lunes, 28 de marzo de 2016

2016-04-03 - 2. Pazko Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2. Pazko Igandea (C)


EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko apirilaren 3a

EZ IZAN SINESGOGOR, BAIZIK SINESTEDUN

Tomasen irudia, sinesteari gogor egin dion ikasle bezala, oso herrikoia izan da kristauen artean. Halaz guztiz, ebanjelioko kontakizunak hori baino askoz gehiago dakar ikasle eszeptiko honetaz. Aski dei estu diren hitzez mintzatu zaio Jesus berpiztua, baina aldi berean gonbit maitekor direnez: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik». Tomasek, sinesteari gogor eginez astebete daraman horrek, ebanjelioetan irakur dezakegun fede-aitorpenik handienaz erantzun dio: «Ene Jaun eta ene Jainko».
Zer esperimentatu du ikasle honek Jesus berpiztuagan? Zerk aldarazi du ordu arte dudak eta zalantzak hartua izan den gizon hau? Zein barne-ibilbidek eraman du eszeptizismotik konfiantzara? Harrigarriena da, kontakizunaren arabera, Tomasek uko egin diola piztueraren benetakotasuna egiaztatzeari Jesusen zauriak ukituz. Federa ireki duena Jesus bera izan da, gonbita egitean.
Azken urte hauetan, asko aldatu gara geure barnean. Eszeptikoago bihurtu gara, baina hauskorrago ere bai. Kritikoago bilakatu gara, baina ez-ziurrago ere bai. Norberak erabaki behar du nola nahi duen bizi eta nola nahi duen hil. Norberak erantzun behar dio Jesusengandik, goiz ala berandu, ezusteko moduan, barne-prozesu baten ondorio gisa, iritsi ahal zaion gonbit horri: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik».
Beharbada, geure egia-gogoa gehiago iratzarri beharrean gara. Gehiago garatu beharrean geure barne-sentiberatasuna, ikusgarri eta ukigarri dena baino harago sumatzeko, gure biziaren sostengu den Misterioaren presentzia sumatzeko guztiok dugun sentiberatasuna. Ezin gara bizi jada dena jakingo bagenu bezala. Hori ez da egia. Guztiak, fededun eta fedegabe, ateo eta agnostiko, ilunak bildurik gabiltza bizitzan. Tartsoko Paulok dioen bezala, «haztamuka» gabiltza Jainkoaren bila.
Zergatik ez aurpegi eman biziaren eta herioaren misterioari Maitasunean konfiantza jarriz, ororen azken Errealitate denez? Hori da azken batean Jesusen gonbita. Fededun batek baino gehiagok sumatu du gaur egun ezen beraren fedea gero eta irrealago eta funsgabekoago bilakatuz joan dela. Ez dakit. Agian, geure fedearen sostengutzat sasi-segurtasunik ez dugun honetan, bihotz apalagoz eta egiazaleagoz gabiltza Jainkoaren bila.
Ez dezagun ahaztu ezen, nola sinetsiko eta sinetsi nahian benetan dabilena, jada sinestedun dela Jainkoarentzat. Askotan, ezin egin ahal da besterik. Eta Jainkoak, gure ezina eta ahuldadea ezagutzen duen hark, bere bideak ditu bakoitzarekin topo egin eta bere salbazioa eskaintzeko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko apirilaren 7a

DUDA-MUDATIK FEDERA

Gizaki modernoak ikasi du duda-mudarik izaten. Gure garai honetako espirituak bere berea du dena zalantzan jartzea, ezagutza zientifikoan aurrera egiteko. Ingurugiro honetan fedearen izena lausoturik gelditzen da sarritan. Gizakia ziurtasun-gabezia eta duda-muda artean bizi da.
Horregatik, guztiok sintonizatzen dugu, nekerik gabe, Tomasek izan duen erreakzioarekin, beste ikasleek aditzera eman diotenean, bera kanpoan zelarik, esperientzia txundigarria izan dutela: «Jauna ikusi diagu». Eta hark gordin erantzun die: «Ikusten ez baduk, ez diat sinetsiko».
Ulergarria da haren jarrera. Tomasek ez dio lagunak gezurretan ari direnik edo engainatu nahi dutenik. Soilik dio, ez duela aski haien testigantza, haien fedeari atxikitzeko. Bere esperientzia bizi beharra du. Eta Jesusek ez dio aurpegiratuko inoiz ere.
Tomasek aukera izan du bere duda-muda adierazteko ikasleen taldean. Itxuraz, haiek ere ez dira eskandalizatu. Ez dute taldetik kanporatu. Berek ere ez diete sinetsi emakumeei, Jesus berpizturik ikusi dutela adierazi dietenean. Tomasen pasadizo honek barruntarazten digu, ikasleen talde txiki hark ibilbide luzea egin behar izan zuela Kristo berpiztuagan sinestera iristeko.
Kristau-elkarteek, gure egunotan, elkarrizketarako gune izan beharko lukete, fededunen duda-mudak, galdekizunak eta bilaketak era jatorrean partekatu ahal izateko. Ez dugu bizi guztiok, geure barnean, esperientzia bera. Fedean hazten joateko, beharrezkoak ditugu estimulua eta elkarrizketa gure kezka bera bizi dutenekin.
Alabaina, ezin ordeztu du ezerk ere Kristorekin, bihotz-hondoan, norberak bizi izandako harreman pertsonala. Ebanjelioko kontakizunaren arabera, handik zortzi egunera berriro aurkeztu zaie Jesus. Tomasi ez dio aurpegiratu bere duda-muda. Sinesteko agertu duen gogortasunaz bere ondradutasuna azaldu du. Jesusek bere zauriak erakutsi dizkio.
Ez dira piztueraren «froga», baizik eta seinale dira, Jesusen maitasunaren eta heriotzaraino bere burua eskaini izanaren seinale. Horregatik, bere duda-mudak konfiantzaz sakontzera gonbidatu du: «Ez izan sinesgabe, baizik sinestedun». Eta Tomasek uko egin dio ezer egiaztatu behar izateari. Ez du jada froga-beharrik. Soilik badaki Jesusek maite duela eta konfiantza izatera gonbidatzen duela: «Ene Jauna eta ene Jainkoa».
Halako batean kristauek jakingo dugu ezen geure duda-mudetarik askok, era sanoan eta Jesusekiko eta elkartearekiko harremanak hautsi gabe bizi baditugu, azaleko fede batetik, hau da, formula hutsak errepikatzearekin aski izaten duen fede batetik, ateratzen lagunduko digutela, eta haztera eragingo digutela Jesusekiko maitasunean eta konfiantzan; alegia, gure fedearen muina den gizon egindako Jainkoaren misterio horretan haztera eragingo digutela.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko apirilaren 11a

EZ ZAITEZ IZAN SINESGABE, SINESTEDUN BAIZIK

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain


Ebanjelio honi buruzko B ZIKLOAren homiliak ikusteko:
Ebanjelio honi buruzko A ZIKLOAren homiliak ikusteko:




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.