lunes, 5 de enero de 2015

2015/01/11 - Jaunaren Bataioa (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Jaunaren Bataioa (B)


EBANJELIOA

Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marcos liburutik 1, 7-11

Denbora haietan, Joan Honela hots egiten zuen:
«Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.
Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».
Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. Jesusek, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten.
Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015ko urtarrilaren 11an

ENTZUN ESPIRITUAK ZER DUEN ESATEN

Lehen kristauek konbentzimendu osoa zuten, ezen Jesusi jarraitzeko ez dela aski urez bataiatua izatea edo antzeko erritu bat. Jesusen Espiritu Santuak blai eginik bizi behar du haren jarraitzaileak. Horregatik, hainbat eratara jaso dira Ebanjelioetan Bataiatzailearen hitz hauek: «Nik urez bataiatu zaituztet, baina hark (Jesusek) Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».
Ez da harritzekoa, lehen kristauek, beren krisialdietan, modu berezian gogoratu izana ezen Espiritua gidari, sostengu eta indar izanik bizi beharra zutela. Apokalipsi liburuak, Domiziano enperadorearen agintepean Elizak bizi izandako urte kritikoetan idatzia den hark, behin eta berriz errepikatu die kristauei: «Belarririk duenak entzun dezala zer dien esaten Espirituak Elizei».
Bizitzen ari garen inoiz ez bezalako kultur aldaketa hau inoiz ez bezalako leialtasuna ari zaigu eskatzen kristauoi gaur egun Jesusen Espirituarekiko. Krisiari buruz estrategiak eta errezeta automatikoak asmatzen hasi aurretik, hau aztertu beharko genuke: zer harrera ari gara egiten gaur Jesusen Espirituari?
Haziz doan sekularizazioaz behin eta berriz lantuka jardun ordez, hau dugu aztertu beharra: zein bide berriren bila ari da gaur Jainkoa gure garaiko gizon-emakumeekin egoteko?, nola behar dugu berritu fedea hausnartu, esan eta bizitzeko modua, gizakiak bihotzean sumatzen dituen galderei, duda-mudei eta beldurrei Jainkoaren Hitzak erantzun ahal diezaien?
Azken punturaino moldaturiko egitasmoak landu aurretik, eraldatu beharra dugu egungo munduarekiko geure begirada, geure jarrera eta geure harremanak. Jesusen antzekoago izan beharra dugu. Haren Espirituak molda gaitzan utzi beharra. Jesusek bakarrik eman diezaioke Elizari beste aurpegi bat.
Jesusen Espirituak bizi-bizi eta eragile jarraitzen du gaur ere jendearen bihotzean, Elizatik erabat urrundu direnekin nolako harremanak dituen geure buruari galdetzen ez badiogu ere. Guztientzat, «Jesusen Eliza» izaten ikasteko ordua iritsia da, eta hark bakarrik irakats diezaguke hori.
Ez gaitezen mugatu krisiaz hitz egitera. Ari dira sortzen egoerak, zeinetan ebanjelioaren muinak oihartzun-hots berria izan baitezake. Eliza hauskorrago, ahulago eta umilago batek ekar dezake Jesusen Espiritua modu egiazkoagoan ulertua eta onartua izatea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain


HOMILIA

2011ko urtarrilaren 8an

JESUSEN ESPIRITUA

Judu-herriak krisialdi handia bizi zuen une batean agertu zen Jesus Galilean. Denbora asko zeraman Jainkoaren urruntasuna sentituz. Zerua «itxia» zegoen. Ematen zuen ezin ikusizko murru antzeko batek eragozten ziola Jainkoarekin komunikatzea. Inor ez zen gai haren ahotsa entzuteko. Ez zuten jada profetarik. Ezin zuen inork hitz egiten Espirituak eraginda.
Hauxe zuten gauzarik gogorrena: Jainkoa beraietaz ahaztu egin zela uste izatea. Israel herriaren arazo Jainkoari bost axola ote zitzaion. Zergatik zegoen ezkutuan? Zergatik hain urrun? Apika, jende askok zuen gogoan antzinako profeta baten otoitz hau: «Ai zerua urratu bazeneza eta jaitsiko bazina!»
Markosen ebanjelioa entzun zuten lehenengo kristauak harriturik geldituko ziren, noski. Markosek kontatzen duenez, Jordan ibaiko uretatik irtetean, bataioa hartu ondoren, Jesusek «zerua urratzen ikusi zuen» eta «bere gainera Jainkoaren Espiritua jaitsi zela» sentitu zuen. Azkenean, posible zen Jainkoarekin topo egitea. Bazen lurrean Jainkoaren Espirituak hartua zuen gizon bat. Jesusen zeritzan eta Nazaretetik zetorren.
Jesusen gainera jaitsi den Espiritu hori bizia kreatzen duen Jainkoaren hatsa da, bizidunak berritzen eta sendatzen dituena, guztia eraldatzen duen maitasuna. Lehen kristauek ez zuten nahi Bataiatzailearen ikasletzat har zitzaten. Jesusen Espirituak bataiatutzat zuten beren burua.
Espiritu hori gabe dena itzalia da kristautasuna. Galdu da Jainkoarekiko konfiantza. Fedea ahuldua. Iraganeko pertsona huts bilakatzen da Jesus, bizirik gabeko letra bihurtzen da Ebanjelioa. Maitasuna hoztu, eta Eliza erakunde erlijioso bat gehiago baizik ez.
Jesusen Espiriturik gabe, askatasuna itoa da, poza itzalia, ospakizuna ohitura huts bihurtua, elkartasuna hautsia. Espiriturik gabe, misioa ahaztu egiten da, esperantza hil, beldurra handitu, Jesusi jarraitzea erdipurdiko gauza erlijioso bihurtzen da.
Gure arazorik nagusiena Jesus ahaztu izana da, haren Espirituaz ez arduratzea. Oker handia da antolatzearekin, lanarekin, debozioarekin edo mila eratako estrategiarekin lortu nahi izatea Espirituagandik bakarrik jaio daitekeen hura. Sustraietara itzuli beharra dugu, Ebanjelioa bere freskotasun eta egiatasun osoan berreskuratu beharra, Jesusen Espirituan bataiatu beharra.
Ez dezagula engaina geure burua. Espiritu honi ez badiogu uzten biziberritu eta birsortu gaitzan, kristauek ez dugu izango garrantzizko inolako ekarpenik gaur egungo gizartearentzat, hain barnetasun gabea eta maitasun solidariorako hain gaitasun gabea eta hain esperantza-beharrean den honentzat.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.