domingo, 2 de noviembre de 2014

2014/11/09 - Urteko 32. Igandea (A)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 32. Igandea (A)


EBANJELIOA

Hemen da senarra! Irten bidera!

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 25, 1-13

Denbora haietan, Jesusek bere ikasleei parabola hau esan zien: «Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da.
Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak.
Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senarrak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.
«Gauerdian oihu bat izan zen: “Hemen da senarra! Irten bidera!” Jaiki ziren denak eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek zentzudunei esan zieten: “Emaguzue olio pixka bat, kriseiluak itzaltzera doazkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa denontzat; hobe duzue badaezpada dendara joan eta erosi”.
«Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.
«Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna! Zabaldu!”
Baina jaunak erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.
«Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko azaroaren 9a

Izenburua

---

José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko azaroaren 6a

FEDE HIGATUA PIZTU

Lehen kristau-belaunaldiak uste osoa zuen ezen Jesus, Jaun berpiztua, oso laster itzuliko zela bizi-bizi. Ez zen, ordea, gertatu horrelakorik. Pixkana, Jesusen ikasleek prestatu beharra izan zuten denbora luzean zain bizitzeko.
Ez da gauza zaila pentsatzea zein galdera etorriko zitzaien. Nola eutsi bizirik hasierako espirituari? Nola bizi esna Jauna iritsi bitartean? Nola elikatu fedea itzali gabe? Jesusen kontakizun batek, eztei batean gertatuaz, lagundu zien erantzuna bilatzen.
Hamar neska gazte, andregaiaren adiskideak, beren kriseiluak piztu  eta senarrari ongietorri egiteko prestatu dira. Eguzkia sartzean, emaztea berekin hartuko duenean, biei lagunduko diete, senarraren etxera eramango dituen segizioan, han eztei-otordua egiteko.
Bada xehetasun bat kontalariak hasieratik nabarmendu nahi izan duena. Hamar neska gazteen artean bost zuhurrak dira eta arduratsuak; berekin hartu dute olioa, kriseilukoa gastatu ahala gehitzen joateko. Beste bostak «zentzugabeak» dira eta zabarrak; ez dute olio gehigarririk hartu eta kriseiluak itzaltzeko arriskuan gertatu dira.
Hain zuzen, laster konturatuko dira beren okerraz. Senarra atzeratu egin da eta ez da iritsi gauerdia arte. Ongietorria egiteko deia entzun dutenean, zuhurrek olioa gehitu dute bere kriseiluetan eta jai-aretora sartu arte lagundu diote senarrari. Zentzugabeek ezin dute egin lantuka hasi besterik: «Itzaltzen ari zaizkigu kriseiluak!» Olio bila joan beharrean gertatu direla, atea itxia zelarik iritsi dira eztei-otordura. Beranduegi.
Iruzkingile askok «olioaren» sinboloari ezkutuko esanahia bilatu nahi izan dio. Espiritu-berotasunaz, maitasunaz, bataioko graziaz… mintzo ote da Jesus? Agian, gauza xumeagoa da haren desira handi hura gogoratzea: «Sua ekartzera etorri naiz lurrera, eta zer nahiago hura piztea baino?» Ba ote da ezer gure fedea piztu dezakeenik, Jesusekin harreman bizia izatea baizik?
Ez ote da zentzugabekeria fede higatu bat gorde nahi izatea, Jesusen suaz biziarazi gabe? Ez ote da kontraesana kristau garela uste izatea, haren egitasmoa ezagutu gabe eta haren bizierak erakartzen gaituela sentitu gabe?
Premia bizikoa dugu kalitate berri bat harekiko geure harremanetan. Geure bizitzaren erdigunetzat hura bera hartzen lagunduko digun guztia zaintzea. Indarrik ez gastatzea ebanjeliotik zabartzen edo desbideratzen gaituen ezertan.Igandero geure fedea piztea, haren hitzak hausnartuz eta bizi-jarreraz jaunartuz. Inork ezin ditu eraldatu gure elkarteak Jesusek bezala.

Jose Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.