun hau jaso dute, Legearen agindurik nagusiena zein den galdetu dion fariseu-talde bati emana. Hona nola laburtu duen Jesusek gauzarik funtsezkoen hori: «maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz osoaz, arima osoaz eta zaren osoaz»; hau da bigarrena: «maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala».
Argia da Jesusen baieztapena. Maitasuna da guztia. Maitasuna da bizitza erabakitzen duena. Maitasuna da gauza guztien oinarria. Lehenengo gauza, Jainkoaren eta gainerakoen aurrean maitasun-jarreraz bizitzea da. Ez ginateke nahastu behar gauza akzidental eta bigarren mailakoen sarean, funtsezkoenaz ahazturik. Maitasunari dariona da gainerako guztia. Maitasunik gabe, dena da gelditzen galbideraturik.
Jainkoarekiko maitasunaz ari denean, Jesusek ez ditu buruan gure bihotzetik sor daitezkeen sentimenduak edo zirrarak; ez gaitu gonbidatzen geure errezoak eta otoitzak ugaltzera ere. Honetan datza Jauna geure Jainkoa maitatzea: Jainkoa gure izatearen azken Sorburutzat aitortzean, geuregan hark nahi duenarentzat atxikimendu osoa esnatzean, Aita bezala gizon-emakume guztientzat duen maitasunari baldintzarik gabeko fedez erantzutean.
Horregatik gehitu du Jesusek bigarren agindua. Ezin duzu Jainkoa maitatu, haren seme-alabei dagokienez axolagabe bizi bazara. Jainkoaren maitasuna predikatu eta sufritzen ari den jendeaz ahazten den erlijioa gezur handi bat. Geure bidean aurkitzen dugun pertsona batean aurrean izan dezakegun giza jarrera bakarra, hura maitatzea da eta harentzat geure buruari opa diogun ongizatea bera bilatzea.
Irudi luke, hizketa hau guztia zaharregia dela, ahituegia, eginkortasun eskasekoa. Halere, gaurko munduan ere lehenengo arazoa maitasun-falta da; giza bizikidetasuna eraikitzeko ahaleginak eta borrokak, bata bestearen ondoren, desgizatiartzen ari den maitasun-falta.
Duela urte batzuk, Jean Onimus idazle frantsesak idatzi zuen: «Kristautasuna bere hasieran dago gaur oraino; bi mila urte bakarrik daramatza gizakia lantzen. Astuna da jende-masa eta mendeak beharko dira maitasunak hartzitu arte». Jesusek jarraitzaileok ez genuke ahaztu behar geure erantzukizuna. Etorkizuneko belaunaldiei maitasunean ustea jartzen laguntzeko, lekuko bizien beharra du munduak; izan ere, gizakiak ezin izango du etorkizun esperantza-emailerik maitasunarekiko ustea galtzen badu.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko urriaren 23a

LEHENENGO GAUZA

Behin batean fariseuak bildu eta galdera bat egin zioten Jesusi, beren artean eztabaida eta tirabira-gai zuten arazo batez: larunbataz, erritu-garbitasunaz, hamarrenez eta beste puntu batzuez bilduak zituzten seiehun eta hamahiru aginduak zorrozkien bete nahi zituzten taldeen arteko tirabiraz: «Maisu, zein da Legeko agindu nagusia?»
Jesusen erantzuna oso ezaguna da kristauen artean: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz guztiaz, arima guztiaz, zaren guztiaz». Hori da garrantzizkoena. Gero gehitu zuen: «Horren antzekoa da bigarrena: maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala». Eta baieztapen hau egin zuen konklusiotzat: «Bi agindu hauek dira Legearen eta Profeten sostengu».
Asko axola zaigu Jesusen hitzak entzutea. Izan ere, antzinako Israel herrian bezala, Elizan ere handituz joan da, mendeen joan-etorrian, aginduen, arauen eta debekuen kopurua, kristau-bizitzako alde desberdinak arautzeko. Zer da lehenengo gauza, eta inportanteena? Zein da funtsezko gauza Jesusen jarraitzaile bezala bizitzeko?
Jesusek argi utzi du gauza guztiak ez direla garrantzi berekoak. Oker handia da liturgiako eta araudiko bigarren mailako gauzei inportantzia ematea, funtsezkoena alde batera utziz. Ez genuke sekula ahaztu behar soilik Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea dela irizpide nagusia eta lehena Jesusi jarraitzeko orduan.
Haren arabera, maitasun hori da hondo-hondoko jarrera, Jainkoarekin dugun harreman erlijiosoari eta jendearekiko gure portaerari egia eta zentzua ematen dizkion giltzarri-indarra eta ordezkorik gabea. Zer da kristau-erlijioa maitasunik gabe? Zertan gelditzen da gure bizitza Elizaren baitan eta gizartean, maitasunik gabe?
Mota guztietako arauei eta errituei lotuta, pobreturik, kaskarturik edo zurrundurik gelditzeko arriskutik liberatzen du bihotza maitasunak. Zer da betetzaile baten bizitza, Jainkoari maitasun bizirik ez badio? Zer-nolako egia da gure kristau-bizitzan, premian den lagun hurkoari maitasun praktikorik ez badiogu?
Aski zabaldurik diren bi jarrerari kontrajartzen zaio maitasuna. Lehenik eta behin, axolarik ezari, sentiberatasunik eza, buru-zurruna, bihotzik eza den aldetik. Bigarren, egozentrismoari eta axolarik ezari gainerakoen aurrean.
Hain kritikoak diren aldi hauetan, ez da gauza inportanteagorik apalki funtsezkoari eustea baino, hau da, Jainkoa zinez maitatzea, barrutik sentituriko eta bizitako ospakizunetan elikatuz eta lagun hurkoa maitatzea, fededunen artean harreman adiskidetsuak indartuz eta premian direnekiko konpromisoa eraginez. Geure eskura dugu Jesusen arnasa.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.