lunes, 14 de diciembre de 2015

2015/12/20 - Abendualdiko 4. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 4. Igandea (C)


EBANJELIOA

Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1,39-45

Handik egun batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion.
Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean.
Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen:
- «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako! »

Jaunak esana

HOMILIA

2015eko abenduaren 20a

MARIAREN EZAUGARRIAK

Mariak Elisabeti egin dion bisita dela medio, Bataiatzailea eta Jesus, jaio aurretik beretik, harremanetan ageri dira Lukasen ebanjelioan. Pasadizoa giro oso berezian dator bildua. Biak, Maria eta Elisabet, ama izango dira. Biek jaso dute deia Jainkoaren egitasmoan lankide izateko. Tartean ez da gizonezkorik. Zakarias mutu gelditu da. Jose modu harrigarrian absente da. Andre biek bete dute eszena guztia.
Maria Nazaretetik etorri da, eta hura da pertsonaia nagusia. Haren eta haren semearen jirabiran ageri da dena. Mariaren irudiari ezaugarri berezi-bereziak nabari zaizkio: ebanjelioen girotik urrun erantsi izan zaizkion geroagoko mila izenak eta tituluak baino jatorragoak.
·         Maria, «ene Jaunaren ama». Horrela aldarrikatu du Elisabetek, ozenki eta Espiritu Santuaz beterik. Hala da: Jesusen jarraitzaileentzat, Maria, beste ezer baino lehen, gure Jaunaren Ama da. Hori da haren handitasunaren abiapuntua. Lehen kristauek ez dute apartatu sekula Maria Jesusengandik. Bereizezinak dira. «Jainkoak bedeinkatua andre guztien artean»; Jesus eskaini digu Mariak, «bere sabeleko fruitu bedeinkatua».
·         Maria, fededuna. Elisabetek zorioneko deklaratu du «sinetsi duelako». Handia da Maria, ez soilki amatasun biologikoagatik, baizik, eta batez ere, Salbatzailearen Ama izateko deia fedez onartu duelako. Jainkoari entzuteko gai izan da: haren Hitza bihotzean gorde du; hausnartu du; gauzatu egin du, egin zaion deia leial betez. Ama fededuna da Maria.
·         Maria, ebanjelizatzailea. Bere Semeagan onartu duen Jainkoagandiko salbazioa gizon-emakume guztiei eskaini die Mariak. Hori du bere zeregin handia, bere zerbitzua. Kontakizunaren arabera, Maria ebanjelizatzailea da, ez soilik keinuez eta hitzez, baizik bera nora joan hara daramatzalako berekin Jesus bera eta honen Espiritua. Hau da egintza ebanjelizatzaileak duen gauzarik funtsezkoena.
·         Maria, pozaren eroalea. Mariaren agurrak bere Seme Jesusi darion poza kutsatzen du. Mariak du entzun lehenengo Jainkoaren gonbit hau: «Poztu zaitez… zeurekin duzu Jauna». Orain, premian direnentzat duen zerbitzu- eta laguntza-jarreraz, Jesusen, Kristoren, etengabe berekin duen haren Berri Ona irradatzen du. Maria da, Elizarentzat, ebanjelizazio pozgarri baten eredurik hoberena.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

 HOMILIA

2012ko abenduaren 23a

EMAKUME FEDEDUNAK

Jainkoaren deia hartu ondoren, Mesiasen ama izango dela iragarriz, Mariak bideari egin dio, berak bakarrik. Bizitza berria hasi du, Jesus Semearen zerbitzuan. «Presaka» doa, adorez. Bere poza Elisabet lehengusinarekin partekatu beharra sentitzen du eta haren haurdunaldiko azken hilabeteetan hari lagundu beharra.
Bi ama horien topaketa ezohiko eszena da. Gizonezkoak ez daude presente. Bi emakume xume dira, inolako titulurik gabeak, juduen erlijioan inolako nabarmentasunik gabeak. Maria, Jesus alde guztietara berekin daramala, eta Elisabet, profeta-espirituaz betea, apaiz izan gabe bere lehengusina bedeinkatzeko ausardia izan duena.
Maria sartu da Zakariasen etxean, baina ez doa senarragana. Zuzenean, Elisabet agurtzera doa. Ez dakigu zer agur izan zen. Soilik, etxea pozez gainezka jarri zuela agur hark. Mariak bizi duen poza da, aingeruaren agurra entzun duenetik: «Poztu zaitez, graziaz bete hori».
Elisabetek ezin eutsi dio bere ezusteari eta pozari. Mariaren agurra entzun orduko, sabelean daraman haurraren mugimenduak sentitu eta «poz-jauzitzat» hartu ditu. Berehala, Maria bedeinkatu du goraki: «Bedeinkatua zu emakumeen artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua».
Inoiz ez dio eman lehengusinari Maria izena. Bere misioarekin guztiz bat egina ikusi du: bere Jaunaren ama da. Emakume fededun ikusi du, zeinetan betez joango baitira Jainkoaren asmoak: «Zorionekoa zu sinetsi duzulako».
Gehienik harriarazi duena, Mariaren jokabidea izan da. Ez zaio etorri Mesiasen ama izatearen duintasuna agertzera. Ez da etorri Elisabet zerbitzari hartzeko, baizik bera haren zerbitzari izateko. Elisabet bere onetik aterata dabil harriduraz: «Zein naiz ni neure Jaunaren ama bisitan etor dakidan? »
Hainbat dira Elizaren barnean bakean bizi ez diren emakumeak. Batzuei handitzen ari zaie hoztasun-sentimendua eta ondoeza. Sufritu egiten dute, alor guztietan lehen lankideak izan eta doi-doi hartzen dituzte aintzat Elizaren ibilbideaz pentsatu, erabaki eta eragiteko orduan. Guztioi ari zaigu kalte egiten egoera hau.
Mendetako historiaren zamak, gizonezkoak kontrolatu eta dominatu izan duenak, ez digu uzten jabetzen Elizaren pobretze handi horretaz; alegia, emakumeari presenteago eta eginkorrago egoteko aukerarik ez emateak dakarren pobretzeaz. Guk ez diogu entzuten, baina Jainkoak sustatu ditzake emakume fededunak, profeta-espirituz beteak, poza kutsatuko digutenak eta Elizari gizatasun handiagoko aurpegiera emango diotenak. Bedeinkazio bat izango dira. Jesusi su eta leialtasun handiagoz jarraitzen erakutsiko digute.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko abenduaren 20a

MARIAREN EZAUGARRIAK

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.