lunes, 23 de noviembre de 2015

2015/11/29 - Abendualdiko 1. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 1. Igandea (C)


EBANJELIOA

Se acerca vuestra liberación.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 21,25-28.34-36

Denbora haietan, Jesus bere ikasleei esan zien: «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, berriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik. Eta munduari gainera datorkionaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka ariko baita. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.
«Hau guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta altxatu burua, laster baituzue zeuen askapena».
«Zabiltzate, bada, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla eta, ez bekizue gogoa motel, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen, sarea bezala eroriko baita munduan bizi diren guztien gainera. Egon erne eta erregutu uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutik irauteko kemena izan dezazuen».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko azaroaren 29a

EGON BETI ERNE

Ebanjelioetan datozen hitzaldi apokaliptikoek lehen kristau-elkarte haien beldurra eta ziurtasunik eza islatzen dituzte; Erromatar Inperio handi haren barruan, gatazka eta pertsekuzio artean, etorkizuna dilindan zutela, beren Jaun maitea, Jesus, noiz iritsiko zen ez zekitela ahul eta zaurigarri bizi ziren.
Hitzaldi horietako erreguak ere kristau haiek elkarri egin ohi zizkieten erreguen oihartzun dira, batak besteari Jesusen mezua gogoraraziz bizi baitziren. Erne bizitzeko dei hori ere, otoitza eta konfiantza zainduz, Jesusen Ebanjelioaren eta haren otoitzaren jatorrizko ezaugarri berezia da.
Horregatik, gaur egun entzungo ditugun hitz hauek, mende askoren ondoren, ez doaz gu beste hartzaile batzuengana. Jesusen Elizan bizi garenoi doazkigu, gaur eguneko zailtasunen eta ziurtasun-ezaren baitan bizi garenoi.
Mendeen zamagatik, iraganeko borroken eta lanaren eraginez makur-makur doan edade handiko emakumearen antzera dabil egungo Eliza, tarteka. «Buru makur», bere erroreak eta bekatuak gogoan, beste alde batzuetako aintza eta ahala harrokeriaz erakutsi ezinik. Horiek horrela, Jesusek guztioi dagigun deia entzuteko garaia da.
«Jaiki zaitezte», bihotz eman elkarri. «Goratu burua» konfiantzaz. Ez jarri geroari begira zeuen kalkuluen eta aurreikuspenen prismatikoz bakarrik. «Hurbil da zuen askatasuna». Egun batean ez zarete biziko makur-makur eginik, zapaldurik, etsipenak tentaturik. Jesu Kristo da zuen askatzailea.
Baina badira bizimoduak, burua zut ibiltzea galarazten dutenak, behin betiko askapen horretan konfiantza bizi ezinik. Horregatik, «izan ardura burua sorgortu ez dakizuen». Ez zaitezte ohitu bizitzera burua sentiberatasunik gabe eta gogor duzuela, ez ibili zeuen bizitza ongizateaz eta plazerez nola beteko bila, zeruko Aitari eta lurrean sufritzen ari diren haren seme-alabei gibela emanez. Bizimolde horrek gero eta kaxkarrago egingo zaituzte gizatasunean.
«Egon beti erne». Esnarazi fedea zeuen elkarteetan. Izan adiago Ebanjelioari. Zaindu hobeto Jesusen presentzia zeuen artean. Ez izan loak hartuak dituen elkarte. Bizi zaitezte «indarra eskatuz». Izan ere, nolatan izan Jesusen jarraitzaile baldin Aitak eusten ez badigu? Nolatan «bizi zutik Gizonaren Semearen aurrean »?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko abenduaren 2a

HASERREA ETA ESPERANTZA

Hautsezineko konbentzimendu bat du sostengu, hasieratik beretik, Jesusen jarraitzaileen fedeak: Jainkoak arnasturik, bere behin betiko askapenera bideratua da giza historia. Gizakiaren jasanezineko kontraesanek eta aro guztietan burutzen diren izugarrikeriek ezin suntsi dezakete gure esperantza.
Geure sostengu dugun mundu hau ez da behin betikoa. Egun batean, kreazio osoak agertuko ditu azkenera iritsi delako «seinaleak», gutako inork imajina edo uler ez dezakeen bizi berri eta askatu bati lekua uzteko.
Ebanjelioek jasoa dute Jesusen gogoeta bat aldien azken honetaz. Era paradoxikoan, Jesusek ez du jarri bere arreta momentu hartan gertatuko diren «gertaera kosmikoetan». Bere xedea, horizonte horren aurrean, bere jarraitzaileei argi eta azti bizitzeko estilo bat proposatzea du Jesusek.
Historiaren azkena ez da izango nahas-mahas edo kaos bat, ez da izango bizitza suntsitzea, erabateko heriotza. Argi eta ilun artean, geure bihotzaren deiak entzunez nahiz geure baitan dugun alde hobenari ezentzuna eginez, bide eginez goaz fededunok astiro «Jainkoa» deitzen dugun errealitatearen azken misteriorantz.
Ez genuke bizi behar beldurrak edo larriak jota. «Azken eguna» ez da izango sumindura- edo mendeku-eguna, baizik askapen-eguna. Hitz harrigarri hauekin laburbildu du Lukasek Jesusen pentsaera: «Jaiki zaitezte, jaso burua; hurbil da zuen askapena». Soilik orduan ezagutuko dugu egiaz nola maite duen Jainkoak mundua.
Geure konfiantza indarberritu beharra dugu, bihotza goratu eta esperantza esnatu beharra. Egun batean, finantza-botereek lur joko dute. Boteretsuen zorakeriarenak egingo du. Gerlen, krimenen eta genozidioen biktimak biziko dira. Mundua gizatasun handiagoko egin nahia eta ahalegina ez dira galduko betiko.
Bere jarraitzaileei, beren barnean astindu bat eman nahi die Jesusek. «Zabiltzate kontuz: ez dakizuela burua moteldu». Ez zaiteztela bizi zoroak bezala. Ez zaiteztela bizi azalkeriari eta gehiegikeriari emanik. Eutsi bizirik haserreari. «Bizi beti erne». Ez zabartu. Bizi azti eta erantzukizunez. Ez aspertu. Bizi beti tentsio bizian.
Nola ari gara bizitzen aldi hau, zaila ia guztientzat, estua askorentzat, ankerra ezintasunean murgilduak direnentzat? Erne bizi al gara? Ala lo? Kristau-elkarteetan haserrea eta esperantza arnastu behar ditugu. Eta bakarra da bidea: etsipenean, amorruan eta umilazioan murgildurik, ezer gabe gelditzen ari direnen ondoan bizitzea.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko azaroaren 29a

EGON BETI ERNE

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.