lunes, 29 de enero de 2018

2018-02-04 - Urteko 5. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 5. Igandea (B)


EBANJELIOA

Gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 29-39

Denbora haietan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiago eta Joanekin. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. Joan zitzaion ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien.

Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. Herri osoa bildu zitzaion atarian. Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.

Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. Simon eta lagunak haren bila hasi ziren; aurkitzean, esan zioten:

–Jende guztia zure bila dabil.

Hark, ordea, erantzun:

–Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz.

Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berri ona hots egiten eta deabruak botatzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 4a

GURE ETXEKO ATEAN

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko otsailaren 8a

BAKARDADERA OTOITZ EGITEKO

(2009eko otsailaren 8a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 5a

GURE ETXEKO ATEAN

Kafarnaumgo sinagogan, espiritu gaiztoak hartua den gizon bat sendatu du Jesusek goizean. Orain, ebanjelariak diosku, «sinagogatik» irtenik, Simonen eta Andresen «etxerantz» doala. Adierazpen hau garrantzizkoa da, zeren, Markosen ebanjelioaren baitan, etxe honetan gertatzen denak badu beti irakaspen bat kristau-elkarteentzat.

Judu-erlijioaren leku ofizial den sinagogatik, etxera doa Jesus, non eguneroko bizitza maiteenak dituen pertsonen ondoan bizi ohi baita. Etxe horretan joanen da garatzen Jesusen familia berria. Kristau-elkarteek gogoratu behar dute, ez direla legea bizi den leku erlijioso, baizik eta Jesusen inguruan modu berrian nola bizi ikasten den sutondo.

Etxean sartzean, Simonen amaginarrebaz hitz egin diote ikasleek. Ezin atera izan zaio hura atera, ongietorri egitera, gaixo baitago ohean sukarrez. Jesusek ez du besterik behar izan. Bigarren aldiz hautsiko du larunbata egun berean. Jendearen bizitzak du axola harentzat, eta ez erlijio-betebeharrak. Xeheki deskribatu du kontakizunak gaixo den emakumearekin egin dituen keinu guztiak.

«Hurbildu zitzaion». Beti egin ohi duen lehenengo gauza da: sufritzen ari denagana hurbildu, hari aurpegira hurbiletik begiratu, haren sufrimena partekatu. Gero, «eskutik hartu zuen». Emakumea ukitu du. Ez zaio axola hori egitea debekatzen duen garbitasun-araua. Emakume horrek bere ahalmen sendatzailea senti dezan nahi du. Azkenik, «jaikiarazi zuen», zutik jarraraziz eta beraren duintasuna itzuliz.

Horrela egon ohi da Jesus beti bereen artean: gu jaikiarazteko eskua luzatuz, bizia arnasten digun hurbileko adiskide bezala. Zerbitzari izan nahi du beti Jesusek soil-soilik, eta ez zerbitza dezaten. Horregatik, sendatua izan den emakumea ere guztiei «zerbitzatzen» hasi da; Jesusengandik ikasi du. Jesusen jarraitzaileok elkar onartuz eta elkar zainduz behar dugu bizi.

Alabaina, oker handia izango litzateke pentsatzea, kristau-elkarteak bere kideez bakarrik arduratuz bizi daitekeen familia dela, eta besteen sufrimenaz axolatu gabe. Kontakizunak dio ezen, egun horretan berean, «eguzkia sartzean», larunbata bukatua denean, klase guztietako gaixoak eta gaitzen batek jotakoak daramazkiotela Jesusi.

Buruan ondo sartu beharko genuke kristauek pasadizo hau. Gauaren iluna iristean, populu guztia «pilatu da ate aurrean» beren gaixoekin. Sufritzen ari direnen begiak eta esperantza Jesus dagoen etxeko atearen bila doaz. Orduan bakarrik erakartzen du Elizak sufritzen ari den jendea egiaz: barruan bizitza sendatzen eta sufrimena arintzen ari den Jesus aurkitzen duenean. Gure elkarteen ateetan jende asko ari da sufritzen. Ez dezagula ahantzi.

 José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko otsailaren 8a

BAKARDADERA OTOITZ EGITEKO

Profeta ibiltari bezala ari zuen jarduera bizian, beti arduratu zen Jesus Jainkoarekin harremanak isiltasunean eta bakardadean izateaz. Zirrara sakona eragin zuen Jesusen ohitura baten oroitzapena gorde digute ebanjelioek: gauez bakardadera joan ohi zen Jesus otoitz egiteko.

Markosek dakarren pasarteak Jesusentzat otoitza der zen ulertzen laguntzen digu. Bezperan lan gogorra izan zuen. «Gaixo asko sendatu zituen» Jesusek. Handia izan zen arrakasta. Txunditurik zegoen Kafarnaum: «Herri guztiak inguratu zuen» Jesus. Hartaz mintzo ziren denak.

Gau horretan berean, goizaldera, goizeko hirurak eta seiak bitartean, jaiki eta, ikasleei esan gabe, eremura joan zen Jesus. «Otoitz egiten hasi zen han». Aitarekin egon beharra sentitu zuen. Ez du nahi arrakastaren haizeak burua nahas diezaion. Aitaren nahia nahi du soil-soilik: egin beharra duen bidea ondo ezagutu.

Hura beren artean ez izateaz harriturik, Simon eta lagunak haren bila joan ziren. Ez zaie inporta hark Jainkoarekin ari duen solasa etetea. Berekin eutsi nahi diote: «Mundu guztia zure bila dabil». Baina Jesusek ez du uzten kanpotik programa dezaten. Bere Aitaren egitasmoa bakarrik du gogoan. Ez du ezerk, ez inork apartaraziko bere bidetik.

Ez du gogorik bere arrakastaz gozatzen, Kafarnaumen gelditzeko. Ez du amore emango herri gogo-beroaren aurrean. Bada artean Jainkoaren Berri Ona entzun ez duen herrixkarik: «Goazen... haietan ere hots egitera».

Gaur egungo kristautasunean hau da alderdirik baikorrenetako bat: Jainkoarekiko komunikazioa, isiltasuna eta gogoeta egin beharra esnatzen ari izatea. Kristaurik argienek eta arduratsuenek era kontenplaziozkoagoan bizitzera eraman nahi dute Eliza.

Premia estukoa da hori. Kristauok, oro har, ez dakigu Aitarekin bakarrik egoten. Teologoak, predikariak eta katekistak asko mintzo gara Jainkoaz, baina gutxi mintzo gara harekin. Jesusen etsenplua aspaldi ahaztua da. Parrokietan lan-bilera asko egiten da, baina ez dakigu bakardadera jotzen, Jainkoaren aurrean atseden hartu eta geure burua bakeaz betetzeko.

Gero eta gutxiago gara gauza gehiago egiteko. Hor dago arriskua: jardunkerian, higaduran eta barne-hustasunean erortzeko. Halere, arazoa ez datza arazo asko izatean, baizik haiei aurre egin ahal izateko espiritu-indarra izatean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 22 de enero de 2018

2018-01-28 - Urteko 4. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 4. Igandea (B)


EBANJELIOA

Nagusitasunez irakasten zien.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,21-28

Egun haietan, Jesus eta bere ikasleal Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus.

Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.

Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:

–Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

Jesusek gogor eraso zion:

–Isil hadi eta irten horrengandik!

Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»

Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko urtarrilaren 28a

SENDATZAILEA

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko otsailaren 1a

IRAKASTEKO JARRERA BERRIA

(2009eko otsailaren 1a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 29a

SENDATZAILEA

Markosen arabera, espiritu gaiztoak hartua zen gizon bat sendatzea izan zen Jesusen jendaurreko lehen ekintza, Kafarnaumeko sinagogan. Pasadizo txundigarria da, irakurlea, hasieratik beretik, Jesusen indar sendatzaile eta askatzaileaz jabetu dadin.

Larunbata da eta herria sinagogan dago elkartua, lege-maisuek Legeaz egindako iruzkina entzuteko. Lehen aldiz aldarrikatu du Jesusek Jainkoaren Berri Ona, Israelen tradizio erlijiosoak ofizialki irakasten diren lekuan preseski.

Jendea harriturik gelditu da hari entzutean. Inpresioa dute ordu arte albiste zaharrak entzun izan dituztela, aginpiderik gabe jaulkiak. Besterik da Jesus. Ez du errepikatzen besteri entzuna. Aginpidez mintzo da. Askatasunez eta beldurrik gabe iragartzen du Jainko Onbera.

Bat-batean gizon bat «oihuka hasi da: Gu galtzera etorri al zara?» Jesusen mezua entzutean, mehatxupean ikusi du bere burua. Bere mundu erlijiosoak gainbehera egin du. Ebanjelariak diosku «espiritu gaiztoak», Jainkoaren kontrakoak hartua dela. Zein indar arrotzek eragozten dio Jesusi entzuten jarraitzea? Zer esperientzia kaltegarri eta zitalek hesitzen diote Jesus hots egiten ari den Jainko Onberaganako bidea?

Jesus ez da aztoratu. Gizon gizajoa gaitzak menderatua ikusi du, eta oihu degio: «Hago isilik eta irten hadi horren baitatik». Isiltzeko agindu die Jainkoarekin eta bere buruarekin topo egitea eragozten dien ahots gaizto horiei. Berreskura dezala, esaten dio gizonari, gizakiaren hondoaren hondoena saneatzen duen isiltasuna.

Era dramatikoan kontatu du sendatzea kontalariak. Suntsitzeko azken ahalegina eginez, espirituak gizona «bihur-bihurri egin eta, oihu bortitza botaz, irten zen». Gizona bere barne indarkeriatik askatzea lortu du Jesusek. Ilunari eta Jainkoarekiko ikarari hesia jarri die. Orduz gero entzun ahal izango du Jesusen Berri Ona.

Ez dira gutxi beren baitan Jainkoaz irudi faltsuak dituzten gizon-emakumeak, duintasunez eta egiaz bizitzea eragozten dietela. Modu kreatzailean bizitzera gonbidatzen duen presentzia adiskidetsutzat hartu ordez, beren bizitza kontrolatzen ari den itzal mehatxatzailetzat hartzen dute Jainkoa. Jainko zapaltzailetik askatuz hasten da Jesus sendatzen beti.

Haren hitzak konfiantza ematen du eta ikara galtzen. Haren parabolek Jainkoarekiko maitasunera zaramatzate, eta ez legeari itsuki atxikitzera. Haren presentziak askatasuna handiarazten du, eta ez mendetasuna; bizia maitatzea sustatzen du, eta ez erresumina. Jesusek sendatzen badu, inor baztertu gabe onberatasuna, barkazioa eta maitasuna bizitzen erakusten duelako da. Saneatzen badu, gauzen, buru-engainuaren eta egolatriaren boteretik askatzen duelako da.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko otsailaren 1a

IRAKASTEKO JARRERA BERRIA

Harrigarria da pasadizoa, eta hunkigarria. «Sinagogan» gertatu da guztia, ofizialki Legea irakatsi ohi duten lekuan, eta irakasle baimenduek irakatsi ohi duten moduan. «Larunbatean» gertatu da, beren buruzagien iruzkinak entzuteko judu betetzaileak bildu ohi diren egunean. Ingurumari horretan ekin dio Jesusek, lehenengo aldiz, «irakasteari».

Ez da ezer esaten haren hitzen edukiaz. Hemen ez da hori axola duena, baizik Jesusen esku-hartzeak sortu duen zirrara. Harridura eragin du, eta mirespena. Jendeak harengan zerbait berezia sumatu du, ordu arteko beren maisu erlijiosoengan ez bezalako zerbait: Jesusek «ez du irakasten lege-maisuek bezala, baizik aginpidez».

Doktoreek erakundearen izenean irakasten dute. Tradizioei atxikitzen zaizkie. Behin eta berriz aipatzen dituzte iraganeko maisu ospetsuak. Legea ofizialki interpretatzeko duten eginkizunetik datorkie beren aginpidea. Bestelakoa da Jesusen aginpidea. Ez dator erakundetik. Ez da tradizioan oinarritzen. Beste bat da honen iturria. Jainkoaren Espiritu bizi-emaileaz betea da.

Berehala egiaztatu ahal izango dute. Ustekabean, deabruak hartua den batek garrasika eten du Jesusen irakaspena. Ezin jasan du hau. Izutua dago: «Gu suntsitzea etorri al zara?» Gizon hari ondo zihoakion lege-maisuen irakaspena entzutea. Zergatik sentitu du orain bere burua mehatxatua?

Jesus ez dator inor suntsitzera. Hain juxtu, haren «aginpidea» jendeari bizia ematean datza. Haren irakaspenak gizatartu egiten du jendea, eta askatu esklabotzatik. Jainkoagan konfiantza izateko gonbit dira haren hitzak. Barnea oinazetua duen gizon harentzat albiste ona da berez Jesusen mezua. Jesusek gizona sendatu duenean, harriduraz dio jendeak: «aginpidez irakaste hau gauza berria da».

Inkestek diote, Elizaren hitza aginpidea eta sinesgarritasuna galtzen ari dela. Ez da aski agintari bezala hitz egitea, Jainkoaren Berri Ona hots egin ahal izateko. Ez da aski tradizioa zuzen transmititzea, bihotza fedearen pozera ireki ahal izateko. Premiazkoa ezinbestean irakasteko jarrera berria da.

Ez gara «lege-maisu», baizik Jesusen ikasle. Haren mezua behar dugu eman, eta ez geure tradizioak. Bizia sendatuz behar dugu irakatsi, eta ez jendeari kaskoa ideologiaz betez. Jesusen Espiritua behar dugu hots egin, eta ez geure teologiak.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



lunes, 15 de enero de 2018

2018-01-21 - Urteko 3. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 3. Igandea (B)


EBANJELIOA

Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 14-20

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.

Honela zioen:

- «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».

Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».

Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko urtarrilaren 21a

POSIBLE DA BESTE MUNDU BAT

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015ko urtarrilaren 25a

JESUSEN ONDOREN JOAN

(2009ko urtarrilaren 25en homilia ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 22a

POSIBLE DA BESTE MUNDU BAT

Ez dakigu ziur zein erreakzio izan zuten Bataiatzailearen ikasleek Herodes Antipasek beren maisua Makeronteko gotorlekuan preso sartu zienean. Badakigu zein erreakzio izan zuen Jesusek. Ez zen ezkutatu basamortuan. Ezta Nazareteko bere familiartekoen artean ere. Galileako herrixketan barna hasi zen mezu berezia eta harrigarria hots eginez.

Markos ebanjelariak honela laburtu du: «Galileara joan zen  Jainkoaren Berri Ona aldarrikatuz». Jesusek ez du errepikatu Bataiatzailearen predikua, ez da mintzo Jordaneko haren bataioaz ere. Berri eta on bezala aldarrikatu du Jainkoa. Hori du bere mezua.

«Bete da epea». Israelen bizi duten itxarote-aldia bukatu da. Bukatu da Bataiatzailearen aldia ere. Aro berri bat hasi da Jesusekin. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi geure problema, sufrimendu eta erronken aurrean. Gurekin batean gizatasun handiagoko mundu bat eraiki nahi du.

«Hurbil da Jainkoaren erreinua». Besterik ez bezalako ausardiaz, jende guztia harriarazi du Jesusek, inongo profeta ausartu ez zen zerbait iragarriz: «Hemen da Jainkoa, bere indar zuzentasun-sortzailearekin, gure artean errege nola izango». Presentzia on eta adiskidetsu bezala sentitzen du Jesusek Jainkoa, gure artera nola sartuko dabilena, gure bizitza gizatasunez betetzeko.

Horregatik, Jesusen bizitza osoa esperantzarako deia da. Bada beste aukerarik. Ez da egia historiak lurreko boteretsuek trazatzen dioten injustiziaren bidean ibili behar duela ezinbestean. Posible da beste mundu zuzenago eta haurridetsuago bat. Alda dezakegu historiaren ibilbidea.

«Bihotz-berri zaitezte». Jada ezinezkoa da bizitzea ezer gertatzen ari ez balitz bezala. Lankide izateko eskatzen die Jainkoak bere seme-alabei. Horregatik egin du Jesusek oihu: «Aldatu zeuen pentsaera eta jarduera». Pertsonek behar dugu aldatu lehenik. Jainkoak ez du ezer ezartzen indarrez, baina beti ari da zirika gizatasun handiagoko bizitza egin dezagun.

«Sinets ezazue Berri On honetan». Har ezazue aintzat. Esna zaitezte axolagabe izatetik. Eragin zeuen energiari. Sinetsi mundua gizatar egin daitekeela. Sinetsi Ebanjelioaren indar askatzailean. Sinetsi daitekeena dela eraldatzea. Itsatsi munduan konfiantza.

Zer egin diogu Jesusen mezu liluragarri hori? Nolatan ahaztu ahal izan dugu? Zerekin trukatu dugu? Zertan ari gara trabaturik, lehenengo gauza «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea» bada? Nolatan bizi gintezke lasai, ikusiz gizadia ezabatzen ari dela bakeaz eta zuzentasunaz betea den Jainkoaren egitasmo kreatzailea?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko urtarrilaren 25a

JESUSEN ONDOREN JOAN

Joan Bataiatzailea atxilotu zutenean, Galileara joan zen Jesus eta «Jainkoaren Berri Ona hots egiten» hasi zen. Markosen arabera, ez da ari preseski doktrina irakasten, ikasleek ikasi eta zuzen zabal dezaten. Gertatzen ari den gertaera bat ari da hots egiten Jesus. Gertaera hori bizitzen ari da bera, eta guztiekin partekatu nahi du bere esperientzia.

Honela laburtu du Markosek mezu hori: «Bete da epea»: ez da jada zertan jarri atzera begira. «Hurbil da Jainkoaren erregetza»: hain juxtu, mundua gizatarrago egin nahi du. «Bihotz-berri zaitezte»: ezin jarraitu duzue ezer gertatzen ari ez balitz bezala; aldatu zeuen pentsaera, zeuen jarduera. «Sinetsi Berri On hau». Entzun dezakezuen berririk onena duzue Jainkoaren asmo hau.

Hotsandiko laburpen hau egin duelarik, lankide bila hastea izan da Jesusen lehenengo egintza, bere asmoa gauzatu ahal izateko. Jesus «Galileako aintziraren  inguruan dabil». Ekin dio bere bideari. Profeta ibiltaria da, jarraitzaile bila dabil, haiekin ibilaldi zirraragarri bat egiteko: Jainkoaren erregetzarentzat bideak urratuz bizi. Jesus ez da bere katedran eseria dagoen lege-maisua, erlijio-eskola bat moldatzeko ikasleak etorri zain dagoena. Kristau izatea ez da doktrina bat ikastea, baizik Jesusi jarraitzea, haren bizi-asmoari atxikiz.

Jesus da beti ekimenari ekiten diona. Hurbildu, lau arrantzale haiei begira jarri eta beren bizitzari beste norabide bat ematera egin die dei. Jesusen esku-hartzerik gabe, ez da jaio sekula egiazko kristaurik. Fededunok sinesmen handiagoz bizi behar dugu Kristoren presentzia bizia eta gutako bakoitzari egiten dion begiratua. Hura izan ezean, nork eman gure bizitzari beste norabide bat?

Baina gauzarik erabakigarriena nork bere barruan haren deia entzutea da: «Zatozte nire ondoren». Ez da gauetik goizerako eginkizuna. Dei hori entzuteak Jesusekiko konfiantza iratzartzea esan nahi du, harekiko atxikimendu pertsonala biziagotzea, haren egitasmoan uste ona izatea, haren egitarauarekin bat egitea, haren jarrera geugan berregitea...; horrela, haren egitasmorako jende gehiago irabazteko.

Honako hau izan liteke gaur egun ikurritz bat kristau-elkarte batentzat: Jesusen ondoren joan. Guztien buru hura ezarri. Igandero gogoratu hura, gure aurretik doan lider gisa. Beste dinamika bat sortu. Jesukristori hurbilagotik jarraitzea jarri erdigunetzat. Gure kristau-elkarteak egiaz eraldatuko lirateke. Beste bat izango litzateke Eliza.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 8 de enero de 2018

2018-01-14 - Urteko 2. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 2. Igandea (B)


EBANJELIOA

Non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1, 35-42

Egun haietan, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen:

- Hona hemen Jainkoaren Bildotsa.

Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:

–Zeren bila zabiltzate?

Haiek erantzun:

–Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan nahi du).

Jesusek esan zien:

–Etorri eta ikusi.

Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.

Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia.

Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo, eta esan zion:

- Mesias aurkitu diagu. (Mesiasek «Kristo» –hau da, Gantzutu– esan nahi du).

Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan zion:

- Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara- (Kefasek «Pedro» –hau da, Harkaitz– esan nahi du).

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko urtarrilaren 14a

ZEREN BILA GABILTZA?

Joanen ebanjelioan Jesusek jaulki dituen lehen hitzek nahasirik utzi gaituzte; izan ere, hondo-hondora doaz eta gure bizitzaren sustraiak berak ukitzen dituzte. Berari jarraitzen hasi diren Bataiatzailearen bi ikasleei esan die Jesusek: «Zeren bila zabiltzate?».

Ez da gauza erraza galdera xume, zuzeneko, oinarrizko honi erantzutea, gurea bezalako kultura «itxi» baten barnetik; izan ere, kultura horrek ematen du, baliabideez bakarrik arduratzen dela, gauza guztien azken helburuaz ahazturik. Zeren bila gabiltza zehazki?

Batzuentzat, «supermerkatu bat» da bizitza (D. Sölle); axola zaien gauza bakarra mila gauzak eskuratzea da, haiekin beren bizitza pixka bat goxatzeko. Beste batzuentzat, ihes nola egingo da guztia: gaixotasunari, bakardadeari, tristurari, gatazkari edo ikarari. Baina ihes egin, norantz?, norenganantz?

Beste batzuek jada ezin dute gehiago. Nahi dutena, berak bakarrik utz ditzaten da. Gainerakoez ahaztu eta guztiek ahaztuak izan. Beraiek inortaz ez arduratu eta beraiez inor ez arduratu.

Gehienok eguneroko geure premiak nola beteko gabiltza eta geure desio koxkorrak nola beteko borrokan. Baina, horiek guztiak beteko balira ere, aserik geldituko ote litzateke gure bihotza? Aserik geldituko ote litzateke gure egarria: kontsolamendu, askapen eta zoriontasun betearen egarria?

Hondo-hondoan, ez ote gabiltza gizon-emakumeok geure egoera nola hobetuko, apur bat bakarrik? Ez al dugu antsiatzen inongo egitasmo politiko edo sozialek, inolaz ere, ezin eman digun zerbait?

Esaten da, gaurko gizon-emakumeak ahaztu egin direla Jainkoaz? Egia, ordea, beste hau da: pertsona batek, bere buruari ondradu samar galdetzen dionean, ez duela gauza erraza «infinituaren nostalgia» bere bihotzetik kentzea.

Nor naiz ni? Izaki txikitxo bat, halabeharrez espazioaren eta denboraren zatirik txikieneko batean sortua, bizitzara jaurtia berehala ezerezean galtzeko, nondik aterea izan bainaiz inolako arrazoirik gabe, sufritzeko bakarrik? Hori ote da dena? Ez da besterik?

Gizakiak egin dezakeen gauzarik ondraduena «bila» ibiltzea da. Ez ixtea ate bakar bat ere. Ez uko egitea dei bakar bati ere. Jainkoaren bila ibiltzea, agian bere indarren eta bere fedearen azken hondarrekin. Agian bere eskastasunetik, bere estutasunetik, bere etsipenetik.

Jainkoak ez du maite ezkutaketan jolas egitea, ez zaio ezkutatzen zinez bila dabilkionari. Bilatze horretan berean dago jada Jainkoa. Are gehiago. Bera aurkitu ahal izatea ematen dio doi-doi beraren bila dabilenari. Hona zer dioen Jaunak Isaiasen liburuan: «Aurki nazaten utzi diet nitaz galdezka ari zirenei. Aurki nazaten utzi diet nire bila ez zebiltzanei beraiei. Esan nuen: “Hemen nauzu, hemen nauzu”» (Isaias 65,1-2).


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015ko urtarrilaren 18a

BIZITZEN IKASI

(2009ko urtarrilaren 18en homilia ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 15a

BIZITZEN IKASI

Joan ebanjelariak Jesusen jarraitzaileen talde koxkorraren hasiera apala kontatu digu. Era misteriotsuan hasi du bere kontakizuna. Esaten du Jesus «pasatzen ari dela». Ez dakigu ez nondik datorren, ez nora doan. Ez da gelditu Bataiatzailearen ondoan. Basamortuko honen mundu erlijiosoa baino harago doa. Horregatik, harengan arreta jartzeko esan die bere ikasleei Bataiatzaileak: «Hau da Jainkoaren Bildotsa».

Jainkoagandik dator Jesus, ez boterez eta aintzaz, baizik babesik eta indarrik gabeko bildots bezala. Inoiz ere ez du ezarriko ezer indarrez, inor ez du behartuko bere baitan sinestera. Egun batean gurutzean hilko dute. Jarraitu nahi diotenek libreki onartu beharko dute.

Bataiatzaileari entzun dioten bi ikasleek Jesusi jarraitzera jo dute, hitzik esan gabe. Bada Jesusengan erakartzen dituen zerbait, nahiz artean ez dakiten zein den, ez norantz daramatzan. Alabaina, Jesusi jarraitzeko, ez da aski entzutea hartaz bestek esaten dutena.  Beharrezkoa da esperientzia pertsonala.

Horregatik, itzuli eta oso garrantzizko galdera egin die Jesusek: «Zeren bila zabiltzate?» Hauek dira Jesusek bere jarraitzaileei egindako lehen hitzak. Ezin da ibili haren ondoren nolanahi. Zer espero dugu harengandik? Zergatik jarraitzen diogu? Zeren bila gabiltza?

Gizon haiek ez dakite nora eraman ditzakeen Jesusi jarraitzearen abenturak, baina sumatzen dute artean ezagutzen ez duten zerbait erakusten ahal diela: «Maisu, non bizi zara?» Ez dabiltza irakaspen handiak emango dien bila. Non bizi den agertzeko eskatu die, nola bizi den, eta zertako? Bizitzen erakuts diezaien nahi dute. Jesusek diotse: «Zatozte eta ikusiko duzue».

Elizan eta hartaz kanpo, aski dira bizitzako labirintoan galdurik bizi direnak, biderik eta norabiderik gabe. Batzuk indartsu hasi dira sentitzen beste era batean nola bizi ikasi beharra, gizatasun handiagoz, era sanoago eta duinagoan nola bizi. Jesusekin topo egitea albiste on gerta dakieke.

Gauza zaila da hurbiltzea ebanjelariek kontatu diguten Jesusengana, hura erakargarri sentitu gabe. Beste horizonte bat agertzen dio Jesusek gure bizitzari. Zoririk hoberena opa digun Jainkoaren arabera bizitzen irakasten digu. Apurka-apurka, blokeatzen gaituzten engainu, ikara eta egoismotik askatzen gaitu.

Haren ondoren bideari ekiten diona poza eta sufritzen ari direnekiko sentiberatasuna berreskuratzen hasi ohi da. Egia eta eskuzabaltasun handiagoz bizitzen hasten da, zentzu eta esperantza handiagoz bizitzen. Jesusekin topo egitean, sentipen hau izan ohi du pertsonak: noizbait ere hasia dela bizitza errotik bizitzen; izan ere, gogoan Jainko Ona duela hasi baita bizitzen, teoria guztiak baino Jainko gizatarragoa, adiskideagoa eta salbatzaileagoa. Dena desberdin izaten hasten da.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko urtarrilaren 18a

BIZITZEN IKASI

Joan ebanjelariak ardura berezia izan du Jesusen jarraitzaileen talde koxkorra nola hasi zen adierazteko. Dena ustekabean gertatu dela dirudi. Han zihoan Jesusez ohartu da Bataiatzailea eta hari jarraitzeko diotse bere ikasleei: «Hau da Jainkoaren Bildotsa».

Segur aski, ezer gutxi ulertu dute ikasleek, baina «Jesusi jarraitzen» hasi dira. Alditxo batez, isilik doaz. Ez dute artean harekin benetako harremanik izan. Ezezagun bati jarraitzen diote, eta ez dakite zehatz, ez zergatik, ez zertako.

Jesusek eten du isiltasuna, galdera batez: «Zeren bila zabiltzate?» Zer espero duzue nigandik? Nik daramadan norabidea hartu nahi al duzu, bizitzeko? Ondo argitu beharreko gauzak dira. Ikasleek diotse: «Maisu, non bizi zara?» Zein da zure bizitzaren ezkutukia? Zer da zuretzat bizitzea? Itxuraz, ez dabiltza doktrina berri baten bila. Bizitzeko era desberdin bat nahi dute ikasi Jesusengandik. Hura bezala bizi nahi dute.

Zuzenean erantzun die Jesusen: «Etorri eta ikusiko duzue». Egin zeuek esperientzia. Ez ibili kanpotiko informazio bila. Etorri nirekin bizitzera eta ikusiko duzue nola bizi naizen, nondik nora orientatzen dudan neure bizia, zeinez arduratzen naizen, zergatik naizen bizi horrela.

Horra gaur beharrezkoa dugun urrats erabakitzailea, kristautasunaren historian aro berri bati hasiera emateko. Milioika lagunek dio kristaua dela, baina ez dute esperimentatu zinezko harremanik Jesusekin. Ez dakite nola bizi zen, ez dute haren egitasmoaren berririk. Ez dute ikasi hartaz ezer berezirik.

Bitartean, gure elizetan ez dugu gaitasunik fededun berriak sortzeko. Gure hitza ez da jada, ez erakarle, ez sinesgarri. Itxuraz, kristautasuna, guk hartzen eta bizi dugun moduan, gero eta gutxiago zaio axola jendeari. Norbait hurbilduko balitzaigu galdezka «non bizi zara?», «zer du interesgarririk zure bizitzak», zer erantzungo genioke?

Premia handikoa da kristauak talde txikitan elkartzea, elkarrekin ebanjelioa entzunez Jesus nola bizi zen ikasteko. Gu guztiok baino erakarleago eta sinesgarriago da hura. Jarraitzaile berriak sorraraz ditzake hark, era desberdinean eta interesgarrian bizitzen irakasten baitu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 1 de enero de 2018

2018-01-07 - Jaunaren Bataioa (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Jaunaren Bataioa (B)

Jaunaren Bataioa (B)

EBANJELIOA

Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marcos liburutik 1, 7-11

Denbora haietan, Joan Honela hots egiten zuen:

«Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.

Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. Jesusek, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten.

Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko urtarrilaren 7an

JESUSEN ESPIRITUA

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015ko urtarrilaren 11an

ENTZUN ESPIRITUAK ZER DUEN ESATEN

(2009ko urtarrilaren 11en homilia ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 8an

JESUSEN ESPIRITUA

Judu-herriak krisialdi handia bizi zuen une batean agertu zen Jesus Galilean. Denbora asko zeraman Jainkoaren urruntasuna sentituz. Zerua «itxia» zegoen. Ematen zuen ezin ikusizko murru antzeko batek eragozten ziola Jainkoarekin komunikatzea. Inor ez zen gai haren ahotsa entzuteko. Ez zuten jada profetarik. Ezin zuen inork hitz egiten Espirituak eraginda.

Hauxe zuten gauzarik gogorrena: Jainkoa beraietaz ahaztu egin zela uste izatea. Israel herriaren arazo Jainkoari bost axola ote zitzaion. Zergatik zegoen ezkutuan? Zergatik hain urrun? Apika, jende askok zuen gogoan antzinako profeta baten otoitz hau: «Ai zerua urratu bazeneza eta jaitsiko bazina!»

Markosen ebanjelioa entzun zuten lehenengo kristauak harriturik geldituko ziren, noski. Markosek kontatzen duenez, Jordan ibaiko uretatik irtetean, bataioa hartu ondoren, Jesusek «zerua urratzen ikusi zuen» eta «bere gainera Jainkoaren Espiritua jaitsi zela» sentitu zuen. Azkenean, posible zen Jainkoarekin topo egitea. Bazen lurrean Jainkoaren Espirituak hartua zuen gizon bat. Jesusen zeritzan eta Nazaretetik zetorren.

Jesusen gainera jaitsi den Espiritu hori bizia kreatzen duen Jainkoaren hatsa da, bizidunak berritzen eta sendatzen dituena, guztia eraldatzen duen maitasuna. Lehen kristauek ez zuten nahi Bataiatzailearen ikasletzat har zitzaten. Jesusen Espirituak bataiatutzat zuten beren burua.

Espiritu hori gabe dena itzalia da kristautasuna. Galdu da Jainkoarekiko konfiantza. Fedea ahuldua. Iraganeko pertsona huts bilakatzen da Jesus, bizirik gabeko letra bihurtzen da Ebanjelioa. Maitasuna hoztu, eta Eliza erakunde erlijioso bat gehiago baizik ez.

Jesusen Espiriturik gabe, askatasuna itoa da, poza itzalia, ospakizuna ohitura huts bihurtua, elkartasuna hautsia. Espiriturik gabe, misioa ahaztu egiten da, esperantza hil, beldurra handitu, Jesusi jarraitzea erdipurdiko gauza erlijioso bihurtzen da.

Gure arazorik nagusiena Jesus ahaztu izana da, haren Espirituaz ez arduratzea. Oker handia da antolatzearekin, lanarekin, debozioarekin edo mila eratako estrategiarekin lortu nahi izatea Espirituagandik bakarrik jaio daitekeen hura. Sustraietara itzuli beharra dugu, Ebanjelioa bere freskotasun eta egiatasun osoan berreskuratu beharra, Jesusen Espirituan bataiatu beharra.

Ez dezagula engaina geure burua. Espiritu honi ez badiogu uzten biziberritu eta birsortu gaitzan, kristauek ez dugu izango garrantzizko inolako ekarpenik gaur egungo gizartearentzat, hain barnetasun gabea eta maitasun solidariorako hain gaitasun gabea eta hain esperantza-beharrean den honentzat.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko urtarrilaren 11an

ENTZUN ESPIRITUAK ZER DUEN ESATEN

Lehen kristauek konbentzimendu osoa zuten, ezen Jesusi jarraitzeko ez dela aski urez bataiatua izatea edo antzeko erritu bat. Jesusen Espiritu Santuak blai eginik bizi behar du haren jarraitzaileak. Horregatik, hainbat eratara jaso dira Ebanjelioetan Bataiatzailearen hitz hauek: «Nik urez bataiatu zaituztet, baina hark (Jesusek) Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

Ez da harritzekoa, lehen kristauek, beren krisialdietan, modu berezian gogoratu izana ezen Espiritua gidari, sostengu eta indar izanik bizi beharra zutela. Apokalipsi liburuak, Domiziano enperadorearen agintepean Elizak bizi izandako urte kritikoetan idatzia den hark, behin eta berriz errepikatu die kristauei: «Belarririk duenak entzun dezala zer dien esaten Espirituak Elizei».

Bizitzen ari garen inoiz ez bezalako kultur aldaketa hau inoiz ez bezalako leialtasuna ari zaigu eskatzen kristauoi gaur egun Jesusen Espirituarekiko. Krisiari buruz estrategiak eta errezeta automatikoak asmatzen hasi aurretik, hau aztertu beharko genuke: zer harrera ari gara egiten gaur Jesusen Espirituari?

Haziz doan sekularizazioaz behin eta berriz lantuka jardun ordez, hau dugu aztertu beharra: zein bide berriren bila ari da gaur Jainkoa gure garaiko gizon-emakumeekin egoteko?, nola behar dugu berritu fedea hausnartu, esan eta bizitzeko modua, gizakiak bihotzean sumatzen dituen galderei, duda-mudei eta beldurrei Jainkoaren Hitzak erantzun ahal diezaien?

Azken punturaino moldaturiko egitasmoak landu aurretik, eraldatu beharra dugu egungo munduarekiko geure begirada, geure jarrera eta geure harremanak. Jesusen antzekoago izan beharra dugu. Haren Espirituak molda gaitzan utzi beharra. Jesusek bakarrik eman diezaioke Elizari beste aurpegi bat.

Jesusen Espirituak bizi-bizi eta eragile jarraitzen du gaur ere jendearen bihotzean, Elizatik erabat urrundu direnekin nolako harremanak dituen geure buruari galdetzen ez badiogu ere. Guztientzat, «Jesusen Eliza» izaten ikasteko ordua iritsia da, eta hark bakarrik irakats diezaguke hori.

Ez gaitezen mugatu krisiaz hitz egitera. Ari dira sortzen egoerak, zeinetan ebanjelioaren muinak oihartzun-hots berria izan baitezake. Eliza hauskorrago, ahulago eta umilago batek ekar dezake Jesusen Espiritua modu egiazkoagoan ulertua eta onartua izatea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com