lunes, 7 de diciembre de 2015

2015/12/13 - Abendualdiko 3. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 3. Igandea (C)


EBANJELIOA

Zer egin behar dugu?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 3,10-18

Jendeak galdetzen zion Joani:
– Zer egin behar dugu, bada?
Hark erantzuten zien:
– Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala.
Joan ziren zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten:
– Maisu, zer egin behar dugu?
Hark erantzun zien:
– Ez kendu inori legezko dena baino gehiago.
Soldaduek ere galdetu zioten:
– Eta guk, zer egin behar dugu?
Joanek erantzun zien:
– Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salakuntzaz ere; konforma zaitezte daukazuen soldatarekin.
Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango. Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Eskuan du sardea garia garbitu eta alea bere mandioan jasotzeko; lastoa, berriz, inoiz itzaliko ez den sutan erreko du ».
Honela eta beste burubide askoren bidez adierazten zion berri ona herriari.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko abenduaren 13a

PARTEKATU EZ DUENAREKIN

Joan Bataiatzaileak basamortutik oihu egindako hitzak bihotza ukitu zion jendeari. Bihozberritzeko eta Jainkoari leialago izateko haren deiak askori eginarazi zion galdera: Zer egin behar dugu? Gizakiaren baitan beti harrotzen den galdera da hori, errotiko dei bat entzun eta geure erantzuna nola zehaztu ez dakigunean.
Bataiatzaileak ez die proposatu erritu erlijiosorik, ezta araurik eta manamendurik ere. Kontua ez da, berez, gauzak egitea, ezta eginbeharrak baitaratzea ere, baizik beste era batekoa izatea, beste era gizatarrago batean bizitzea, dagoeneko geure bihotzean dugun hau garatzea: bizitza zuzenagoa, duinagoa, haurride-izaerakoagoa.
Gauzarik erabakitzaileena eta zinezkoena geure bihotza Jainkoari irekitzea da, sufritzen ari direnen premiei adi-adi begiratuz. Bataiatzaileak xumetasunez eta egiaz aparta den  formula honetan bildu du erantzuna: «Soingaineko bi dituenak partekatu ditzala ezer ez duenarekin, eta jatekoa duenak gauza bera». Ezin esan era sinpleagoan eta argiagoan.
Zer esan genezake hitz hauetaz, munduan gizadiaren hirutik bat baino gehiago miserian eta biziari nola eutsiko egonik, geure armairuak mota guztietako arropaz eta geure hozkailuak janariz beteak ditugunok?
Eta zer esan genezake kristauek hain laua eta gizatarra diren hitz horien aurrean? Ez ote dugu geure bihotzeko begiak irekitzen hasi beharra; hain zuzen ere, gizatarrago izatea eragozten digun ongizateak mendean gauzkanongan sentiberatasun-falta horren eta esklabotza horren kontzientzia biziagoa eragiteko?
Kezkaturik bizi gara, eta arrazoi osoz, kristautasunaren momentu honetako puntu askotaz; aldi berean, ordea, ez gara jabetzen «erlijio burges batek atxiloturik» gauzkala. Ez du ematen kristautasunak, bizi dugun eran, indarrik duenik ongizatearen gizartea eraldatzeko. Aitzitik, azken hau da Jesusen erlijioak duen alderik onena desitxuratzen ari dena: Kristorekiko gure jarraipena kimatzen ari da hura jatorrenak eta finenak diren balio hauek erauziz: solidaritatea, pobreen defentsa, errukia, zuzentasuna.
Horregatik, askoz gehiago baloratu beharko genuke «gatibutasun» honen aurka matxinatzen den hainbat eta hainbat jenderen ahalegina; solidaritate-keinu zehatzez eta biziera lauagoa, soilagoa eta gizatarragoa landuz konprometitzen den jendearena.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko abenduaren 16a.

ZER EGIN DEZAKEGU?

Jende askoren kontzientzia astindu zuen Joan Bataiatzailearen predikuak. Basamortuko profeta hura ozenki ari zitzaien esaten berek beren bihotzean sentitzen zutena: aldatu beharra zuten, Jainkoagana itzuli beharra, Mesiasi harrera egiteko prestatu beharra. Batzuek harengana jo zuten, galdezka: Zer egin dezakegu?
Ideiak oso garbi ditu Bataiatzaileak. Ez die proposatzen beren bizitzari jarduera erlijioso gehiago ezartzeko. Ez die eskatzen basamortuan gelditzeko ere, penitentzia eginez. Ez die hitz egiten beste agindu batzuez ere. Mesiasi harrera egiteko, premian direnei arretaz begiratu behar zaie.
Ez zaio mihia trabatu Bataiatzaileari, ez teoria handiosetan, ez motibazio sakonetan. Zuzenean, hizkera profetiko garbienean, formula aparta batean laburbildu die guztia: «Bi tunika dituenak bana ditzala ez duenarekin, eta janaririk duenak egin dezala gauza bera». Eta guk, zer egin dezakegu krisia bizi duen gizarte honetan, Kristori harrera egiteko?
Beste ezer baino lehen, zer gertatzen ari den ezagutzen saiatu: informaziorik eza da gu pasibo egotearen arrazoia. Bestetik, ez jasan gezurra esan diezaguten edo egia ezkuta diezaguten. Bere gordintasun osoan ezagutu behar dugu gure artean, modu zuzengabean, sortzen ari den sufrimendua.
Ez da aski aldizka eskuzabal agertzea. Egin dezakegu urratsik, bizitza modu neurritsuagoan bizitzeko. Pixkana geure burua «pobreago bihurtzearen» esperientzia egiten ausartzeko, gaur egungo geure ongizatearen maila murriztuz, esku artean ditugun eta bizitzeko premiazko ez ditugun hainbat eta hainbat gauza partekatuz.
Arreta berezia eskaintzen ahal diegu, gizarteak baztertzearen ondorioz, egoera larrian bizi direnei: etxe gabetzea, beharrezko osasun-arretarik eza, inolako gizarte-sarrerarik eta baliabiderik eza … bizi dutenei, alegia. Senak eraginda bezala jo beharko genuke geroari aurre egin ezinik eta motibazio-faltaz zuloan murgiltzen ari direnen defentsan.
Kristau-elkarteetatik askotariko ekimenak eragin eta garatu ditzakegu babes-gabezia sozial izugarrienean direnen alde: egoera zehazki ezagutu, jendearen mobilizatu inor ere bakarrik ez uzteko, baliabide materialak bildu, posible den laguntza kudeatu …
Krisiak luze joko du. Datozen urteetan aukera izango dugu: geure kontsumismo zoroa gizatar egiteko, biktimen sufrimenduaz sentiberago bihurtzeko, solidaritate praktikoan haziz joateko, krisiaren kudeaketan ageri den erruki-falta salatzeko … Hori izan daiteke Kristori geure bizitzan harrera egiazkoagoa egiteko modua.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.