lunes, 1 de agosto de 2011

2011/08/07 - Urteko 19. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

2011eko abustuaren 7a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 19. igandea (A)

EBANJELIOA

Agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.

+ Mateo 14, 22-33

Jendea asetzeraino jan zutenean, Jesusek ikasleak txalupan sarrarazi eta bere aurretik beste aldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendeari agur egin ondoren, mendira igo zen, bakardadean otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik.
Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, uhinek astindua, haizea kontra baitzuen. Goiz aldera, ikasleengana joan zen Jesus, ur gainean oinez. Aintziran ibiltzen ikusi zutenean, ikasleak izutu egin ziren, mamuren bat zelakoan; eta beldurraren beldurrez oihuka hasi ziren.
Baina Jesusek berehala hitz egin zien eta esan:
–Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!
Orduan, Pedrok esan zion:
–Jauna, benetan zeu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.
Jesusek erantzun:
–Zatoz.
Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion, eta, hondoratzen hasi zelarik, deiadar egin zuen:
–Jauna, salba nazazu.
Jesusek eskua eman eta heldu egin zion, esanez:
–Sinesmen gutxiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?
Txalupara igo zirenean, haizea baretu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren, esanez:
–Egiaz Jainkoaren Semea zara zu!

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko abustuaren 7a

JESUSEKIKO BELDURRA

Ikasleek Galileako itsasoan bizi izan zuten ekaitz baten oroitzapena jaso du Mateok. Kristau-elkarteek bizi dituzten krisi eta gatazken artean, beragan konfiantza izateko Jesusek egin dien dei bizia entzutera gonbidatu nahi ditu irakurleak.
Kontakizunak modu grafikoan deskribatu du egoera. Ontzia «olatuek astindua» dabil, materialki; gau iluna da eta lehorretik oso urrun da ontzia. Okerrena «kontrako haize hori» da, ez baitie uzten aurrera egiten. Halaz guztiz, bada zerbait larriagorik: Jesus ez da ontzian.
Urean ibiliz hurbildu zaienean, ikasleek ez diote antzeman eta, izuturik, garrasika hasi dira, ikaraz. Ebanjelariak arretaz adierazi du ezen beldur hori ez dela ekaitzak eragina, baizik eta gau ikaragarri hartan Jesusen presentzia hautemateko duten ezintasunak.
Elizak, historian barna, egoera kritikoak eta ilunak bizi ditzake; baina haren benetako drama orduan hasten da: krisiaren barruan Jesusen presentzia salbatzailea hautemateko haren bihotza gai ez denean, ezta haren oihu animatzailea entzuteko ere: «Aupa, neu naiz, ez beldur izan».
Miresgarria da Pedroren erreakzioa: «zeu bazara, agindu iezadazu zugana joateko ur gainean ibilki». Une egokia izan ohi da krisia Jesusen indar salbatzailearen esperientzia egiteko. Aldi pribilegiatua izan ohi da fedea tinkatzeko, ez giza tradizioen gainean, sostengu sozialen edo debozio bihozkoien gainean, baizik Jesusekiko, Jainkoaren Semearekiko, bizi-atxikiduraren gainean.
Narratzaileak hitz bakar batean laburbildu du Jesusen erantzuna: «Zatoz». Ez da hemen Jesusen ikasle izateko dei-konturik. Beste dei bat da, berria, ekaitz aldian beti entzun beharrekoa: bai Pedroren ondorengoak bat ontzian garenok, olatuek astindurik. Entzun beharra dugu «Jesusengana joateko» dei hori, «kontrako haizearen» beldurrik gabe; aldeko haren Espirituak gida gaitzen utziz.
Elizaren benetako problema ez da gizarte modernoaren sekularizazio hazkorra, ezta mendetan sostengu izan duen «kristiandade-gizartearen amaia ere; hau da benetako problema: fedea Jesu Kristoren fedean bakarrik sostengatzeko dugun ezkutuko geure beldurra.
Ez gara ausartzen aldi honetako seinaleak Ebanjelioaren argian entzutera; izan ere, ez gaude prest Jesusi jarraitzeaz dugun ustea eta modua berriztatze aldera egiten zaigun inolako deirik entzuteko. Alabaina, gaur ere Jesus da gure esperantza bakarra. Jesusekiko beldurra hasten den puntuan gure fedearen azkena da.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.