lunes, 28 de febrero de 2011
2011/03/06 - Urteko 9. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko martxoaren 6a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 9. igandea (A)
EBANJELIOA
Harkaitz gainean eraikiko etxea eta hondar gainean eraikiko etxea.
+ Mateo 7, 21-27
Egun haietan, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin.
Epai-egunean askok esango didate: “Jauna, Jauna! Ez ote genuen zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?”
Baina nik erantzungo diet: “Ez zaituztet inoiz ezagutu; alde niregandik, gaizkileok!”
«Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zuhurraren antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; baina ez zen erori, oinarriak harkaitzean zituelako. Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabearen antzekoa da.
Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta dena hondatua gelditu».
Jaunak esana
HOMILIA
2011ko martxoaren 6a
EBANJELIOAREN INDARRA
Galileako mendiko hitzaldi handia bi parabola laburrez bukatu du Jesusek; biak ere maisuki kontatuak eta guztiek oroimenean aise gordetzekoak. Berebizikoa da bien mezua: Jesusi jarraitzea «haren hitzak entzutean» datza eta «betetzean». Hori egin ezean, zorakeria izango litzateke gure kristautasuna. Ez luke zentzurik izanen.
Gizaki zentzudunak arroka sendo gainean eraikitzen du etxea. Horregatik, neguko uholde-garaia iritsi eta ura mendik jaitsi eta Mediterraneoko haize gogorrak jotzean, etxeak indartsu eusten dio: «arroka gainean dago oinarritua». Horrela da Eliza, Ebanjelioa entzuten eta betetzen ahalegintzen diren fededunek eratua denean.
Gizaki zentzugabeak, aldiz, harea gainean eraikitzen du etxea, ibar hondoan. Horregatik, euritea, uholdeak eta haizetea iristean, «lurrera etorri ohi da guztiz». Horrela lur jotzen du kristautasunak ere Ebanjelioaren gainean eraikia ez denean, elkarteek entzuna eta betea ez denean.
Kontzientzia modernoan kultur kanbio sakona burutu da, eta kristau-fedea jaiotzea eta bizitzea krisian jarri ditu. Gero eta nekosoagoa ari da gertatzen «doktrinatzearen doktrinatzeaz» Jainkoarekiko eta Jesu Kristorekiko bide bizia iratzartzea. Hona sumatzeko errazak diren horren bi kausa.
Alde batetik, krisian dago agintea, aginte oro. Gauza zaila da, gaur egun, fedea sortzea egiaren jabe bezala jokatu nahi duen aginte erlijioso baten menekotasunetik. Elizak bere aginte sakratuaren egoeratik jaulkitako hitza ez da, gaur egun, berez, ez sinesgarri, ez erakargarri.
Bestetik, irakaspen erlijiosoa baino areago, zentzuz eta esperantzaz bizitzen lagunduko dion esperientzia nahi du jendeak .Gizon-emakume askok, senak eraginda bezala, muzin egiten dio «ikasketa-prozesutzat» emandako federako edozein hastapenari.
José Antonio Pagola
lunes, 21 de febrero de 2011
2011/02/27 - Urteko 8. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko otsailaren 27a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 8. igandea (A)
EBANJELIOA
Ez arduratu, biharko egunaz.
+ Mateo 6, 24-34
Egun haietan, Jesusek bere jarratzailei esan zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?
«Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.
Jaunak esana
HOMILIA
2011ko otsailaren 27a
LEHENENGO GAUZA
«Gauza guztien gainetik, bila ezazue Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna; gainerakoa gehigarri emango dizue Jainkoak». Ezin argiago dira Jesusen hitz hauek. «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna» da haren jarraitzaileek lehenengo bilatu behar duguna; ondoren dator gainerakoa. Gaur egungo kristauak mundua, Jainkoak nahi bezala, gizatarrago egitera emanik bizi al gara ala gure energia bigarren mailako eta badaezpadako gauzatan gastatzen?
Ez da nola-halako galdera. Izan ere, funtsezkoa da jakitea Jesusek markaturiko lehen xedeari emanik bizi garen ala hark bihotzean zeraman grinatik apartatzen gaituen erlijiotasuna garatzen ari garen. Ez ote gara geure norabidea zuzendu beharrean eta geure kristautasunaren ardatz bezala Jainkoaren erreinuaren proiektua leialago hartu beharrean?
Argi-argia da Jesusen jarrera. Aski da ebanjelioak irakurtzea. Galilea sanoago, zuzenago eta haurridetsuago izan dadin jende artean bizi delarik, beti ere azkenak direnentzat erneago eta baztertuentzat abegikorrago, ez du dudarik Jesusek erlijio hau salatzeko: larunbata bete bai eta kultua zaindu bai, baina Jainkoak opariak baino gehiago errukia duela atsegin ahazten duena.
Kristautasuna ez da nolanahiko erlijio bat: zerbitzuak eskaintzen dituena, gizakiak duen Jainkoaren premiari erantzuteko. Erlijio profetikoa da, Jesusengandik datorrena, bizitza gizatartzeko Jainkoaren egitasmoaren arabera. «Funtziona» genezake, bai, kultuaren inguruan bildutako elkarte bezala; baina errukia kutsatzen ez badugu eta zuzentasuna eskatzen ez, ahaztuak defenditzen ez baditugu eta azkenak direnei kasu egiten ez, zer izango da Jesusen bizitza osoa arnastu zuen egitasmoaz?
Agian, gure elkarteak Jainkoaren erreinurantz eta haren zuzentasunerantz bihurtzeko erarik praktikoena honako hau izango da: harrera ona gehiago zaintzen hastea. Ez da esan nahi kultuaren ospakizuna alde batera utzi behar denik; hau da arazoa: harrera ona, jendeari entzutea eta lagun egitea arduratsuago zaintzea, bizi dituen atsekabe, lan eta esperantzan. Jendearekin sufrimena partekatzeak asko lagundu diezaguke gure xedea hobeto ulertzen, hau da, Ebanjelioa biziz mundua gizatarrago egiten.
Bere lehen entziklikan, Joan Paulo II.ak, Vatikano II.a kontzilioaren ideia inportante bat bere eginez, Eliza nola ulertu gogorarazi zigun kristauei. Argi eta garbi azaldu zuen. «Elizak ez du helburu bere burua, zeren Jainkoaren erreinurantz baita norabidetua, erreinu horren ernamuin, seinale eta tresna delarik». Lehenengo gauza ez da Eliza bera, baizik Jainkoaren erreinua. Eliza ebanjelikoagoa nahi badugu, haren baitatik mundu gizatarragoa egiten parte hartu nahi dugulako da.
José Antonio Pagola
lunes, 14 de febrero de 2011
2011/02/20 - Urteko 7. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko otsailaren 20a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 7. igandea (A)
EBANJELIOA
Maitatu etsaiak
+ Mateo 5, 38-48
Egun hauetan, Jesusek esan zieten bere irakasleei: «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain. Nik, berriz, hau diotsuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere; norbaitek kilometro bat egitera behartzen bazaitu egin bi berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.
«Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde; horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria. Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, bada, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko otsailaren 20a
Maitatu kalte dagiguna
Maitasunerako deia erakarlea da. Segur asko, jende askok entzun ohi zuen atseginez Jesusen gonbita, gizon-emakume guztien aurrean jarrera ireki, adiskidetsu eta bihotz handikoa izatera dei egiten zienean. Gutxiena espero zutena zen etsaiak ere maitatu behar zirela entzun beharra.
Zoro batek bakarrik esaten ahal zuen, halako konbentzimenduaz, hain gauza zentzu gabea eta pentsaezina: «Maitatu zeuen etsaiak, otoitz egin pertsegitzen zaituztenentzat, barkatu hirurogeita hamar aldiz zazpitan…». Ba ote daki Jesusek zer esaten ari den? Hori ote da Jainkoak nahi duena?
Eskandalizaturik entzun zioten entzuleek. Ahaztua ote du Jesusek Erromaren mende dela bere herria? Ahaztuak ote ditu haren legioek egin dituzten triskantzak? Ez ote du ezagutzen Galileako laborariek jasan zuten ustiaketa, lurjabe boteretsuen abusuen aurrean babesgabe? Nolaz hitz egin dezake etsaiei barkatzeaz, den oro gorrotorako eta mendekurako delarik?
Alabaina, Jesus ez da mintzo apetaz. Jainkoaz duen esperientziatik atera zaio gonbita. Guztien Aita hori ez da indarkeriazale, baizik errukitsu. Ez dabil nola mendekatuko, ez daki zer den gorrotoa. Maitasun baldintzarik gabea du guztiekiko: «Gizaki on eta gaiztoentzat aterarazten du eguzkia, zuzen eta zuzengabeentzat bidaltzen euria». Ez du inor bereizten. Ez ditu maite leial zaizkionak soilik. Guztientzat du irekia bere maitasuna.
Bere maitasunetik inor baztertu ez duen Jainko honek bera bezala bizitzera eraman behar gaitu. Hauxe da, laburturik, Jesusen deia. «Izan Jainkoaren antzeko. Ez izan inoren etsai, ezta zuen etsai direnena ere. Maita itzazue, zeruko zuen Aitaren dinako izan zaitezten».
Jesusek ez digu eskatzen etsaiak ma Ken gorrotoa eta areriotasuna. Bidali hau iteenak ditugun pertsonentzat dugun afektuz eta txeraz maitatzeko. Etsaia maitatzea hauxe da soilki: ez mendekatzea, ez kalterik egitea, ez gaitzik desiratzea halakoari. Aitzitik, harentzat zer den on pentsatzea. Gu geu hartuak izatea nahi genukeen bezala, guk haiek hartzea.
Daitekeena ote etsaia maitatzea? Jesus ez da ari lege orokor bat ezartzen. Bere jarraitzaileei egin die gonbita Jainkoaren antzeko izatera, bere seme-alaben artean gorrotoa eta areriotasuna galduz joan daitezen. Jesusen antzeko izaten ahalegintzen dena bakarrik irits daiteke gaitza opa diotenak maitatzera.
Hark erakarririk ikasiko dugu inor ez gorrotatzen, erresumina gainditzen, guztiei on egiten. Jesusen gonbita da «pertsegitzen gaituztenentzat guk otoitz egitea»; segur aski, geure bihotza apurka eraldatuz joan gaitezen. Kalte dagiguna maitatzea ez da gauza erraza; baina horixe da gurutzera eraman zutenen alde otoitz eginez hil zen haren antzekoago egiten gaituena: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».
José Antonio Pagola
lunes, 7 de febrero de 2011
2011/02/13 - Urteko 6. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko otsailaren 13a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 6. igandea (A)
EBANJELIOA
Aurrekoei agindu zitzaien Nik, berriz, hau diotsuet.
+ Mateo 5, 17-37
Egun haietan, «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.
Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.
Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.
«Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.
«Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.
Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.
«Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.
Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.
«Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
«Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen contra elkartuak ez badira behintzat – adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.
Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko otsailaren 13a
LEGEAK JESUSEK BEZALA HARTU
Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Jainkoagandik hartu zuten erregalurik bikainena zen. Sinagoga guztietan toki berezian ezarritako kutxan gorde ohi zuten. Lege horretan aurkitu ahal zuten Jainkoari leial izateko behar zen guztia.
Jesus, ordea, ez da bizi Legeari loturik. Ez da saiatu ez hura aztertzen, ez ikasleei hartaz argibideak ematen. Behin ere ez da ageri hura modu zorrotzean nola beteko kezkaturik. Egia esan, ez du kanpainarik egin Legearen kontra; halere, ez du Lege hori bere bihotzaren bihotz.
Beste esperientzia batetik ibiliko da Jesus Jainkoaren nahiaren bila. Gizon-emakumeen artean murgilduz sentitzen du Jainkoa, haiekin batean mundua zuzenago eta haurridetsuago egiteko. Dena kanbiatzen du horrek. Legea ez da jada ezer erabakitzaile, Jainkoak gugandik zer espero duen jakiteko. «Jainkoaren erregetzaren eta haren zuzentasunaren bila» ibiltzea da lehenengo gauza.
Fariseuak eta lege-maisuak legea zehazki nola beteko arduratzen dira, baina ez zaie axola maitasuna eta zuzentasuna. Jesusek honetan egin du bere ahalegina: bere ikasleengan beste jarrera bat eta beste espiritu bat sartzen: «zuen zuzentasuna lege-maisuena eta fariseuena baino hobea ez bada, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan». Gainditu beharra da legeak eta arauak hitzez hitz betetzea beste ardurarik ez duen legalismoa.
Aitaren nahia Jesusek hura bilatu duen grinaz bilatzen denean, legeek diotena baino harago jo ohi da. Gizon-emakume guztientzat Jainkoak gura duen mundu gizatarrago horretarantz jo ahal izateko, garrantzizkoa ez da legeak betetzen dituzten pertsonak bilatzea, baizik Jesusen antzeko direnak.
Inor hiltzen ez duenak legea betetzen du, baina haurridearentzat duen amorrua bihotzetik ateratzen ez badu, ez da Jainkoaren antzeko. Adulteriorik egiten ez duenak betetzen du legea, baina modu egoistan bere haurridearen emaztea desiratzen badu, ez da Jainkoaren antzeko. Pertsona hauengan Legeak indarra du, baina Jainkoak ez; betetzaileak dira, baina ez dakite zer den maitasuna; zuzen bizi dira, baina ez dute mundua gizatarrago egingo.
Ondo entzun behar dira Jesusen hitzak: «Ez naiz etorri legea eta profetak desegitera; baizik beren betera eramatera». Ez da etorri Itun Zaharreko lege- eta erlijio-ondarea pikutara botatzera. Giza jokabidea «bere betera» eramatera etorri da, haren ikuspegia zabaltzera, bizitza legalismoaren arriskutik libratzera.
Legeak, arauak, aginduak eta tradizioak Jesusek bizi zituen bezala bizitzen baditugu, gure kristautasuna gizatarragoa eta ebanjelikoagoa izango da: Aitak gura duen mundu zuzenago eta haurrideago horren bila jokatzen badugu, alegia.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Entradas (Atom)