lunes, 13 de julio de 2015

2015/07/19 - Urteko 16. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 16. Igandea (B)


EBANJELIOA

Artzain gabeko ardiak bezala zebiltzan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik. 6, 30-34.

Denbora haietan, Apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. 31 Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku gorde batera, eta hartu atseden pixka bat».
Asko baitziren joan-etorri zebiltzanak, eta ez zuten jateko astirik ere.
32 Orduan, bazter batera joan ziren, beraiek bakarrik, txalupaz. 33 Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, haiei aurrea hartuz.
34 Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek. Errukitu egin zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien luze eta zabal.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko uztailaren 19a

ARTZAINIK GABEKO ARDIAK BEZALA

Bere ebanjelioa hots egitera Jesusek bidali dituen ikasleak gogobero itzuli dira. Presa bizia izan dute egin eta irakatsi dutenaren berri beren Maisuari emateko. Ematen du, Jesusek patxadan entzun nahi diela, eta « leku baketsu batera joatera gonbidatu ditu berak bakarrik, apur bat atsedetera».
Jendeak, ordea, hankaz gora jarri ditu haien asmoak. Herrixka guztietatik jo du jendeak haien bila. Ezin dute egin bilera baketsu hura, Jesusek bere ikasle hurbilekoenekin egin nahi zuen hura. Izan ere, ikasleak iritsi baino lehen, jendetzak hartua du leku hura guztia. Zer egin du orduan Jesusek?
Xeheki deskribatu du ebanjelariak Jesusen jarrera. Jesusentzat jendea ez da sekula neke. Arretaz erreparatu dio jendetzari. Badaki, izan ere, Jesusek erreparatzen, ez soilik lagun jakin eta hurbilekoei, baita jendetzari ere, ahotsik, aurpegirik eta inportantzia berezirik ez duten gizon-emakumeek moldaturiko jendetzari ere. Bat-batean harrapatu du errukiak Jesusen bihotza. Ezin izan du saihestu. «Erruki izan zituen». Bihotz barnean ditu guztiak.
Ez ditu bazter utziko sekula. «Artzainik gabeko ardi bezala» ikusi ditu: bidean gidatuko dituen gidaririk gabeko jende bezala, Jainkoaren ahotsa entzutera emango dion profetarik gabeko bezala. Hargatik, «haiei patxadaz irakasteari ekin zion», bere denbora eta arreta eskainiz, bere Hitz sendatzailea janaritzat emateko.
Egunen batean aztertu beharra izango dugu Jesusen, geure Jaun bakar horren aurrean, nola ari garen erreparatzen jendetza horri, nolako trataera ematen diogun, Elizatik pixkana ihesi doakigun horri; hain zuzen eta agian, gure artean Jesusen Ebanjelio entzuteko aukerarik ez duelako, gure hitzaldiek, agiriek eta agerpenek ezer gutxi adierazten diotelako.
Jende xumea eta ona, gugan desilusioa baino aurkitu ez duena, gugan Jesusen errukirik sumatu ez duena. Jende fededuna: ez daki ez zeinengana jo, ez zein bide hartu, gugan sumatzen dutena baino Jainko gizatarrago batekin topo egin ahal izateko. Kristauak: isilik gelditu dira, ondo dakitelako beren hitza ez duela kontuan hartuko Elizan «norbait» den inork.
Egunen batean aldatuko da, ordea, Eliza honen aurpegiera. Ikasiko du erruki beroagoz jokatzen; alde batera utziko du bere hizketa eta emango dio jendearen sufrimena entzuteari. Bai, Jesusek ahalmena du gure bihotza eraldatzeko eta gure elkarteak eraberritzeko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko uztailaren 22a

JESUSEN BEGIRATUA

Xeheki kontatu du Markosek pasadizoa. Leku patxadatsu eta bakartu baterantz doa Jesus ontziz ikasleekin. Lasai entzun nahi die, nekaturik itzuli baitira beren lehen ibilaldi ebanjelizatzailetik, eta bidali dituen Profetarekin partekatu nahi baitute beren esperientzia.
Jesusen asmok, ordea, huts egin du. Jendeak antzeman dio nora doan eta, ertzetik korrika, aurrea hartu dio. Iritsi direnean, Jesus eta ikasleak inguruko herrixka guztietatik etorri den jendetzarekin egin dute topo. Zein izango ote Jesusen erreakzioa?
Markosek grafikoki deskribatu du haren jokabidea: ikasleek ikasi beharra dute jendea nola tratatu; kristau-elkarteetan gogoan izan beharko da nola jokatzen zuen Jesusek anonimatuan galdua zen jendearekin, inork kontuan hartzen ez zuenarekin. «Ontzitik ateratzean, Jesusek jendetza ikusi eta hunkitu zen, zeren artzainik gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien, batere presarik gabe».
Ebanjelizatzaileak azpimarratzen duen lehenengo gauza, Jesusen begiratua da. Ez da haserretu bere asmoa huts eginarazi diotelako. Pausatuki jarri zaie begira eta hunkitu da. Jendea Jesusek ez du sekula gogaikarri. Haren bihotzak sumatu du herrixka haietako landa-jendea zein bide galdurik eta abandonaturik bizi den.
Jendeari Jesusek bezala begiratzen ikasi beharra dugu geure Elizan: askok jasaten duen sufrimena, bakartasuna, nahasmendua edo abandonua atzemanez. Errukia ez da sortzen arauez arduratzetik edo gure betebeharrak gogoan izatetik. Sufritzen dutenei adi-adi begiratzetik sortu ohi da.
Begiratu horrekin konturatu da Jesus jende haren premiarik sakonenaz: «artzainik gabeko ardiak bezala dabiltza». Maisuek eta legelariek eskaintzen dieten irakaspenak ez die ematen behar duten janaririk. Beraiez inor arduratzen ez dela bizi dira. Ez dute ez gidatu, ez defenda ditzakeen artzainik.
Errukiak eraginda, «batere presarik gabe hasi zaie irakasten». Presarik gabe, Jainkoaren Berri Ona eta erreinuaz duen egitasmo gizatarra irakasteari emanik biziko da. Ez da ari derrigorrez. Ez da ari bere buruari begira. Jainkoaren Hitza eman nahi die, bizi duten artzain baten premiak hunkiturik.
Ezin gelditu gara axolagabe, geure kristau-elkarteetan, hartzen duena baino janari sendoago baten bila dabilen jendea ikusirik. Ezin eman dugu normaltzat Eliza baitan ageri den norabide erlijiosoaren falta. Buru argiz eta erantzukizunez erreakzionatu behar dugu. Ez dira gutxi janari hobe baten bila dabiltzan kristauak. Jesusen irakaspena agertuko dieten artzainak behar dituzte.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko uztailaren 19a

ARTZAINIK GABEKO ARDIAK BEZALA

(2015eko uztailaren 19a homilía ikusi).

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.