Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 4. Igandea (C)
EBANJELIOA
Zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 15,1-3. 11-32
Zergalari eta
bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren hari entzutera, eta fariseuak eta
lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: «Horrek harrera ona egiten die
bekatariei, baita beraiekin jan ere!»
Jesusek parabola
hau esan zien: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita,
emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien.
«Handik egun
gutxira, seme gazteenak, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera
alde egin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. Dena xahutu
zuenean, gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi
zen. Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi, eta hark bere
sailetara bidali zuen txerrizain . Txerriek jaten zuten ezkurrez asetzeko gogoa
ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, pentsatzen jarririk, bere
baitan esan zuen: “Zenbat langile gure aitarenean nahi adina ogi eta gehiago
dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! Jaiki, aitarengana joan eta esango diot:
Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago seme-izenik
merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”.
«Jaiki eta
aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta
errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion.
Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut
gehiago zure seme-izenik merezi… ”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Ekarri
bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi
oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; zeren
seme hau hilda bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut”.
Eta festa hasi zuten.
«Seme zaharrena
soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. Eta,
morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Hark erantzun: “Zure
anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik
bereganatu duelako”. Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera
zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari:
“Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin gabe zerbitzatzen
zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa
egiteko; eta, horko zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen
hori, etorri dela eta, zekor gizendua hil duzu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu
beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! Baina egoki zen poztu eta
festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu, galdua
genuen eta aurkitu egin dugu!”»
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko martxoaren 6a
BESTE SEMEA
Jesusen
parabolarik hunkigarriena, inondik ere, «aita onaren» hura da, era okerrean
«seme hondatzailearen parabola» deitu izan dena. Hain juxtu, «seme gazte» honek
deitu izan die atentzioa komentariogileei eta predikariei. Hura etxera itzuli
eta aitak sinetsezineko moduan hartu izanak kristau-belaun guztiak hunkitu izan
ditu.
Halaz
guztiz, «seme nagusiaz» ere mintzo da parabola; aitarekin gelditu da hau,
anaiaren bizitza nahasia imitatu gabe, etxetik urrun. Galdua zen semeari
ongietorri egiteko aitak antolatu duen jaiaren berri eman diotenean, asaldatu
egin da. Anaia itzuli izanak ez dio pozik eman, aitari bezala, baizik errabia:
«haserretu zen eta ez zuen joan nahi» jaira. Ez zuen etxetik alde egin sekula;
orain, ordea, arrotz sentitu da bereen artean.
Sartzeko
dei egitera irten zaio aita, anaia onartu duen txera berarekin. Baina ez zaio
joan oihuka, ezta agindua emanez ere. Maitasun apalez, «konbentzitu egin nahi
du» harrerako festan parte har dezan. Orduantxe lehertu da gure mutila, bere
erresumina agerian jarriz. Bizitza osoa eman du aitaren esana eginez, baina ez
du ikasi aitak bezala maitatzen. Orain, bere eskubideak bakarrik ditu gogoan
eta anaia gutxiestea.
Horra
seme nagusiaren tragedia. Ez du sekula etxetik alde egin, ez, baina bihotza
urrun izan du beti. Aginduak betetzen badaki, baina maitatzen ez. Ez du ulertu
aitak galdua zen seme hari zion maitasuna. Ez daki zer den onartzea eta
barkatzea, ez du deus jakin nahi bere anaiaz. Gure ikusmina ase gabe bukatu du
Jesusek parabola: sartu ote zen ala kanpoan gelditu?
Gizarte
modernoko krisi erlijiosoan murgildurik, ohituak gara fededunez eta fedegabeez
mintzatzen, betetzaileez eta urrunduez, Elizak bedeinkaturiko ezkontza-bikoteez
eta arauz kanpoko egoerako bikoteez... Guk haren seme-alabak sailkatzen
jarraitzen dugun bitartean, guztion zain jarraitzen du Jainkoak, ez baita hura
jende onaren ondare, ezta betetzaileena ere. Guztien Aita da.
«Seme
nagusia» interpelatzen ari zaigu haren ondoan bizi garela uste dugunoi. Zer ari
gara egiten Eliza bertan behera utzi ez dugunok? Geure superbizipena
segurtatzen agindutakoa ahalik hobekien betez, ala bere seme-alaba guztiez
Jainkoak duen maitasunaren testigu izaten? Elkarte irekiak ari al gara
eraikitzen, duda-muda eta galdera artean Jainkoaren bila dabiltzanei ulertu,
onartu eta lagun egiten dakitenak eraikitzen? Hesiak jartzen eta zubiak egiten
ari ote gara? Adiskidetasuna eskaintzen ala errezeloa agertzen?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko martxoaren 10a
BETI BESOAK ZABALIK
Hainbat
jenderentzat, ez gutxirentzat, Jainko beste edozer gauza da, bizitzan poza
ezartzeko gai izatea izan ezik. Hura gogora ekartzeak oroitzapen txarrak ekarri
ohi dizkio: izaki mehatxari eta zorrotz baten ideia sortzen dio, bizitza are
gogaikarriago, deserosoago eta arriskutsuago bihurtzen dion ideia.
Pixkana,
hura alde batera utziz joan izan dira. Fedea halakoen baitan «hertsaturik»
gelditu da. Gaur egun, ez dakite sinesten duten ala ez. Jainkoagana nola jo
ezinik gelditu dira. Batzuek gogoan dute oraino «seme hondatzailearen
parabola», baina ez dute entzun sekula beren bihotzean.
Aita
da parabola horretako benetako protagonista. Bi bider errepikatzen du poz-oihu
hau: «Ene seme hau hila nuen eta piztu zait; galdua nuen eta aurkitu dugu».
Oihu honek agertzen du zer duen bihotzean aita honek.
Aita
honi ez dio axola bere ohorea, ez bere probetxua, ezta bere semeari ematen
dioten tratua ere. Ez darabil inoiz ere hizkuntza morala. Soilik, bere semearen
bizia du gogoan: ez dadila suntsitu, ez dezala jarraitu hilik, ez dadila bizi
galdurik bizi-poza ezagutu gabe.
Xeheki
deskribatu du kontakizunak aitaren eta sutondoa utzi zuen semearen topo egitea.
Artean urrun zela, goseak eta lur joa «ikusi zuen» aitak etortzen, eta
hondo-hondoraino «hunkitu zen». Begiratu on hau, onbera eta errukitsu hau, da
salbatzen gaituena. Jainkoak bakarrik begiratzen digu horrela.
Bat-batean,
«korrika hasi zen». Ez da izan semea etxera itzuli dena. Aita da korrika irten
eta haren besarkada bila joan dena, semeak berak baino su handiagoz. «Besarkatu
eta musuka hasi zitzaion». Horrela ari da Jainkoa beti. Besoak zabalik doa
beragana itzultzen direnengana.
Semeak
bere aitorpena hasi du: luzaroan prestatu du bere bihotzean. Aitak, ordea, eten
egin dio, umilazioa ez luzatzeko. Ez dio ezarri inolako zigorrik, ez dio eskatu
inolako ordain-erriturik, ez dio ipini inolako baldintzarik etxean sartzeko.
Jainkoak bakarrik onartzen eta babesten ditu horrela bekatariak.
Soilik,
semearen duintasuna du aitak gogoan. Presaka jokatu beharra du. Jantzirik hobena
ekartzeko agindu du, seme-eraztuna eta etxean sartzeko oinetakoak ekartzeko.
Harrera hori egin diote beraren omenez ospatuko duten jai-otorduan. Aitagandik
urruti ezin gozatu izan duen bizitza duin eta zoriontsua ezagutu behar du
semeak aitaren ondoan.
Parabola
hau kanpotik entzungo duenak, ez du ezer ulertuko. Bizitzan bide egiten
jarraituko du Jainkoa gabe. Aldiz, bere bihotzean entzungo duenak, agian, negar
egingo du pozez eta esker onez. Lehenengo aldiz sentituko du bizitzaren azken
misterioan badela Norbait, onartzen gaituena eta barkatzen, soil-soilik poza
opa digulako.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko martxoaren 14a
BESTE SEMEA
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola