lunes, 23 de febrero de 2015

2015/03/01 - Garizumako 2. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 2. Igandea (B)


EBANJELIOA

Hauxe dut neure Seme maitea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10

Denbora haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean:
jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar litzakeen baino zuriago.
Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota baitzeuden.
Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»
Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte.
Agindu hau bete zuten, baina «hildakoen artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko martxoaren 1a

EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN

Ebanjelariak dioenez, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan berekin hartu eta mendi batera eraman ditu aparte, eta «antzaldatu egin da haien aurrean». Gurutzeko dolorezko bere zoriaz hitz egin izan dienean, aurka gogorkienik egin diotenak dira hiru horiek.
Gainera, ideia zoro horiek Jesusi burutik kentzen saiatu da Pedro. Santiago eta Joan anaiak Mesiasen erreinuan lehen postuen eske joan zaizkio Jesusi. Hain juxtu, horien aurrean antzaldatu da Jesus. Beste inork baino premia handiagoa dute.
Pasadizoa, hainbat baliabide sinbolikoz berregina, handiosa da. Jainkoaren beraren aintzaz «jantzirik» aurkeztu zaie Jesus. Aldi berean, Elias eta Moises, tradizioaren arabera herioari harrapatuak izan eta Jainkoaren ondoan bizi diren bi horiek, Jesusekin solasean agertu zaizkie. Horrek guztiak Jesusen jainkozko izaera sumatzera gonbidatzen gaitu, arerioek gurutzean josia, baina Jainkoak berpiztua.
Berez atera zaio Pedrori erreakzioa: «Jauna, bai ondo gaudela hemen! Nahi baduzu, hiru txabola egingo ditut: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta hirugarrena Eliasentzat». Pedrok ez du ezer ulertu. Batetik, maila berean eta pareko ezarri ditu Jesus alde batetik eta Elias eta Moises bestetik: nori bere txabola. Bestetik, Jesusen bide latzari oztopo jarriz jarraitzen du: Tabor mendiko aintzan atxiki nahi du Jesus, nekalditik eta Kalbarioko gurutzetik urrun.
Jainkoak berak bideratuko du, ordea, handikiro: «Nire Seme maitea da hau». Ezin nahas daiteke beste inorekin. «Entzun berari», baita bere azkena piztuera izango duen gurutze-bideaz.
Jesusek bakarrik bidaltzen du argia. Gainerako guztiek −profeta eta irakasle, teologo eta hierarka, doktore eta predikari− eguteran dugu aurpegia. Ez dugu nahastu behar Jesus beste inorekin. Hura bakarrik da Seme maitea. Soilik haren Hitza behar dugu entzun. Gainerakoenak harengana behar gaitu eraman.
Eta gaur berean ere hura entzun beharra dugu, aldi honetako «gurutzea lepoan hartzeaz» mintzo zaigunean. Arrakastak kalte egiten digu kristauoi. Are gehiago: gatazkarik, ukorik eta gurutzerik gabe, Jesusekiko eta haren erreinuaren egitasmoarekiko leial izatea posible dela pentsatzeraino eraman gaitu. Kristau «gurutzeratu» bezala bizitzeko ahalbide gehiago dugu gaur egun. On eginen digu horrek. Geure kristau-nortasuna berreskuratzen lagunduko digu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko martxoaren 4a

ASKATU EBANJELIOAREN INDARRA

«Jesusen Antzaldatzearen» kontakizuna oso herrikoi izan zen hasiera hartatik beretik haren jarraitzailean artean. Ez da pasadizo bat gehiago. Eszena, sinbolo-izaerako baliabidez berregina, handiosa da. Moisesekin eta Eliasekin hizketan ari dela, aurpegi dirdaitsuz aurkeztu dute Jesus ebanjelariek.
Mendi-gailurrera lagundu dioten hiru ikasleak txunditurik gelditu dira. Zer pentsa ez dakitela. Handiegia da Jesus inguratzen duen misterioa. Beldurrez zeudela dio Markosek.
Era bitxian amaitu da eszena: «Estali zituen hodei bat eratu zen eta ahots bat atera hodeitik: Hau da ene Seme maitea. Entzuiozue». Jesusen deia entzutetik sortu zen haren mugimendua. Haren Hitza, geroago lau idazki laburretan bildua, beste jarraitzaile batzuk eraginez joan zen. Jesusen Ebanjelioa entzunez bizi da Eliza.
Jesusen mezu honek oztopo handirekin egiten du gaur topo, gure aldiko gizon-emakumeengana iristeko. Praktika erlijiosoa alde batera uztearekin, jende askok utzi dio haren Hitza entzuteari. Jada ez dute entzungo Jesusez hitz egiten, kasu bakanen batean edo era zabarrean ez bada.
Kristau-elkarteetara hurbiltzen direnek berek ere ezin estimatu dute erraz Jesusen Hitza. Haren mezua beste jarduera, ohitura eta irakaspen batzuen artean galdurik gertatzen da. Nekez atzeman daiteke haren funtsezko garrantzia. Jesusen espirituaren araberako ez diren hizkerek eta iruzkinek blokeatzen dute Ebanjelioaren indar askatzailea.
Halaz guztiz, gaur egun ere, kristauek gizarteari eskaintzen ahal diogun funtsezko gauza bakarra Jesusek hots egindako Berri Ona da, eta bizitza sanoago eta duinago baterako haren egitasmoa. Ezin jarraitu dugu Ebanjelioak duen jendea gizatar egiteko indarrari hesia jartzen.
Geure elkarteetan garbi, bizi eta ugari korriarazi behar dugu. Iritsi dadila jendearen sukalderaino, ezagutu ahal dezatela beren bizitzarentzat zentzu berri bat bilatzen dutenek, ezagutu ahal dezatela esperantzarik gabe bizi direnek.
Ebanjelioa lagunartean irakurtzen ikasi behar dugu. Ebanjelioaren kontakizunak familiar bihurtzen saiatu behar dugu. Jesusen Berri Onarekin zuzeneko harremanak izan behar ditugu eta ondo-ondokoak. Honetan erabili behar dugu geure energia. Horrela hasiko da gaur Elizak behar duen eraberritzea.
Eliz erakundea mendetan izan duen erakartzeko indarra galtzen ari den honetan, Jesusek, Jainkoaren Seme maiteak, egiaren eta biziaren bila dabiltzanentzat duen erakartzeko indarra aurkitu behar dugu. Urte gutxi barru, konturako gara dena ari zaigula bultzaka, kristautasunaren erdigunean Jesusen Berri Ona leialtasun handiagoz jartzera.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko martxoaren 8a

EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN

(2015eko martxoaren 1a homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 16 de febrero de 2015

2015/02/22 - Garizumako 1. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 1. Igandea (B)


EBANJELIOA

Satanasek tentatzen zuela eta aingeruak zituen zerbitzari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,12-15

Aldi haietan, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.
Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko otailaren 22a

BASAMORTURA ERAGINAK

Jesusen basamortuko egonaldia haren bizitzaren laburpentzat eman digu Markosek. Hona giltza batzuk. Ebanjelariaren arabera, «Espirituak basamortura eragin dio Jesusi». Ez da Jesusen beraren ekimena. Jainkoaren Espirituak eraman du basamortura: Jesusen bizitza ez da izango arrakasta errazeko bidea; aitzitik, probaldiak, segurtasunik eza, mehatxuak ditu bere zain.
Halere, «basamortua» da, aldi berean, lekurik egokiena, isiltasunean eta bakardadean, Jainkoaren ahotsa entzuteko. Krisialdietan berriro itzuli beharreko lekua, herriaren bihotzean Jaunari bidea irekitzeko. Hori uste zuten Jesusen garaian.
Basamortuan, «Satanasen tentazioa jasan du» Jesusek. Ez da adierazi zein izan den tentazioaren edukia. Bakarrik, «Satanasengandik» datorrela, Jainkoaren asmoa deseginez gizakiaren hondamena nahi duen Arerioagandik. Jadanik ez da agertuko gehiago Markosen ebanjelio guztian. Halere, bere egitekotik desbideratu nahi duten guztiengan ikusi du Jesusek tentatzaile hori, baita Pedrogan ere.
Kontakizun labur hori orpoz orpo dauden bi irudirekin bukatu du Markosek: Jesus «piztia artean bizi da», baina «aingeruak ditu zerbitzari». «Piztiek», kreazioko izakirik bortitzen horiek, Jesusek eta haren egitasmoak izango dituzten arriskuak iradokitzen dituzte. «Aingeruek», berriz, kreazioko izaki hoberen horiek, Jesus eta haren misioa bedeinkatzen, zaintzen eta babesten dituen Jainkoaren hurbiltasuna adierazten dute.
Une zailak ari da bizitzen kristautasuna gaur egun. Ikerketa soziologikoei begira, krisiaz, sekularizazioaz, mundu modernoaren ukazioaz mintzo gara. Baina fedetik ikusiz, agian, zerbait gehiago beharko genuke esan: Ez ote da Jainkoa guri «basamortura» eragiten ari dena? Ez ote genuen horrelako zerbaiten premia hainbat mendetan oharkabean metaturiko hainbat haizekeria, hainbat mundutar botere, hainbat harrokeria eta arrakasta faltsutik geure burua liberatzeko? Ez genuen horrelako biderik guk geurez sekula aukeratu izango.
Basamortu-esperientzia hau, ondorengo urteetan haziz joango den hau, ustekabeko grazia- eta garbitze-aldia da, Jainkoari eskertu beharrekoa. Hark aurrera jarraituko du bere asmoarekin. Hauxe bakarrik eskatzen digu: uko egin diezaiegula, azti eta argi, Jesukristogana bihurtzetik desbidera gaitzaketen tentazioei.


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 26a

GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN

Jesusen jarduera profetikoa kontatzen hasi aurretik, txatal labur hauek dakartza Markosek: “Espirituak basamortura eragin zion Jesusi. Han berrogei egun egin zuen, Satanasi tenta zezan utziz; piztia artean bizi zen, eta aingeruak zerbitzari zituen”.  Gurutzean hil zuten bitarte guztian Jesusek bizi izandako oinarrizko esperientzien laburpen dira lerro horiek.
Jesusek ez du bizi izan bizitza erraz eta lasairik. Espirituaren eraginpean bizi izan da, baina bere haragian sentitu ditu gaizkiaren indarrak. Bere burua Jainkoaren egitasmoari eskaini izanak gatazkak eta tirandurak urratutako bizitza bizitzera eraman dute. Harengandik behar dugu ikasi haren jarraitzaileek probaldian nola bizi.
“Espirituak basamortura eragin dio Jesusi”. Ez du gidatu bizitza erosora. Proben, arriskuen eta tentazioen bidean jarri du. Jainkoaren erreinua bilatzea, Jainkoa faltsutu gabe hots egitea, mundua gizatarrago izan dadin saiatzea: arriskutsua da hori beti. Hala izan zen Jesusentzat eta hala izango da haren jarraitzaileentzat.
“Basamortuan berrogei egun egin  zuen”. Basamortua izango da Jesus biziko den parajea. Leku babesgabe eta arrotz hau probaren eta barnea garbitzearen sinbolo da. Funtsezkoaz bizitzen ikasteko lekurik hoberena; aldi berean, arriskutsuena bere indar propioen arabera bizitzea erabaki duenarentzat.
“Satanasek tentatua”. “Arerioa” esan nahi du Satanasek, Jainkoaren eta erreinuaren alde saiatu nahi dutenen kontra dagoen indarra. Tentaldikoan argitzen da zer den, gu baitan, egiatik edo gezurretik, argitik edo ilunetik, Jainkoari leial izatetik eta injustizian kide izatetik.
Bere bizitza osoan, Jesus adi biziko da “Satanas” agerian jartzeko gorabehera espero gabekoenetan. Behin batean Pedrori egingo dio uko hitz hauekin: “Aldendu hadi nigandik, Satanas; hire pentsaera ez duk Jainkoarena”. Hark bezala bizi behar dugu probaldia, erne eta azti Jainkoagandik aparta gaitzakeen zernahitik.
“Piztia artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari”. Piztiek, lurrean bortitzenak diren izaki horiek, Jesus mehatxatuko duten arriskuak iradokitzen dituzte.Aingeruek, berriz, kreazioko hoberenak diren izaki horiek, Jesusi bedeinkatzen, zaintzen eta eusten dion Jainkoaren hurbiltasuna iradokitzen dute. Honela biziko da Jesus: “azeri maltzur” deitzen dion Antipasengandik bere burua defendituz eta gaueko otoitzean Aitaren indarra bilatuz.
Geure aldi zail hauek begiak Jesusengan ditugula bizi behar ditugu. Jainkoaren Espirituak digu eragiten basamortura. Krisialdi honetatik, Eliza apalago bat eta Jaunari leialagoa den bat aterako da egunen batean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko martxoaren 1a

BASAMORTURA ERAGINAK

(2015eko otsailaren 22a homilía ikusi).


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 9 de febrero de 2015

2015/02/15 - Urteko 6. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 6. Igandea (B)


EBANJELIOA

Alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 40-45

Denbora haietan, legendun bat etorri zitzaion erreguka, eta belauniko esan zion:
–Nahi baduzu, garbi nazakezu.
Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:
–Nahi dut, izan zaitez garbi.
Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.
Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:
–Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.
Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015ko otsailaren 15a

Izenburua

---

José Antonio Pagola

HOMILIA

2012ko otsailaren 12a

ZOKORATUEN ADISKIDE

Jesus oso sentibera zen bidean aurkitzen zuen sufrimenaren aurrean: gizartetik bazterturik, erlijioak mespretxaturik edota moralaz edo erlijioaz handiago sentitzen ziren sektoreek ukaturik ikusten zuen jendearen sufrimenaren aurrean.
Barrutik ateratzen zaio hori. Badaki Jainkoak ez duela inor bereizten. Ez duela inor baztertzen, ez eskomikatzen. Ez dela jende onarena bakarrik. Guztiak dituela onartzen eta bedeinkatzen. Goizean goiz jaikitzeko ohitura zuen Jesusek, otoitz egiteko. Behin batean egunsentia nola ikusten duen agertu du: «Onentzat eta gaiztoentzat aterarazten du Jainkoak eguzkia». Horrelakoa da bera.
Horregatik, batzuetan, indarrez eskatzen du gaitzespen guztiak etetea: «Ez juzgatu eta ez zaituztete juzgatuko». Beste batzuetan, parabola laburrak kontatzen ditu hau eskatzeko: ez dadila hasi inor «garia eta belar txarra» bereizten, guztien epaile gorena bailitzan.
Baina bere jarduera du gauzarik miresgarriena. Bekatariekin, prostitutekin eta desiraezinekin otorduak egitea izan zen Jesusen ezaugarririk bereziena eta probokatzaileena. Ezohikoa zen hori. Inoiz ez zen ikusi Israel herrian «Jainkoaren gizaki» famako bat bekatariekin bizi-bizi jaten eta edaten.
Gidari erlijioso errespetagarrienek ezin jasan izan zuten hori. Oldarkor erreakzionatu zuten: «Horra tripazain eta mozkor bat, bekatarien adiskide bat». Jesusek ez zuen egin horren kontrako defentsarik. Egia zen. Bere hondoaren hondoenean errespetu handia eta adiskidetasun hunkigarria sentitzen zuen gizarteak edo erlijioak zokoratua zuen jendearekiko.
Markosek lepradun baten sendatzea dakar bere kontakizunean, baztertuekiko Jesusek zuen maitasuna azpimarratzeko. Paraje bakarti bat zeharkatzen ari da Jesus. Bat-batean, lepradun bat hurbildu zaio. Lagunik ez du. Bakardadean bizi da. Bere larruan du baztertuaren marka. Guztiengandik aparte bizitzera behartu dute legeek. Pertsona kutsatua da.
Belauniko, erregu apala egin dio Jesusi lepradunak. Zikin dakusa bere burua. Ez dio hitz egin bere gaixotasunaz. Estigma orotatik garbi izan nahi du: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Hunkitu egin da Jesus gizaki hura bere oinetan ikustean, desitxuratua gaixotasuna eta guztien baztertzea direla medio. Beste hainbat estigmatizaturen bakardadea eta etsia irudikatzen du gizon horrek. Jesusek «eskua luzatu du» haren larrua ukitu nahiz; «ukitu du» eta diotso: «Nahi dut. Izan zaitez garbi».
Geure ustezko goratasun moraletik gizatalde desberdinen bat (eskekoak, prostituituak, toxikomanoak, hiesdunak, etorkinak, homosexualak…) bereizten dugunean edota elkar bizitzatik baztertzen, geure harrera ona ukatuz, larriki ari gara urruntzen Jesusengandik.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko otsailaren 15a

Izenburua

(2015eko otsailaren 15a homilía ikusi).

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 2 de febrero de 2015

2015/02/08 - Urteko 5. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 5. Igandea (B)


EBANJELIOA

Gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 29-39

Denbora haietan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiago eta Joanekin. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. Joan zitzaion ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien.
Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. Herri osoa bildu zitzaion atarian. Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.
Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. Simon eta lagunak haren bila hasi ziren; aurkitzean, esan zioten:
–Jende guztia zure bila dabil.
Hark, ordea, erantzun:
–Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz.
Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berri ona hots egiten eta deabruak botatzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko otsailaren 8a

BAKARDADERA OTOITZ EGITEKO

Profeta ibiltari bezala ari zuen jarduera bizian, beti arduratu zen Jesus Jainkoarekin harremanak isiltasunean eta bakardadean izateaz. Zirrara sakona eragin zuen Jesusen ohitura baten oroitzapena gorde digute ebanjelioek: gauez bakardadera joan ohi zen Jesus otoitz egiteko.
Markosek dakarren pasarteak Jesusentzat otoitza der zen ulertzen laguntzen digu. Bezperan lan gogorra izan zuen. «Gaixo asko sendatu zituen» Jesusek. Handia izan zen arrakasta. Txunditurik zegoen Kafarnaum: «Herri guztiak inguratu zuen» Jesus. Hartaz mintzo ziren denak.
Gau horretan berean, goizaldera, goizeko hirurak eta seiak bitartean, jaiki eta, ikasleei esan gabe, eremura joan zen Jesus. «Otoitz egiten hasi zen han». Aitarekin egon beharra sentitu zuen. Ez du nahi arrakastaren haizeak burua nahas diezaion. Aitaren nahia nahi du soil-soilik: egin beharra duen bidea ondo ezagutu.
Hura beren artean ez izateaz harriturik, Simon eta lagunak haren bila joan ziren. Ez zaie inporta hark Jainkoarekin ari duen solasa etetea. Berekin eutsi nahi diote: «Mundu guztia zure bila dabil». Baina Jesusek ez du uzten kanpotik programa dezaten. Bere Aitaren egitasmoa bakarrik du gogoan. Ez du ezerk, ez inork apartaraziko bere bidetik.
Ez du gogorik bere arrakastaz gozatzen, Kafarnaumen gelditzeko. Ez du amore emango herri gogo-beroaren aurrean. Bada artean Jainkoaren Berri Ona entzun ez duen herrixkarik: «Goazen... haietan ere hots egitera».
Gaur egungo kristautasunean hau da alderdirik baikorrenetako bat: Jainkoarekiko komunikazioa, isiltasuna eta gogoeta egin beharra esnatzen ari izatea. Kristaurik argienek eta arduratsuenek era kontenplaziozkoagoan bizitzera eraman nahi dute Eliza.
Premia estukoa da hori. Kristauok, oro har, ez dakigu Aitarekin bakarrik egoten. Teologoak, predikariak eta katekistak asko mintzo gara Jainkoaz, baina gutxi mintzo gara harekin. Jesusen etsenplua aspaldi ahaztua da. Parrokietan lan-bilera asko egiten da, baina ez dakigu bakardadera jotzen, Jainkoaren aurrean atseden hartu eta geure burua bakeaz betetzeko.
Gero eta gutxiago gara gauza gehiago egiteko. Hor dago arriskua: jardunkerian, higaduran eta barne-hustasunean erortzeko. Halere, arazoa ez datza arazo asko izatean, baizik haiei aurre egin ahal izateko espiritu-indarra izatean.


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 5a

GURE ETXEKO ATEAN

Kafarnaumgo sinagogan, espiritu gaiztoak hartua den gizon bat sendatu du Jesusek goizean. Orain, esaten digu ebanjelariak «sinagogatik» irtenik, Simonen eta Andresen «etxerantz» doala. Adierazpen hau garrantzizkoa da, zeren, Markosen ebanjelioan, etxe honetan gertatzen denak badu beti irakaspen bat kristau-elkarteentzat.
Judu-erlijioaren leku ofizial den sinagogari axola handirik eskaini gabe, etxera doa Jesusek, pertsona maiteenen ondoan eguneroko bizi ohi den horretara. Etxe horretan joanen da garatzen Jesusen familia berria. Kristau-elkarteek gogoratu behar dute ez direla legea bizi den leku erlijioso, baizik Jesusen inguruan modu berrian bizitzen ikasten den sutondo.
Etxean sartzean, Simonen amaginarrebaz hitz egin diote ikasleek. Ezin atera izan zaio hura atera, ongietorri egitera, gaixo baitago ohean sukarrez. Jesusek ez du besterik behar izan. Bigarren aldiz hautsiko du larunbata egun berean. Jendearen bizitzak du axola harentzat, eta ez erlijio-betebeharrak. Xeheki deskribatzen du kontakizunak gaixo den emakumearekin egin dituen keinu guztiak.
«Hurbildu zitzaion». Beti egin ohi duen lehenengo gauza da: sufritzen ari denagana hurbildu, hari aurpegira hurbiletik begiratu, haren sufrimena partekatu. Gero, «eskutik hartu zuen». Emakumea ukitu du. Ez zaio axola hori egitea debekatzen duen garbitasun-araua. Emakume horrek bere ahalmen sendatzailea senti dezan nahi du. Azkenik, «jaikiarazi zuen», zutik jarraraziz eta bere duintasuna itzuliz.
Horrela egon ohi da Jesus beti bereen artean: gu jaikiarazteko eskua luzatuz, bizia arnasten digun hurbileko adiskide bezala. Zerbitzari izan du Jesusek soil-soilik, eta ez zerbitza dezaten. Horregatik, sendatua izan den emakumea ere guztiei «zerbitzatzen» hasi da, Jesusengandik ikasi duenez. Jesusen jarraitzaileek elkar onartuz eta elkar zainduz behar dute bizi.
Alabaina, oker handia izango litzateke hau pentsatzea: kristau-elkarteak bere kideez bakarrik arduratuz bizi daitekeen familia dela, eta besteen sufrimenaz axola izan gabe. Kontakizunak dio ezen, egun horretan berean, «eguzkia sartzean», larunbata bukatua denean, klase guztietako gaixoak eta gaitzen batek jotakoak daramazkiotela Jesusi.
Buruan ondo sartu beharko genuke kristauek pasadizo hau. Gauaren iluna iristean, populu guztia «pilatu da ate aurrean» beren gaixoekin. Sufritzen ari direnen begiak eta esperantza Jesus dagoen etxeko atearen bila doaz. Orduan bakarrik erakartzen du Elizak sufritzen ari den jendea egiaz: barruan bizitza sendatzen eta sufrimena arintzen ari den Jesus aurkitzen duenean. Gure elkarteen ateetan jende asko ari da sufritzen. Ez dezagula ahantzi.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko otsailaren 8a

Izenburua

(2015eko otsailaren 8a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com