lunes, 6 de julio de 2015

2015/07/12 - Urteko 15. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 15. Igandea (B)


EBANJELIOA

Binaka bidaltzen hasi zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 6,7-13

Denbora haietan, hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako deus ere ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta gerrikoan dirurik ere; oinetan sandaliak eraman zitzatela, baina aldatzeko soinekorik ez. Gero, nola jokatu esan zien: «Etxe batean sartzen zaretenean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat ».
Joan ziren, bada, haiek eta berri ona hots egin zuten bihozberri zitezen. Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz igurtziz.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko uztailaren 12a

ELKARTEKO AZTERKETA

Jesusek ez ditu bidali ikasleak nolanahi. Jainkoaren erreinuaz Jesusek duen egitasmoan parte hartu eta haren misioa jarraitu nahi bada, ezinbestekoa da biziera berezi bat. Horrela izan ezean, mila gauza egin ahal izango dugu, baina Jesusen espiritu munduan txertatu ez. Jesusen gomendio batzuk gogorarazi dizkigu Markosek. Azpimarra ditzagun banaka batzuk.
Lehenik eta behin, nor dira haiek Jesusen izenean hitz egiteko? Zein aginpide dute horretarako? Markosen arabera, Jesusek, bidali dituenean, «aginpidea eman die espiritu kutsatuen gain». Ez die eman botererik bidean aurkituko duten jendearen gain. Jesus bera ere ez da baliatu bere botereaz jendea gobernatzeko, sendatzeko baizik.
Beti bezala, mundu osasuntsuagoa du Jesusek bere gogoan, gizakia esklabo eta desgizaki bihurtzen duten indar gaiztoetatik librea den mundua. Ikasleek ere haren indar sendatzailea txertatu behar dute jendearen artean. Jesusen ikasleak gizartean ikasle-bidea egin nahi badu, jendearen gain boterea erabiliz ez, baizik bizitza gizatar bihurtuz burutuko du, jendearen sufrimena arinduz, askatasuna eta haurridetasuna handiaraziz.
Soilik, «makila» eta «oinetakoak» eramango dituzte. Bidaiari ikusi nahi ditu Jesusek ikasleak. Inoiz ez egonari loturik. Beti bidaiari. Ezeri eta inori atxiki gabe. Berekin behar-beharrezkoa bakarrik dutela. Jesusek berak zuen zalutasunez horniturik, beharrean den nornahirengana iristeko prest. Jesusen makila ez da agintzeko, baizik bidean lagun izateko.
Ez dute eramango «ogirik, ez bizkar-zorrorik, ez dirurik». Ez dute bizi behar beren segurtasuna burutik kendu ezinik. Gauza inportanteagoa dute berekin: Jesusen Espiritua, haren Hitza, haren Agintea jendearen bizitza gizatartatzeko. Kuriosa da, baina Jesusek ez du gogoan eraginkorrago izateko ikasleek berekin eraman behar duten ezer; soilik zer ez duten eraman behar aipatu du. Hain zuzen, egunen batean pobreez ahaztu eta beren ongizatean hesiturik gera ez daitezen.
Ez dute eraman behar «ordezko jantzirik» ere. Xume-xume jantziko dira, pobreak bezala. Ez dute eramango Tenpluko apaizek bezalako jantzi sakraturik. Ez dira jantziko basamortuko bakardadean Bataiatzailea jantzi ohi zen bezala ere. Jendearen artean izango dira profeta. Ikasleen bizitza seinale izan behar du Jainkoa guztiekiko hurbil dela, batez ere premiarik handiena dutenekiko.
Ausartuko ote gara egunen batean Elizaren baitan elkarteko azterketa egitera, Jesusek argitu gaitzan eta, kasik konturatu gabe, haren espiritutik nola joan garen urruntzen ikustera irits gaitezen?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko uztailaren 15a

EBANJELIZAZIO BERRIA

Ebanjelizazio berri baten premia sentitzen dugu gaur egun Elizan. Zer izan daiteke, ordea? Zein izan daiteke berritasuna? Zer behar dugu aldatu? Zein izan zen egiaz Jesusen asmoa, ikasleak bere ebanjelio-eginkizuna luzatzera bidali zituenean?
Markosen kontakizunak argi uzten du Jesus bakarrik dela haren jarraitzaileen egintza ebanjelizatzailearen iturria, inspiratzailea eta eredua. Jesusen aginpidez jardungo dute jarraitzaileek. Ez dute ezer egingo beren izenean. Jesusen «bidaliak» dira. Ez dira izango beren buruaren predikari: Jesusen Ebanjelioa hots egingo dute, soilik. Ez dute izango beste interesik: soilik, Jainkoaren erreinuari bideak urratzeari emanak biziko dira.
«Ebanjelizazio berri» bat eragiteko era bakarra Jesusekiko lotura hau garbitu eta indartzea izango da. Ez da izango ebanjelizazio berririk, ez badago ebanjelizatzaile berririk, eta ez da izango ebanjelizatzaile berririk, ez badago Jesusekin harreman biziagorik, argiagorik eta suharragorik. Hura gabe, munduan haren Espiritua sartu ez beste edozer gauza egingo dugu.
Bidali dituenean, Jesusek ez ditu utzi ikasleak beren indarraren baitan. «Bere aginpidea» eman die; ez da, ordea, gainerakoak kontrolatzeko, gobernatzeko edo dominatzeko boterea, baizik «espiritu lohiak bota» ahal izateko bere indarra da, jendea askatzen duena pertsona eta gizartea esklabutzen, estutzen eta gizatasuna kentzen duen orotatik.
Ikasleek oso ondo dakite zer dien Jesusek gomendatu. Ez dute ikusi hura sekula inor mendean hartzen. Beti ezagutu dute zaurituak sendatzen, sufrimendua arintzen, bizitza eraberritzen, beldurretik liberatzen, Jainkoaganako konfiantza kutsatzen. «Sendatu» eta «liberatu» dira lehenengo egitekoak Jesusen jardueran. Horrek guztiak errotik aldatuko luke gure ebanjelizazioaren aurpegiera.
Premiazkoa berekin dutela bidali ditu ebanjelizatzera. Markosen arabera, «makila, sandaliak eta tunika bat» eramango dute soilik. Ez dute beste ezeren beharrik funtsezkoaren lekuko izateko. Aske eta loturarik gabe ikusi nahi ditu Jesusek; beti prest, ongizateari lotu gabe; Ebanjelioaren indarrean fidaturik.
Ebanjelio-jarrera hau berreskuratu ezean, ez da izango ebanjelizazio berririk. Garrantzizkoa ez da jarduera eta estrategia berriak abian jartzea, baizik eta alde batera uztea ohiturak, egiturak, mirabetzak, Ebanjelioaren funtsa egiaz eta xume kutsatzeko aske izatea eragozten diguten neurrian.
Elizak galdu egin du Jesusek iradokitzen duen bidari-estilo hau. Eta bidari nagi eta astun bihurtu da Eliza. Ez da gai gizadiari lagun egiteko. Ez dugu zalutasunik kultura batetik bestera igarotzeko. Izan dugun botereari eutsi nahi diogu. Jainkoaren erreinuarekin zerikusirik ez duten interesetan katramilatu gara. Bihotz-berritu beharra dugu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko uztailaren 12a

ELKARTEKO AZTERKETA

(2015eko uztailaren 12a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.