lunes, 30 de noviembre de 2015

2015/12/06 - Abendualdiko 2. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 2. Igandea (C)


EBANJELIOA

Gizaki guztiek ikusiko dute Jainkoak ematen duen salbamena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 3,1-6

Tiberio enperadorearen agintealdiko hamabosgarren urtea zen. Pontzio Pilato zen Judeako gobernari, Herodes Galileako agintari, honen anaia Felipe Itureako eta Trakonitidako agintari, eta Lisanio Abileneko agintari; Anas eta Kaifas ziren apaiz nagusi. Garai hartan, Joanek, Zakariasen semeak, Jainkoaren mezua hartu zuen basamortuan . Jordan inguru guztian barrena ibili zen Joan, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots eginez , bekatuen barkamenerako. Horrela, Isaias profetaren liburuan idatzirik dagoena gertatu zen:

Ahots bat oihuka
ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.
Bete daitezela sakanak,
beheratu mendi-muinoak;
bihur bitez zelai eta lautada
paraje latz eta malkarrak.
Orduan, gizaki guztiek ikusiko dute
Jainkoak ematen duen salbamena.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko abenduaren 6a

BASAMORTUA INGURUMEN

Lukasek ardura berezia agertu du une hartan botere politikoa eta erlijiosoa kontrolatzen duten pertsonen izenak zehatz emateko. Bere esku dute haiek guztia planifikatzea eta gidatzea. Alabaina, Jesu Kristoren gertaera erabakitzailea haien eraginaren eta boterearen eremuz kanpo prestatu eta gauzatu da, haiek ezer jakin eta erabaki gabe.
Horrela agertu ohi da beti munduan eta gure bizitzan gauzarik funtsezkoena. Horrela sartu ohi da giza historian Jainkoaren grazia eta salbazioa. Funtsezkoena ez da egoten boteretsuen esku. Guztiz labur dio Lukasek: «Jainkoaren hitza basamortuan etorri zitzaion Joani», ez inperioko Erroma hiriburuan, ezta Jerusalemgo Tenpluaren barne sakratuan.
Ezin da inon entzun basamortuan baino hobeto mundua aldatzeko Jainkoak dagien deia. Egiaren lurraldea da basamortua. Funtsezkoa bizitzeko tokia da. Han ez da lekurik alferrik den ezertarako. Han ezin bizi da inor premiazko ez diren gauzak pilatuz. Ezinezkoa da han luxua eta arrandia. Bizitza norabidetzeko bide egokiaren bila ibiltzea da gauza nagusia.
Horregatik, profeta askok basamortua amestu ohi zuen, bizitzan gauzarik xumeena eta funtsezkoena denaren sinboloa delako; Jainkoaren aurkako hainbat desleialtasunek eta herriaren aurkako hainbat zuzengabekeriak kutsatu gabeko biziaren sinbolo delako. Basamortuaren ingurumen horretan, «Bataioaren» egundoko sinboloa hots egiteari ekin dio Joan Bataiatzaileak; bihozberritzearen, garbi bihurtzearen, barkazioaren eta biziera berri baten hasieraren sinboloa izango da bataio hori.
Eta, gaur, nola erantzun dei horri? Isaias profetagandik hartutako irudi batean laburbildu du Bataiatzaileak: «Prestatu bidea Jaunari». Geure bizitzan oztopo eta kontrakotasun askorekin topo egin ohi dugu, Jainkoa gure bihotzera eta elkarteetara, gure Elizara eta mundu honetara iristea eragozten edo zailtzen duten askorekin. Jainkoa beti hurbil izango da. Guri dagokigu bidea urratzea, Jainkoa Jesusengan gizon eginik onartu ahal izateko.
Isaiasen irudiak oso oinarrizko konpromisora eragiten digu: funtsezkoaz gehiago arduratzera, bigarren mailakoetan galdu gabe; zuzentzera, guztien artean desitxuratu izan duguna; bide okerra zuzentzera; geure bizitzako benetako egia aintzat hartzera, bihozberritzearen jarrera berreskuratzeko. Arduraz jokatu beharra dugu geure haurren bataioaren inguruan; baina «bihozberritzearen bataioa» da guztiek guztien gain behar duguna.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko abenduaren 9a.

BIDE BERRIAK URRATU

Jesusi bidea funtsezko moduan urratu zion profetatzat hartu zuten Joan Bataiatzailea lehen kristauek. Horregatik, mendetan barna, dei bizi bihurtu da Bataiatzailea: Jesusi harrera ona egin ahal izateko, bidea prestatzera eragiten digun dei bizia.
Isaias profetagandik jaso duen oihu honetan laburtu du Lukasek Bataiatzailearen mezua: «Prestatu bidea Jaunari». Nola entzun, ordea, oihu hau gaur egungo Elizan? Nola urratu bidea, gaur egungo gizon-emakumeek Jesusekin topo egiteko moduan?  Nola egin harrera ona Jesusi geure elkarteetan?
Lehenik eta behin, jabetu beharra dugu ezen harreman biziagoa behar dugula Jesusekin berarekin. Ez da aski erlijio-doktrinaz bakarrik elikatzea. Ezin jarraitu ahal diogu Jesusi, hura abstrakzio bikain huts bihurturik. Harekin bizi-lotura behar dugu, haren bizierak erakar gaitzan utzi beharra, hark Jainkoaz eta gizakiaz duen grinak kutsa gaitzan utzi beharra.
Gizarte moderno honetako «basamortu espiritualean», honela behar dugu hartu eta eratu kristau-elkartea: Jesusen Ebanjelioari harrera ona egiten zaion gune edo leku bezala. Bizi beharra dugu fededunek, fede txikiagokoek, fede eskasekoek eta, are, fedegabeek Jesusen ebanjelio-kontakizunaren inguruan elkartzearen esperientzia. Jesusi aukera eman beharra dugu bere indar gizatarraz gure problemak, krisialdiak, beldurra eta esperantza blai egin ditzan.
Ez genuke ahaztu behar. Ebanjelioetan ez dugu ikasten doktrina akademiko bat Jesusez, mendetan barna ezinbestean zaharkituz joango litzatekeena. Bizitzeko era bat ikasten dugu, aldi guztietan eta kultura guztietan bideragarri izango litzatekeena: Jesusen beraren biziera edo bizitzeko era. Doktrinak ez du bihotza ukitzen, ez du bihotz-berritzen, ez maitemintzen ere; Jesusek bai.
Ebanjelio-kontakizunarekin zuzeneko eta ondoz ondoko esperientziak fede berri batera jaioarazten gaitu, ez «doktrinatze» edo «ikasketa teoriko» baten bidez, baizik Jesusekin bizi-ukipena izanez. Jesusek fedea bizitzen irakasten digu, ez derrigortuz, baizik erakarriz. Kristau-bizitza biziarazten digu, ez eginbeharreko gauza bezala, baizik kutsadura bezala. Ebanjelioaren ukipenean biziz, Jesusen jarraitzaile izatearen geure egiazko nortasuna berreskuratzen dugu.
Ebanjelioetan barna ibiliz, esperimentatzen dugu Berpiztuaren presentzia ikusezin eta isilak gizatasun-ezaugarriak eta ahots jakin bat hartzen dituela. Bat-batean dena da aldatzen: gure bizitzari zentzua, egia eta esperantza ematen dizkion Norbait lagun dugula bizi gintezke. «Ebanjelizazio berriaren» sekretua Jesusekin zuzeneko eta ondoz ondoko ukipenean bizitzean datza. Hura gabe ezinezkoa da fede berri bat sortzea.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abenduaren 6a.

BASAMORTUA INGURUMEN

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.