lunes, 31 de mayo de 2010
2010/06/06 - Kristoren Gorputz Odol Santuen jaia (Corpus) C
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko ekainaren 6a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Kristoren Gorputz Odol Santuen jaia (Corpus) C
BIGARREN IRAKURGAIA
1 Korintoarrei 11, 23-26
Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela:
«Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».
Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez:
«Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri».
Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.
HOMILIA
2010eko ekainaren 6a
JESUSEN OROITZAPENA EGIN
Jesusek ikasleekin egindako Azken Afaria kontatzean, Maisuak berariaz aipatutako gogoa gogoratu ohi zuten lehen kristau-belaunaldiek: «Egizue hau nire oroigarri». Horrela dakarte Lukas ebanjelariak eta jentilen ebanjelizatzaile Paulok.
Bere jatorriaz gero, Jesusen oroitzapena burutzeko ospatu izan dugu kristauek Jaunaren Afaria, gure artean haren presentzia bizia gertaberritu eta harekiko, haren mezuarekiko eta azkeneraino gugatik eman duen biziarekiko geure fedea elikatzeko. Har ditzagun gogoan mezak, gaur eguneko egituran, dituen lau une esanguratsu hauek, barnetik eta elkartean bizitzeko.
Ebanjelioa entzutea. Jesusen oroitzapena burutzen dugu ebanjelioetan haren bizitzako kontakizuna eta mezua entzutean. Ebanjelioak, hain juxtu, Jesusen oroitzapena gordetzeko idatzi dira, ikasleen fedea eta jarraipena janaritzearekin batera.
Ebanjelio-kontakizunean ez dugu doktrinarik ikasiko, baizik, batez ere, Jesusen izateko eta jarduteko era, gure bizitza inspiratu eta moldatu behar duena. Horregatik, ikasle-jarreraz behar dugu entzun, Jesusek bezala pentsatzen, sentitzen, maitatzen eta bizitzen ikasi nahi duten ikaslek bezala.
Afariaren oroitzapena. Jesusen egintza salbatzailearen oroitzapena burutzen dugu haren hitz hauek fedez entzunez: «Hau nire gorputza da. Ikus nazazu ogi-puska hauetan, zuengatik heriotzaraino neure burua ematen... Hau nire odolaren kaliza da. Zuen bekatuak barkatzeko isuri dut. Horrela behar nauzue gogoratu beti. Azkeneraino maite izan zaituztet».
Momentu honetan Jesu Kristoganako geure fedea aitortuko dugu, geure salbamenaren misterioaren sintesia eginez: «Zure heriotza hots egiten dugu, zure piztuera aldarrikatzen. Zatoz, Jesus Jauna». Geure burua Kristo geure Jaunak salbatua dakusagu.
Jesusen otoitza. Jaunartu aurretik, Jesusek irakatsi zigun otoitza egingo dugu. Lehenik eta behin, bere bihotzean zeramatzan hiru desio handiekin bat egingo dugu: Jainkoarekiko errespetu osoa, haren zuzentasun-erreinua etortzea eta haren aitatasun-gogoa betetzea. Ondoren, Aitari eginiko lau eskariekin: ogia guztientzat, barkazioa eta errukia, tentaldia garaitzea eta gaitz orotatik aske izatea.
Jesusekiko komunioa. Behartsu bezala hurbilduko gara, eskua luzatuz: bizi-ogia hartuko dugu; fede-egintza burutuz jaunartuko dugu; isilik, abegi ona egingo diogu Jesusi geure bihotzean eta bizitzan: «Jauna, zurekin bat egin nahi dut, zure urratsei jarraitu, zure espirituak arnasturik bizi eta mundua gizatarrago bihurtzeko zure egitasmoan lankide izan».
José Antonio Pagola
lunes, 24 de mayo de 2010
2010/05/30 - Hirutasun Santua (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko maiatzaren 30a
Hirutasun Santua(C)
EBANJELIOA
Joan 16,12-15
Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. Baina egiaren Espiritua etortzean, berak egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue. Berak nire Jainko aintza azalduko du, adieraziko dizuedana niregandik hartuko baitu. Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.
HOMILIA
2010eko maiatzaren 30a
JAINKOAREN MISTERIOARI BIHOTZA IREKI
Mendeetan barna, teologoek eginahal handiak burutu dituzte Jainkoaren misteriora hurbiltzeko, Hirutasunaren baitan jainkozko pertsonak elkartzen eta bereizten dituzten harremanak kontzeptu-eraikuntza desberdinez formulatu nahiz. Dudarik gabe, bidezko ahalegina da, Jainkoarekiko maitasunari eta desioari dariona.
Jesusek, alabaina, ez du hartu bide hori. Jainkoaz duen bere esperientziatik, gonbit hau egin digu bere jarraitzaileei: Jainko Aitarekin konfiantzaz jardun dezagun, bere, haragi egindako Jainkoaren Semearen, urratsei jarrai diezaiegun, eta Espiritu Santuari gida eta arnastu gaitzan uzteko gonbita da. Horrela, Jainkoaren misterio santuari geure bihotza irekitzen irakatsi digu.
Beste ezer baino lehen, Jesusek jarraitzaileak Jainko hurbil, onbera eta bihozkoiaren seme-alaba bezala bizitzera gonbidatu ditu, zeini guztiok Aita maite bezala dei egiten ahal baitiogu. Aita honen ezaugarriak ez dira ahalmena eta indarra, baizik onberatasuna eta mugarik gabeko errukia. Inor ez da bizi bakarrik. Guztiok dugu geure Aita, beste inork ez bezala ulertzen, maite eta barkatzen diguna.
Jesusek agertu digu ezen Aita honek bihotzetik darion egitasmoa duela: bere seme-alaba guztiekin mundu gizatarragoa eta haurridezkoagoa eraikitzea, zuzenagoa eta solidarioagoa. «Jainkoaren erreinu» izena eman dio Jesusek, eta guztiak gonbidatu ditu Aitaren egitasmo horretan murgiltzera, guztientzat bizitza zuzenagoa eta duinagoa bilatuz, beti ere haren seme-alaba pobreenak, babesgabeenak eta premia handiagokoenak lehen tokian emanez.
Aldi berean, Jesusek honetara gonbidatu ditu jarraitzaileak: beragan konfiantza izatera: «Ez bedi larritu zuen bihotza. Jainkoagan sinesten duzue; sinetsi nigan ere». Jainkoaren Semea da Jesus, bere Aitaren irudi bizia. Guztien Aitak nola maite gaituen agertu digute haren hitzek eta keinuek. Horregatik, berari jarraitzera gonbidatu ditu guztiak. Aitaren egitasmoaren zerbitzuan konfiantzaz eta leial bizitzen irakatsiko digu.
Bere jarraitzaileen taldearekin, familia berria eratu nahi du Jesusek, zeinetan guztiek «Aitaren nahia betetzea» izango baitute xede. Hau da lurrean utzi nahi izan duen ondarea: anai-arreben mugimendu bat, txikienen eta ezinduenen zerbitzurako. Aitak nahi duen mundu berriaren sinbolo eta ernamuin izanen da familia hau.
Horretarako, Aita eta honen Seme Jesus arnasten dituen Espiritua onartu beharra dute jarraitzaileek: «Zuen baitara etorriko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue eta nire lekuko izango zarete». Jainkoaren maitasuna da Espiritu hau, Aitak eta Semeak partekatzen duten hatsa, Jesusen jarraitzaileak honen testigu eta Hirutasun Santuaren egitasmo handiaren zerbitzuan lankide egingo dituen bulkada eta bizi-energia.
Jose Antonio Pagola
lunes, 17 de mayo de 2010
2010/05/23 - Mendekostearen igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko maiatzaren 23a
Mendekostearen igandea(C)
EBANJELIOA
Joan 20,19-23
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu‑agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: “Bakea zuei”. Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: “Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet”. Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: “Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die”.
HOMILIA
2010eko maiatzaren 23
ESPIRITU SANTUARI DEI
Zatoz, Espiritu kreatzailea, eta isuri gu baitan Jesusen indarra eta hatsa. Zure eraginik eta laguntzarik gabe, ezin dugu harengan sinetsi; ezin ausartu gara haren urratsei jarraitzera: Eliza ez da eraberrituko; gure esperantza itoko da. Zatoz eta kutsa gaitzazu Jesusen bizi-hatsez!
Zatoz, Espiritu Santua, eta ekarri guri gogora Jesusek esan ohi zituen hitz onak. Zure argirik eta harekiko zure testigutzarik gabe, ahaztuz joanen gara Jainkoaren aurpegi ona; letra hil bihurtuko da Ebanjelioa; Elizak ezin hots eginen du albiste onik. Zatoz eta irakats iezaguzu Jesusi bakarrik entzuten!
Zatoz, Egiaren Espiritua, eta egizu Jesusen egian ibil gaitezen. Zure argirik eta gidaritzarik gabe, ezin izanen gara sekula geure erroretik eta gezurretik libratu; ez da ezer berririk eta egiazkorik gu baitan erneko; itsuaurreko izan nahi duen itsuaren antzeko izanen gara. Zatoz eta bihur gaitzazu Jesusen ikasle eta testigu!
Zatoz, Aitaren Espiritua, eta irakats iezaguzu Jainkoari «Abba» esaten, Jesusek egin ohi zuen bezala. Zure berotasunik eta zure alaitasunik gabe, beren Aita galdu duten umezurtzak bezalako izanen gara; ezpainez dei eginen diogu Jainkoari, baina ez bihotzez; gure otoitza hitz huts izanen da. Zatoz eta irakats iezaguzu Jesusen hitzez eta bihotzaz otoitz egiten!
Zatoz, Ontasun Espiritu, eta bihur gaitzazu Jesusek estreinatu zuen «Jainkoaren erreinuaren» egitasmora. Zure indar eraberritzailerik gabe, inork ez du bihurtuko gure bihotz nekatua; ez dugu ausardiarik izanen mundu gizatarragoa eraikitzeko, Jainkoak nahi bezala; zure Elizan azkenak ez dira sekula lehenengo izanen; eta guk erdi lo jarraituko dugu geure erlijio burgesean. Zatoz eta egin gaitzazu lankide Jesusen egitasmoan!
Zatoz, Maitasun Espiritua, eta irakats iezaguzu elkar maitatzen, Jesusek maite ohi zuen maitasunez. Zu gure artean bizitasunez bizi gabe, Elizaren komunioa zartatu eginen da; hierarkia eta herria urrunduz joanen dira gero eta gehiago; zatiketa handitu eginen da, elkarrizketa itoko eta intolerantzia haziko. Zatoz eta biziaraz ezazu gure bihotzean eta gure eskuetan Jesusen antzeko eginen gaituen haurride-maitasuna!
Zatoz, Espiritu Askatzailea, eta gogorazi guri aske izateko askatu gintuela Kristok eta ez esklabotzak berriro zapaldu gaitzan uzteko. Zure indarrik eta zure egiarik gabe, Jesusekiko gure jarraitze gozoa esklaboen moral bilakatuko da; ez dugu ezagutuko bizia dakarren maitasuna, baizik bizia hiltzen duen geurekoikeria; ito eginen da gu baitan Jainkoaren seme-alabak hazarazten dituen askatasuna eta, beste behin, beldurraren, koldarkeriaren eta fanatismoaren biktima izanen gara. Zatoz, Espiritu Santua, eta kutsa gaitzazu Jesusen askatasunez!
Jose Antonio Pagola
lunes, 10 de mayo de 2010
2010/05/16 - Pazkoaldiko 7. Igandea - Jaunaren Igokundea(C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko maiatzaren 16a
Pazkoaldiko 7. Igandea - Jaunaren Igokundea(C)
EBANJELIOA
Lukas 24,46-53
Eta esan zien: “Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hilen artetik piztu, eta, Jerusalemen hasita, herri guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko. Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte”.
Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten. Haiek, Jesus ahozpez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.
HOMILIA
2010eko maiatzaren 16
HAZKUNDEA ETA SORMENA
Ebanjelioek hainbat giltza eskaintzen digute ulertzeko, nola hasi zuten beren ibilbide historikoa lehen kristau-elkarteek, Jesus beren begi aurrean jadanik ez zutela. Agian, ez zen izan dena batzuetan imajinatu ohi dugun bezalakoa. Nola ulertu eta bizi izan zituzten Jesusekiko harremanak, hura lurretik desagertu zenetik?
Mateok ez dakar ezer Jesus zerura igotzeaz. Bere ebanjelioa Galileako mendi bateko agur-pasadizo batekin bukatu du, zeinetan Jesusek promes solemne hau egin baitie: «Jakizue zeuekin izango nauzuela ni egunero munduaren azkena arte». Ikasleek ez dute zertan sentitu haren absentzia. Berekin izanen dute Jesus beti. Baina, nola?
Beste ikusmolde bat agertu du Lukasek. Bere ebanjelioko azken pasadizoan, Jesus «apartatu egin da haiengandik, zerura igotzeko». Ikasleek bere horretan onartu behar dute apartatze hori: Jesus jadanik Jainkoaren misterioan bizi da. Baina bereak «bedeinkatuz» igo da Aitagana. Jarraitzaileek bedeinkazio haren babesean hasiko dute beren ibilbidea; bedeinkazio berarekin sendatzen baitzituen Jesusek gaixoak, barkatzen bekatariei, ferekatzen txikiak.
Joan ebanjelariak beste giltza bat proposatzen duten hitzak ezarri ditu Jesusen ahoan. Bereei agur esatean, Jesusek diotse: «Aitagana noa eta zuek triste zarete...Alabaina, komeni zaizu ni joatea, Espiritu Santua har dezazuen». Ulertzekoa da ikasleen tristura. Jesus beti berekin izateak demaien segurtasuna opa dute. Maisuaren babesean beti haur bizi nahi izatearen tentazioa da.
Jesusen erantzunak pedagogia jakintsua ageri du. Haren absentziak hazaraziko du haren jarraitzaileen heldutasuna. Bere Espirituaren zigilua utzi die. Jesusen absentzian, Espirituak eragingo du hareengan erantzulea eta heldua den bati dagokion hazkundea. Komeni da hau gogoratzea gure garai honetan, zeinetan ematen baitu gure artean sormenarekiko beldurra, immobilismoaren tentazioa edo beste aldi batzuetarako edo beste kultura baterako zen kristautasunaren nostalgia ari dela hazten.
Kristauok behin baino gehiagotan jo izan dugu, historian barna, Jesusekiko jarraipena haur-eran bizitzera. Jesusen Igokundeak gogorarazten digu ezen, Jesusen presentzia historikoa amaiturik, «Espirituaren aldia» bizi dugula, sormenaren eta hazkunde erantzulearen aldia. Espirituak ez digu eskaintzen Jesusen jarraitzaileoi «betirauneko errezetarik». Argia eta hatsa dakarkigu beti berriak diren bideen bila ibiltzeko, gaur egun Jesusen jarduera berregiteko. Horrela gidatzen gaitu Jesusen egia betera,
Jose Antonio Pagola
lunes, 3 de mayo de 2010
2010/05/09 - Pazkoaldiko 6. Igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko maiatzaren 9a
Pazkoaldiko 6. Igandea (C)
EBANJELIOA
Joan 14,23-29
Jesusek erantzun zion:
- Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara, eta berarengan biziko. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.
Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.
Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo inatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.
HOMILIA
2010eko maiatzaren 9
BAKEA ELIZAN
Joanen ebanjelioan hitzaldi saila irakur dezakegu, zeinetan Jesus ikasleei agur esaten ageri baita. «Agurraren hitzaldia» deitzen diete iruzkingileek. Oso giro berezia nabari da hor: ikasleek beldurra diote beren Maisurik gabe gelditzeari; Jesusek, ordea, hau diotse: bera joan arren, ez dutela sumatuko bere absentziarik.
Bost alditaraino errepikatu die berekin izango dutela «Espiritu Santua». Hark defendituko ditu, zeren Jesusen mezuari eta egitasmoari atxikirik bizitzen eutsiko baitie. Horregatik, «egiaren Espiritua» deitzen dio. Une jakin batean, argiago azalduko die zein izango den haren egitekoa: «Defendatzaileak, Espiritu Santuak... irakatsiko dizue guztia, hark gogoraraziko dizue nik esan dizuedan guztia». Jesusen oroimen bizia izango da Espiritu hori.
Ikasleei eskaintzen dien mundu hori handiosa da. Espirituzko ikasle-mugimendu handia sortuko da Jesusengandik, Espiritu Santuak defendaturik jarraituko diotenen mugimendua. Jesusen egiari lotuko zaizkio, zeren Espiritu horrek irakatsiko baitie Galilean barna Jesusek agertu izan dien guztia. Espirituak defendituko ditu etorkizunean larritasun eta koldarkeria orotatik.
Jesusek gogo bizia du ikasleek atzeman dezaten zer esanahi duen beraientzat egiaren Espiritu horrek, elkartearen Defendatzaile horrek: «Bakea uztera noakizue: bakea ematera». Bakea ez die opa soilik. Erregalatu egin die bere bakea. Espirituaren gidaritzapean bizi badira, bere hitzak gogoratuz eta gordez, ezagutuko dute bakea.
Ez da edozelako bakea. Jesusen bakea da. Horregatik diotse: «Ez damaizuet nik munduak ematen duena bezalakoa». Jesusen bakea ez da gauzatzen gezurrean edo zuzengabekerian arnasturiko estrategiaz, baizik egiaren Espirituarekin jokatuz. Hura behar dute sostengu: «Ez dezala dar-dar egin zuen bihotzak, ez dadila koldartu».
Elizan jasaten ari garen aztoratzearen eta izen-galtzearen aldi zail honetan, oker handia izango litzateke geure sinesgarritasuna eta aginpide morala Jesusek hitzemandako egiaren Espiritua alde batera utzirik defenditu nahi izatea. Beldurrak kristautasunean sartuz jarraituko du, geure segurtasuna eta bakea hark markatutako bidetik apartatuz finkatu nahi baditugu.
Elizan bakea galtzen denean, ezin da berreskuratu edonola, ezta edozein estrategiaz baliatuz ere. Bihotza erresumindurik eta itsu, ezin da eskuratu Jesusen bakea. Beharrezkoa da haren egiara umilki bihurtzea, geure indar guztiak pil-pil jartzea, oker burututako bidean atzera egiteko, eta Jesusen bizitza osoa arnastu zuen Espirituak gida gaitzan uzteko.
Jose Antonio Pagola
Suscribirse a:
Entradas (Atom)