lunes, 20 de abril de 2015

2015/04/26 - 4. Pazko Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

4. Pazko Igandea (B)


EBANJELIOA

Artzain onak bere burua ematen du ardien alde.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10, 11-18

Denbora haietan Jesusek esan zion:
«Neu naiz artzain ona ; artzain onak bere burua ematen du ardien alde. Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan ere, morroiari lansaria zaio axola eta ez ardiak.
«Neu naiz artzain ona. Ezagutzen ditut neure ardiak, eta ni ere ezagutzen naute neureek, Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dudan bezalaxe. Nik neure burua ematen dut ardien alde. Baditut artegian ez dauden beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire ahotsa entzungo dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.
«Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko apirilaren 26a

HURBILDU ETA ELKAR EZAGUTU

Lehen kristauen artean talde eta lider desberdinen artean gatazkak eta tirabirak hasi zirenean, norbaitek gogorarazi beharra sentitu zuen ezen, Jesusen elkartean, Jesus bakarrik dela Artzain ona. Eta ez dela hura artzain bat gehiago, zinezkoa baizik, benetakoa, guztiek eredutzat hartu beharrekoa.
Jesusen irudi eder hau, Artzain ona alegia, bihozberritzeko deia da, kristau-elkartean «artzain» titulua bere egin nahi luketenei zuzendua. Jesusen antzeko den artzainak bere ardiak bakarrik ditu gogoan, ez «du ihes egiten» arazoen aurrean, ez «ditu bertan behera uzten». Aitzitik, haien ondoan egongo da, defendatu egingo ditu, bereak eta bost jasaten du haiengatik, «bizia arriskatzen du» haiengatik.
Aldi berean, guztientzat haurride-elkartasunerako deia da irudi hori. Artzain Onak «ezagutzen ditu» bere ardiak, eta ardiek «ezagutzen dute» hura. Hurbiltasun hertsi hau, elkar ezagutze hau eta bihotzetiko elkartasun hau tarteko direla bakarrik parteka dezake Artzain Onak bere bizia ardiekin. Elkartasun honetara eta elkar ezagutze honetara behar dugu jo gaur egun ere Elizan.
Federako oso errazak ez diren egun hauetan, inoiz ez bezala da premiazkoa indarrak batzea, ebanjelio-irizpideak eta jarduteko ildo nagusiak elkarrekin bilatzea, zein norabide sortzaile hartu jakiteko geroari begira egin nahi dugun ibilbidean.
Halaz guztiz, ez da hori gertatzen ari. Soilik elkartasunean bizitzeko dei konbentzionalak egiten dira, baina elkarri entzuteko eta elkarrizketarako giroa sortze aldera urratsik egin gabe. Aitzitik, gero eta handiagoak dira deskalifikazioak eta ezbaiak gotzainen eta teologoen artean, joera desberdineko teologoen artean, ildo desberdineko mugimenduen eta elkarteen artean; era guztiko taldeen eta «blog»en artean...
Agian, ordea, hau da gauzarik tristeena: ikustea egunetik egunera handituz doala hierarkiaren eta kristau-herriaren arteko leizea. Ematen du bi mundu desberdinetan bizi direla. Leku askotan, «artzainek» eta «ardiek» ozta-ozta dute elkar ezagutzen. Gotzain askok nekez dute sintonizatzen fededunen egiazko premiekin, beharrezkoak dituzten orientabidea eta arnasa eskaintzeko. Fededun askori zail gertatzen zaio beren artzainekiko afektua eta ardura sentitzea, beren problemetatik urrun daudela iruditzen zaielako.
Artzain Onaren Espirituaz beteak diren fededunek bakarrik lagundu diezagukete hain beharrezkoa dugun hurbiltasun-giroa sortzen, elkarri entzuteko, elkar errespetatzeko, elkarrizketa apalerako giroa sortzen.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko apirilaren 29a

DAGOKIGUN KONTUA DA

Jesus artzain ona delako sinboloa gogaigarri zaio gaur egun, hein batean, zenbait kristauri. Ez dugu nahi artalde bateko arditzat har gaitzaten. Ez dugu inork goberna gaitzan beharrik, ezta gure bizitza inork kontrola dezan ere. Errespeta gaitzaten nahi dugu. Ez dugu inongo artzainen premiarik.
Lehen kristauek ez zuten horrela sentitzen. Jesus artzain onaren irudia oso garaiz bihurtu zen Jesusen imajinarik gogokoen. Erromako katakonbetan, jada, ardi galdu bat lepoan duela irudikatu zuten Jesus. Inork ez du hartu Jesus artzain autoritariotzat, bere jarraitzaileak zaintzeari eta kontrolatzeari emandakotzat, baizik eta artatzen dituen artzain ontzat.
«Artzain ona» bere ardiez arduratzen da. Hori du bere lehen ezaugarria. Ez ditu bazter uzten sekula. Ahulenei edo gaixoei begira bizi ohi da beti. Ez da artzain-morroia bezalako; honek, arriskuren bat ikusi orduko, ihes egiten du, bere burua salbatzera, artaldea bertan behera utzirik; honi ez zaizkio axola ardiak.
Oroitzapen ezabaezina utzia zuen Jesusek. Ebanjelioetako kontakizunek honela deskribatu dute: gaixoez arduraturik, baztertuez, txikiez, babesgabeenez eta ahaztuenez, galduenez kezkaturik. Ematen du bere buruaz ez dela arduratzen. Beti gainerakoak buruan. Batez ere, ezinduenak ditu axola.
Bada, ordea, besterik ere. «Artzain onak bizia eman du bere ardientzat». Bigarren ezaugarria da. Bost alditaraino errepikatu du Joanen ebanjelioak hizkuntza hau. Jesusek jendeari dion maitasunak ez du mugarik. Bere burua baino gehiago maite ditu besteak. Guztiak maite ditu artzain onaren maitasunez; ez du ihes egin arriskuaren aurrean, baizik eta bizia eman du artaldea salbatzeko.
Horregatik, Jesusen irudia, «artzain onarena», oso garaiz bihurtu zen, haren jarraitzaileentzat, kontsolamenduaren eta konfiantzaren mezu. Kristauek Jesusengana jotzen ikasi, 22. salmotik hartutako hitz hauekin ikasi zuten: «Jauna dut artzain, ez dut ezar falta… mendiarte ilunetan ibili behar badut ere, ez naiz ezeren beldur, neurekin baitzaitut zu… Ene bizitzako egun orotan lagun ditut zure ontasuna eta zure errukia».
Kristauok, sarritan, harreman aski pobreak izan ohi ditugu Jesusekin. Esperientzia biziago eta bihozkoiago baten premia izan ohi dugu. Ez dugu uste izaten hark artatzen, zaintzen gaituela. Ahaztu egin ohi dugu harengana jo dezakegula, nekaturik eta indarrik sentitzen garenean, edo galdurik eta norabiderik gabe.
Eliza bat, oker ezagutua edo soilik doktrina bidez ezagutua den Jesusekin erlazionatzen diren kristauek moldatua, elkarteetan ahotsa egoki entzuten ez zaion Jesusekin erlazionatuek moldatua den Eliza bat…, bere Artzainaz ahazteko arriskuan bizi da. Alabaina, zeinek zainduko Eliza, beronen Artzainak ez bada?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko maiatzaren 3a

HURBILDU ETA ELKAR EZAGUTU

(2015eko apirilaren 26a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.