lunes, 26 de febrero de 2018

2018-03-04 - Garizumako 3. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 3. Igandea (B)


EBANJELIOA

Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 2, 13-25

Hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus. Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, baita ardiak eta idiak ere; eta trukatzaileen diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen. Uso-saltzaileei esan zien: «Kendu hemendik hau dena. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe».

Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.

Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:

–Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?

Jesusek erantzun zien:

–Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.

Juduek ihardetsi zioten:

–Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?

Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. Horregatik, hildakoen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.

Pazko-jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan, egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik. Baina, Jesus bera ez zen fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen baitzituen, eta ez zuen inoren aitorpen-beharrik, ongi ezagutzen baitzuen berak gizakiaren baitan dagoena.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018eko martxoaren 4a

---

---

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko martxoaren 8a

TENPLU BERRIA

(2009eko martxoaren15a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko martxoaren 11a

JESUSEN HASARREA

Ikasleak lagun dituela, Jesus Jerusalemera igo da lehenengoz, Pazko-jaiak ospatzera. Tenpluaren ingurura iristean, ezusteko baten aurrean gertatu da. Idi, ardi eta uso-saltzaileak ari dira erromesei animaliak eskaintzen, Jainkoaren ohorez opari egiteko behar dituztenak. Baita diru-trukatzaileak ere, beren mahaian eseririk, apaizek onartzen duten moneta ofizial bakarraren eta moneta paganoaren kanbioarekin trafikatzen.

Sutan jarri da Jesus. Kontalariak era grafikoan adierazi du Jesusen erreakzio hori: zigor batez leku sakratutik kanpora bota ditu animaliak, trukatzaileen mahaiak irauli ditu monetak lurrera botaz, eta oihuka esan du: «Ez bihurtu merkatu ene Aitaren etxea».

Arrotz sentitu da Jesus leku hartan. Bere begiz ikusi duenak ez du ezer ikustekorik Aitari eman beharreko egiazko kultuarekin. Tenpluko erlijioa negozio bihurtu dute, zeinetan apaizek sarrera ona bilatzen baitute eta erromesek Jainkoa «erosi» nahi baitute beren eskaintzekin. Jesusi, segur aski, Oseas profetaren hitzak etorri zaizkio gogora, bere bizitzan behin eta berriz errepikatu dituenak: «Hona zer dioen Jainkoak: Maitasuna nahi dut nik eta ez opariak».

Tenplu hura ez da Jainko Aitaren etxea, guztiak anai-arreba bezala biltzen diren etxea. Jesusek ezin ikusi du han bere jarraitzaileekin eratuz joan nahi duen «Jainkoaren familia». Hura ez da merkatua baizik, non bakoitzak bere negozioa egin nahi baitu.

Ez pentsa Jesus erlijio primitibo bat, gutxi garatua, kondenatzen ari denik. Sakonagoa da haren kritika. Jainkoa ezin izan da probetxuz eta egoismoz ehotako erlijio baten babesle eta estaltzaile. Aita da Jainkoa, eta eman dakiokeen kultu bakarra, giza elkartea solidarioago eta haurrideago egiten saiatzen den hura da.

Kasik konturatu gabe, guztiok bihur gaitezke gaur egun «saltzaile eta trukatzaile», nork bere probetxua bilatuz baizik bizitzen ez dakigula. Mundua merkatu handi bihurtzen ari gara, non erostea eta saltzea baita arazo guztia; Jainkoaren Misterioaren erlazioa bera ere merkatu-ikuspegiz bizitzeko arriskua dugu.

Guztiok «Aitaren etxean» gaudela sentitzeko moduko gune bihurtu behar ditugu geure kristau-elkarteak. Etxe onargarri eta beroa, inori ateak ixten ez dizkiona, inor baztertzen eta bereizten ez duena. Etxe bat, non Jainkoaren seme-alabarik ezinduenaren sufrimenduari entzuten ikasten baitu, eta ez norberaren probetxua bakarrik. Etxe bat, non Aitari bezala deitzen ahal baitiogu Jainkoari, haren seme-alaba garela sentitzen dugulako eta anai-arreba bezala bizitzen saiatzen garelako.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko martxoaren 15

TENPLU BERRIA

Lau ebanjelariek dakarte Jesusen keinu probokatzaile hau: «animalia-saltzaileak» eta «diru-trukatzaileak» tenplutik botatzearen keinua. Ezin du jasan Jesusek bere Aitaren etxea kultutik bizi den jendez betea. Jainkoa ezin erosia da «oparien» bidez.

Joanek, ordea, lau ebanjelarietarik azkenak, Jesusen eta juduen arteko elkarrizketa dakar, zeinetan Jesusek era handiosean baieztatzen baitu, tenplua suntsitua izango delarik, «hiru egunean eraikiko duela berak». Inork ez du ulertu zen esan nahi duen. Horregatik gehitu du ebanjelariak: «Bere gorputzaren tenpluaz mintzo da Jesus».

Har dezagun kontuan ezen Jerusalemgo tenpluak hogei edo hogeita hamar urte lurrean harri-pila eginik zeramanean ari dela idazten Joan ebanjelaria. Judu askok umezurtz dakusate beren burua. Tenplua zuten beren erlijioaren bihotza. Nola bizi Jainkoa beren herrian izan gabe?, pentsatzen zuten.

Ebanjelariak jabearazi nahi die Jesusen jarraitzaileei ezen berek ez dutela bizi behar antzinako tenplu haren nostalgiarik. Jesus da «tenplu berria», agintari erlijiosoek jo zuten, baina Aitak «piztu» zuen Jesus hura, alegia. Ez da metafora ausart bat. Kristauek Jainkoarekin betiko izan behar duten harremana markatzen du horrek.

Jainkoa bizi den tenplu berritzat Jesus hartzen dutenentzat, desberdina da dena. Jainkoarekin topo egiteko, ez da aski tenplura joatea. Premiazkoa da Jesusengana hurbiltzea, haren egitasmoan murgiltzea, haren urratsei jarraitzea, haren espirituaren arabera bizitzea.

Jesus den tenplu berri honetan, Jainkoa adoratzeko, ez da aski intsentsua, ez dira aski gorapenak, ez dira aski liturgia handiosak. Hauek dira benetako adoratzaileak: Jainkoaren aurrean «espirituz eta egiaz bizi direnak». Honetan datza zinezko adorazioa: Jesusen «Espirituz» Ebanjelioaren «Egia» bizitzean. Hori gabe, «adorazio hutsala» dateke kultua.

Jesus den tenplu berri honetako ateak zabalik dira gizon-emakume guztientzat. Inor ez da bazter utzia. Hor sar daitezke bekatariak, kutsatuak eta, are, paganoak. Guztiena da eta guztientzat da Jesusen baitan bizi den Jainkoa. Tenplu honetan ez da inolako bereizketarik. Ez da eremu banatzailerik gizonezkoentzat eta emakumeentzat. Kristogan «ez da jadanik gizonezkorik eta emakumerik». Ez da arraza aukeraturik, ez herri bazter utzirik. Maitasun- eta bizi-premian direnak: horiek dira lehenetsi bakarrak. Jakina, beharrezkoak ditugu tenpluak Jesus Jaun bezala adoratzeko, baina Jesus bera dugu zinezko tenplua.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 19 de febrero de 2018

2018-02-25 - Garizumako 2. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 2. Igandea (B)


EBANJELIOA

Hauxe dut neure Seme maitea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10

Denbora haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar litzakeen baino zuriago.

Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.

Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»

Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota baitzeuden.

Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»

Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.

Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte.

Agindu hau bete zuten, baina «hildakoen artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 25a

ASKATU EBANJELIOAREN INDARRA


(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko martxoaren 1a

EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN

(2009eko martxoaren 8a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko martxoaren 4a

ASKATU EBANJELIOAREN INDARRA

«Jesusen Antzaldatzearen» kontakizuna oso herrikoi izan zen hasiera hartatik beretik haren jarraitzailean artean. Ez da pasadizo bat gehiago. Eszena, sinbolo-izaerako baliabidez berregina, handiosa da. Moisesekin eta Eliasekin hizketan ari dela, aurpegi dirdaitsuz aurkeztu dute Jesus ebanjelariek.

Mendi-gailurrera lagundu dioten hiru ikasleak txunditurik gelditu dira. Zer pentsa ez dakitela. Handiegia da Jesus inguratzen duen misterioa. Beldurrez zeudela dio Markosek.

Era bitxian amaitu da eszena: «Estali zituen hodei bat eratu zen eta ahots bat atera hodeitik: Hau da ene Seme maitea. Entzuiozue». Jesusen deia entzutetik sortu zen haren mugimendua. Haren Hitza, geroago lau idazki laburretan bildua, beste jarraitzaile batzuk eraginez joan zen. Jesusen Ebanjelioa entzunez bizi da Eliza.

Jesusen mezu honek oztopo handirekin egiten du gaur topo, gure aldiko gizon-emakumeengana iristeko. Praktika erlijiosoa alde batera uztearekin, jende askok utzi dio haren Hitza entzuteari. Jada ez dute entzungo Jesusez hitz egiten, kasu bakanen batean edo era zabarrean ez bada.

Kristau-elkarteetara hurbiltzen direnek berek ere ezin estimatu dute erraz Jesusen Hitza. Haren mezua beste jarduera, ohitura eta irakaspen batzuen artean galdurik gertatzen da. Nekez atzeman daiteke haren funtsezko garrantzia. Jesusen espirituaren araberako ez diren hizkerek eta iruzkinek blokeatzen dute Ebanjelioaren indar askatzailea.

Halaz guztiz, gaur egun ere, kristauek gizarteari eskaintzen ahal diogun funtsezko gauza bakarra Jesusek hots egindako Berri Ona da, eta bizitza sanoago eta duinago baterako haren egitasmoa. Ezin jarraitu dugu Ebanjelioak duen jendea gizatar egiteko indarrari hesia jartzen.

Geure elkarteetan garbi, bizi eta ugari korriarazi behar dugu. Iritsi dadila jendearen sukalderaino, ezagutu ahal dezatela beren bizitzarentzat zentzu berri bat bilatzen dutenek, ezagutu ahal dezatela esperantzarik gabe bizi direnek.

Ebanjelioa lagunartean irakurtzen ikasi behar dugu. Ebanjelioaren kontakizunak familiar bihurtzen saiatu behar dugu. Jesusen Berri Onarekin zuzeneko harremanak izan behar ditugu eta ondo-ondokoak. Honetan erabili behar dugu geure energia. Horrela hasiko da gaur Elizak behar duen eraberritzea.

Eliz erakundea mendetan izan duen erakartzeko indarra galtzen ari den honetan, Jesusek, Jainkoaren Seme maiteak, egiaren eta biziaren bila dabiltzanentzat duen erakartzeko indarra aurkitu behar dugu. Urte gutxi barru, konturako gara dena ari zaigula bultzaka, kristautasunaren erdigunean Jesusen Berri Ona leialtasun handiagoz jartzera.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko martxoaren 8a

EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN

Ebanjelariak dioenez, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan berekin hartu eta mendi batera eraman ditu aparte, eta «antzaldatu egin da haien aurrean». Gurutzeko dolorezko bere zoriaz hitz egin izan dienean, aurka gogorkienik egin diotenak dira hiru horiek.

Gainera, ideia zoro horiek Jesusi burutik kentzen saiatu da Pedro. Santiago eta Joan anaiak Mesiasen erreinuan lehen postuen eske joan zaizkio Jesusi. Hain juxtu, horien aurrean antzaldatu da Jesus. Beste inork baino premia handiagoa dute.

Pasadizoa, hainbat baliabide sinbolikoz berregina, handiosa da. Jainkoaren beraren aintzaz «jantzirik» aurkeztu zaie Jesus. Aldi berean, Elias eta Moises, tradizioaren arabera herioari harrapatuak izan eta Jainkoaren ondoan bizi diren bi horiek, Jesusekin solasean agertu zaizkie. Horrek guztiak Jesusen jainkozko izaera sumatzera gonbidatzen gaitu, arerioek gurutzean josia, baina Jainkoak berpiztua.

Berez atera zaio Pedrori erreakzioa: «Jauna, bai ondo gaudela hemen! Nahi baduzu, hiru txabola egingo ditut: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta hirugarrena Eliasentzat». Pedrok ez du ezer ulertu. Batetik, maila berean eta pareko ezarri ditu Jesus alde batetik eta Elias eta Moises bestetik: nori bere txabola. Bestetik, Jesusen bide latzari oztopo jarriz jarraitzen du: Tabor mendiko aintzan atxiki nahi du Jesus, nekalditik eta Kalbarioko gurutzetik urrun.

Jainkoak berak bideratuko du, ordea, handikiro: «Nire Seme maitea da hau». Ezin nahas daiteke beste inorekin. «Entzun berari», baita bere azkena piztuera izango duen gurutze-bideaz.

Jesusek bakarrik bidaltzen du argia. Gainerako guztiek −profeta eta irakasle, teologo eta hierarka, doktore eta predikari− eguteran dugu aurpegia. Ez dugu nahastu behar Jesus beste inorekin. Hura bakarrik da Seme maitea. Soilik haren Hitza behar dugu entzun. Gainerakoenak harengana behar gaitu eraman.

Eta gaur berean ere hura entzun beharra dugu, aldi honetako «gurutzea lepoan hartzeaz» mintzo zaigunean. Arrakastak kalte egiten digu kristauoi. Are gehiago: gatazkarik, ukorik eta gurutzerik gabe, Jesusekiko eta haren erreinuaren egitasmoarekiko leial izatea posible dela pentsatzeraino eraman gaitu. Kristau «gurutzeratu» bezala bizitzeko ahalbide gehiago dugu gaur egun. On eginen digu horrek. Geure kristau-nortasuna berreskuratzen lagunduko digu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 12 de febrero de 2018

2018-02-18 - Garizumako 1. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 1. Igandea (B)


EBANJELIOA

Satanasek tentatzen zuela eta aingeruak zituen zerbitzari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,12-15

Aldi haietan, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 18a

GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko otailaren 22a

GUSTIOK BASAMORTURA ERAGINAK

(2009eko martxoaren 1a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 26a

GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN

Jesusen jarduera profetikoa kontatzen hasi aurretik, txatal labur hauek dakartza Markosek: “Espirituak basamortura eragin zion Jesusi. Han berrogei egun egin zuen, Satanasi tenta zezan utziz; piztia artean bizi zen, eta aingeruak zerbitzari zituen”.  Gurutzean hil zuten bitarte guztian Jesusek bizi izandako oinarrizko esperientzien laburpen dira lerro horiek.

Jesusek ez du bizi izan bizitza erraz eta lasairik. Espirituaren eraginpean bizi izan da, baina bere haragian sentitu ditu gaizkiaren indarrak. Bere burua Jainkoaren egitasmoari eskaini izanak gatazkak eta tirandurak urratutako bizitza bizitzera eraman dute. Harengandik behar dugu ikasi haren jarraitzaileek probaldian nola bizi.

“Espirituak basamortura eragin dio Jesusi”. Ez du gidatu bizitza erosora. Proben, arriskuen eta tentazioen bidean jarri du. Jainkoaren erreinua bilatzea, Jainkoa faltsutu gabe hots egitea, mundua gizatarrago izan dadin saiatzea: arriskutsua da hori beti. Hala izan zen Jesusentzat eta hala izango da haren jarraitzaileentzat.

“Basamortuan berrogei egun egin  zuen”. Basamortua izango da Jesus biziko den parajea. Leku babesgabe eta arrotz hau probaren eta barnea garbitzearen sinbolo da. Funtsezkoaz bizitzen ikasteko lekurik hoberena; aldi berean, arriskutsuena bere indar propioen arabera bizitzea erabaki duenarentzat.

“Satanasek tentatua”. “Arerioa” esan nahi du Satanasek, Jainkoaren eta erreinuaren alde saiatu nahi dutenen kontra dagoen indarra. Tentaldikoan argitzen da zer den, gu baitan, egiatik edo gezurretik, argitik edo ilunetik, Jainkoari leial izatetik eta injustizian kide izatetik.

Bere bizitza osoan, Jesus adi biziko da “Satanas” agerian jartzeko gorabehera espero gabekoenetan. Behin batean Pedrori egingo dio uko hitz hauekin: “Aldendu hadi nigandik, Satanas; hire pentsaera ez duk Jainkoarena”. Hark bezala bizi behar dugu probaldia, erne eta azti Jainkoagandik aparta gaitzakeen zernahitik.

“Piztia artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari”. Piztiek, lurrean bortitzenak diren izaki horiek, Jesus mehatxatuko duten arriskuak iradokitzen dituzte.Aingeruek, berriz, kreazioko hoberenak diren izaki horiek, Jesusi bedeinkatzen, zaintzen eta eusten dion Jainkoaren hurbiltasuna iradokitzen dute. Honela biziko da Jesus: “azeri maltzur” deitzen dion Antipasengandik bere burua defendituz eta gaueko otoitzean Aitaren indarra bilatuz.

Geure aldi zail hauek begiak Jesusengan ditugula bizi behar ditugu. Jainkoaren Espirituak digu eragiten basamortura. Krisialdi honetatik, Eliza apalago bat eta Jaunari leialagoa den bat aterako da egunen batean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko martxoaren 1a

BASAMORTURA ERAGINAK

Jesusen basamortuko egonaldia haren bizitzaren laburpentzat eman digu Markosek. Hona giltza batzuk. Ebanjelariaren arabera, «Espirituak basamortura eragin dio Jesusi». Ez da Jesusen beraren ekimena. Jainkoaren Espirituak eraman du basamortura: Jesusen bizitza ez da izango arrakasta errazeko bidea; aitzitik, probaldiak, segurtasunik eza, mehatxuak ditu bere zain.

Halere, «basamortua» da, aldi berean, lekurik egokiena, isiltasunean eta bakardadean, Jainkoaren ahotsa entzuteko. Krisialdietan berriro itzuli beharreko lekua, herriaren bihotzean Jaunari bidea irekitzeko. Hori uste zuten Jesusen garaian.

Basamortuan, «Satanasen tentazioa jasan du» Jesusek. Ez da adierazi zein izan den tentazioaren edukia. Bakarrik, «Satanasengandik» datorrela, Jainkoaren asmoa deseginez gizakiaren hondamena nahi duen Arerioagandik. Jadanik ez da agertuko gehiago Markosen ebanjelio guztian. Halere, bere egitekotik desbideratu nahi duten guztiengan ikusi du Jesusek tentatzaile hori, baita Pedrogan ere.

Kontakizun labur hori orpoz orpo dauden bi irudirekin bukatu du Markosek: Jesus «piztia artean bizi da», baina «aingeruak ditu zerbitzari». «Piztiek», kreazioko izakirik bortitzen horiek, Jesusek eta haren egitasmoak izango dituzten arriskuak iradokitzen dituzte. «Aingeruek», berriz, kreazioko izaki hoberen horiek, Jesus eta haren misioa bedeinkatzen, zaintzen eta babesten dituen Jainkoaren hurbiltasuna adierazten dute.

Une zailak ari da bizitzen kristautasuna gaur egun. Ikerketa soziologikoei begira, krisiaz, sekularizazioaz, mundu modernoaren ukazioaz mintzo gara. Baina fedetik ikusiz, agian, zerbait gehiago beharko genuke esan: Ez ote da Jainkoa guri «basamortura» eragiten ari dena? Ez ote genuen horrelako zerbaiten premia hainbat mendetan oharkabean metaturiko hainbat haizekeria, hainbat mundutar botere, hainbat harrokeria eta arrakasta faltsutik geure burua liberatzeko? Ez genuen horrelako biderik guk geurez sekula aukeratu izango.

Basamortu-esperientzia hau, ondorengo urteetan haziz joango den hau, ustekabeko grazia- eta garbitze-aldia da, Jainkoari eskertu beharrekoa. Hark aurrera jarraituko du bere asmoarekin. Hauxe bakarrik eskatzen digu: uko egin diezaiegula, azti eta argi, Jesukristogana bihurtzetik desbidera gaitzaketen tentazioei.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 5 de febrero de 2018

2018-02-11 - Urteko 6. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 6. Igandea (B)


EBANJELIOA

Alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 40-45

Denbora haietan, legendun bat etorri zitzaion erreguka, eta belauniko esan zion:

–Nahi baduzu, garbi nazakezu.

Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:

–Nahi dut, izan zaitez garbi.

Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:

–Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.

Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 11a

ZOKORATUEN ADISKIDE

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015ko otsailaren 15a

JAINKOAK «KUTSATUEI» HARRERA ONA

(2009eko otsailaren 15a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 12a

ZOKORATUEN ADISKIDE

Jesus oso sentibera zen bidean aurkitzen zuen sufrimenaren aurrean: gizartetik bazterturik, erlijioak mespretxaturik edota moralaz edo erlijioaz handiago sentitzen ziren sektoreek ukaturik ikusten zuen jendearen sufrimenaren aurrean.

Barrutik ateratzen zaio hori. Badaki Jainkoak ez duela inor bereizten. Ez duela inor baztertzen, ez eskomikatzen. Ez dela jende onarena bakarrik. Guztiak dituela onartzen eta bedeinkatzen. Goizean goiz jaikitzeko ohitura zuen Jesusek, otoitz egiteko. Behin batean egunsentia nola ikusten duen agertu du: «Onentzat eta gaiztoentzat aterarazten du Jainkoak eguzkia». Horrelakoa da bera.

Horregatik, batzuetan, indarrez eskatzen du gaitzespen guztiak etetea: «Ez juzgatu eta ez zaituztete juzgatuko». Beste batzuetan, parabola laburrak kontatzen ditu hau eskatzeko: ez dadila hasi inor «garia eta belar txarra» bereizten, guztien epaile gorena bailitzan.

Baina bere jarduera du gauzarik miresgarriena. Bekatariekin, prostitutekin eta desiraezinekin otorduak egitea izan zen Jesusen ezaugarririk bereziena eta probokatzaileena. Ezohikoa zen hori. Inoiz ez zen ikusi Israel herrian «Jainkoaren gizaki» famako bat bekatariekin bizi-bizi jaten eta edaten.

Gidari erlijioso errespetagarrienek ezin jasan izan zuten hori. Oldarkor erreakzionatu zuten: «Horra tripazain eta mozkor bat, bekatarien adiskide bat». Jesusek ez zuen egin horren kontrako defentsarik. Egia zen. Bere hondoaren hondoenean errespetu handia eta adiskidetasun hunkigarria sentitzen zuen gizarteak edo erlijioak zokoratua zuen jendearekiko.

Markosek lepradun baten sendatzea dakar bere kontakizunean, baztertuekiko Jesusek zuen maitasuna azpimarratzeko. Paraje bakarti bat zeharkatzen ari da Jesus. Bat-batean, lepradun bat hurbildu zaio. Lagunik ez du. Bakardadean bizi da. Bere larruan du baztertuaren marka. Guztiengandik aparte bizitzera behartu dute legeek. Pertsona kutsatua da.

Belauniko, erregu apala egin dio Jesusi lepradunak. Zikin dakusa bere burua. Ez dio hitz egin bere gaixotasunaz. Estigma orotatik garbi izan nahi du: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Hunkitu egin da Jesus gizaki hura bere oinetan ikustean, desitxuratua gaixotasuna eta guztien baztertzea direla medio. Beste hainbat estigmatizaturen bakardadea eta etsia irudikatzen du gizon horrek. Jesusek «eskua luzatu du» haren larrua ukitu nahiz; «ukitu du» eta diotso: «Nahi dut. Izan zaitez garbi».

Geure ustezko goratasun moraletik gizatalde desberdinen bat (eskekoak, prostituituak, toxikomanoak, hiesdunak, etorkinak, homosexualak…) bereizten dugunean edota elkar bizitzatik baztertzen, geure harrera ona ukatuz, larriki ari gara urruntzen Jesusengandik.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko otsailaren 15a

JAINKOAK «KUTSATUEI» HARRERA ONA

Ustekabean, lepradun bat «hurbildu zaio Jesusi». Legearen arabera, halakoak ezin du izan harremanik inorekin. «Kutsatua» da eta bakan bizi beharra du. Tenpluan ere ezin sartu da. Nolatan onartuko du Jainkok bere aurrean halako izaki nazkagarri bat? Bazterturik bizitzea du bere zoria. Hori du legearen agindua.

Halaz guztiz, lepradun hau, etsirik, ausartu egin da arau guztiei desafio egitera. Badaki oker ari dela. Horregatik jarri da belauniko. Ez da arriskatu Jesusekin aurrez aurre hitz egitera. Lurretik erregutu dio: «Nahi baduzu garbi nazakezu». Badaki Jesusek senda dezakeela, baina nahi izango ote du? Ausartuko ote da Jesus Jainkoaren izenean ezarria dioten baztertzetik ateratzen?

Harrigarria da lepraduna hurbil ikusteak Jesusi eragin dion zirrara. Ez du nazkarik sentitu, ez du egin atzera. Gizajo haren egoera ikustean «barneraino hunkitu da». Gainez egin dio bihotz-samurtasunak. Nolatan ez du, ba, nahi izango garbitzea, babesik txikiena eta mespretxurik handiena jasaten duten bere seme-alabekiko Jainkoak duen errukia bera bizi duelarik?

Duda txikienik gabe, gizon harengana «eskua luzatu» eta garbiek mespretxatzen duten haren narrua ukitu du. Badaki legeak debekatua duela hori egitea eta, keinu horrekin, lepradunak hasia duen lege-haustea baiesten ari dela. Errukia bakarrik du, ordea, gogoan: «Nahi dut: izan zaitez garbi».

Hona zer nahi duen Jesusengan haragitu den Jainkoak: Aita den aldetik bizi duen errukiaren aurka doazen baztertze guztietatik mundua garbitu. Bazterketak ez dira Jainkoaren gauza, baizik gure legeena, gure erakundeena. Inor marjinatzea ez dator Jainkoagandik, gugandik baizik. Aurrerantzean, denek izan beharko dute kontuan ezin dela inor baztertu Jesusen izenean.

Inongo kutsaturen aurrean ez nazkatzea esan nahi du Jesusi jarraitzeak. Inongo «bazterturi» gure abegi ona ez ukatzea. Lehenengo gauza, Jesusentzat, sufritzen ari den pertsona da, eta ez araua. Lehentasuna arauari ematea da modurik hoberena mespretxatuen eta ukatuen aurrean Jesusen sentiberatasuna galtzen joateko. Modurik hoberena errukirik gabe bizitzeko.

Gune gutxitan suma daiteke Jesusen Espiritua babesgabeko prostitutuei, guztiek ahaztuak dituzten hiesdunei sostengua eta adiskidetasuna eskaintzen dieten, beren izaera duintasunez ezin bizi duten homosexualak... defenditzen dituzten pertsonen baitan bezala. Jainkoaren bihotzean guztiek dutela lekua gogorarazten digute halakoek.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com