lunes, 1 de febrero de 2016

2016/02/07 - Urteko 5. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 5. Igandea (C)


EBANJELIOA

Dena utzirik, jarraitu egin zioten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 5,1-11

Behin batean, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren mezua entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean zegoen. Eta bi ontzi ikusi zituen ur-bazterrean: arrantzaleak, ontzitik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen bietako batera, Simonenera, eta ontzia lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion; gero, eseri eta jendeari irakasten ziharduen ontzitik. Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion:
– Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako.
Simonek erantzun zion:
– Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea.
Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden. Beste ontziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi ontziak ia-ia hondoratzeraino bete zituzten. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez:
– Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!
Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Simon eta beronekin zirenak, baita haren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni:
– Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.
Ontziak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko otsailaren 7a

PEKATUA AITORTU

Galileako aintzirako mirarizko arrantxa oso herrikoia izan zen lehen kristauen artean. Ebanjelari batek baino gehiagok dakar pasadizo hori, baina Lukasek bakarrik erantsi dio eszena hunkigarria, zeinetan Simon Pedro, aldi berean fededun eta bekatari zen ikasle hura, baita protagonista.
Fede-gizona da Pedro, Jesusek liluratua. Bere esperientziak berak baino indar handiagoa dute harentzat Jesusek hitzek. Ondotxo daki Pedrok inork ez diola ekiten aintziran arrantza egiteari eguerdian, batez ere gauez ezer harrapatu ez badu. Baina Jesusek agindu dio eta Pedrok konfiantza osoa du harengan: «Zure hitzean finkatuz, botako ditut sareak».
Aldi berean, bihotz egiazalea da Pedro. Lorturiko arrainketa izugarriaz harriturik, «Jesusen oinetara erori da» eta berezkotasun miresgarriz diotso: «Aldendun nigandik, Jauna, bekataria bainaiz». Guztien aurrean aitortu du Pedrok bekatari dela eta ez dela gai inolaz ere Jesusen ondoan bizitzeko.
Jesus, ordea, ez da izutu bere ondoan ikasle bekatari bat izateaz. Aitzitik, bere burua bekataritzat badu, hobeto ulertu ahal izango du Pedrok Jesus: guztientzat barkatzaile dela eta bekatarientzat eta desiragarri ez direnentzat abegikor. «Ez beldur izan. Gaurdanik giza arrantzale izanen zara». Ikasle bekatari izatearen beldurra kendu dio Jesusek, eta bere misio-lagun bihurtu du, era guztietako gizon-emakumeak elkartu eta Jainkoaren egitasmo salbatzailean sartzera deitzeko.
Zergatik egiten dio hain gogor Elizak bere bekatuak aitortzeari eta bere konbertsio-beharra agertzeari? Jesu Kristorena da Eliza, baina Eliza ez da Jesu Kristo. Inork ez du zertan harritu Elizan bekatua izateaz. «Santua» da Eliza, Jesusen Espirituak eraginik bizi delako; baina «bekatari» da, hainbatetan Espiritu horri aurre egiten eta ebanjeliotik urruntzen delako. Fededunen baitan eta erakundeetan dago bekatua: hierarkia baitan eta Jainkoaren herrian; artzainen baitan eta kristau-elkarteetan. Guztiek dugu bihozberritu beharra.
Oso gauza larri da egia ezkutatzen ibiltzea, bihozberritzeko eta berriztatzeko dinamikan konprometitzea eragozten baitigu. Bestetik, ez ote ebanjelioaren antzekoagoa Eliza ahul eta zaurigarria, bere bekatua aitortzeko adorea duena, bere miseriak munduaren aurrean nola ezkutatuko, alferrik eta lortu ezinik, ari dena baino? Ez ote sinesgarriago gure elkarteak Kristoren zeregin ebanjelizatzailean ari direnean, beren bekatuak apal-apal aitortuz eta beti ebanjelioaren antzekoago biziera egiten ahaleginduz? Ez ote dugu gaur ere zer ikasi handia Jesusen oinetan bere burua bekatari aitortu duen Pedro apostoluagandik?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko otsailaren 10a

EBANJELIOAREN INDARRA

Lukas ebanjelariak Galileako aintziran gertatu den arrantzu harrigarri eta ustekabekoaren pasadizoa idatzi du, Elizari arnasa emateko, konturatu baita bere mezua aditzera emateko egin dituen ahalegin guztiek huts egin dutela. Oso argi dago esan diguna: ebanjelioaren indarrean eta erakargarritasunean ipini behar dugu geure esperantza.
Ezohiko eszena batez hasi du kontakizuna. Jesus zutik dago aintziraren ertzean, eta «jendea haren inguruan pilatzen ari da Jainkoaren Hitza entzuteko». Ez doa jendea ikusminez. Ez da hurbildu gauza miresgarriak ikusteko. Soilik, Jainkoaren Hitza entzun nahi du Jesusen ahotik.
Ez da larunbata. Jendea ez da bildu Kafarnaumeko hurbileko sinagogan, urtean barna herriari irakurri ohi zaizkion irakurgaiak entzuteko. Ez da igo Jerusalemera Tenpluko apaizei entzuteko. Jendea hartaraino erakartzen duena Jesus Profetaren Ebanjelioa da, Nazareteko herritarrek ukatua.
Ezohikoa da arrantzuaren eszena ere. Gauez, arrantzurako garairik egokienean, Pedrok eta lagunek, beren kontura lan egin dutenean, ez dute lortu inolako emaitzarik. Aldiz, egunez, haien lana norabidetzen duen Jesusen Hitzari kasu eginez sareak bota dituztenean, arrantzu ugaria lortu dute, uste zutenaren kontra.
Kristautasunak gure artean bizi duen krisialdia gero eta argiagoa bihurtzen duten datuen hondo-hondoan, bada ukaezineko gertaera bat: Eliza modu ezin gerarazian ari da galtzen duela urte batzuk zuen erakarmen- eta sinesgarritasun-ahala.
Kristauok esperimentatzen ari gara ezen gero eta txikiagoa dela belaunaldi berriei geure fedea eskualdatzeko geure ahalmena. Ez da falta izan ahaleginik eta ekimenik. Baina kontua ez datza, itxuraz, estrategia berriak asmatzean, ezta nagusiki ere.
Iritsia da unea gogoratzeko ezen Jesusen Ebanjelioak baduela guk geuk ez dugun erakartzeko indar bat. Horrenbestez, hau da galderarik funtsezkoena: erakarmena eta sinesgarritasuna galtzen ari den Elizatik «gauzak egiten» jarraitu behar al dugu ala geure indar guztia Ebanjelioa berreskuratzen ipini behar dugu, gaur egungo gizon-emakumeengan fedea sortzeko indarra hark bakarrik duela pentsatuz?
Ez ote dugu Ebanjelioa lehen mailan jarri behar? Gauzarik inportanteenak une kritiko hauetan ez dira mendeen joan-etorrian landu diren doktrinak, baizik Jesus bera eta haren bizitza. Garrantzizkoena ez da jendea gure gauzetan parte hartzera etortzea, baizik Jesusekin harremanetan jartzea. Kristau fedea esnatu, jendeak Jesusen sua aurkituko duenean bakarrik esnatuko da.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko otsailaren 7a

PEKATUA AITORTU

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.