lunes, 16 de mayo de 2011
2011/05/22 - 5. Pazko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko maiatxaren 22a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
5. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Neu naiz bidea, egia eta bizia.
+ Joan 14, 1-12
Egun hartan, Jesusek bere ikaslei esan zien:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
Orduan, Felipek esan zion:
–Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
Jesusek erantzun:
–Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?» Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko maiatzaren 22a
EZ ZAITEZTE GELDITU JESUS GABE
Azken Afaria bukatzean, bereei agur esaten hasi da Jesus: jada ez da izango luzaro haiekin. Ikasleak nahasirik, zur eta lur gelditu dira. Argiro hitz egin ez dien arren, guztiek izan dute susmoa herioak laster eramango duela beren artetik. Eta, hura gabe, zer egin behar dute?
Lur jota ikusi ditu Jesusek. Haiek fedean indartzeko garaia da, Jainkoagan beste era batean sinesten erakutsiz: «Ez dadila koloka jarri zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Jainkoagan konfiantza izaten jarraitu behar dute, baina aurrerantzean Jesusengan ere sinetsi behar dute, hura baita biderik hobena Jainkoagan sinesteko.
Jesusek, gero, beste horizonte bat agertu die. Haren heriotzak ez du hondoratu behar fedea. Izatez, berak Aitaren misteriorako bidea hartzeko utziko ditu. Baina ez da ahaztuko haietaz. Gogoan izango ditu. Tokia prestatuko die Aitaren etxean eta egun batean itzuliko da haiek berekin eramateko. Azkenean berriro elkarrekin egongo dira betiko!
Ikasleei oso zail gertatu zaie halako gauza handios batean sinestea. Beren bihotzean era guztietako duda-mudak eta galderak sortu zaizkie. Antzeko zerbait gertatzen zaigu guri ere: Ez ote da hau guztia amets eder bat? Ez ote da ilusio engainagarri bat? Nork garantiza diezaguke halako zoria? Tomasek, betiko bere zentzu errealistaz, galdera bat egin dio: Nolatan jakin dezakegu Jainkoaren misteriorako bide hori?
Ustekabeko erronka da Jesusen erantzun hau: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Erlijioen historian ez da ageri honelako baieztapen ausarditsurik. Bere burua eskaini digu Jesusek, Jainko Aitaren misteriorantz egin behar dugun bidetzat. Jesusek agertzen ahal digu bizitzaren azken sekretua. Jesusek komunikatzen ahal digu giza bihotzak antsiatzen duen bizi betea.
Asko dira gaur egun, Jainkoagana jotzeko, biderik gabe gelditu diren gizon-emakumeak. Ez dira ateo. Inoiz ez dute ukatu Jainkoa beren bizitzan era kontzientean. Berek ere ez dakite sinesten duten ala ez. Soilki, Eliza alde batera utzi badute, hartan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako izan da; alegia, fededunek «Jainkoa» deitzen dugun bizitzaren azken misterio hori gustura bilatzeko, Elizan bide erakargarririk aurkitu ez dutelako.
Eliza uztean, batzuek aldi berean Jesus ere utzi dute. Lerro apal hauen bidez, jada aski jendek susmatzen duen zerbait esan nahi dizuet. Eliza baino handiagoa da Jesus, askoz gehiago. Ez ezazue nahasi Kristo kristauekin. Ez ezazue nahasi Jesusen ebanjelioa gure hitzaldiekin. Dena uzten baduzue ere, ez zaitezte gelditu Jesus gabe. Harengan aurkituko duzue bidea, egia eta bizia, guk zuei agertzen jakin ez duguna. Harritzeko modukoa gerta dakizueke Jesus.
José Antonio Pagola
lunes, 9 de mayo de 2011
2011/05/15 - 4. Pazko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko maiatxaren 15a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
4. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Neu naiz ardientzako atea.
+ Joan 10, 1-10
Egun hartan, Jesusek esan zien: «Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harraparia. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. Bere ardi guztiak atera dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako».
Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien.
Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Bene-benetan diotsuet: Neu naiz ardientzako atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin.
Neu naiz atea; ate honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango larreak aurkitzeko.
Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik. Ni, berriz, bizia –eta bizia ugari gainera– izan dezaten etorri naiz.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko maiatzaren 15a
ATEA
Jesusek kontakizun metaforiko bat proposatu dio fariseu-talde bati. Gogor kritikatzen ditu Israelgo buruzagi erlijiosoak.
Artzaintzatik hartua da pasadizoa. Artaldea artegian bildua dago, hesi edo pareta txiki batez inguratua, artzaina atean
zaindari dela. Jesusek, hain juxtu, ardietara iristeko den «ate» horretan du bere arreta.
Artegira sartzeko bi era dira. Artaldearekin zer egin nahi den da kontua. Norbait artegira hurbildu eta «atetik sartzen ez
bada», baizik «beste alde batetik» salto egiten badu, bistan da halako hori ez dela artzaina. Ez doa bere artaldea zaintzera.
«Arrotza» da; ostera, «akabatzera eta kalte egitera» doa.
Benetako artzainak guztiz desberdin jokatzen du. Artegira hurbiltzean, «atetik sartzen da», ardiei beren izenaz dei egiten
die eta haiek kasu egiten diote. Kanpora atera eta denak bildu dituenean, aurrean jarri eta gidari doa non jana izango duten
belardira. Ardiek jarraitu egiten diote, ezaguna baitute haren ahotsa.
Zer sekretu du, ordea, «ate» horrek, bertatik igarotzen diren egiazko artzainak legezkotzat emateko? Aldiz, «beste
nonbaitetik» sartzen diren arrotzak, ez artaldea zaintzeko, baizik kalte egiteko, salatzeko? Fariseuek ez dute ulertu zer ari
zaien Maisu hura.
Horregatik, kontakizunaren giltza eman die Jesusek: «Benetan diotsuet: neu naiz ardien atea». Jesusek ireki duen bidea
hartu eta haren ebanjelioa biziz jarraitzen diotenak: haiek dira egiazko artzainak: jakingo dute nola janaritu kristau-elkartea.
Artegian sartu, Jesus alde batera utzi eta haren gauzei ezjakinarena eginez sartzen direnak: haiek dira artzain arrotzak: kalte
egingo diote kristau-herriari.
Hainbat Elizatan denok ari gara sufritzen, asko: bai artzainak, bai Jainkoaren herria. Hierarkiaren eta kristau-herriaren
arteko harremanak sarritan bizi ohi dira errezeloz, hika-mika eta era tirabiratsuan: badira ukatuak sentitzen diren gotzainak;
badira marjinatuak sentitzen diren kristau-sektoreak.
Errazegia izango litzateke guztia Hierarkiaren abusuzko agintekeriari leporatzea edo fededunen menderakaiztasun heldu
gabeari. Sakonagoa da erroa eta konplexuaoa. Oso egoera zaila sortu dugu: bakea galdu. Hargatik, gero eta gehiago izango
dugu Jesusen beharra.
Geure baitan hazarazi beharra dugu elkarrekiko errespetua eta elkartasuna, elkarrizketa eta egia ebanjelikoaren bila egiaz
ibiltzea. Ahalik lasterren behar dugu arnastu Elizan maitasun-giro handiagoa. Ezin irtengo gara krisialdi honetatik, guztiok
Jesusen espirituaren bila jotzen ez badugu. Hura da «Atea».
José Antonio Pagola
lunes, 2 de mayo de 2011
2011/05/08 - 3. Pazko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko maiatxaren 8a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
3. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Ogia zatitzean begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten
+ Lukas 24, 13-35
Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien:
–Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?
Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:
–Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!
–Zer gertatu da, bada? –esan zien hark.
Haiek erantzun zioten:
–Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.
Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.
Orduan, Jesusek esan zien:
–Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!
Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?
Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.
Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.
Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.
Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.
Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»
Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».
Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko maiatzaren 8a
HARTU GOGOAN JESUS
Emausko ikasleen pasadizo honek Jesusen bi ikaslek bizi izandako esperientzia kontatzen digu; Jerusalemdik Emaus herrixkara doazela gertatu da; hiriburutik Emausera 8 km dira. Halako maisutasunez kontatzen du kontalariak guztia, non Kristo piztuarekiko geure fedea gaur berean ere biziberritzera eragiten baitigu.
Jesusen bi ikasle horiek Jerusalemdik kanpora doaz, haren inguruan bilduz joan den taldea utziz. Jesus hila delarik, taldea desegiten hasi da. Hura gabe, zertan jarraitu taldean bildurik? Ametsa desegin da. Jesus hiltzean, ikasleen bihotzean esnatua zen esperantza ere hil egin da. Ez ote ari horrelako zerbait gertatzen gure elkarteetan? Ez ote gara ari Jesusekiko fedea hiltzen uzten?
Halaz guztiz, Jesusez hitz egiten jarraitzen dute aipatu bi ikasleek. Ezin ahaztu dute Jesus. Gertatuaz mintzo dira. Haren ondoan bizi izan dutenak esanahiren bat baduela uste du. «Hizketan doazela, Jesus hurbildu zaie eta haiekin batera doa». Berpiztuaren lehenengo keinua da hori. Ikasleak ez dira gai nor den antzemateko, baina Jesus presente dute beren ondoan. Ez ote dabil Jesus gaur ere, Eliza utzi duten baina Jesus gogoan darabilten hainbat eta hainbat fededunen ondoan, era ezkutuan?
Kontatzailearen asmoa argi dago: ikasleek bera gogoan darabiltenean eta beraz mintzo direnean hurbiltzen zaie Jesus. Haren ebanjelioa komentatzen den puntuan egiten da presente Jesus, haren bizieraz eta haren egitasmoaz hitz egiten den puntuan. Ez ote dago Jesus gugandik hain absente, hain zuzen hartaz gutxi hitz egiten dugulako?
Burruntzalia sartzeko gogoa du Jesusek, haiekin hitz egiteko gogoa: «Zertaz mintzo zarete bidean?» Ez die ezer derrigorrez ezarri nahi, nor den esanez. Beren esperientzia kontatzen jarraitzeko eskatu die soilik. Jesusekin hitz egiten jarraituz, beren itsutasunaz konturatuko dira. Begiak irekiko zaizkie, Jesusen hitzak gidatuko ditu, barne ibilaldi bat egingo dutenean. Halaxe da. Elizan Jesusez gehiago hitz egingo bagenu eta harekin solas gehiago, gure fedea biziberrituko litzateke.
Izan duten uste handiaz eta jasan duten porrotaz mintzo zaizkio ikasleak. Jesusek, berriz, gurutzean josi duten Mesias hori nor den sakontzen lagundu die. Sutan jartzen hasi zaie ikasleei bihotza; «ezezagun» hura berekin geldi dadin nahi dute. Eukaristi afaria ospatzean, begiak ireki zaizkie eta antzemango diote: Jesus, berekin dute Jesus!
Kristauok gehiago izan beharko Jesus gogoan: haren hitzak aipatu, haren biziera komentatu, haren egitasmoan sakondu. Geure fedearen begiak gehiago ireki beharra dugu eta geure Eukaristian Jesus bizi-bizi sumatu beharra. Beste inor ez, hura baino presenteago. Bidelagun dugu Jesus.
José Antonio Pagola
lunes, 25 de abril de 2011
2011/05/01 - 2. Pazko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko maiatxaren 1a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
2. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.
Joan 20, 19-31
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko maiatzaren 1ea
HASIERA BERRIA
Jesusen atarramenduaz izuturik, etxe ezagun batean babestu dira ikasleak. Elkarturik dira berriro, baina Jesus ez dute jada berekin. Elkartean hutsune bat da, inork bete ezina. Jesus falta da. Ezin entzun dute jada, suak harturiko haren hitza. Ezin ikusi dute hura zoritxarreko jendea txeraz bedeinkatzen. Nori jarraitu orain?
Ilunabarra da Jerusalemen, baita ikasleen bihotzean ere. Ezin kontsolatu ditu inork beren triste aldian. Pixkana, beldurra ari da jabetzen guztiez, baina jada ez dute Jesus beren artean, bihotza indartzeko. Nola-halako segurtasuna ematen dien gauza bakarra «ateak ixtea da». Jada inork ez du pentsatzen bideetara irtetean, Jainkoaren erreinua hots egiteko eta bizitza sendatzeko. Jesus gabe, nolaz kutsatu haren Berri Ona?
Joan ebanjelariak modu garaiezinean deskribatu du ikasleen baitan gertatu den eraldatzea, Jesus, bizi betean, haien artean agertu denean. Berpiztua han dago berriro bere jarraitzaileen elkartearen erdian. Horrela izan behar du beti. Harekin, dena da posible: beldurretik libre izatea, ateak irekitzea eta ebanjelizazioa abian jartzea.
Kontakizunaren arabera, Jesusek elkarteari eman dion lehenengo gauza bakea izan da. Errietarik ez, bera bakarrik utzi dutelako; kexurik ez, gaitzespenik ez. Soilik, bakea eta poza. Haren arnasa kreatzailea sentitu dute ikasleek. Berriro hasi da guztia. Haren Espirituak eraginda, mendetan barna jarraituko dute lankide izaten Aitak Jesusi gomendatu zion egitasmo salbatzailean.
Gaur egun Elizak behar duena ez dira soilik erreforma erlijiosoak eta komuniorako deiak. Hau da geure elkarteetan bizi behar duguna: «hasiera berri bat», Jesus geure artean dugulako ustetik abiatuz. Hark bakarrik bete behar du Elizaren erdigunea. Hark bakarrik eragin dezake benetako komunioa. Hark bakarrik berritu ditzake gure bihotzak.
Ez dira aski gure ahaleginak eta lanak. Jesusek bakarrik eragin dezake horizonte-aldaketa, beldurra eta errezeloa kanporatzea, bakearen eta baretasunaren giro berria; ateak irekitzeko behar dugun giroa, geure garai honetako gizon-emakumeekin Ebanjelioa partekatzeko behar dugun giroa.
Baina ikasi beharra dugu hura gure artean dela fedeaz onartzen. Handik zortzi egunera Jesus berriro agertu zitzaien eta kontalariak dio ateak itxirik zirela artean. Ez du Tomasek bakarrik ikasi beharra Berpiztuagan konfiantzaz sinesten. Beste ikasleek ere ikasi beharra dute duda-mudak eta beldurra pixkana gainditzen; izan ere, artean ebanjelizazioari ateak itxirik bizitzera behartzen baitituzte horiek.
José Antonio Pagola
lunes, 18 de abril de 2011
2011/04/24 - Pasko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko apirilaren 24a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.
+ Joan 20, 1-9
Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko apirilaren 24a
ARRAZOIA ZUEN JESUSEK
Zer sentitzen dugu Jesusen jarraitzaileok egiaz sinestera ausartzen garenean Jainkoak Jesus piztu duela? Zer bizi ohi dugu haren ondoren ibiltzen jarraitzean? Nola komunikatzen gara harekin, hura biziaz blai esperimentatzen dugunean?
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Egia da, bai, Jainkoaz esan diguzun guztia. Orain badakigu leiala dela Aita, konfiantza osoa zor diogula. Heriotza baino harago maite gaituen Aita da. Hari «Aita» deitzen jarraituko dugu, inoiz baino fede handiagoz, zuk irakatsi zenigunez. Seguru gara ez digula huts egingo.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Seguru gara orain biziaren adiskide dela Jainkoa. Hasiak gara hobeto ulertzen guztiek bizitza sanoagoa, zuzenagoa eta zoriontsuagoa izan dezaten zuk jasandako nekaldia. Orain ulertzen dugu zergatik jartzen zenuen edozein arau edo tradizioren aurretik gaixoen osasuna. Zure urratsei jarraiki, bizitza sendatuz eta sufrimena arinduz biziko gara. Erlijioa beti jendearen zerbitzura jarriko dugu.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain badakigu Jainkoak justizia egiten diela biktima errugabeei: garaipena ematen diola biziari heriotzaren gain, ongiari gaizkiaren gain, egiari gezurraren gain, maitasunari gorrotoaren gain. Borrokan jarraituko dugu gaizkiaren, gezurraren eta gorrotoaren aurka. Jainko horren eta berorren justiziaren bila ibiliko gara beti. Badakigu ezen horixe dela Jainkoak gugandik nahi duen lehenengo gauza.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain badakigu Jainkoak bat egiten duela gurutzean jositakoekin, inoiz ez borreroekin. Ulertzen hasiak gara zergatik zaren zu beti sufritzen ari direnekin eta zergatik defenditzen dituzun horrenbeste pobreak, goseak eta mespretxatuak. Makalenak eta zaurigarrienak defendituko ditugu, gizarteak gaizki erabiltzen eta erlijioak ahazten dituenak. Aurrerantzean, hobeto entzungo dugu zure deia errukitsu izatera, zeruko Aitak bezala.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain ulertzen hasiak gara apur bat zure hitzik gogorrenak eta arraroenak. Sumatzen hasiak gara ezen zugatik eta zure Ebanjelioagatik bere bizia galtzen duenak gorde egingo duela. Orain ulertzen dugu zergatik gonbidatu gaituzun zuri jarraitzera azkeneraino, egunero gurutzea lepoan hartuz. Zugatik eta zure Ebanjelioagatik apur bat sufritzen jarraituko dugu, baina laster partekatuko dugu zurekin Aitaren altzoa.
Jesus berpiztu hori, arrazoia zenuen. Orain bizirik zara betiko eta gure arten zaitugu zure izenean bizpahiru lagun elkartzean. Orain badakigu ez gaudela bakarrik, lagun zaitugula Aitaganako bidean. Zure ahotsa entzungo dugu zure Ebanjelioa irakurtzean. Zutaz elikatuko gara zure Afaria ospatzean. Gurekin izango zaitugu aldien azkeneraino.
Jose Antonio Pagola
lunes, 11 de abril de 2011
2011/04/17 - Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko apirilaren 17a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (A)
EBANJELIOA
Jesukristo Jaunaren Pasioa.
Mateo 26, 14-27, 66
Zenbat agintzen didazue Jesus zuen eskuetara emateagatik?
C. Orduan, Hamabietako batek, Judas Iskariote deituak, apaizburuengana Joan eta esan zien:
D. «Zenbat agintzen didazue Jesus zuen eskuetara emateagatik?»
C. Zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zizkioten. Ordutik, Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.
Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
C. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen egunean, ikasleak hurbildu ziren Jesusengana, galdetuz:
D. –Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
C. Hark esan zien:
+. –Zoazte hirira, halakoaren etxera, eta esaiozue: «Maisuak dio hurbil dela bere ordua, eta zuenean ospatu nahi duela Pazkoa bere ikasleekin».
C. Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta Pazko-afaria prestatu zuten.
Zuetako batek saldu egingo nau.
C. Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin. Afaltzen ari zirela, Jesusek esan zuen:
+. –Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau.
C. Haiek, oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:
D. –Nik ote, Jauna?
C. Hark erantzun zuen:
+. –Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau.
Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!
C. Judasek, salduko zuenak, galdetu zion:
D. –Ni ote naiz hori, Maisu?
C. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk esan duzu.
Hau nire gorputza da. Hau nire gorputza da.
C. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez:
+. «Hartzazue eta jan, hau nire gorputza da».
C. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien, esanez:
+. «Edan guztiok honetatik, hau nire odola baita, Jainkoarekiko ituna berrituko duena, bekatuak barkatzeko guztien alde isuria.
Egia esan, hemendik aurrera ez dut gehiago ardorik edango, neure Aitaren erreinuan zuekin ardo berria edan arte».
C. Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziren.
Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira.
C. Jesusek esan zien:
+. «Zuek guztiok niregan duzuen sinesmenak huts egingo du gaur gauean, honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
C. Pedrok esan zion:
D. –Zureganako beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak inola ere ez.
C. Jesusek erantzun:
+. –Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.
C. Pedrok esan zion:
D. –Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.
C. Eta gauza bera zioten ikasle guztiek.
Tristura eta larria sentitzen hasi zen.
C. Jesus bere ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien:
+. «Zaudete hemen, ni hara otoitz egitera noan bitartean».
C. Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
+. «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne nirekin batera».
C. Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez:
+. «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala».
C. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
+. «Beraz, ordubete ere ezin izan zarete nirekin erne egon? Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».
C. Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez:
+. «Ene Aita, edari samin hau derrigorrez edan behar badut, egin bedi zure nahia».
C. Eta berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten. Haiek utzirik, berriz ere aldendu eta hirugarren aldiz otoitz egin zuen, lehengo hitzak berriro esanez. Ondoren, ikasleengana joan eta esan zien:
+. «Egin lo eta hartu atseden! Hara, gainean da ordua, Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana izateko. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»
Jesusengana hurbildurik, heldu eta atxilotu egin zuten.
C. Jesus hizketan ari zela, han azaldu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo handi bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu eta herriko zaharrek bidalirik. Saltzaileak seinale hau jarria zien:
D. «Nik musu emango diodana, horixe da, atxilot ezazue».
C. Berehala, Jesusengana hurbildu eta esan zion:
D. «Agur, Maisu!»
C. Eta musu eman zion.
Jesusek esan zion:
+. «Adiskide, egizu egitekoa!»
C. Orduan, besteek, Jesusengana hurbildurik, heldu eta atxilotu egin zuten. Jesusekin zeudenetako batek ezpata atera, morroia jo eta belarria moztu zion.
Jesusek esan zion:
+. «Itzuli ezpata hori bere tokira, zeren ezpataz ari dena ezpataz hilko baita.
Ala uste al duzu ezin diodala Aitari dei egin? Hamabi aingeru-talde eta gehiago jarriko lizkidake berehala ondoan. Baina nola beteko lirateke, orduan, Liburu Santuak, honela gertatu behar duela baitiote?»
C. Une hartan, Jesusek jendeari esan zion:
+. «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero esertzen nintzen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu.»
C. Baina hau guztia profetek idatzia bete dadin gertatu da.
Orduan, ikasle guztiek Jesus utzi eta ihes egin zuten.
Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita ikusiko duzue.
C. Jesus atxilotu zutenek Kaifas apaiz nagusiaren etxera eraman zuten, han bilduak baitziren lege-maisu eta herriko zaharrak.
Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregiraino joan eta, barrura sarturik, morroiekin eseri zen, hura guztia zertan amaitzen zen ikusteko.
Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontra gezurrezko lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez zuten aurkitu, gezurrezko lekuko asko azaldu arren. Azkenean, bi azaldu ziren, esanez:
O. «Honek esana du: Jainkoaren santutegia desegin dezaket eta hiru egunetan berreraiki».
C. Orduan, apaiz nagusiak zutitu eta galdetu zion:
O. –Ez al diezu deus erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
C. Baina Jesus isilik. Apaiz nagusiak esan zion:
O. –Jainko biziarengatik eskatzen dizut: Esaguzu zinez zu al zaren Mesias, Jainkoaren Semea.
C. Jesusek erantzun:
+. –Zeuk esan duzu. Eta gehiago diotsuet: Oraindanik Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei gainean etortzen ikusiko duzue.
C. Orduan, apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:
O. –Biraoa esan du. Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa. Zer deritzozue?
C. Haiek erantzun:
M. –Heriotza merezi du.
C. Orduan, aurpegira listua bota eta ukabilkadak eman zizkioten; beste batzuek masailekoak ematen zizkioten, esanez:
M. «Asma ezak, Mesias, nork jo hau?»
Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.
C. Pedro kanpoan eseria zegoen, patioan; neskame batek ondoratu eta esan zion:
O. –Hi ere Jesus galilearrarekin bizi hintzen.
C. Baina hark guztien aurrean ukatu zuen:
D. –Ez zekinat zertaz ari haizen.
C. Ate ondora irten zen, eta beste neskame batek ikusi eta han zeudenei esan zien:
O. –Jesus nazaretarrarekin ibilia da hau.
C. Pedrok berriro ukatu zuen, zin eginez:
D. –Ez dut ezagutzen gizon hori.
C. Geroxeago, han zeudenek, hurbildurik, Pedrori esan zioten:
O. –Bai, hi ere horietakoa haiz, noski; hizkeran ezagun duk.
C. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:
D. –Ez dut ezagutzen gizon hori.
C. Une hartan oilarrak jo zuen. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.
Jesus Pilato gobernariaren eskuetara eman zuten.
C. Eguna argitu zuenean, apaizburu eta herriko zahar guztiek bildu eta Jesusen kontrako erabakia hartu zuten, heriotzara kondenatzeko. Gero, lotuta eraman zuten eta Pilato gobernariaren eskuetara eman.
Ez da zilegi diru hau tenpluko dirutegira botatzea, odoletan zikindua baita.
C. Judas saltzaileak, Jesus kondenatua zutela ikustean, damu izan zuen eta zilarrezko hogeita hamar txanponak apaizburu eta herriko zaharrei itzuli zizkien, esanez:
D. –Oker egin dut errugabea heriotzara emanez.
C. Baina haiek erantzun zioten:
O. –Eta guri zer? Hor konpon!
C. Orduan, dirua tenpluan jaurtirik, alde egin eta bere burua urkatu zuen. Apaizburuek dirua jaso eta esan zuten:
O. «Ez da zilegi diru hau tenpluko dirutegira botatzea, odoletan zikindua baita».
C. Eta elkarren artean erabaki ondoren, «Eltzegilearen soroa» erosi zuten diru harekin, kanpotarren hilerri izan zedin. Horregatik, gaur egun ere «Odol-soro» deitzen zaio toki hari.
Honela bete zen Jeremias profetak esana: Eta hartu zituzten zilarrezko hogeita hamar txanponak; hori izan zen israeldarrek ezarri zioten salneurria. Eta eltzegilearen soroa erosteko erabili zituzten, Jaunak agindu zidan bezala.
Zu al zara juduen erregea?
C. Jesus gobernariaren aurrean aurkeztu zuten. Gobernariak galdetu zion:
O. –Zu al zara juduen erregea?
C. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk diozu.
C. Apaizburuek eta zaharrek salaketa asko egiten zuten haren aurka, baina hark ez zuen ezer erantzuten.
Pilatok esan zion:
O. –Ez al duzu entzuten zenbat gauza ateratzen duten zure kontra?
C. Eta ez baitzion salakuntza bati ere erantzunik eman, erabat harriturik gelditu zen gobernaria.
Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen gobernariak, herriak nahi zuena. Bazen orduan preso sonatu bat, Barrabas zeritzana. Beraz, jendea bildu zenean, Pilatok galdetu zien:
O. –Zein nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias delakoa?
C. Ongi baitzekien bekaizkeriaz emana ziotela Jesus.
Epaimahaian eseria zegoela, emazteak mandatu hau bidali zion:
O. «Ez zaitezela errugabe horrekin sar! Asko sufritu dut bart ametsetan hori dela eta».
C. Baina apaizburuek eta zaharrek jendea berotu zuten Barrabasen askatasuna eta Jesusen heriotza eska zitzan. Gobernariak berriro galdetu zien:
O. –Bietako zein nahi duzue askatzea?
M. –Barrabas – C. erantzun zuten.
C. Pilatok esan zien:
O. –Eta zer egin behar dut Jesusekin, Mesias delakoarekin?
C. Denek erantzun zuten:
M. –Gurutzean josi!
C. Eta hark:
O. –Zer oker egin du, bada?
C. Haiek, are eta oihu handiagoz:
M. –Gurutzean josi!
C. Guztia alferrik zela eta, gainera, iskanbila sortzera zihoala ikusirik, Pilatok ura hartu eta eskuak garbitu zituen jendearen aurrean, esanez:
O. –Ez naiz gizon honen heriotzaren erantzule! Zeuek ikusi!
C. Herri osoak erantzun zuen:
M. –Geu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!
C. Orduan, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.
Agur, juduen erregea!
C. Gobernariaren soldaduek Jesus jauregira eraman zuten eta gudari-taldeko denak bildu zituzten haren inguruan. Soinekoak erantzi zizkioten eta purpurazko kapa batez jantzi zuten. Arantzaz egindako koroa ezarri zioten buruan eta kanabera eskuan, eta, aurrean belaunikaturik, iseka egin zioten esanez:
M. «Agur, juduen erregea!»
C. Listua botatzen zioten eta, kanabera kendurik, buruan jotzen zuten.
Nahiko iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, gurutzean josteko eraman zuten.
Bi lapur gurutziltzatu zituzten Jesusekin batera.
C. Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
Golgota izeneko tokira iritsi zirenean (Golgotak «Burezur» esan nahi du), behazunez nahasiriko ardoa eman zioten edatera. Jesusek dastatu bai, baina ez zuen edan nahi izan.
Gurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituzten zotz eginez.
Eta han gelditu ziren, eserita, zaintzen. Buruaren gainaldean kondenaren arrazoia ipini zuten idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea». Bi lapur gurutziltzatu zituzten Jesusekin batera, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.
Jainkoaren Semea baldin bahaiz Jaits hadi gurutzetik!
C. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez: M. «Santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duan horrek, Jainkoaren Semea baldin bahaiz, salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
C. Era berean, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek ere irri egiten zioten, esanez:
O. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Israelgo errege omen duk hori; jaits dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diagu berarengan.
Jainkoarengan jarria dik uste ona; libra dezala orain, maite baldin badu; ez zuen, bada, esaten Jainkoaren Semea zela?»
C. Orobat, berarekin gurutzean josiak zeuden lapurrek ere irain egiten zioten.
Elí, Elí, lamá sabaktaní.
C. Eguerditik hirurak arte ilundu egin zuen lurbira osoan Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
+. «Eli, Eli, lema sabaktani?» C. (Hau da: +. «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
C. Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten:
M. «Eliasi deika ari da».
C. Eta berehala, haietako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion.
Besteek, ordea, zioten:
M. «Egon, ea datorkion Elias salbatzera!»
C. Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.
Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.
C. Eta horra, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren; hilobiak zabaldu eta hilik zeuden santu asko piztu egin ziren: hilobietatik irten eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion.
Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten:
O. «Zinez, Jainkoaren Semea zen hau!»
C. Baziren han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziren, beraren zerbitzari; haien artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.
Josek, Jesusen gorpua harturik hilobi berri batean ezarri zuen.
C. Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen, Jesusen ikaslea. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Pilatok emateko agindu zuen. Josek, gorpua harturik, izara garbi batean bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi berri batean ezarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrera itxi eta joan egin zen.
Magdalako Maria eta beste Maria hilobi aurrean eserita zeuden.
Badituzue zeuen guardiak. Zoazte, eta zaindu dakizuen modura.
C. Biharamuna larunbata zen. Apaizburuak eta fariseuak Pilatogana bildu ziren elkarrekin, eta esan zioten:
O. –Jauna, gogoratu dugu engainatzaile horrek, artean bizi zelarik, esan zuela: «Hiru egunen buruan piztu egingo naiz».
Agindu ezazu, bada, hirugarren eguna arte hilobia zaintzeko; ez dadila gerta, haren ikasleak gorpua eraman eta gero «Hildakoen artetik piztu da» herriari esanez etortzea. Azken engainu hau lehenengoa baino okerragoa izango litzateke.
C. Pilatok erantzun zien:
O. –Badituzue zeuen guardiak. Zoazte, eta zaindu dakizuen modura.
C. Joan ziren, bada, eta hilobia segurtatu zuten, harria zigilatuz eta guardia ipiniz.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko apirilaren 17a
ESKANDALUA ETA EROKERIA
Lehen kristauak jakinaren gainean ziren. Jainko gurutziltzatuagan sinestea eskandalutzat eta erokeriatzat har zitekeen soilik. Zeini eman zion buruak Jainkoaz halako gauza zentzugabea eta izugarria esateko? Erlijio bakar bat ere ez zen ausartu sekula halako zerbait aitortzera.
Zinez, agintari politikoek eta erlijiosoek Golgotan gurutziltzatu eta hiltzeraino torturatu zuten harengan hau dakusagu lehenik eta behin: gaitzaren indar hondatzailea, gorrotoaren krudeltasuna eta gezurraren fanatismoa. Baina, hain juxtu, biktima horrengan horixe dakusagu Jesusen jarraitzaileok: aldi guztietako biktima guztiekin identifikatu den Jainkoa.
Botere dominatzaile guztitik, edertasun estetiko guztitik, arrakasta politiko guztitik eta koroi erlijioso guztitik erantzirik ageri da Jainkoa, bere misterioaren sakonenean eta ulertezinean: maitasun bezala eta soilik maitasun bezala. Ez da izan inoiz, ez izango ere, axolagabe, apatiko eta arduragabe den Jainkorik. Gurekin sufritzen duen Jainkoa da, gure sufrimena sufritzen duena, gu hiltzean hiltzen dena.
Jainko gurutziltzatu hau ez da Jainko boteretsua eta kontrolatzailea; ez da bere seme-alabak nola mendean hartu dabilena; beti bere aintzaren eta ohorearen bila dabilena. Jainko umila da eta jasankorra; gizakiaren askatasuna azkeneraino errespetatzen du, haren maitasunaz guk behin eta berriz abusatu arren. Nahiago du bere sorkarien biktima izan haien borrero baino.
Jainko gurutziltzatu hau ez da Jainko zorrotz, erresumindu eta mendekaria, gaur oraino fededun askoren bihotza aztoratzen duen hura. Gurutzetik, Jainkoak ez dio erantzuten gaitzari gaitz eginez. «Kristogan Jainkoa da, ez gizakiaren hutsegiteak kontuan hartuz, baizik mundua berekin adiskidetuz» (2 Korintoarrei 5,19). Gu merezimenduez, erruez eta lortutako eskubideez mintzo garen bitartean, Jainkoa guztioi abegi ona eskaintzen ari zaigu, bere maitasun neurtezinaz eta bere barkamenaz.
Jainko gurutziltzatu hau biktima errugabe guztietan ageri zaigu gaur egun. Kalbario-mendiko gurutzean dago; baita errugabeenak sufritzen eta hiltzen ari diren guztiengan ere: gosean diren haurrengan eta tratu txarra jasaten duten emakumeengan, boterearen borreroek torturatzen dituzten guztiengan, gure ongizateak esplotatzen dituenengan, gure erlijioak ahazten dituenengan.
Jainko gurutziltzatua ospatzen jarraitzen dugu kristauok, Jainkoak gizadiari dion «maitasun zoroa» ez ahazteko eta bizirik eusteko gurutziltzatu guztien oroitzapenari. Eskandalua da eta erokeria. Halaz guztiz, Jesusi jarraitzen eta haren heriotzak bere baitan duen misterio salbatzailean sinesten dugunontzat indarra da: gure esperantzari eta mundua gizatarrago egiteko ari dugun borrokari eusten dion indarra.
José Antonio Pagola
lunes, 4 de abril de 2011
2011/04/10 - Garizumako 5. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko apirilaren 10a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Neu naiz piztuera eta bizia.
+ Joan 11, 1-45
Egun haietan, gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrixkakoa. (Maria hau –gaixo zegoen Lazaroren arreba– Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: «Jauna! Zure adiskidea gaixo dago». Jesusek, hori jakitean, esan zuen: «Eritasun hau ez da heriotzara eramateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin». Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren, hau gaixo zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan. Ondoren, esan zien ikasleei: –Goazen berriro Judeara. Ikasleek esan zioten: –Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro? Jesusek erantzun zien: –Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea; baina gauez dabilenak estropezu egiten du, ez baitu argirik. Eta erantsi zuen: –Lazaro gure adiskidea loak hartu du; baina banoa iratzartzera. Esan zioten, orduan, ikasleek: –Jauna, loak hartu badu, sendatuko da. Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten. Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek: –Lazaro hil egin da, eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera. Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien: «Goazen gu ere, berarekin hiltzera». Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian. Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo; eta judu asko etorri zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi: –Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. Baina, halere, badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak. Jesusek erantzun zion: –Piztuko da zure neba. Eta Martak: –Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan. Jesusek esan zion, orduan: –Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da. Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau? Martak erantzun zion: –Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena. Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion isilka: «Maisua hemen dun eta hots egiten din». Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. Jesus artean herrixkan sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan. Orduan, hari doluminak ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan. Mariak, Jesusengana iritsi eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko». Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik, esan zuen: –Non ipini duzue? Erantzun zioten: –Jauna, zatoz eta ikusi. Jesusek negarrari eman zion. Han zeuden juduek esan zuten: –Bai maite zuela! Baina batzuek esan zuten: –Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi? Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen, harri batez estalia. Jesusek esan zuen: –Kendu harria. Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion: –Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta. Jesusek erantzun zion: –Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula? Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako. Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten». Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!» Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten». Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan. Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko apirilaren 10ean
GURE ESPERANTZA
Harrigarria da Lazaroren piztueraren kontakizuna. Batetik, inoiz ez bezalako ageri da Jesus une honetan: gizatar, hauskor eta bihotzeko; izan ere, bere adiskiderik onetakoa hil zaio. Bestetik, inoiz ez bezalako gonbita egin digu: bere ahalmen salbatzailean sinestera: «Neu naiz piztuera eta bizia: nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da… Sinesten al duzu hau?» Jesusek ez du ezkutatu Betaniako hiru neba-arreba horiekiko maitasuna; segur aski, etxean hartzen baitzuten Jerusalemera zetorren bakoitzean. Behin batean Lazaro gaixotu da eta haren arrebek mandatua bidali diote Jesusi: gure neba, «hainbeste maite duzuna» gaixo da. Jesus herrixkara iristean, Lazarok lau egun daramatza hobiraturik. Jada ezin du inork ere hura bizitzara ekarri. Familia jota dago. Jesus aurkeztean, negarrari eman dio Mariak. Ezin kontsolatu du inork. Bere adiskidearen negar-zotinak entzutean, Jesusek ere ezin eutsi dio eta negarrari eman dio. Bihotza lehertu zaio heriotzaren aurrean guztien ezina sumatzean. Nork kontsolatzen ahal gaitu? Bada gu baitan bizi-nahi aseezin bat. Egunak eta urteak ematen ditugu bizitzeko borrokan. Zientziara jotzen dugu eta, nagusiki, medizinara, bizitza biologiko hau luzatzeko; baina beti da azken gaixotasun bat, inork ere sendatu ezina. Ez liguke balio izango bizitza hau betiko bizitzeak ere. Izugarria izango litzateke mundu zaharkitu bat, jende zaharrez betea, gazteentzat geroz eta toki gutxiago lukeena, mundua zeinetan ez bailitzateke bizitza berritzen joango. Desio duguna beste bizitza bat da, oinazerik eta zahartzerik gabea, goserik eta gerlarik gabea, bizitza guztiz zoriontsua guztientzat. «Ziurtasunik gabeko gizarte» (Z. Bauman) bezala deskribatu izan den gizarte batean bizi gara gaur. Inoiz ez zuen izan gizakiak gaur adinako ahalmenik bizitza zoriontsuago baterantz egiteko. Eta, halaz guztiz, agian inoiz ez da sentitu hain ahalgabe etorkizun ziurtasunik gabeko eta mehatxagarri baten aurrean. Zer espero dezakegu? Aldi guztietako gizakiak bezala, gu ere ilunak inguraturik bizi gara. Zer da bizitza? Zer da heriotza? Nola bizi behar da? Nola hil behar da? Lazaro piztu aurretik, bere jarraitzaileentzat erronka erabakitzaile diren hitz hauek esan dizkio Jesusek Martari: «Neu naiz piztuera eta bizia: nigan sinetsiko duena, hilik ere, biziko da… Sinesten al duzu hau?»Zalantza, ilunaldiak eta guzti, kristauok Jesusengan sinesten dugu, biziaren eta heriotzaren Jaun horrengan. Jesusengan bakarrik bilatzen dugu argia eta indarra biziaren alde borroka egiteko eta heriotzari aurre egiteko. Jesusengan bakarrik aurkitzen dugu bizi esperantza bizitza hau baino harago.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Entradas (Atom)