lunes, 8 de diciembre de 2014

2014/12/14 - Abendualdiko 3. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 3. Igandea (B)


EBANJELIOA

Zeuen artean baduzue, ezagutzen ez duzuen bat.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1, 6-8.19-28

Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena.
Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten.
Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
Judu-agintariek apaiz- eta lebitar-talde bat bidali zioten Joani Jerusalemdik nor zen galdetzera. Hark argi eta garbi aitortu zuen:
–Ni ez naiz Mesias.
–Orduan, zer? Elias zara? –galdetu zioten.
Joanek erantzun:
–Ez.
–Etortzekoa den profeta zara?
Hark erantzun:
–Ez.
Berriro galdetu zioten:
–Nor zaitugu, bada? Bidali gaituztenei erantzunen bat eraman behar diegu. Zer diozu zeure buruaz?
Joanek, Isaias profetaren hitzak aipatuz, esan zuen:

–Ni, «Prestatu bidea Jaunari»
basamortuan oihuka ari denaren
ahotsa naiz.

Talde hartako batzuk fariseuak ziren. Hauek galdetu zioten:
–Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ezta etortzekoa den profeta ere, nola ari zara bataiatzen?
Joanek erantzun zien:
–Nik urez bataiatzen dut; zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat, nire ondoren datorrena, eta ni ez naiz inor hari oinetako lokarriak askatzeko ere.
Hau dena Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaren beste aldean, han ari baitzen Joan bataiatzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abenduaren 14a

ZELAITU JESUSENGANAKO BIDEA

«Bada zuen artean ezagutzen ez duzuen bat». Jesusez esan ditu hitz horiek Joan Bataiatzaileak; bataiatuak izateko, Jordan ibaira doan jende artean baitabil hura, oraino jendaurrean agertu ez bada ere. Hain juxtu, bere kezka guztia «bidea zelaitzea» du Joanek, jende hark Jesusengan sinetsi ahal dezan. Horrela aurkeztu ohi zuten Bataiatzailearen imajina lehen kristau-belaunaldiek.
Baina Bataiatzailearen hitzak halako moduan daude emanik, non, geure burua kristau jotzen dugunoi, gaur irakurririk, galdera kezkagarriak eragiten baitizkigute. Gure artean da Jesus, baina ezagutzen al dugu zinez?, bat egiten al dugu harekin?, hurbiletik jarraitzen al diogu?
Egia esan, Jesusez mintzo gara beti Elizan. Teorian ez da ezer guretzat hura baino garrantzizkoagorik. Baina, gero, hainbat jirabira ematen ditugu geure ideien, egitasmoen eta ekintzen inguruan, non, ez batere gutxitan, bigarren maila batean gelditzen baita Jesus. Geuk «ezkutatzen dugu» Jesus, konturatu gabe, geure burua protagonismoa emanez.
Agian, hau du kristautasunak bere zoritxarrik handiena: bere baitan «kristau» direla esaten duten hainbat eta hainbat gizon-emakume izatea, bihotzean Jesusen arrastorik ez dutela. Ez dute ezagutzen. Ez dute haren bizi-arnasarik. Ez ditu hark erakartzen, ez liluratzen. Irudi zurrun eta bizirik gabea da Jesus haiengan. Mutu da. Ez die esaten bizitza arnastuko dien ezer berezirik. Haien bizitza ez du markatzen Jesusek.
Eliza honek Jesusen «lekukoen» premia gorria du, haren antzeko izango diren fededunen, kristauen premia, beren izaeraz eta bizieraz Kristogan sinesteko bidea erraztuko dutenen premia. Jainkoaz hark bezala hitz egingo duten lekukoen beharra du, Jainkoaren errukizko mezua hark egiten zuen bezala komunikatuko dutenen beharra, Aitaganako konfiantza hark egiten zuen bezala kutsatuko dutenen beharra.
Zertako dira gure katekesiak eta predikuak Jesu Kristo ezagutzera, maitatzera, hari fede eta gozotasun handiagoz sinestera ez bagaramatzate? Zertako dira gure eukaristiak Jesusekin, haren egitasmoarekin, guztientzat hark egin duen buru-eskaintza gurutzatuarekin bat egiten laguntzen ez badute? Elizan inor ez da «Argia», baina guztiok distiraraz dezakegu hura geure bizitzan. Inor ez da «Jainkoaren Hitza», baina guztiok izan gaitezke kristautasunaren ardaztzat Jesu Kristo hartzera gonbidatzen eta eragiten duen ahots.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abenduaren 11a

ARGIAREN LEKUKOAK

Gizon-emakume batzuek Jesusekin izan duten harreman harrigarri batetik sortu da kristau-fedea. Ikasle hauek harekin harremanetan hasi eta «Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea» esperimentatu dutenean hasi da guztia. Jesusekin bizi izan duten esperientzia askatzaile, eraldatzaile eta gizatartzaileak abiarazi du guztia.
Haien fedea duda-muda, ziurtasun-ez eta oker-ulertzeen artean esnatu da, Galileako bideetan jarraitzen diotela. Koldarkeriak eta ukapenak jotzen du fede hori Jesus gurutzean josia ikusten dutenean. Baina, indarberritu eta kutsakor bihurtu da hil ondoren Jesus bizi dela esperimentatzen dutenean.
Horregatik, urteen joan-etorrian, esperientzia hori kutsatzen ez bada eta belaunez belaun eskualdatzen ez, haustura tragikoa gertatuko da kristautasunaren historian. Gotzainek eta apaizek kristau-mezua predikatzen jarraituko dute. Teologoek beren aztertzearen obrak idatziko dituzte. Eliz artzainek sakramentuak emango dituzte. Baina, hasieran bizi izan zuten hartatik zerbait kutsatuko duen lekukorik ez bada, funtsezkoa faltako da, Jesusekiko fedea mantendu dezakeen gauza bakarra faltako da.  
Geure kristau-elkarteetan Jesusen lekukoen premia dugu. Joan Bataiatzaileak, judu-herrian Jesusi bidea urratzen dion hark, Elizan hain premiazkoa den bokazio hau esnatzera animatzen gaitu. Gure aldi hauen iluntasunean, «argiaren lekukoak» behar ditugu.
Jesus desiratzea esnatuko eta haren mezua sinesgarri bihurtuko duten fededunak. Beren esperientzia pertsonala, beren espiritua eta beren hitza direla medio, Jesusekin topo egitea erraztuko dutenak. Ahaztua eta baztertua utzia izatetik aterako dutenak, gure artean ikusgarriago bihurtzeko.
Lekuko apalak; Joan Bataiatzailearen antzera, beren buruari erdigune bihur lezakeen inolako egitekorik leporatzen ez diotenak, Jesusi protagonismoa harrapatu nahi ez diotenak. Jesus ez ordezkatzen, ez lausotzen duten jarraitzaileak. Hura animatzaile eta sostengu duten kristauak; beren keinuen eta hitzen bidez, gure artean bizi den Jesusen presentzia nahastezina barruntarazten duten kristauak.
Jesusen lekukoak ez dira mintzo beren buruaz. Beren hitzik inportanteena Jesusi esaten uzten dioten hura dute. Egia esan, lekukoak ez du hitzik. Soilik «ahots bat» da, Jesusengana bidera gaitzakeen bidea «zelaitzera» guztiok anima gaitzakeena. Gure kristau-elkarteen fedeak ere gaur egun esperientzia horixe du sostengu, lekuko apal eta xume horiena, hainbat etsipen eta nahasmenduren artean argi egiten duten horiena; izan ere, beren bizieraz Jesus hurbil dugula sentitzen laguntzen digute.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko abenduaren 14a

ZELAITU JESUSENGANAKO BIDEA

(2014ko abenduaren 14ren homilia ikusi)  

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.