lunes, 19 de febrero de 2018

2018-02-25 - Garizumako 2. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 2. Igandea (B)


EBANJELIOA

Hauxe dut neure Seme maitea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10

Denbora haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar litzakeen baino zuriago.

Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.

Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»

Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota baitzeuden.

Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»

Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.

Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte.

Agindu hau bete zuten, baina «hildakoen artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 25a

ASKATU EBANJELIOAREN INDARRA


(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko martxoaren 1a

EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN

(2009eko martxoaren 8a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko martxoaren 4a

ASKATU EBANJELIOAREN INDARRA

«Jesusen Antzaldatzearen» kontakizuna oso herrikoi izan zen hasiera hartatik beretik haren jarraitzailean artean. Ez da pasadizo bat gehiago. Eszena, sinbolo-izaerako baliabidez berregina, handiosa da. Moisesekin eta Eliasekin hizketan ari dela, aurpegi dirdaitsuz aurkeztu dute Jesus ebanjelariek.

Mendi-gailurrera lagundu dioten hiru ikasleak txunditurik gelditu dira. Zer pentsa ez dakitela. Handiegia da Jesus inguratzen duen misterioa. Beldurrez zeudela dio Markosek.

Era bitxian amaitu da eszena: «Estali zituen hodei bat eratu zen eta ahots bat atera hodeitik: Hau da ene Seme maitea. Entzuiozue». Jesusen deia entzutetik sortu zen haren mugimendua. Haren Hitza, geroago lau idazki laburretan bildua, beste jarraitzaile batzuk eraginez joan zen. Jesusen Ebanjelioa entzunez bizi da Eliza.

Jesusen mezu honek oztopo handirekin egiten du gaur topo, gure aldiko gizon-emakumeengana iristeko. Praktika erlijiosoa alde batera uztearekin, jende askok utzi dio haren Hitza entzuteari. Jada ez dute entzungo Jesusez hitz egiten, kasu bakanen batean edo era zabarrean ez bada.

Kristau-elkarteetara hurbiltzen direnek berek ere ezin estimatu dute erraz Jesusen Hitza. Haren mezua beste jarduera, ohitura eta irakaspen batzuen artean galdurik gertatzen da. Nekez atzeman daiteke haren funtsezko garrantzia. Jesusen espirituaren araberako ez diren hizkerek eta iruzkinek blokeatzen dute Ebanjelioaren indar askatzailea.

Halaz guztiz, gaur egun ere, kristauek gizarteari eskaintzen ahal diogun funtsezko gauza bakarra Jesusek hots egindako Berri Ona da, eta bizitza sanoago eta duinago baterako haren egitasmoa. Ezin jarraitu dugu Ebanjelioak duen jendea gizatar egiteko indarrari hesia jartzen.

Geure elkarteetan garbi, bizi eta ugari korriarazi behar dugu. Iritsi dadila jendearen sukalderaino, ezagutu ahal dezatela beren bizitzarentzat zentzu berri bat bilatzen dutenek, ezagutu ahal dezatela esperantzarik gabe bizi direnek.

Ebanjelioa lagunartean irakurtzen ikasi behar dugu. Ebanjelioaren kontakizunak familiar bihurtzen saiatu behar dugu. Jesusen Berri Onarekin zuzeneko harremanak izan behar ditugu eta ondo-ondokoak. Honetan erabili behar dugu geure energia. Horrela hasiko da gaur Elizak behar duen eraberritzea.

Eliz erakundea mendetan izan duen erakartzeko indarra galtzen ari den honetan, Jesusek, Jainkoaren Seme maiteak, egiaren eta biziaren bila dabiltzanentzat duen erakartzeko indarra aurkitu behar dugu. Urte gutxi barru, konturako gara dena ari zaigula bultzaka, kristautasunaren erdigunean Jesusen Berri Ona leialtasun handiagoz jartzera.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko martxoaren 8a

EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN

Ebanjelariak dioenez, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan berekin hartu eta mendi batera eraman ditu aparte, eta «antzaldatu egin da haien aurrean». Gurutzeko dolorezko bere zoriaz hitz egin izan dienean, aurka gogorkienik egin diotenak dira hiru horiek.

Gainera, ideia zoro horiek Jesusi burutik kentzen saiatu da Pedro. Santiago eta Joan anaiak Mesiasen erreinuan lehen postuen eske joan zaizkio Jesusi. Hain juxtu, horien aurrean antzaldatu da Jesus. Beste inork baino premia handiagoa dute.

Pasadizoa, hainbat baliabide sinbolikoz berregina, handiosa da. Jainkoaren beraren aintzaz «jantzirik» aurkeztu zaie Jesus. Aldi berean, Elias eta Moises, tradizioaren arabera herioari harrapatuak izan eta Jainkoaren ondoan bizi diren bi horiek, Jesusekin solasean agertu zaizkie. Horrek guztiak Jesusen jainkozko izaera sumatzera gonbidatzen gaitu, arerioek gurutzean josia, baina Jainkoak berpiztua.

Berez atera zaio Pedrori erreakzioa: «Jauna, bai ondo gaudela hemen! Nahi baduzu, hiru txabola egingo ditut: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta hirugarrena Eliasentzat». Pedrok ez du ezer ulertu. Batetik, maila berean eta pareko ezarri ditu Jesus alde batetik eta Elias eta Moises bestetik: nori bere txabola. Bestetik, Jesusen bide latzari oztopo jarriz jarraitzen du: Tabor mendiko aintzan atxiki nahi du Jesus, nekalditik eta Kalbarioko gurutzetik urrun.

Jainkoak berak bideratuko du, ordea, handikiro: «Nire Seme maitea da hau». Ezin nahas daiteke beste inorekin. «Entzun berari», baita bere azkena piztuera izango duen gurutze-bideaz.

Jesusek bakarrik bidaltzen du argia. Gainerako guztiek −profeta eta irakasle, teologo eta hierarka, doktore eta predikari− eguteran dugu aurpegia. Ez dugu nahastu behar Jesus beste inorekin. Hura bakarrik da Seme maitea. Soilik haren Hitza behar dugu entzun. Gainerakoenak harengana behar gaitu eraman.

Eta gaur berean ere hura entzun beharra dugu, aldi honetako «gurutzea lepoan hartzeaz» mintzo zaigunean. Arrakastak kalte egiten digu kristauoi. Are gehiago: gatazkarik, ukorik eta gurutzerik gabe, Jesusekiko eta haren erreinuaren egitasmoarekiko leial izatea posible dela pentsatzeraino eraman gaitu. Kristau «gurutzeratu» bezala bizitzeko ahalbide gehiago dugu gaur egun. On eginen digu horrek. Geure kristau-nortasuna berreskuratzen lagunduko digu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.