lunes, 30 de marzo de 2015

2015/04/05 - Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (B)


EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko apirilaren 5ean

ZOAZTE GALILEARA. HAN IKUSIKO DUZUE

Pazko Gaubeilan irakurri ohi den ebanjelio-pasarteak garrantzi aparta du. Gurutziltzatu dutena Jainkoak piztu duelako albiste handia dakarkigu; horrez gainera, ordea, hura ikusteko eta harekin topo egiteko zein bide egin adierazten digu.
Jesus ahantzi ezin duten hiru emakume miresgarriz mintzo zaigu Markos: Maria Magdalena, Santiagoren Maria eta Salome. Bihotzean asmo zoro hau sortu zaie, maitasun grinatsutik bakarrik sor daitekeena: «usain gozoko ukenduak erostea, Jesusen gorpua gantzutzeko».
Eta gauza harrigarria: hilobira iristean, irekia da. Gehiago hurbiltzean, berriz, «gazte bat ikusi dute zuriz jantzia», beren harriduratik lasaiarazi eta inoiz pentsatuko ez zutena agertu diena.
«Nazareteko Jesusen, gurutziltzatuaren, bila zabiltzate?» Oker zabiltzate hildakoen artean haren bila. «Ez da hemen». Jesus ez da beste hildako bat gehiago. Ez da zertan negar egin hartaz, hari omenaldia egiteko. «Piztu da». Bizirik da betiko. Ezin aurkitu izango dute sekula hildakoen artean, izandakoen, zendutakoen artean.
Baina, hilobian ez bada, non aurkitu? Non egin genezake topo harekin? Jesusek berak esana ziena gogorarazi die gazteak emakumeei: «Zuen aurretik doa Galileara. Han ikusiko duzue». Berpiztua «ikusi» ahal izateko, Galileara itzuli beharra dute. Zergatik? Zertarako?
Berpiztua ezin ikusi ahal da, haren ibilbidea bera egin gabe. Hura gure artean bizi-bizirik sentitu ahal izateko, abiapuntura itzuli behar da, eta Jesus gurutzera eta piztuerara eraman duen bizitzaren esperientzia egin behar da. Horrela egin ezean, doktrina txundigarria izanen da guretzat «Piztuera», dogma sakratua izanen da, baina Jesus ez dugu sumatuko geure artean bizirik.
Galilea izan da Jesusen jardueraren eszenatoki nagusia. Han ikusi dute ikasleek jendea sendatzen, barkatzen, askatzen, onartzen, guztiengan esperantza berria iratzartzen. Gauza bera egin behar dugu orain haren jarraitzaileok. Ez gaude bakarrik. Aurretik doakigu berpiztua. Ikusiko dugu haren urratsei jarraitzen badiegu. «Berpiztua» sumatzeko gauzarik erabakitzaileena, ez da teologia ikastea, ezta liturgi ospakizuna ere, baizik Jesusi fedez jarraitzea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko apirilaren 8an

ESPERANTZAREN MISTERIOA

Berpiztuagan sinestea, uko egitea da gure bizitza egundoko bi hutsuneren arteko parentesi labur bat bakarrik dela onartzeari. Jainkoak berpiztu duen Jesus sostengutzat hartuz, sumatzen dugu, desiratzen dugu eta sinesten dugu Jainkoa bere betera bideratzen ari dela Gizadiaren bihotzak eta kreazio osoak duen biziaren, zuzentasunaren eta bakearen irrika.
Berpiztuagan sinestea, kontra egitea da geure indar guztiz gizon-, emakume- eta haur-multzo kontaezineko hori, bizitza honetan soilik miseria, umilazioa eta sufrimendua ezagutu duen hori, betiko ahaztua gelditzeari.
Berpiztuagan sinestea, konfiantza jartzea da bizi batean, zeinetan ez baita izango jada, ez pobretasunik ez oinazerik, zeinetan ez baita izango inor triste, ez baitu inork izango zertan negar egin. Azkenean ikusi ahal izango ditugu beren egiazko aberrira iristen patera koxkorretan datozenak.
Berpiztuagan sinestea, esperantzaz hurbiltzea da hainbat eta hainbat osasunik gabeko, gaixo kroniko, ezindu fisiko eta psikiko, depresioak jotako, bizitzeaz eta borroka egiteaz nekatutakoengana. Egun batean ezagutuko dute zer den bakean eta osasun betean bizitzea. Entzungo dituzte Aitaren hitz hauek: «Sar zaitez betiko zeure Jaunaren gozamenean».
Berpiztuagan sinestea, ez etsitzea da Jainkoa betiko «ezkutuko Jainkoa» izango dela, ezin gozatuko dugularik haren begiratuaz, haren txeraz, haren besarkadaz. Betiko aintzatsu haragiturik aurkituko dugu Jesusengan.
Berpiztuagan sinestea, konfiantza izatea da ezen mundua gizatasun handiagoko eta zoriontsuago bihurtzeko gure ahaleginak ez direla hutsunean galduko. Egun zoriontsu batean, azkenak lehenengo izango dira eta prostituituek aurrea hartuko digute Erreinuan.
Berpiztuagan sinestea, jakitea da ezen, hemen erdizka gelditu den guztiak, ezin izan denak, geure trakeskeriaz edo bekatuaz hondatu izan dugunak, guztiak lortuko duela Jainkoagan bere betearen betea. Ez da galduko maitasunez bizi izan dugunetik ezer edo maitasunez uko egin izan diogunetik ezer.
Berpiztuagan sinestea, espero izatea da ezen, ordu pozgarriak eta esperientzia garratzak, pertsonengan eta gauzetan utzi izan ditugun «aztarnak», guztiak antzaldatuko direla. Jada ez dugu izango bukatzen den adiskidetasunik, amaitzen den jairik, tristura dakarren agur egin beharrik. Jainkoa izango da dena denetan.
Berpiztuagan sinestea, sinestea da ezen egun batean entzungo ditugula Apokalipsi liburuak Jainkoaren ahoan jarri dituen ezin sinetsizko hitz hauek: «Neu naiz gauza guztien hasiera eta azkena. Egarri denari, neuk emango diot doan biziaren uraren iturritik». Jada ez da izango, ez heriotzarik ez lanturik, ez garrasirik ez nekerik; iraganeko gauza izango da hori guztia.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko apirilaren 12an

ZOAZTE GALILEARA. HAN IKUSIKO DUZUE

(2015eko apirilaren 5ea homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 23 de marzo de 2015

2015/03/29 - Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (B)


EBANJELIOA

Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J = Jendetza; P Beste personaiak.

Jaungoikoaren Pasioan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 14, 1-15, 47

Jesus bere gogoz heriotzara (14,1-42)

Jesus nola atxilotuko.

K. Handik bi egunera, Pazko-jaia eta Legamia gabeko Ogien Jaia ospatzen ziren. Apaizburu eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko. Baina hau zioten:
P. «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik sor ez dadin».

Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi.

K. Jesus Betanian zen, Simon legendunaren etxean. Mahaian zegoela, emakume bat etorri zen, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia zekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri zion. Batzuek, haserre, honela ziotsoten elkarri:
P. –Zergatik horrela alferrik galdu ukendu hori? Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen eta dirua behartsuei eman.
K. Eta marmarrean ari ziren emakumearen kontra. Baina Jesusek esan zien:
+. –Utzi bakean honi; zergatik gogaitarazten duzue? Egintza ona egin du nirekin. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta nahi duzuenean egin diezaiekezue on. Baina ni ez nauzue betiko zuekin. Ahal zuena egin du: nire gorputza ukenduz igurtzi du aldez aurretik hilobirako . Benetan diotsuet: Mundu guztian barrena, berri ona hots egingo den edonon aipatuko dira emakume hau eta beronek egina.

Jesus Judasek saldua.

K. Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaizburuengana joan zen, Jesus beraiei eskuetara emateko asmotan. Entzutean, poztu egin ziren haiek eta dirua agindu zioten. Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.

Azken afarirako prestaketak.

K. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:
I. –Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
K. Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
+. –Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.
K. Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

Afarian: Judasen saldukeriaren iragarpena.

K. Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin eta, mahaian afaltzen ari zirelarik, Jesusek esan zuen:
+. –Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.
K. Haiek, goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion bata bestearen ondoren:
I. –Nik ote?
K. Jesusek erantzun:
+. –Hamabiotako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak. Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!

Azken afaria: hona nire gorputz-odolak.

K. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez:
+. «Hartzazue, hau nire gorputza da».
K. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. Eta esan zien:
+. «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena , guztiengatik isuria. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».

Afalondoan: Pedroren ukoen iragarpena.

K. Gorazarreak kantatu ondoren , Oliamendira abiatu ziren.
Jesusek esan zien:
+. «Zuen sinesmenak huts egingo du , honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
K. Pedrok esan zion:
I. –Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez.
K. Jesusek erantzun:
+. –Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu.
K. Baina Pedrok, gero eta areago:
I. –Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.
K. Eta beste hainbeste zioten denek.

Getsemaniko otoitz larria.

K. Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: +. «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».
K. Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
+. «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».
K. Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen. Honela zioen:
+. «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».
K. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
+. «Simon, lotan? Ordubete ere ezin izan zara erne egon? Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia ».
K. Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.
Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien:
+. «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

Jesus giza eskuetan. Piztuera (14,43–16,8)

Jesus lotua daramate.

K. Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik. Saltzaileak seinale hau jarria zien:
I. «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz».
K. Iritsi zeneko, Jesusengana hurbildu eta esan zion:
I. «Maisu!»
K. Eta musu eman zion.
Besteek heldu eta atxilotu egin zuten. Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. Jesusek esan zien:
+. «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero zuen artean nengoen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».
K. Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten, baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.

Jesus judu-biltzarraren aurrean.

K. Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus eta han bildu ziren apaizburu, zahar eta lege-maisu guztiak. Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.
Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu; askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat. Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:
P. «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».
K. Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.
Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:
P. –Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
K. Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:
P. –Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?
K. Jesusek erantzun:
+. –Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.
K. Apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:
P. –Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa . Zer deritzozue?
K. Heriotza merezi zuela erabaki zuten denek.
Batzuk listuka hasi zitzaizkion eta, aurpegia estalirik, ukabilkadak ematen zizkioten, esanez:
J. «Asma ezak, profeta!»
K. Guardiek ere masailekoka zerabilten.

Pedrok Jesus ukatu.

K. Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen. Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan zion:
I. –Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.
K- Baina hark ukatu, esanez:
I. –Ez zekinat zer dionan ere, ez dinat ulertzen.
K. Atarira irten zen, eta oilarrak jo zuen . Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere honela hasi zitzaien:
P. –Hau ere haietakoa diagu.
K. Pedrok berriro ukatu zuen. Geroxeago, ingurukoek ere esan zioten:
P. –Bai, haietakoa haiz, noski, galilearra haiz eta.
K. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:
I. –Ez dut ezagutzen zuek diozuen hori.
K. Une hartan, bigarren aldiz jo zuen oilarrak. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.


Jesus Pilatoren aurrean.

K. Eguna argitu bezain laster, apaizburu, zahar eta lege-maisuak bildu ziren –Biltzar Nagusi osoa–, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eraman zuten eta Pilatoren eskuetara eman. Pilatok galdetu zion:
P. –Zu al zara juduen erregea?
K. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk diozu.
K. Apaizburuek salaketa asko egiten zituzten haren kontra. Pilatok esan zion:
P. –Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituzten.
K. Baina Jesusek ez baitzion gehiago erantzun, harriturik gelditu zen Pilato.

Jesus heriotzara kondenatua.

K. Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera. Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten. Pilatok erantzun zien:
P. –Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
K. Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus. Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan.
Berriro mintzatu zitzaien Pilato:
P. –Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin?
K. Jendeak, orduan, oihu:
J. –Gurutzera hori!
K. Eta Pilatok:
P. –Zer oker egin du, bada?
K. Haiek, are eta oihu handiagoz:
J. –Gurutzera hori!
K. Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren , haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

Soldaduen isekak.

K. Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudari-taldeko denak bildu zituzten. Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan.
Eta agurka hasi zitzaizkion:  
J. «Agur, juduen erregea!»
K. Kanabera batez jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion. Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.

Jesus gurutziltzatua.

K. Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus (Golgotak «Burezur» esan nahi du).
Mirraz nahasiriko ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu. Josi zuten gurutzean, eta haren jantziak banatu egin zituzten, zer zeinentzat zotz eginez.
Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean. Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea». Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Jesus gurutzean iraindua.

K. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez:
J. «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena! Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
K. Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez:
P. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun».
K. Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.

Jesusen heriotza.

K. Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
+. «Eloi, Eloi, lema sabaktani ?»
K. (Hau da:
+. «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
K. Hau entzutean , bertan zeuden batzuek esan zuten:
J. «Eliasi deika ari duk».
K. Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez:
P. «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».
K. Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.

K. Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.
Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen:
P. «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».

K. Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.

Jesus hilobian ezarria.

K. Ilunabarrean –larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna –, Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen. Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko martxoaren 29a

EZAUGARRI GORENA

Jesusek indarkeriazko azkena barruntatua zuen. Ez zen pertsona gexala. Bazekien zer zetorkiokeen Jainkoaren erreinuaren egitasmoari atxikirik jarraitzen bazuen. Ezinezkoa zen «pobreentzat» eta «bekatarientzat bizitza duin baten bila» hain errotik jo eta ez eragitea erreakziorik inolako aldaketarik komeni ez zitzaion jendeagan.
Jakina, Jesus ez da suizida. Ez dabil gurutzean josi dezaten bila. Ez zuen opa izan sekula sufrimendurik, ez beretzat, ez besteentzat. Horren aurka jardun zuen, hain juxtu, bizitza osoan, aurkitzen zuen guztietan: gaixotasunean, zuzengabekerian, bekatuan, etsipenean. Beraz, ez dabil orain heriotzaren bila, baina ez dago atzera egiteko ere.
Bekatariei eta zokoratuei harrera eginez jarraituko du, bere jarduerak tenpluan amorrua eragingo badu ere. Kondenatzen badute, delitugile eta zokoratu bezala hilko da bera ere, baina bere bizitza osoa baietsiko du bere heriotzaz: bere barkazioa inori ukatzen ez dion Jainkoaganako konfiantza osoa baietsiko du.
Azkenak direnei Jainkoak dien maitasuna hots egiten jarraituko du Jesusek, pobreenekin bat eginez eta inperioa gutxietsiz, erromatar gobernariaren inguruan pertsonarik gogaigarriena izango bada ere. Esklaboentzat izan ohi den gurutzean noizbait hiltzen badute, esklabo mespretxagarri bezala hilko da bera ere, baina bere heriotzaz biktimen defendatzaile den Jainkoarekiko fideltasuna zigilatuko du.
Jainkoarekiko maitasunaz beterik, «salbamena» eskaintzen jarraituko du gaitzak eta gaixotasunak jota direnei: «harrera» eskainiko die gizarteak eta erlijioak zokoratu dituztenei; Jainkoaren doako barkazioa erregalatuko die bekatariei eta jende galduari, haren adiskide izatera itzuli ezin direnei. Bere bizitza guztia arnastu duen jarrera salbatzaile hau izango du bere heriotzan ere.
Horregatik gertatzen zaigu gurutzea kristauoi hain erakargarri. Gurutziltzatuari musu ematen diogu, harengana jasotzen ditugu begiak, haren azken hitzak entzuten ditugu..., zeren Jesus gurutzean ikusirik, batetik, Aitaren egitasmoari hark eskaini dion azken zerbitzua baitugu ikusten eta, bestetik, bere Semea emanez, gizadi osoarekiko maitasunagatik, Aitak agertu digun ezaugarri gorena.
Bilaukeria da aste santua folklore nahiz turismorako apeu edo dei bihurtzea. Jesusen jarraitzaileentzat, Jaunaren nekaldia eta heriotza ospatzea emozioz beteriko esker ona da, Jainkoaren maitasun «ezin sinetsizkoa» pozik adoratzea, Jesus bezala bizitzeko deia gurutzeratuekin bat eginez.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko apirilaren 1a

BIKTIMEKIN BAT

Ez Erromako botereak, ez Tenpluko agintariek jasan izan zuten Jesusek ekarritako berritasuna. Arriskutsua zen Jainkoa ulertzeko eta bizitzeko Jesusen era. Ez zuen defenditzen Tiberioren inperioa, guztiei egin zin dei Jainkoaren erreinua eta haren justizia bilatzera. Ez zion axola larunbataren legea eta tradizio erlijiosoak haustea; Galileako gaixo-jendearen eta jatekorik gabearen sufrimendua arintzea zuen kezka bakarra.
Ez zioten barkatu hori. Sakonegi egin zuen bat inperioko biktima errugabeekin eta tenpluko erlijioak ahantziak zituenekin. Gurutzean errukirik gabe iltzatua den horrengan agertzen zaigu orain Jainkoa, historian izan diren biktima guztiekin bat egin duen horrengan. Horien guztien oihuarekin bat egiten du orain Jainkoaren beraren oinaze-oihuak.
Gurutziltzatuaren aurpegi desitxuratuan harritzen gaituen Jainkoa agertzen zaigu, Jainkoaz ditugun irudi konbentzionalak hausten dituena: jenderik ahulena eta babesik gabeena gurutziltzatzen jarraitzen duen munduko drama ahaztuz, Jainkoari kultu eman nahi izatearen jarduera koloka jartzen duen Jainkoa da.
Jainkoa biktimekin bat eginez hil bada, haren gurutziltzatzea erronka kezkagarria da Jesusen jarraitzaileentzat. Ezin bereizi dugu Jainkoa errugabeen sufrimendutik. Ezin adoratu dugu Gurutziltzatua eta bizkarra emanez bizi goseak, gerlak, miseriak joa den hainbat eta hainbat jenderen sufrimenduaren aurrean.
Jainkoak guztiok interpelatuz jarraitzen du gure egunetako gurutziltzatuen larrutik. Ez dugu zilegi egundoko sufrimendu horren ikusle bezala bizitzen jarraitzea, geure inguruan errugabetasun-ilusio geldo bat elikatuz. Matxinatu egin behar dugu ahaztearen kultura horren aurka; gurutziltzatuengandik apartatzeko bidea ematen baitigu, munduan den sufrimendu zuzengabe hori «urrunera» bidaliz, han oihurik, lanturik, intziririk ateratzen ez duela.
Ezin hesitu gara geure «ongizatearen gizartean», «gaizki izatearen beste gizarte» horretaz ahaztuz, zeinetan milioika gizaki jaiotzen baita, soilik heriotza izan den bizitzako urte gutxira erabat akabatzeko. Ez da gizatasunezkoa, ez kristaua, geure burua segurtasunean kokatzea, soilik bizitza segurtasunik gabe eta mehatxatua ezagutzen dutenez ahazturik.
Kristauek, Gurutziltzatuari aurpegira begira jartzen garenean, Jainkoaren maitasun ezin atzemana kontenplatzen dugu, gure salbaziorako emana izan baita hura heriotzaraino. Patxadago begiratzen badiogu, aisa aurkituko dugu aurpegi horretan beste gurutziltzatu asko eta askoren aurpegia: gugandik hurbil edo urrunago, gure maitasun solidarioa eta errukibera eskatzen ari direnen aurpegia.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko apirilaren 5a

EZAUGARRI GORENA

(2015eko martxoaren 29a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 16 de marzo de 2015

2015/03/22 - Garizumako 5. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 5. Igandea (B)


EBANJELIOA

Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen bada, fruitu asko ematen du.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 12,20-33

Egun haietan, jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk . Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».
Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten. Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.
«Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz! Aita, azaldu zeure aintza!»
Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».
Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak. Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».
Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko martxoaren 22a

GURUTZILTZATUAK ERAKARRI

«Greko»-talde bat, paganoak seguruenik, Jesusengana hurbildu dira, eskari miresgarria eginez: «Jesus ikusi nahi genuke». Berri eman diotenean, Jesusek solasaldi biziaz erantzun die, bere bizitzaren zentzu sakona laburtuz. Iritsia da ordua. Guztiek, judu eta greko, sumatu ahal izango dute laster haren bizitzak eta haren heriotzak biltzen duten misterioa: «Ni lurretik jasoko nautenean, guztiak erakarriko ditut neugana».
Jesus gurutzean jaso eta Golgotan gurutzean agertuko denean, guztiek ezagutu ahal izango dute Jainkoaren ezin ulertuzko maitasuna, konturako dira ezen maitasuna dela Jainkoa eta maitasuna soilik gizaki ororentzat. Gurutziltzatuak erakarririk sentituko dira. Harengan Jainkoaren Misterioa erarik gorenean agerturik ikusiko dute.
Hartarako, jakina, erospenaren doktrinaz hitz egiten entzun izana baino zerbait gehiago beharko da. Aste santuko elizkizun erlijioso batera joan izana baino zerbait gehiago. Geure barne-begiak Jesusengan behar ditugu jarri eta hunki gaitzan utzi, sumatzen dugularik gurutze hori egunez egun egindako bizitzaren azken keinua dela guztientzat mundu gizatarragoa egiteko. Bere salbazioa Jainkoagan aurkituko duen mundu gizatarragoa.
Baina, seguruenik, orduan hasiko gara Jesus zinez ezagutzen: Aitari egin dion erabateko buru-eskaintzak eta haren seme-alabentzat bizitza zoriontsuagoa eskuratzeko jasan duen nekaldiak erakarririk, Jesusen beraren deia, era ahulean bada ere, entzunen dugunean:«Nire zerbitzari izan nahi duena betor nire ondoren, eta ni nagokeen lekuan, han egonen da nire zerbitzaria ere».
Jesusen «zerbitzari izatean» du guztiak bere jatorria, haren eginkizunean lankide izatean, soilik haren egitasmorako bizi nahi izatean, haren urratsei jarraitzean, agertzeko, modu askotan eta keinu ia beti pobrez, nola maite gaituen Jainkoak guztiok. Orduan hasiko gara haren jarraitzaile bilakatzen.
Hona zer esan nahi duen haren bizitzan eta haren zorian bat egiteak: «ni nagokeen lekuan, han egonen da nire zerbitzaria ere». Hori da kristau izatea: Jesus zegoen lekuan egotea, hark egiten zuenaz arduratzea, hark zuen helmuga bera ukaitea, hura egon zen bezala gurutzean egotea. hura dagoen bezala egun batean Aitaren eskuinean egotea.
Zer-nolakoa izango ote litzateke Gurutziltzatuak «erakarritako» Eliza, soilik haren «zerbitzari» izateko gogoak eragina balitz, hark esku artean zituen gauzez arduratuko balitz? Zer-nolakoa izango ote litzateke Eliza, jendea Jesusengana erakarriko lukeena izango balitz?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko maetxoaren 25a

JESUS ERAKARGARRI

Juduen Pazkoa ospatzera etorriak diren erromes greziar batzuk Feliperi hurbildu zaizkio, eskean: «Jesus ikusi nahi genuke». Ez da ikusmina. Jainkoaren gizon horregan nabari duten misterioa sakon ezagutu nahia da. Berei ere on egin diezaieke.
Kezkaturik ageri da Jesus. Egun batzuk barru gurutzean josiko dute. Erromes greziarren gogoa jakitera eman diotenean, hitz nahasgarriak jaulki ditu: «Iristear da Gizonaren Semea aintzatua izango den ordua». Gurutzean josiko dutenean, guztiek ikusi ahal izango dute zertan den haren egiazko handitasuna eta aintza.
Segur aski, inork ez dio ezer ulertu. Baina Jesusek, izango duen hiltzeko era gogoan duela, gehiago dio: «Lurretik gora jasoa izango naizenean, guztiak neuganantz erakarriko ditut». Zer du gurutziltzatu horrek, ezkutuan, jendea erakartzeko ahalmen hori izateko? Gauza bat soilik: guztientzat duen maitasun sinetsezina.
Ikusezina da maitasuna. Soilik, maite gaituen keinuetan, seinaleetan, buru-eskaintzan suma dezakegu. Horregatik, Jainkoaren maitasun atzemanezina suma dezakegu Jesus gurutziltzatuagan, egin duen buru-eskaintzan. Egia esan, Jesusek erakartzen gaituela sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara kristau izaten. Soilik, Jainkoak maite gaituena sentitzen dugunean bakarrik hasiko gara fedeaz zer edo zer ulertzen.
Jesusek, gurutzeko heriotzan ezkutuan den indarra argitzeko, guztiek ulertu ahal dugun irudi xume hau darabil: «Gari-alea lurrera erori eta hiltzen ez bada, agor geldituko da; baina, hiltzen bada, fruitu asko emango du». Hiltzen bada, erne eta bizia sorrarazten du aleak; baina, bere azalean bildurik, bere bizi-indarra beretzat gordetzen badu, agor geldituko da.
Bizitza osoa misterioski biltzen duen legea agertzen digu irudi eder horrek. Ez da arau morala. Ez da erlijioak ezarritako legea. Maitasunak eraginda sufritzen ari denaren bizitza emankor bihurtzen duen dinamika da. Jesusek behin eta berriz errepikatu izan duen ideia da. Bere bizitzari era egoistan atxikitzen zaionak galbidean jartzen du; eskuzabal ematen dakienak bizi gehiago sorrarazten du.
Ez da zaila hori egiaztatzea. Buruan bere ongizatea, bere dirua, bere arrakasta, bere segurtasuna bakarrik duen pertsonak bizitza erdipurdikoa eta agorra eginez bukatzen du: halakoak, mundu honetan biziz, ez dio gehitzen bizitzari gizatasun-apur bat ere. Alderantziz, jarrera irekiz eta bihotz zabalez bizitzera arriskatzen denak, bizia zabaltzen du, poza distiratzen, bizitzen laguntzen. Ez da bizitzeko modu kilikagarriagorik, gainerakoen bizitza gizatasun handiagoko eta eroangarriago egitea baino. Nolatan Jesusi jarraitu, haren bizi-estiloa erakargarri sentitzen ez badugu?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko martxoaren 29a

GURUTZILTZATUAK ERAKARRI

(2015eko martxoaren 22a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com