Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (A)
EBANJELIOA
Aurkitu zituzten
Maria, Jose eta jaioberria. Jaio eta zortzi egunera, Jesus izena ezarri zioten.
Lukas 2,16-21
Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten
Maria, Jose eta jaioberria askan etzana. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan
zitzaiena kontatu zuten. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik
gelditu ziren. Mariak, berriz, gertakari guztiok
gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.
Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka
itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.
Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu
zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.
Jaunak esana
HOMILIA
2017ko urtarrilaren 1a
AMA
Askorentzat
gerta liteke harrigarri, urte zibilaren lehen eguna eta Andre Maria Jainkoaren
Amaren festaburua Elizak egun berean ospatzea. Alabaina, esanguratsua da,
Elizak, IV. mendeaz gero, Salbatzailearen jaiotza handikiro ospatu ondoren,
urte berria Mariaren, Salbatzailearen eta gure Amaren, amatasun-babesean ospatu
nahi izatea.
Gaur egungo
kristauok galdegin beharra dugu zer egin dugun Mariaz azken urte hauetan; izan
ere, segur aski pobretu egin dugu geure fedea Maria geure bizitzatik aparte
utziz.
Dudarik
gabe, geure bizipen erlijiosoa garbitzeko eta fede sendoago bat aurkitzeko
gogoak eraginik, alde batera utzi ditugu gehiegikeria erlijioso batzuk, lekuz
kanpoko debozio batzuk, ohitura azaleko eta oker batzuk.
Sasi-mariologia
bat gainditzen saiatu gara, zeinetan, agian, Kristoren ordez Maria jartzen
baikenuen eta Mariaren baitan jartzen baikenituen salbazioa, barkazioa eta
erospena, dudarik gabe haren Semeari zor dizkiogun horiek.
Baldin eta
gure jokabide guztia desbideratzeak zuzentzea eta Maria, Jesu Kristoren Ama eta
Elizaren Ama denez, egiazko lekuan ezartzea izan bada, poztu egin beharko
genuke eta berretsi geure jarrera.
Baina,
horrela gertatu al da zehazki? Ez al gara ahaztu Mariaz, gehiegitxo? Ez al dugu
zokoratu bihotzeko txoko ilun batean, balio gutxikotzat ematen ditugun gauza
batzuen ondoan?
Maria alde
batera uzteak, haren misioaz eta gure bizitzan izan beharko lukeen lekuaz
gehiago sakondu gabe, ez du sekula aberastuko gure kristau-bizipena; aitzitik,
pobretu egingo du. Segur aski, gehiegikeria handiak egin ditugu iraganean;
orain, ordea, geure burua pobretzeko arriskua bizi dugu, geure bizitzatik Maria
erabat baztertuz, Kristoren Ama da Maria.
Baina haren
sabeletik jaio zen Kristo hari hazten joatea zegokion eta anai-arreba asko bere
baitan hartzea, egun batean bere Hitzaz eta bere graziaz biziko ziren
gizon-emakume asko bere baitan hartzea. Gaur egun, Maria ez da Jesusen Ama
bakarrik. Kristo osoaren Ama da. Fededun guztien Ama.
On izango
da, urte berria hastean, geure begiak Mariagana jasoz hastea. Ama baten arduraz
eta samurtasunez izango dugu hura bidelagun egunez egun. Gure fedea eta gure
esperantza zainduko ditu. Ez gaitezen ahaztu Mariaz urtean barna.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2016ko urtarrilaren 1a
URTE BERRIKO GALDERAK
«Urte berri
bat» hasi dugu gaur. Zer izango ote da?, zer espero dut nik urte berri
honetan?, zer opa dut egiaz?, zeren premia dut?, zertan emango dut neure
astirik preziatuena eta garrantzizkoena?, zer izango litzateke niretzat gauza
benetan berri eta on bat, gaur hasi dugu urte honetan?
Nolanahi
bizi behar ote dut, jarduera batetik bestera pasatuz, jakin gabe ez zer nahi
dudan juxtu, ez zertako bizi naizen?, ala jakingo ote dut bereizten zer den
funtsezkoa eta zer bigarren mailakoa? Ohikeriaz eta modu aspergarrian bizi
behar ote dut?, ala ikasiko ote dut espiritu sortzaileagoz bizitzen?
Aurten,
Jainkoagandik apur bat gehiago urruntzen jarraitu behar ote dut?, ala ikasiko
ote dut konfiantza eta egiazaletasun handiagoz hura bilatzen? Beste urte bat
gehiago mutu jarraitu behar ote dut haren aurrean, ireki gabe ez ezpainak, ez
bihotza?, ala jaulkiko ote da, noizbait ere, nire arima gaixo honetatik dei
xume eta apal, baina egiati bat?
Aurten ere,
soilik, neure ongizateaz arduraturik bizi behar ote dut?, ala jakingo ote dut,
noizbait ere, gainerakoak zorioneko egiten?, zein jenderengana hurbilduko
naiz?, poza ereingo al dut haiengan ala etsipena eta tristura kutsatuko diet?
Nabilkeen lekuan, izango ote da bizitza maitagarriagoa eta ez hain latza?
Beste urte
bat gehiago izango ote da, gauzak eta mila gauza egitera emana, egoismoa,
tirandura eta urduritasuna pilatuz?, ala hartuko ote dut astirik
isiltasunerako, atsedenerako, otoitzerako eta Jainkoarekin topo egiteko?,
soilik neure arazoetan hesitu behar ote dut, ala mundua gizatasun handiagoko
eta bizigarriago bihurtzen ahaleginduko naiz?
Axolagabe
hartzen jarraitu behar ote dut gosearen mundutik egunez egun datozkidakeen
albisteak?, Siriakoa jendearen gorpu puskatuak edo txaneletan itoak bihotza
sorgor kontenplatzen?, hotz-hotz jarraitu behar ote dut begiratzen gure artera
lan eta ogi bila datozenei? Noiz ikasi behar dut bihotz arduratsuz eta
solidarioz begiratzen sufritzen ari direnei?
Urte honen
«berritasuna» ez zaigu etorriko kanpotik. Soilik, geure barnetik erne daiteke
berritasuna. Urte hau berria izango da, baldin eta era berri batean eta
konfiantza handiagoz sinesten ikasten badut, baldin eta keinu berriak eta
maitagarriagoak aurkitzen baditut neureekin bizitzeko, baldin eta esnatzen
badut neure bihotzean erruki berri bat sufritzen ari direnentzat.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015eko urtarrilaren 1a
AMA GURE
BIDELAGUN
Esan ohi da gaur egungo kristauak
beste aro batzuetako fededunak baino gutxiago hunkitzen garela Andre Mariaren
aurrean. Agian, Mariaren debozioan izan diren sasi-joerak ikusita, errezelo eta
susmo askok joak gara ustekabean.
Batzuetan, bera oso bakar
harturik azpimarratu izan da Mariaren babes-eginkizuna, bere seme-alabak gaitz
orotatik anparatzen dituen Amatzat emanez, bizitza ebanjelikoa kontuan izan
gabe.
Beste batzuetan, Mariarekiko
debozio batzuek ezin izan dute goratu Maria «ama idealizatu» baten menpetasun
gaixobera sortu gabe, eta heldutasun-falta eta infantilismo erlijiosoa sustatu
gabe.
Agian, Maria «emakume bakartzat»,
besterik ez bezalakotzat, emanez egin den idealizazio honek berak elikatu ahal
izan du benetako emakumearekiko nolabaiteko mespretxua, eta horrela, behar
bada, gizonezkoaren nagusitasuna sustatu duten eragileetako bat gehiago izan
da. Gutxienez, ez genuke baztertu behar, arinki, katolikoei alde
desberdinetatik aurpegiratzen zaigun kritika hau.
Alabaina, tamalgarria izango
litzateke geure bizitza erlijiosoa pobretuko bagenu, fededunentzat Maria izan
daitekeen bezalako erregaluaz ahaztuaz.
Mariaren debozioak, zuzen
harturik, ez darama inor infantilismora; aitzitik, femeninotasunaren presentzia
aberasgarria segurtatzen du gure fede-bizitzan. Jainkoak berak emakume baten
sabelean haragitu nahi izan du. Ordudanik, esan dezakegu «Jainkoaganako eta
Jainkoagandiko bidea dela femeninotasun hori» (L. Boff).
Gizadiak beharrezkoa du beti
femeninotasunari ezartzen diogun aberastasun hori; izan ere, gizonezkoagan ere
baden arren, emakumeagan trinkotzen da era berezian: intimitatea, onarpena,
ardura, txera, samurtasuna, misterioari lotzea, haurduntza, bizia ematea.
Maria geure bizitzatik baztertzen
dugun bakoitzean, geure fedea pobretzen dugu. Eta femeninotasuna
mespretxatzean, ama baten besoetan eskaini zaigun Jainko horrengana hurbiltzeko
balizko ubideei ixten diegu geure burua.
Jainkoaren Ama Maria santuaren
jaia ospatuz hasten dugu urtea. Jainkoaren Hitzarekiko fideltasunak eta
eskaintzak, xumeekin bat egin izanak, Jesus Haurrarekiko aukerei atxiki izanak,
Eliza jaioberrian zerbitzari bizi izanak eta, ezer baino lehen, Salbatzailearen
Ama izanak gure fedearen eta esperantzaren Ama bihurtu dute Andre Maria.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko urtarrilaren 1ea
GAUR
Jesusen jaiotzaren kontakizuna
honela bukatzen du Lukasek: irakurleei adieraziz «Mariak gauza hauek guztiak bihotzean gordetzen dituela». Ez du
gordetzen gertatua, iraganeko zenbait oroitzapen bezala, baizik bere bizitza
guztian eguneratuko eta berbiziko duen esperientzia bezala.
Ez da
funtsik gabeko oharpena. Fede-eredu dugu Maria. Ebanjelari honen iritziz, Jesus
Salbatzaileagan sinestea ez da aspaldiko garai bateko gauzak gogoratzea, baizik
haren indar salbatzailea gaur
esperimentatzea, gure bizitza gizatarrago egiteko gai dela esperimentatzea.
Horregatik,
baliabide literario berezi-bereziaz baliatzen da Lukas. Jesus ez da iraganeko
norbait. Nahita errepikatzen du ezen Jesus
berpiztuaren salbazioa «GAUR» berean ari zaigula eskaintzen, harekin topo
egiten dugun bakoitzean. Hona adibide batzuk.
Honela
iragartzen digu Jesusen jaiotza: «Daviden hirian Salbatzaile bat jaio zaizue
gaur». Gaur ere jaio daiteke Jesus guretzat. Gaur sar daiteke gure bizitzan eta alda dezake betiko. Bizi berrira
jaio gaitezke harekin.
Galileako
herrixka batean ezindu bat ekarri diote Jesusi. Hau hunkitu egin da, hura
bekatuak blokeaturik ikustean, eta sendatu egin du barkazioa eskainiz:
«Barkatuak dituzu zeure bekatuak». Jainkoa goratuz erreakzionatu du jendeak:
«Gauza harrigarriak ikusi ditugu gaur». Guk
ere esperimenta dezakegu barkazioa, Jainkoaren bakea eta barneko poza, Jesusi
senda gaitzan uzten badiogu.
Jeriko
hirian, Jesusek Zakeoren etxean hartu du ostatu, zerga-biltzaile aberats eta
boteretsu haren etxean. Jesusekin topo egiteak erabat eraldatu du Zakeo:
hainbat jenderi lapurtua itzuliko du eta pobreekin partekatuko bere
aberastasunak. Jesusek diotso: «Gaur salbazioa iritsi da etxe honetara». Jesusi
geure bizitzan sartzen uzten badiogu, gaur
berean hasi ahal izango dugu geuk ere biziera duin, haurride arteko eta
solidario bat.
Jesus hilzorian da gurutzea, bi
gaizkileren artean. Haietako batek konfiantza hartu du Jesusengan: «Jesus,
gogora zaitez nitaz zeure erreinuan izango zarenean». Bat-batean erreakzionatu
du Jesusek: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Gure heriotzako ordua ere salbazio-eguna izango da. Hainbeste
espero genituen hitz hauek entzungo ditugu azkenean: hartzazu atseden, izan
konfiantza nigan, gaur nirekin izango zara, eta betiko.
Gaur urteberria hasi dugu. Baina,
zer izan daiteke guretzat zerbait berri eta on? Zeinek jaioaraziko du gugan poz
berri bat? Zein psikologok irakatsiko digu gizatasun handiagoko izaten? Ezer
gutxirako dira desio onak. Gugan
ernetzen den gauzarik hoberenerako esna bizitzea da garrantzia duena.
Egunero eskaintzen digu Jainkoak salbazioa. Ez da zertan ezeren zain egon.
«Gaur» hau bera izan daiteke niretzat salbazio-egun.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko: