lunes, 7 de mayo de 2018

2018-05-13 - 7. Pazko Igandea - JAUNGOIKOAREN IGOKUNDEA (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

7. Pazko Igandea - JAUNGOIKOAREN IGOKUNDEA (B)



EBANJELIOA

Zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 16, 15-20

Denbora haietan Jesusek apostulei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berri ona izaki guztiei. Sinesten eta bataiatzen den oro salbatua izango da; sinesten ez duena, berriz, kondenatua. Sinestedunek seinale hauek izango dituzte berekin: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berriz mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».

Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren berri ona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018eko maiatzaren 13a

HASIERA BERRIA

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko maiatzaren 17a

KONFIANTZA ETA ERANTZUKIZUNA

(2009eko maiatzaren 24a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko maiatzaren 20a

HASIERA BERRIA

Hizkuntza desberdinez deskribatzen dute ebanjelariek Jesusek ikasleei gomendatu dien mandatua. Mateoren arabera, Jesusek irakatsi bezala bizitzen ikasi behar duten «ikasleak eratu» behar dituzte. Lukasen arabera, Jesusen inguruan bizi izan dutenaren «lekukoak» eratu behar dituzte. Markosek, berriz, «sorkari guztiei Ebanjelioa hots egin behar dietela» esanez laburtu du guztia.

Gaur egun kristau-elkarte batera hurbiltzen direnek ez dute topo egiten zuzenean Ebanjelioarekin. Sumatzen dutena, erlijio zaharkitu baten funtzionamendua da, krisi-zantzu asko dituena. Ezin identifikatu dute argi eta garbi erlijio horren baitan Berri Ona, duela hogei mende Jesusek eragindako hura.

Alde batetik, kristau askok ez du Ebanjelioaren zuzeneko ezagutzarik. Jesusez eta haren mezuaz dakiten guztia, katekistei eta predikarien entzundakotik erdizka eta zatitsu eraiki dezaketena da. Jesusen Ebanjelioarekin harreman pertsonalik izan gabe bizi dute beren erlijioa.

Nolatan hots egin dezakete beren elkarteetan beretan ezagutzen ez badute? Vatikano II.a kontzilioak gaur egun ahaztuegia den hau gogorarazi du: «Ebanjelioa du Elizak, aldi guztietan, bere biziaren jatorria». Iritsia da unea kristau-elkarte bat honela ulertu  eta eratzeko ordua: leku bat, zeinetan Jesusen Ebanjelioa onartzea izango baita lehenengo gauza.

Ezerk ezin biziberritu izango du krisian den gure elkarteen sarea, Ebanjelioaren indarrak bezala. Soilik, Ebanjelioaren zuzeneko eta bertatik bertako esperientziak biziberritu ahal du Eliza. Urte batzuk barru, krisiak soilik funtsezkoa atxikitzera eragingo digu; garbi ikusiko dugu orduan ezer ez dela garrantzizkoagorik kristauentzat elkarrekin biltzea baino, ebanjelioko kontakizunak irakurri, entzun eta partekatzeko.

Ebanjelioaren indar berritzailean sinestea da lehenengo gauza. Ebanjelioko kontakizunek fedea bizitzen irakasten dute, ez behartuz, baizik erakarriz. Kristau-bizitza biziarazten dute, ez betearaziz, baizik distiratuz eta kutsatuz. Daitekeena da jada gure parrokietan beste dinamika bat abiaraztea. Talde txikietan bildurik, Ebanjelioari loturik, Jesusen jarraitzaileen egiazko nortasuna berreskuratuz joan gintezke.

Ebanjeliora itzuli beharra dugu, hasiera berritzat hartuz. Jada ez da on edozein egitarau edo estrategia pastoral. Urte batzuk barru, Jesusen Ebanjelioa elkarrekin entzutea ez da izango jarduera bat gehiago beste askoren artean; baizik eta jarduera nagusia izango da, zeinetatik hasiko baita kristau-fedearen biziberritzea, gizarte sekularizatuan barreiatuak diren elkarte koxkorren baitan.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko maiatzaren 24a

KONFIANTZA ETA ERANTZUKIZUNA

Markosen jatorrizko ebanjelioari halako batean eranskin bat gehitu zioten, Jesusen azken agindu hau jasotzen duena: «Zoazte mundu osora eta hots egin ebanjelioa kreazio guztiari». Ebanjelioa ezin gelditu da ikasleen talde koxkorrera mugaturik. Irten beharra du eta lekualdatu beharra, «mundu osora» iritsi eta Berri Ona jende guztiari aldarrikatzeko, «kreazio guztiari».

Inondik ere, hitz hauek gogotsu entzun zituzten orduan, lehen kristauak bete-betean zabaltzen eta haien elkarteak Inperio osoan biderkatzen ari ziren hartan. Baina nola entzuten ditugu guk gaur egun hitz horiek, geure eliztarrei, gure erlijioaren beharrik sentitzen ez dutelarik, eutsi ezinik gabiltzan honetan?

Lehenengo gauza, Jainkoaren jardueran konfiantza osoa izatea da. Jesusek berak esana dugu hori. Jainkoa maitasun muga gabeaz ari da bere seme-alaba guztien bihotzean, guk halakoak «galdutako arditzat» emanak ditugun arren. Jainkoa ezin zurrundu edo blokeatu du inongo krisialdik.

Ez dago gure zain; ez dago guk Elizan berregiteko geure egitasmoak edo berrikuntza-asmoak noiz abian jarriko zain. Etenik gabe dihardu hark Elizan eta Elizaz kanpo. Jainkoak ez du inor bazter utzi nahi, ezta Jesusen ebanjelioaz hitz egiten entzun ez duenik ere.

Halere, horrek guztiak ez digu kentzen geure erantzukizuna. Geure galderak egiten hasi beharra dugu. Zein bidetan dabil Jainkoa kultura modernoko gizon-emakumeen bila? Nola nahi die begi aurrean jarri Jesusen Berri Ona gure egun hauetako gizon-emakumeei?

Are galdera gehiago egin beharra dugu: Zer dei ari zaigu egiten Jainkoa kristau-fedea pentsatzeko, adierazteko, ospatzeko eta haragitzeko dugun molde tradizionala eraldatzeari dagokionez, kultura modernoaren baitan Jainkoaren jarduerari lur ona prestatu ahal izateko? Ez ote dugu arrisku hau bizi: geure zurruntasunaz eta mugigaiztasunaz, galga eta oztopo gertatzekoa Ebanjelioa gaur egungo gizartean haragitu dadin?

Inork ez daki nolakoa izango den kristau-fedea, harrotzen ari den mundu berrian; edonola ere, nekez izango da iraganekoaren «klonazio» bat. Ebanjelioak badu barne-izerdi indar-emaile bat, kristautasun berri bat abian jartzeko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.