lunes, 25 de junio de 2018

2018-07-01 -Urteko 13. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 13. Igandea (B)



EBANJELIOA

Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 5, 21-43

Denbora haietan, Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».

Harekin abiatu zen Jesus.

Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen:

– Nork ukitu dit jantzia?

Bere ikasleek erantzun zioten:

– Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?

Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar – ondo baitzekien zer gertatu zitzaion –, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari? » Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».

Ez zion inori ere berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».

Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek guztiak kanpora bidali zituen eta, neskaren aita-amak eta berarekin etorriak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Eskutik heldu eta esan zion: «Talitha kum » (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez»).

Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko uztailaren 1a

EMAKUMEAREN FEDE HANDIA

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko ekainaren 28a

EZKUTUKO ZAURIAK

(2009eko ekainaren 28a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko uztailaren 1a

EMAKUMEAREN FEDE HANDIA

Harrigarria da pasadizoa. Markos ebanjelariak emakume ezezagun bat dakarkigu fede-eredutzat, kristau-elkarteentzat. Harengandik ikasi ahal dute nola ibili Jesusen bila fedez, nola iritsi harekin harreman sendagarria izatera eta nola topatu Jesusengan biziera berri bati ekiteko indarra, bakezko eta osasungarri bati.

Jairo, «sinagogako buruzagi» eta Kafarnaumeko gizon ezaguna omen den hori, ez bezala, emakume hau ez da inor. Ezkutuko gaixotasuna, tipikoki femeninoa, duela dakigu soilik, emakume, emazte eta ama bezala osasuntsu bizitzea eragozten dion gaixotasuna.

Sufrimendu fisiko eta moral handia du. Dena xahutu du medikutan, inork sendatu gabe. Halere, ez du amore eman emakume gaixo bezala bizitzera. Bakarrik dago. Inork ez dio lagundu Jesusengana hurbiltzen, baina aurkitu du harengana hurbiltzeko modua.

Ez dago planto eginik, Jesusek hurbildu eta eskuak noiz ezarriko. Berak jo du haren bila. Eragozpen guztiak gainditu ditu. Ahal duen eta dakien guztia egin du. Jesusek ulertu du bizitza sanoago baten bila dabilela. Konfiantza osoa jarri du Jesusen indar sendatzailean.

Ez da konformatu Jesus urrunetik ikustearekin. Harreman zuzenagokoa eta pertsonalagoa nahi du. Erabakitasunez jokatu du, baina ez eroa bezala. Ez du inor gogaitu nahi. Atzetik hurbildu, jende artean, eta soingainekoa ukitu du. Keinu samur horrekin zehaztu eta adierazi du Jesusengan duen konfiantza osoa.

Ezkutuan gertatu da dena, baina emakume horren fedearen berri guztiek izan dezaten nahi du Jesusek. Emakumeak, beldurti eta dar-dar, egin duena aitortzean, Jesusek diotso: «Ene alaba, zeure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean eta osasuntsu». Emakume hau, Jesusengan Jainkoak eskaini digun salbazio bila ibiltzeko eta onartzeko azaldu duen ahalbidearekin, fede-eredu bihurtu da gu guztiontzat.

Zeinek laguntzen die gaur egungo emakumeei Jesusekin topo egiten? Zein ahalegintzen da, gaur egungo Elizan aurkitzen dituzten oztopoak ulertzen, Kristorekiko beren fedea «bakean eta osasuntsu» bizi ahal dezaten? Zeinek hartzen ditu aintzat emakume teologoen fedea eta ahaleginak?, kasik inolako sostengurik gabe eta era guztietako trabak eta ukoak gaindituz, emakumeari bideak irekitzen atsedenik gabe saiatzen direnean, Jesusen Elizan duintasun handiagoz bizi ahal izateko?

Emakumeek ez dute izaten gure artean Jesusek eskaintzen zien onarpenik, balio-aitorpenik eta ulermenik. Ez dakigu Jesusek begiratzen zien bezala begiratzen. Halaz guztiz, emakumeak dira, sarritan, gaur ere gure kristau-elkarteen sostengu Jesusekiko beren fedeaz eta beren ebanjeliozko arnasaz.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko ekainaren 28a

EZKUTUKO ZAURIAK

Ez dakigu haren izena. Emakume ezdeus bat da, Jesusen ondoren doan jendetza artean galdua. Ez da ausartu Jesusi hitz egitera; Jairok, sinagoga-buruak bestela egin du, eta Jesus bere etxera joatea lortu du. Emakumeak ez du izango sekula zori hori.

Inork ez daki zer den emakume bat, ezkutuko gaixotasunak joa. Lege-maisuek irakatsi diote, ezen har dezala bere burua emakume «kutsatutzat», odol-jarioa duen bitartean. Urte asko egin du sendagile baten bila, baina ezin sendatu izan du inork. Non aurki lezake duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen osasuna?

Jende askok bizi du gure artean antzeko esperientziarik. Inork ezagutzen ez duen ezkutuko zaurik apaldurik, bere «gaixotasuna» agertzeko kemenik gabe, laguntza, bake eta kontsolamendu bila dabil, non aurkitu ez dakiela. Errudun sentitzen du bere burua, askotan biktima huts delarik.

Jende ona: aldarean Kristo hartzera hurbiltzeko ezgai sentitzen dena; kristau jainkozaleak: modu gaixotian sufrituz bizi izan direnak, sexuari dagokion guztia lohia, umiliagarria, bekatuzkoa dela irakatsi izan zaielako; fededunak: bizitzaren azkenean, ustez sakrilego izan diren aitortzeen eta jaunartzeen kate luzea nola hautsi ezin asmatu dutenak... Ez ote dute iritsiko inoiz bake hori?

Kontakizunaren arabera, gaixo den emakumeak «Jesusez hitz egiten entzun dio» jendeari, eta uste du, ezen bere gorputzetik eta bizitza osotik «kutsadura» atera dezakeen norbaiten aurrean dela. Jesus ez da mintzo ez duintasunaz, ez duintasun-ezaz. Maitasunaz mintzo da haren mezua. Indar sendatzailea dario hari.

Bere bidea bilatu du emakumeak Jesusekin topo egiteko. Ez du kemenik Jesusi begietara begira jartzeko: atzetik hurbildu zaio. Lotsa da bere gaixotasunaz hari hitz egiteko; ezkutuka joan da harengana. Ezin ukitu du fisikoki: gainjantzia ukituko dio soilik. Ez du axola. Ez du batere axola. Bere burua garbi sentitzeko, aski du Jesusekiko konfiantza handi hori.

Jesusek berak esan dio hori. Emakume honek ez du zertan lotsatu inoren aurrean. Egin duena ez da gauza txarra. Fede-ekintza da. Bere bideak ditu Jesusek ezkutuko zauriak sendatzeko, eta bere bila dabiltzanei hau esateko: «Ene alaba, zeure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean eta osasunez».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


domingo, 24 de junio de 2018

2018-06-29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

San Pedro eta San Pablo, apostoluak



EBANJELIOA

Pedro zara zu, Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

Mateo 16,13-19

Garai hartan, Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:

–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?

Haiek erantzun:

–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.

Jesusek galdetu zien:

–Eta zuek, nor naizela diozue?

Simon Pedrok erantzun:

–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.

Orduan, Jesusek esan zion:

–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.

Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko ekainaren 29a

JESUSEK BAKARRIK ERAIKITZEN DU ELIZA

Pasadizoa Filiporen Zesareako lurralde paganoan gertatu da. Jesusek jakin nahi du berari buruz jendeak zer esaten duen. Herrian diren iritzi desberdinen berri jakin ondoren, bere ikasleei galdetu die zuzenean: «Eta zuek, nor naizela diozue?»

Jesusek ez die galdetu zer iritzi duten mendiko hitzaldiaz edota Galileako herrietan ari duen jarduera sendatzaileaz. Jesusen ikasle izateko, Jesusi berari atxikitzea da gauza erabakitzailea. Horregatik, beragan zer atzeman edo ikusi duten jakin nahi du.

Simon Pedrok hartu du hitza eta guztien izenean erantzun dio, era solemnean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Jesus ez da profeten artean beste bat gehiago. Jainkoak bere herri hautatura igorri duen azken Bidalia da. Are gehiago, Jainko biziaren Semea. Orduan, Jesusek, Aitagandik bakarrik etor dakiokeen aitorpen hartaz zorionak eman ondoren, esaten dio: «Eta, orain, nik diotsut: Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut neure Eliza».

Oso zehatzak dira hitzak. Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Eliza eraiki, ez du Pedrok eraikitzen, baizik Jesusek. Pedro, soil-soilik, «harria» da, zeinen gainean kokatzen baita Jesus eraikitzen ari den «etxea». Irudiak hau iradokitzen du: Pedroren zeregina Elizari egonkortasuna eta sendotasuna ematea dela: arduratzea, alegia, Jesusi eraikitzeko aukera emateko, jarraitzaileek desbideratzerik edota murrizketarik ezar ez dezaten.

Frantzisko aita santuak ondo daki, bere egitekoa ez duela «Kristoren lekua hartzea», baizik arduratzea, gaur egungo kristauek Kristorekin topo egin dezaten. Horixe du bere kezka handia. Pedroren ondorengoaren zerbitzua hartzean berean esan zuen: «Elizak Jesusengana eraman behar du jendea. Jesus da Elizaren erdigunea. Noizbait gertatu balitz Elizak ez duela Jesusengana eramaten, Eliza hila izango litzateke».

Horregatik, etapa ebanjelizatzaile berri baten egitaraua publiko egitean, bi xede proposatu ditu. Lehenik eta behin, Jesusekin topo egitea; izan ere, hark eraberritu ditzake, bere berritasunarekin, gure bizitza eta gure elkarteak … Jesu Kristok eten ditzake, orobat, bera hesitzeko erabili nahi izango genituzkeen eskema aspergarriak».

Bigarren, erabakitzailetzat jotzen du Frantziskok «iturburura jo eta Ebanjelioaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzea»; izan ere, saiatzen garen bakoitzean, bide berriak sortzen dira, metodo berriak, seinale esanguratsuagoak, esanahi berriz hornitutako hitzak, gaur egungo munduarentzat». Tamalgarria izango litzateke, Eliza eraberritzeko Aita Santuak egin digu gonbita gure kristau-elkarteetara ez iristea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

PEDROREN ZERBITZUA

Jesus hizketan ari da ikasleekin Filipoko Zesarean, Jordan ibaiaren sorburutik hurbil. Pasadizo hau inportantea da Mateoren ebanjelioan. Segur aski, ikasleek bi gauza hauek nahas ez ditzaten nahi du: Jesusengandik jaiotzen ari diren «elizak» eta berari buruz iritzi-mota guztiak bizi dituzten judu-elkarteak nahas ez ditzaten.

Lehenik eta behin, Elizaren erdigunean zein dagoen argitu behar da. Zuzenean galdetu die Jesusen ikasleei: «Zuek, zein naizela diozue?» Pedrok erantzun dio guztien izenean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Sumatu du, alegia, Jesus ez dela itxaro duten Mesias bakarrik. «Jainko biziaren Semea» da. Bizia den Jainkoa da, bizi den ororen iturria eta jatorria. Jesusen misterioa atzeman du Pedrok haren hitz eta keinuetan, jendeari osasuna, barkazioa eta bizi berria ematen dioten haietan.

Zorionak eman dizkio Jesusek: «Zorionekoa zu… hori zeruko nire Aitak bakarrik azaldu ahal izan baitizu». Ez da Jesusenganako fede hori iratzar dezakeen «haragizko eta hezurrezko» gizakirik. Gauza horiek Aitak xumeei agertzen dizkie, eta ez jakintsuei eta adituei. Jesusen jarraitzaile xume horietakoa da Pedro, Aitarekiko bihotza irekirik bizi diren horietakoa. Hori da Pedroren handitasuna, baita benetako fededun ororena ere.

Ondoren, promes nabarmen hau egin du Jesusek: «Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut nik neure Eliza». Eliza ez du eraiki edozein batek. Jesusen berak eraiki du. Jesusek berak dei egin die bere ikasleei, Jesusek berak bildu ditu bere inguruan. Berea du Jesusek Eliza. Harengandik jaio da.

Baina Jesus ez da zoroa, ez du eraiki hondar gainean. Pedro izango da Eliza honen «arroka». Ez, noski, Pedroren izaeraren sendotasuna eta irmotasuna direla medio, zeren, zintzoa eta grinatsua den arren, iraupenik gabea eta kontraesanekoa baita. Bere indarra Jesusenganako bere fede xumetik datorkio. Fededunen eredu da Pedro, eta Jesusekiko egiazko fedearen eragile da.

Hau da Pedrok eta haren ondokoek Jesusen Elizari egiten dioten zerbitzu handia. Pedro ez da «Jainko biziaren Semea», baizik «Jonasen semea». Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Jesus dago erdigunean. Jesus bakarrik ari da Eliza eraikitzen bere Espirituaren bidez. Baina Pedro gonbit hau egiten ari zaigu: bizi gaitezela Aitaren errebelazioari irekirik, bizi gaitezela Jesus ahaztu gabe eta har dezagula haren Eliza zinezko fedez.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 18 de junio de 2018

2018-06-24 - San Joan Batatzailaren Jaiotza (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

San Joan Batatzailaren Jaiotza (B)



EBANJELIOA

Joan Batatzailaren Jaiotza. Joan du izena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 1, 57-66. 80

Denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren. Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias.

Baina amak esan zuen:

– Ez, Joan izango du izena.

Esan zioten:

– Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.

Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.

Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.

Auzoko guztiak beldurrak hartu zituen, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau? » Zeren Jauna lagun baitzuen.

Haurra gorputzez haziz eta espirituz sendotuz zihoan; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu beharreko eguna arte.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018eko ekainaren 24a

Izenburua

---

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 11 de junio de 2018

2018-06-17 -Urteko 11. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 11. Igandea (B)



EBANJELIOA

Hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 4,26-34

Denbora haietan Jesusek esan zuen: «Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da: hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela. Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uztaroa da eta».

Beste hau ere esan zien: «Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erregetza? Zein parabolaren bidez adieraz genezake? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dute haren itzalpean, hainbestekoak baitira ematen dituen adarrak».

Horrelako parabola askoren bidez, Jesusek mezua iragartzen zien, beraiek ulertzeko eran. Ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten zien.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko ekainaren 17a

APAL-APAL ETA KONFIANTZAZ

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko ekainaren 14a

HAZI TXIKIAK

(2008-2009ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko ekainaren 17a

APAL-APAL ETA KONFIANTZAZ

Jesusek kezka handia bizi zuen bere jarraitzaileak halako batean etsipenean eroriko ote ziren pentsatuz; hain zuzen ere, mundua gizatarrago eta zoriontsuago egiteko beren ahaleginek arrakastarik ez zutela ikustegatik. Ahaztu egingo ote ziren Jainkoaren erregetzaz? Eutsiko ote zioten zeruko Aitarekiko konfiantzari? Nolanahi ere, hau izan beharko lukete gauzarik garrantzizkoena: ez dezatela sekula ahaztu nola lan egin.

Galileako nekazarien esperientziatik jasotako etsenpluez baliatuz, beti oinak lurrean izan ditzatela, pazientziaz eta konfiantza handiz lan egin dezatela eskatzen die. Ezinezkoa da Jainkoaren Erregetzari bidea nolanahi irekitzea. Kontu egin behar dute, hartan nola lan egin.

Lehenik eta behin, jakin behar dute, beren lana ereitea dela ezez uzta biltzea. Ezin bizi dira emaitzak zein izango begira. Ez dute kezkarik izan behar ez eginkortasunez, ez berehalako arrakastaz. Ebanjelioa ereitea izan behar dute bere ardura nagusia. Jesusen lankideek ereile izan behar dute. Besterik ez.

Hedapen erlijioso eta ahalmen sozialeko mende askoren ondoren, ereilearen keinu apala berreskuratu beharko genuke Elizan kristauek. Beti fruituak jasotzera doan uzta-biltzailearen logikaz ahaztu, eta etorkizun hobea erein nahi duenaren pazientziazko logika besarkatu.

Ereite ororen hasierak apalak izan ohi dira beti. Askoz gehiago arazoa gizakiaren bihotzean Jainkoaren Egitasmoa ereitea baldin bada. Ebanjelioaren indarra ez da sekula gauza handios edo arranditsua. Jesusen arabera, «mostaza-hazia» bezalako gauza txiki eta ezdeus bat ereitea bezala da, fedea jendearen bihotzean ezkutuan ernetzen baita.

Horregatik, fedeaz bakarrik erein daiteke Ebanjelioa. Hori eman nahi die aditzera Jesusek bere parabola xumeen bidez. Mundua gizatasun handiagoko egiteko Jainkoaren Egitasmoak berekin du indar salbatzaile eta eraldatzailea, jada ereilearen esku ez dagoena. Jainko horren Berri Ona pertsona batengan edo gizatalde batengan sartzen denean, gure gainetik dagoen zerbait hasten da hazten han.

Elizan ez dakigu une honetan no jokatu, egoera berri eta besterik ez bezalako honetan, dogma erlijioso eta kode moralei dagokienez gero eta ez-axolago den gizarte honetan. Inork ez du errezetarik. Inork ez daki juxtu zer egin. Egin behar duguna, bide berriren bila jotzea da, apal-apal eta konfiantza Jesusengan jarriz.

Goiz edo berandu, funtsezkora itzuli beharra sentituko dugu kristauek. Konturatuko gara, Jesusen indarrak bakarrik biziberritu dezakeela fedea gure egun hauetako gizarte deskristautu honetan. Orduan ikasiko dugu Ebanjelioa apal-apal ereiten, fede berritu baten hasiera bezala, ez geure ahalegin pastoralez eskualdatua, baizik Ebanjelioak berak sortua.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2008-2009

HAZI TXIKIAK

Albiste txarrek itorik bizi gara. Irratiak eta telebistak, albiste-emaileek eta erreportariek albiste-piloa botatzen digute gainera: gorrotoa dela, gerla, gosea eta indarkeria dela, eskandalu handiak eta txikiak direla. «Sentsazionalismoaren saltzaileek» ez dute aurkitzen nonbait gauza jatorragorik gure planeta honetan.

Albisteek, zabaltzeko, duten egundoko abiadurak zur eta lur uzten gaitu eta nahasturik. Zer egin dezake batek honelako sufrimendu honen aurrean? Gero eta informatuago gaude gizadi osoa jotzen duen gaitzaz, eta gero eta ahalmen gutxiago sentitzen dugu hari aurre egiteko.

Zientziak konbentziarazi nahi izan gaitu, esanez, problemak aska daitezkeela botere teknologiko handiagoaz, eta guztioi eragin digu bizitza modu erraldoian erakundetzera eta arrazionalizatzera. Baina botere erakundetu hau ez dago jada pertsonen esku, baizik egituren baitan. «Botere ikusezin» bihurtu da, pertsona bakoitzaren eskumenetik urrun kokatua.

Hartara, handia da paso emateko tentazioa. Zer egin dezaket nik gizarte hau hobetze aldera!? Ez ote dagokie buruzagi politiko eta erlijiosoei behar diren aldaketak egitea, bizikidetasuna duinago, gizatarrago eta zoriontsuago egiteko beharrezko direnak?

Ez, ez da egia. Bada ebanjelioan guztiei egindako deia; gizadi berri bat sortzeko hazi txikiak ereitean datza. Jesus ez da mintzo gauza handi-mandiez. Jainkoaren Erreinua gauza xumea eta moduzkoa da bere jatorrian. Hazirik txikiena bezala, oharkabeko gerta daiteke, baina ustekabeko moduan hazi eta fruitu ematera deitua da.

Beharbada, berriro behar dugu ikasi gauza txikiak eta keinu koxkorrak aintzat hartzen. Ez dugu sentitzen egunero heroi edo martiri izatera deituak garenik; baina guztiak gara gonbidatuak geure mundu txiki honetako txoko bakoitzean duintasun-apur bat sortzera. Ustea galdurik den lagunari adiskidetasunezko keinu bat, bakarrik bizi denari irribarre gozo bat, etsipenak jotzen hasia denari hurbiltasun-keinu bat, bihotza estu duen bati poz txiki baten printza bat… ez dira gauza handiak. Jainkoaren Erreinuko hazi txikiak dira; guztiok gara gai horrelakorik ereiteko gizarte korapilatsu eta triste honetan, gauza xumeen eta onen xarma ahaztua duen gizarte honetan.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 4 de junio de 2018

2018-06-10 -Urteko 10. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 10. Igandea (B)



EBANJELIOA

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 3,20-35

Jesus etxera itzuli zen. Berriro ere jendetza handia bildu zen, eta ezin zuten otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek. Jesusen senitartekoak, jakin zutenean, hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela uste baitzuten.

Jerusalemdik jaitsitako lege-maisuek, berriz, zera zioten: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu deabruak». Etorrarazi zituen Jesusek, eta parabola hauen bidez mintzatu zitzaien: «Nola dezake Satanasek Satanas bota? Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun. Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun. Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik badago, ezin du iraun; harenak egin du. Ez daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara joan, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak. Benetan diotsuet: Dena barkatuko die Jainkoak gizakiei, bekatuak eta egin litzaketen birao guztiak; baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten duenak ez du inoiz barkamenik izango: errudun izango da betiko».

Espiritu gaiztoa zeukala ziotenei erantzun zien hau.

Jesusen ama eta anai-arrebak iritsi ziren. Kanpoan gelditurik, deiarazi egin zuten. Jende asko zegoen haren inguruan eserita, eta esan zioten:

–Adizu, ama eta anai-arrebak kanpoan dituzu zeure bila.

Hark erantzun:

–Nor dira nire ama eta nire anai-arrebak?

Eta, inguruan eserita zituenei begiratuz, esan zuen:

–Hauek ditut nik ama eta anai-arreba. Jainkoaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko ekainaren 10a

Izenburua

---

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com